Elkarrizketa

Mikel Izarra

2023.10.17

Mikel Izarra

“Erroan punka dagoela argi izan dugu beti”

Elkarrizketa: Ezta Ilen

Gaurko elkarrizketatuek (nire obsesioa medio) erantzuten duten bezala, landa guneetako eszena musikaletan harreman estuak egiten dira, eta horregatik askotan hirikoak aldakorragoak izan daitezke, eta hutsalagoak zenbait kasutan. Denbora ere astiroago doan sentzazioa dago herri txikietan. Hala, eszena estuko adiskidetasunak eta inprobisazio lanketarako patxadazko denbora luzez bakarrik jaio daiteke Ezta Ilen bezalako proiektu interesgarri bat.

 

Hirukotea Worth It-eko (aurreko taldea) eta eszenako beste zenbait kidek osatua da, eta oraingoan estilo sorta ireki dute, ia lehenengo disko batean estilo propia finkatu arte. Badago post hardcorea, badago postpunka, badaude melodiak eta haiek dioten moduan, erroan (eta batez ere filosofian) beti punka. Aurreneko lan luze hau (maketa edo aurreko EPrik gabe) Urtzi Izak grabatu zuen zuzenean eta bederatzi abesti ditu. Atmosferikoagoak, bortitzagoak… baina beti letra sakon eta karga handidunak. Zuzenean jotzen ere hasi ziren duela urtebete eskas, eta diskoa argitaratzeko irriketan lehenengo digitala atera zuten Interneten. Orain, lau zigiluren laguntzaz (XCementerioX, Gernikako Iparragirre Records berria, Quebranta eta DDT Banaketak) 12 hazbeteko binilo beltz dotorean dago eskuragarri, Sergio Devesa bateria jotzailearen diseinu soil, misteriotsu eta ederrean bilduta.

Eta bai, Euskal Herrian landa guneko eszena indartsu eta osasuntsua dugu, beraz ez dezagun itxaron taldetzarrak hirira etorri arte, erdigunetik at ere bizitza musikala baitago.

Ezta Ilen, Zaldibarko (Bizkaia) power hirukotea.

Ezta Ilen, Zaldibarko (Bizkaia) power hirukotea.

Zelan egonkortzen da inprobesaketari bideratutako talde bat, bateria aldaketak medio?
Soinu berriak frogatzearen eta instrumentuan gehiago murgiltzearen nahi horrekin batera dator inprobisazioaren asmoa. Ezta Ilenen hastapenak inprobisazioak izan ziren, hau da, musikak nora eramango gintuen jakin gabe, lasaitasunez hartu eta lagun dituzun horiekin jotzen hasi eta sentsazio horietatik abiatuz sortu ziren lehen doinuak. Musika zuzenean egite horrekin gustora sentitu ginen, eta Ezta Ilenek dituen kantu gehienen oinarria inprobisazioa izan da, nahiz eta gero abestiaren lanketan doinua gehiago egonkortu.

Badago alderik talde bat landa eremuan edo hirian sortua izan?
Ez dugu izan hiri eremuetan talderik edota entseatzeko aukerarik, gaztetatik Zaldibar(Bizkaia) eta inguruetan mugitu izan baikara. Hortaz zehazki ez dakigu zeintzuk izan daitezkeen ezberdintasunak. Egia da herri txikia izanda, esparru asko ditugula komunean, denok txoko antzekoetatik mugitzen garela eta elkarrekin kontaktu gehiago izateak gure kasuan gu hiruron arteko harremana ere estutu egin du, taldekide izateaz gain lagunak baikara.

Zelan uztartu dituzue zuen estilo musikalak? Nondik etorri da inspirazioa gaiei dagokionez? Erreferenterik?
Estilo musikalei dagokionez, Ezta Ilen ideia multzo eta inspirazio iturri ezberdinen fruitua dela esango genuke topikoetan erori gabe. Bakoitzak bere ibilbide propioa egin izan du gaztetatik bai musika talde ezberdinak izanda, bai musika estilo ezberdinetan murgilduz etab. Ezta Ilen hiruron arteko puntu komun bat da, non norberak bere ekarpena eginez bestearen ikuspuntua ulertzen duen. Ingalaterrako 80. hamarkadako punk eta post punka dira gure influentzia nagusiak, nahiz eta Washingtongo Dischord etxearen zaleak ere izan, eta Rival Schools bezalako taldeen  melodietan ere inspirazioa bilatu.

Efektu gutxi erabiltzen dituzue, baina dinamika asko dago eta kontrastea zainduta dago. Kantu biziak dira. Egiturak letrek itxi zituzten? Zelan planteatu da diskoa?
Hasierako asmoetako bat lehen esan bezala, doinu berriak bilatzea eta hauekin ausartzea izan zen. Hori dela eta efektuen erabilerak presentzia handia duela esango nuke. Gitarraren melodiek dituzten reverb eta chorus efektuez gain, baxuari ere beste dimentsio bat eman nahi izan diogu, honi ere efektuak sartu eta erritmo jartzailearen lanetik haratago eramanez. Hirukotea izatearen abantailetako bat, intsurmentuek haien espazio propioa dutelakoaren idea hori da, batak bestearen tokia zapaldu Gabe, bere bidea egin eta dinamiken jokoan sartuz. Dinamikari ere garrantzia eman nahi izan diogu, zuzeneko eta inprobisazio kutsu hori mantendu nahian gorabehera horiek mantenduz.

Kantu biziak direla esango genuke bai, erroan punka dagoela argi izan baitugu beti. Gure kasuan lehenik eta behin melodia eta abestiak egiten genituen, letrarik gabe. Abestia bera behin eta berriro jo, moldatu, aldatu etab. Musikak berak guretzako funtzionatzen zuela ikusten genuenean, orduan hasten ginen ahotsa eta letrak sartzen.

Zelakoa izan zen grabaketa? Nahi zenutena islatu duzue?
Diskoa bederatzi kantuz osatua dago. Bederatzi horiek eginak genituenean, grabatzea pentsatu genuen. Horretarako ETEN espacio sonoroko arduraduna den Urtzi Izarekin kontaktuan jarri ginen eta gure nahia azaldu genion. Diskoari zuzeneko kutsu hori ematen saiatu ginen, hirurok batera grabatuz eta entsegu lokaletik geneukan dinamika horretan oinarritzen saiatuz. Gure zorionerako dinamika horrekin lan egin eta oso gustora geratu ginen emaitzarekin. Bestalde Urtzi bera ere produkzio lanetan izateak idea berrien ekarpena ahalbidetu zuen.

Ediziorako bertako zigiluetara jo duzue, diskoa interneten argitaratu eta gero. Zelakoa izan da aukeraketa? Intentzioren edo eraginen bat dago horren atzean?
Beti izan dugu fisikoan ateratzeko nahi hori. Grabaketa bukatu eta abestiak eskura genituenean ordea zabaltzeko nahi hori geneukan eta bide digitalera jo genuen lehenik eta behin. Horretan genbiltzala ordea, Beasaingo XCementerioX-eko lagunak gurekin kontaktuan jarri eta diskoa fisikoan ateratzeko proposamena luzatu ziguten, elkarlanean arituz 12”-ko binilo bat ateratzeko. Proeiktua Aurrera zihoala zigilu gehiagoren laguntza izan genuen: hasi berriak ziren Gernikako Iparragirre Rock Elkartea, Bilboko DDT banaketak eta Leongo Quebranta Huesos Records.

Hirian eta landa eremuan ere eman dituzue kontzertuak. Zelan ikusten dituzue bi eszenak?
Lehen erantzundakoari erreferentzia txikia eginez, esango nuke, herri txikietan espazio gehiago elkarbanatzen ditugula eta estilo, gustu etab. ezberdinak ditugun lagun asko elkartzen garela. Hiri batean antolaturiko kontzertu bateko publikoa askotan espresik kontzertua ikusten joaten da eta publikoaren gehiengoak taldearekiko eta taldeak jotzen duen estiloarekiko hurbiltasun handiagoa izaten duela esango genuke.

Ze plan duzue etorkizunerako?
Disko fisikoa esku artean dugula, ahalik eta gehien zabaltzen saiatuko gara, kontzertuak antolatu eta jotzeko irrika eta gogo horiekin. Orain arte ezagutu ez ditugun toki horietara heltzea ere gustatuko litzaiguke, lagun berriak egin eta esperientzia berriak biltzeko. Musika berria egiteak ere gure egunerokoan oso presentzia handia dauka, konposizio berri batzuekin lanean hasteko asmoa ere baitugu.

ETIKETAK:2023ko diskoaEzta Ilen