Elkarrizketa

Ainize Madariaga

2022.12.10

Ainize Madariaga

“Errezeta bakarra dute nire kantuek: ni pozik egotea!”

Elkarrizketa: Patrice Dumora 'Watson'

Patrice Dumora Watson-ek (Pouillon, Frantzia, 1956) bigarren diskoa karrikaratu berri du: Bobi, salatu gabe nor den Bobi. Misterio horrekin abusatuz, barne bidaia luzea partekatu du pop, rock eta folk estiloetan, ahots eta soinu ezin garbiagoetan. Bihar aurkeztuko du Durangoko Azokan, 15:40an, Plateruenan.

(Argazkilaria: Balatx)

Bobi miauka ari dea?

Lehenengo diskoa bukatu nuen Zer gertatu zaio Bobiri? kantuarekin, zeinak ez baitu adierazten nor den Bobi. Ene inguruan bazen sekulako eztabaida jakiteko nor zen: Bobby Sands, txakur bat… Hortaz, pentsatu dut lehen diskoari segida bat ematea; hala, bigarren honetan itzuli da Bobi. Lorentxa Saraguetak marraztu du azaleko katua; dena den, bitxia da, zeren eta Bobi txakur izena baita gehiago… [kur-kur-kur]

Barne bidaia bat izan dea?

Hamahiru urteko barne bidaia oso luzea izan da diskoa. Bitartean bi alaba ukan ditugu. Hasiera batean, disko bat ateratzean indar asko duzu, zerbait bukatu orduko beste bat hasi nahi duzu… hola sortu zen Nor da Bobi?. Alta, gero, pentsatzen duzu: «Nire zarata hau gehituko diot dagoen zarata guziari?». Dena berdin baitzitzaidan. Denbora pasatu ahala, kantuz segitu dut, diktafono batekin grabatzen, kaier batean hitzak idazten… eta une batean gogoa berriz heldu zait eta aitzina. Orduak izan dira; nire zati bat utzi dut hor.

Inspirazioak hitzordurik eskatu ohi dizua?

4 urteko gure txikia melodia bat kantatzen ari zen autoan: horrekin egin dut Eztiz asea kantua. Ingelesa iduri du, baina zentzurik ez duen hizkuntza bat da. Musikari orok baliatzen dugu melodia bati silabak jartzeko, hola baitirudi kantu bat.

«Odola irakiten dit»: Latzenen plagioa dea?

Zinez irrigarria zait Beatlesek nahitara egindako amodiozko kantu zozoa: Oh! Darling. Nahi nuen nik ere holako bat egin, eta Beltzanek [Obanos] hartu zuen hori erronka gisa: esaldiak edozein ordenatan jarriagatik ere, badute beti zentzua. Amodiozko euskal kantu guzien zatiak daude: Hertzainak, Benito Lertxundi, Akelarre, Latzen…

Ortzi Idoaterena da Ongi etorri Bobi. Badaki nor den, beraz.

Ez! Eta ez da agertzen nor den! [Kur-kur-kur]. Hegoaldean debekatuak dira ongi etorriak, eta horri buruzkoa egin nahi nuen. Dena den, pistak badira Bobiren gainean: «Izar gorritik izar beltzera» eta «Lokatzetan»… Gauza ona bada: itzuli dela Bobi!

Amadu ere Idoaterena da. Zinez jin dea Gineatik?

Bai. Gai librea zuen. Kantu tradizional baten letra eman nion asmatu nuen melodiari, eta lantzeko eman nion gero Idoateri. Xaramelatik hartzen dut melodiari egokiena den bertsoa. Metrikaren eta hitzen soinuaren arabera aldatzen dut melodia, edo bertsoa moldatzen. Errezeta bakarra dute nire kantuek: ni pozik egotea!

Amets Arzallusek ere parte hartu du Gerlatik nator kantuan.

Hau ezberdina izan da: 2018an, Lehen Mundu Gerlaz Amets Arzallusen letra musikatzea eskatu zidaten. Sei minutuko bospasei kopla ziren. Natekin [Cazarre] kantatu nuen Baionako antzokian. Gero, Ametsek kantua eskatu zidan, maitatu zuelako. Deliberatu nuen diskoan ezartzea.

Zuri ere gustatu zitzaizulako.

Benetan pozik gelditu nintzen, asko-asko landu nuelako. Eskatu nion laburtzea. Ahotsa eta gitarra ziren hatsarrean, baina pentsatu nuen lagunen arterako balio zuela, baina ez diskorako. Hala, azken momentuan Frederic Gallarde adiskide min eta musikari handiari eskuak libro utzi nizkion teklatua gehi ziezaion: oso lan polita egin du, banekien.

Hamabi kantuetatik bederatzi dira berriak.

Diskoa irekitzeko eta ixteko, Zer gertatu zaio Bobiri? kantuaren doinua murriztu dut pianoan. Hor ere, Keith Jarrett pianistaren estiloan ezarri dit pieza Frederiquek, biziki maite dut. Eta bukaera-bukaeran, Sigi saga kantuaren interpretazio bat dago.

Badua diskoak Bobiz aparteko hari gorririk?

Bidaiak dira diskoaren ildoa. Gineatik Iparraldera, edo bidaia bat nire baitan, Amets hautsia bezala; edo Sorginen erratzak, bidaia bat da baina denboran… bideo klipa eginen dio honi Odei Barrosok.

Mutil zaharrentzat kantuak hausten du amiñi bat ildoa, ez?

Tom Waits jenioaren fana naiz; bere kantuaren bertsio bat da. Bere munduak gorabehera asko dauzka: gaueko mundutik —tabakoa, eskaleak, neskak, drogak…—modernoagoa den batera pasatu baita. Kabaret jazz gisa hasi zen: orain, berriz, musika biziki moderno eta bortitza egiten du.

Mutil zaharrentzat kantutik kontrastea sortzen du Zaldun hiltzailea kantuak: «Akatu zuen izan zedin betiko berea». Zer bidaiatatik atera duzu hori?

Beltzaneren borroka izan da matxismoaren kontrakoa, etxean bizi izan baitu. Jendaurrean bat oso jatorra ager daiteke, baina gero bikotekidea etxean akabatu. Deabruak daude oso ongi gordeak. Gauzak adierazi behar dira, ezta?

Ahots garbia lehen lerroan du diskoak. Lehen diskoak bezain?

Nahi nuen Paxkal Etxeparerekin lan egin. Aritu izan bainaiz berarekin, Gure Irratiarendako egin genuen diskoan, eta ez du ezer barkatzen: maite dut ikaragarri exijentzia hein hori. Konfiantza itsua dut beregan, eta eroso sentitzen naiz berarekin. Zetak-en egiten duen soinua errotik maite dut. Belarri oso analitikoa dut.

Musika bizibide duzua?

Bai. Kantu tradizionala erakasten dut Hazparnen [Lapurdi], Izturitzen [Nafarroa Beherea]… musika elikatzeko da. Zikiroetan jotzen dut. Dena da bat niretzat. Laket nukea taula gainera igatea bakarrik nire obrak aurkezteko artista huts gisa? Ez. Maite dut jendearekin egotea. Pyrennees kantuz saioa egiten dugu hilabetean behin, jendez mukuru egoten da. Horretarako bizi naiz ni!

Frantses izatetik euskalduna izaterako bidaia nola egin duzu?

Tarben [Okzitania] ikasle nintzela hasi nintzen abesten Pierre, Pierrot eta Watson taldean. Neil Young zen nire idoloa. Franco hil zen urtean kontzertu handi bat antolatu genuen Paco Ibañez, Isabel Parra, Patricio Castillo eta Imanolekin. Ene bi lagun musikari biziki on, Robert Berges eta Jean Michel Saint Crik, Urria taldean ari ziren Beñat Axiari eta anaiarekin… Hori izan zen ene lehen kontaktua euskal musikarekin. Juan Paquitok eskatu zidalarik berarekin aritzea, berehala joan nintzaion, Landak utziz. Hiru urteren buruan euskara ikasten hasi nintzen, Akelarren aritu nintzen…

Watson bakarlari gisa, faltan duzua Euskal Herri osoa kurritzea, Akelarreren garaian bezala?

Pixka bat bai. Nahiz eta, hala ere, ibili naizen.

Bakarlaria baina taldekideez inguratua: Maddalena Luzzi, Pierre Sangla, Raphael Ferreira, Romain Larregain eta Frederic Gaillardet.

Oso bizipen aberatsak ukan ditut haiekin. Musikaria zarelarik, indarra ematen dizu taldekideen musikak atzetik; badirudi altxatzen zaituztela, eta hori sentitzen dut disko honetan.

ETIKETAK:Patrice Dumora