Elkarrizketa

Jon Eskisabel

2015.03.26

Jon Eskisabel

“Erronka ez da izan kantuaren alde zer jarri, zer kendu baizik”

Elkarrizketa: Tenpora

Laborategian sortutako talde baten itxura izan dezake, emaitza jakin bat lortze aldera kontu handiz hautaturiko pieza batzuen batuketa. Besteak beste, Ruper Ordorika, Maddi Oihenart, Benito Lertxundi, Estankona eta Katamalorekin aritutako musikariak bildu dira Tenpora taldean, baita telebistako saioetan ezagun egindako talentu gazte bat ere, Bi Gira lehiaketan irabazle suertaturiko Elene Arandia abeslaria hain zuzen. Baina Tenporaren laborategi bakarra, egotekotan, entsegu lokala izan da, eta astearte goizero egindako saioetan ondu dituzte, patxadaz, presarik gabe, Mundu berria lehen diskoa osatzen duten hamabi kantuak. Elene Arandiaz gain, Juantxo Zeberio Etxetxipia (pianoa, hammond organoa), Hasier Oleaga (bateria), Itsaso Etxebeste (baxua) eta Beñat Barandiaran (gitarra) dira Tenpora. Hiru tolosar —Zeberio, Arandia eta Etxebeste—, zizurkildar bat —Barandiaran— eta aspaldi donostiartutako bilbotar bat —Oleaga—. Pop-jazz kantu aratzak, gitarra fin eta dotoreak, rock progresibora jotzen duten garapenak eta denboraren iraganari buruzko gogoetak aurkituko ditu entzuleak Tenporaren diskoan.

Iñigo Royo - Tenpora 02

Elene Arandia + Hasier Oleaga + Beñat Barandiaran + Juantxo Zeberio + Itsaso Etxebeste = Tenpora. (Iñigo Royo)

Taldekideak lotzen dituen haria antzeman ezinik, Tenporaren sorrerari buruzko bi hipotesi bururatu zaizkit: bata, Musikenen elkar ezagutu duzue eta erabaki duzue talde bat sortzea; bestea, Juantxo eta Elene, abestien konpositorea eta abeslaria, biak tolosarrak izanik, izan zarete proiektua martxan jarri dutenak, eta gero bilatu dituzue musikariak.

JUANTXO ZEBERIO: Ez bata ez bestea. Musikenen egon den bakarra Hasier izan da. Aspalditik ezagutzen dut eta askotan jo dugu elkarrekin, baina abiapuntua beste bat izan zen. Nik kantu batzuk nituen, eta banuen gogoa normalean egiten ez dudan zerbait egiteko: prozesu baten barruan landu proiektu bat. Izan ere, Hasierrek eta biok asko funtzionatzen dugu epe laburreko proiektuekin, kantuak eginda daudenean deitzen gaituzte, moldaketak egin behar ditugu, entsegu bat edo bi egin eta jo… Bidaia batean Hasierri komentatu nion buruan nuen ideia, baina hor geratu zen. Ez nuen ezagunak ditudan musikariak hartu nahi, baizik eta prozesu horretan sartzeko aukera zuten musikariak. Inguruko jende efizientearengana jo nuen. Itsaso lehenagotik ezagutzen nuen, enbaxada askotan sartu izan dudalako, eta Beñat ikastolatik ezagutzen nuen, duela urte batzuk gauzatxo bat egin genuen Harkaitz Canorekin. Garbi nuen ez nuela jazz talde bat egin nahi, eta ez nuela pianoa taldearen erdigunea izatea nahi. Hortaz, behar nuen gitarrista bat pertsonalitatearekin. Elenerena bai izan zen kasualitatea, ez nuelako ezagutzen ez telebistatik ez ezer. Sei hilabete lehenago Tolosan egin zen ekitaldi baterako ardura hartu nuen, eta eskaini zidaten berarekin kantu bat egitea. Betikoa, pentsatu nuen, edozeinekin egin beharko dugu… eta harrituta gelditu nintzen. Bateria jotzailea falta zen. Ez nion Hasierri esan nahi, oso liatuta ibiltzen delako eta a priori ez zuelako funtzionatuko dinamika horretan, baina bera izan zen egon nahi zuela esan zidana. Entsegu eguna jarri genuen, denok nahiko garbi genuen bidea eta norabidea zein izango zen, eta bi urte ondoren hemen gaude.

Lortu duzu denak taldean inplikatzea.

J.Z.: Inoiz egiten ez duguna egin dugulako, entseatu. Askotan gu geu, musikariok, gara trabak jartzen ditugunak eta proiektuak entsegu batekin aurrera ateratzen saiatzen garenak. Nik nahi nuen entseatu, abestiak eta hitzak eraman lokalera eta han denon arte eraiki moldaketak.

“Inoiz egiten ez duguna egin dugu, entseatu. Askotan musikariok gara trabak jarri eta proiektuak entsegu batekin aurrera ateratzen saiatzen garenak”

Lehen emanaldia Donostiako Poesia Orduetan eman zenuten, 2013ko irailean, eta iaz maketa bat kaleratu zenuten.

ELENE ARANDIA: Maketa hori Donostiako emanaldia baino lehen grabatu genuen, 2013ko udan.
J.Z.: Ez genuen maketa bat grabatzeko asmorik baina iraileko emanaldi horren hitzordua jarrita genuen lepoan soka nola, eta ez genuen batere segurtasunik entseguetan gertatzen zena balekoa zen edo ez. Erabaki genuen entsegu bat grabatzea, oso gustura geratu ginen, eta horregatik kaleratu zen gero, baina maketa bezala. Ez dauka inolako ediziorik ez postprodukziorik.

Kantuen hitzak Harkaitz Cano eta Karlos Linazasororenak izatea, buruan zenuen proiektuaren hasieratik?

J.Z.: Lotsa handia ematen dit neure letrak idazteak, ez dut nire burua idazletzat, eta bai Cano bai Linasaroro lagunak ditut. Ni poesia irakurle handia ez izanagatik, gustatzen zait egiten dutena, oso diferenteak izanik. Karlosek ildo malenkoniatsu bat dauka, heriotza, natura, bizitza… elementu horiek denak biltzen ditu. Harkaitz fantastikoagoa da, kreatiboa eta garaikidea. Letra batzuk liburuetatik aterata daude, baina besteak taldearentzat egindakoak dira.

Oinarrian pop kantuak dira, jazzaren eragina espero zitekeena baino txikiagoa da, eta aldiz, nabarmena da rock progresiboaren kutsua.

J.Z.: Tenporak kantuaren alde egiten du. Erronka ez da izan zer jarri, baizik eta zer kendu. James Taylor ikusten izan ginen Kursaalen eta lagun batek esan zidan musikariak, hain onak izanik, desaprobetxatuta zeudela. Ez zeuden desaprobetxatuta, musikari izugarriak ziren, baina non zauden jakitea gakoa da. Musikari horien bertutea hori zen: gaitasun handiko musikariak izanda, kantuaren alde jokatzen ari ziren. Tenporan denok oso garbi dugu kantuaren alde egin behar dugula. Kantu estetika horren baitan badago kutsu progresiboa, jazzaren kontrapuntu bezala. Jazzean, musikariak solo baten bidez zerbait esaten du armonia baten gainean, baina talde honetan eta estetika honetan, batzuetan inkontzienteki, atera zaigu armoniak luzatzea, denbora ematea kantuari, ez zaigu inporta kantua lau, bost edo sei minutukoa den… Ez dugu presarik eta kantuek hori transmititzen dutela uste dut.
ITSASO ETXEBESTE: Ez dugu estilo zehatz bat bilatu, bakoitzak bere gauzak aportatu ditu, eta guztien artean sortu da gure estiloa. Irekiak izan gara.
E.A.: Maketako kantuak berriz grabatzerakoan konturatu gara aldaketa batzuk egon direla, kantatzeko eran adibidez. Urtebete igaro da, eta eboluzio bat egon da.

“Tenporan denok oso garbi dugu kantuaren alde egin behar dugula. Musikari bakoitzak non dagoen jakitea gakoa da”

Zein da gauzak kentzeak dakarren zailtasun handiena?

J.Z.: Banitate kontuak daude lehenengo. Musikari orok nahi du bere instrumentua nabarmentzea. Bestetik, denboraren poderioz zerbait ikasi baldin badut, hauxe da: zenbat eta gutxiago orduan eta gehiago. Askozaz pertsonalagoa da esan nahi duzuna hiru notarekin adieraztea, ahal baduzu, bost notarekin adieraztea baino. Horrela sentitzen dut. Norberak ariketa hori hasi aurretik egina zeukan.
I.E.: Kantuaren esentziari ematea garrantzia, gehiegi apaindu gabe.
E.A.: Elkarri entzunez, musikari bakoitzak bere tokia bilatu du.

Aniztasun handia dago kantu berrietan: soula (“Bai mundu berria”), post-rock zatiak (“Non zaude”), boleroa (“Neguko kabaret”)… Irrati esatari batek Steely Dan aipatu zuen “Tenporaz gabiltza” kantuaren harira.

J.Z.: Erreferentzia asko dauzkagu, eta uste dut aurrerago gehiago aterako direla. Tenpora ez da izango estilo bateko taldea, baizik eta soinu bat bezala ulertzen dut taldea, estetikoki norabide bat izango duena. Estilistikoki oso anitza izango da.

tenpora

Bi urte eman ditu Tenporak entsegu lokalean kantuak ontzen.

Bi bertsio egin dituzue. Lehenengoak izan zarete “Agur Euzkadi” (Antton Valverde) moldatzen.

J.Z.: Valverderi bidali nion, eta bateriak harritu egin zuen. Berak ez du sekula bateriarekin abestu. Eleneren kantaera diferentea da, baina egitura aldetik jatorrizkoaren antzekoa da bertsioa. Oso kantu biszerala dela, oso dramatikoa, eta hori azaltzeko moldaketetan lana egin dugu: nola hasi, nola bukatu, kaos sentsazioa nola sortu, kolpe batzuk daude pianoan… Oinarrian kantua dago, melodia berdina da, baina egon da intentzio bat testuaren esanahia islatzeko. Jende askok ezagutuko ez duen kantu bat da eta ez genuen bertsio hutsal bat egin nahi.

Aldiz, Mikel Laboaren “Gure hitzak” zenbait taldek moldatu dute azken urteetan: Lisabö-k, Skakeitan-ek…

I.E.: Letrak gure filosofiarekin bat egiten du: oinatza utzi… Laboa bera instituzio bat da, eta horrek pisua dakar moldatzerakoan.
J.Z.: Eta arriskua ere. Gure eraginen artean, musika amerikarra, britainiarra, jazza, popa… daude, baina gure zutabe nagusi bat euskal kantariak dira. Euskal Idazleen Elkarteak Joxe Azurmendiren omenez egindako ekitaldi baterako proposatu ziguten kantu hori egitea. Egia esan, ez nuen asko ezagutzen, baina testua irakurrita… gaur egun pil-pilean dagoen gai bat da: zergatik abesten dugu euskaraz? Zergatik dago Badok bezalako atari bat? Dena gauza bera da. Ikararik gabe baina errespetuz egin dugu. Bueltak eman genizkion, ez ginelako gustura gelditzen. Beste bertsioak ez nituen ezagutzen.
E.A.: Letra irakurri genuen lehenengo eta interesgarria iruditu zitzaigun hasieratik. Kantatzeko nahiko espresiboak dira Valverderenak eta Laboarenak, exijentzia maila handiko kantuak

“Jende askok ezagutuko ez duen kantua da ‘Agur Euzkadi’ eta ez genuen bertsio hutsal bat egin nahi”

Tenporaren soinu eta erreferentziengatik, entzule helduen artean daude zuen balizko zaleak?

E.A.: Zuzenekoetara tarte guztietako jendea etorri da.
I.E.: Guretzat inportanteena jotzerakoan soinuarekin gustura egotea da. Garrantzia handia ematen diogu soinu ona izateari, eta hori bermatzen digun edozein aretotan jotzeko prest gaude. Diskoa grabatu aurretik Arrasateko Gaztetxean jo genuen. Hemen musika adinaren arabera sailkatzeko ohitura dugu. Nire ustez, Tenpora gazte jendeak gustura entzuteko modukoa da. Beste gauza bat da gazte jendeak zer entzuten duen orokorrean.
J.Z.: Emanaldi gutxi egin ditugu. Hasteko, oso konplikatua dago, gu ez gara 15 urteko neska-mutil talde bat, eta argi daukagu jotzeko, baldintza ekonomikoez aparte, ez direnak igual lehentasuna momentu honetan, baldintza artistiko egokietan egin nahi dugula. Tenpora entzutera doanak Tenpora entzutea nahi dugu, ez suzedaneo bat. Bestela, gure target-a publiko guztia da. Ez diogu ezer uko egiten.

Autoekoizpena garbi izan duzue hasieratik?

I.E.: Ez dugu aterik jo.
J.Z.: Balantzan jartzen baduzu zer eskaintzen dizun diskoetxe batek eta zer kentzen dizun… Oxala diskoetxeek beste dimentsio bat izango balute, beste gaitasun bat, beste apustu batzuk egiteko motibazioa…. Iaz Durangon diskoen %60-70 autoekoizpenak izan ziren. Gauza asko birplanteatu behar dira, eta zorionez edo zoritxarrez, denok ikasi dugu denetatik egiten. Oxala gu musika egitera bakarrik dedikatuko bagina.

ETIKETAK:Antton ValverdeBenito LertxundiEstankonaKatamaloLisaböMaddi OihenartMikel LaboaRuper OrdorikaSkakeitanTenpora