Elkarrizketa

Gorka Erostarbe

2017.11.22

Gorka Erostarbe

“Eroso sentitzen gara M-aken abestiak jotzen”

Elkarrizketa: Martxel Arkarazo

Nola bestela. Gogoz ari dira entseatzen. Andoaingo (Gipuzkoa) Garate estudioan dute entsegu lekua egunotan. Indarrez jo dituzte “Menua” eta “Opor guztietako zalantza”, esaterako. Ez dira beraien kantuak, ez dira Rukularenak. Baina enkargua jaso dute, M-ak taldearen kantuak bertsionatzekoa, hain zuzen ere. Azaroaren 30ean emango dute kontzertua, Bilboko Kafe Antzokian (20:00etan), Izar & Star zikloaren baitan. Haiekin batera Lou Topet ariko da. Wilcoren kantuen moldaketak eskainiko ditu hark.

7880335

Martxel Arkarazo musikari eta soinu teknikaria. (Jagoba Manterola / Argazki Press)

Taldeko kide gehienak jaiotzeke zeuden Gor (IZ, 1990) azken diskoa plazaratu zuenean M-ak taldeak. Kideetako helduena Martxel Arkarazo da (baxua; Usurbil, Gipuzkoa, 1986). Eta baita M-akekin lotura emozional estuena duena, taldeko kide izan baitzen bere aita, Kaki Arkarazo. Bigarren etxea du Martxel Arkarazok Garate baserria, bertan aritzen baita lanean soinu teknikari bezala —aitak sortu zuen estudioa eta han aritzen da hura ere—. Ondo ezagutzen ditu lekuaren zoko guztiak, baita ematen dizkien aukera eta baliabideak ere. Eroso ari dira horregatik, “nahiz eta denboraz justu samar ibili”. Alboan ditu Jon Agiriano (gitarra; Donostia, 1994), Aitor Pagola (gitarra; Usurbil, Gipuzkoa, 1989) eta Oihan Agirretxe (bateria; Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1994). Beñat Irazusta (Usurbil, Gipuzkoa, 1989) ere taldeko kide da, nahiz eta orain bidaian den.

Aldiro aldatzen dute M-aketik hautatu nahi duten errepertorioa, baina sei zazpi kantu ziur samartzat dituzte. “Menua” eta “Opor guztietako zalantza”-z gain, “Barkatu ama”, “Pistolaren mintzoa”, “To”, “Ikusi makusi” eta “Egunero” ere entseatzen ari dira. “Garai guztietakoak joko ditugu, baina batez ere Barkatu ama-n [IZ, 1989] zentratu gara”.

Musika talde instrumental batentzat M-aken moldaketak egitea zer nolako erronka den, Rukula taldeak zer bilatzen duen, soinu teknikaria izatea nola ulertzen duen… Musika egiten duen intentsitate berberaz mintzo da Martxel Arkarazo.   

Gogoratzen duzu noiz entzun zenuen M-aken kantu bat aurrenekoz?
Ez daukat oroitzapen askorik. Dakidana da M-aken entsegu asko jan nituela. Ama nitaz haurdun zegoen. Hala esaten dit: “Zuk kantu hauek guztiak jakin behar dituzu, nire tripan baitzeunden entseguetan”. Baina ez daukat oroitzapen berezirik.

Nerabezaroan ere ez zenuen izan kuriositatea M-ak entzuteko?
Ez, uste dut gerora izan nuela gehiago. Beti entzun dut gustura musika, eta beti izan dut zaletasun hori, baina ez dut M-akekiko zaletasun apartekorik izan. Aitaren disko bilduma beti izaten nuen hurbil, eta hor kuxkuxeatzen nuen, ez horrenbeste bere taldeetan.

Gaur egun M-ak entzunda, zer transmititzen dizu?
Oilo ipurdia. Maila handia zuten, izugarri jotzen zuten, eta musikaren kontzeptu oso aberatsa zuten. Erakargarria. Beldurrik ez zuten garai hartan, jolastu egiten zuten beraien artean. Soinu teknikari bezala entzuten dut eta ikusten dut sekulako banda zela. Hasieran hirukote baten oinarria zuen: bateriak, baxuak eta gitarrak zer indar zuten talde horretan! Eta gero gainera abeslari bat, perkusioak, haize instrumentuak batzuetan…

Beldurrik ez zuen talde bat izan zela aipatu duzu. Molde berri bat ekarri zuen euskal musikara?
Tira, beraiek ez zuten halakorik pentsatuko inoiz. Sentitzen zutena egin zuten. Musika egiten duzunean normalean ez duzu pentsatzen ‘hau egingo dut dagoena txikitzeko’. Barnean daukazuna egiten duzu, eta horrekin sentitzen zara gustura, zoriontsu.

Ez zuen bere garaian oihartzun handia izan. Zergatik?
Ez dakit hori erantzuten, ez bainuen bizi garai hura. Entzun izan dudana da garairako aurreratuak zeudela hainbat arlotan. Momentu horretan entzuleak akaso beste zerbait entzun nahi zuen, egoera soziopolitikoaren ondorioz eta abar. Gauza asko pilatuko ziren eta ez zieten kasurik egin, ez zituzten entzun. Baliteke hori izatea…

“Hasieran kontzertu erabat instrumentala egiteko asmoa genuen, erritmo handiko kantuak dira eta ondo egoki genitzakeen gure estilora”

Talde hark abestu egiten zuen. Zuek musika instrumentala egiten duzue. Nola planteatu duzue erronka?
Hasieran kontzertu erabat instrumentala egiteko asmoa geneukan. Uste genuen defendatzeko gai izango ginela. Erritmo handiko kantuak egin zituzten, aldaketa erritmiko ugarikoak, eta iruditzen zitzaigun ondo egoki genezakeela gurera, gure estilora. Baina kasualitateak zer diren. Kontzertu bat izan genuen Eskean Kristö taldearekin batera, ezagutu genuen Pello Artabe abeslaria, eta bururatu zitzaigun izan zitekeela kantuak abesteko pertsona egokia. Planteatu egin nion aurrerago, eta segituan erantzun zuen baietz. Kanturen batean Luken anaiak ere kantatuko du. Odolaren Mintzoa taldeko kidea da. Kolaborazioak bilatu ditugu, baina instrumentuetarako izan beharrean, kantari aritzeko. Guk abeslarietan bilatu dugu babes hori. Eta beste ezustekoren bat egongo da ziurrenik.

Zer ikusi diozue Pello Artaberi?
Musika guk bezala ulertu eta sentitzen du, eta garrantzitsuena dena, taldean ondo integratuko dela uste dugu.

Musika erritmikoa izateak batzen zaituzte zuek eta M-ak? Funk arima batek?
Enkargua iritsi eta gauzak entzuten hasi ginenean pentsatu genuen ez zegoela Rukulatik hain urruti ere. Ez dakit nondik datorren parekotasun hori, baina eroso sentitzen gara M-aken kantuak jotzen. Aldatu behar ditugu gauza batzuk, baina nolabait identifikatuta sentitzen gara M-akekin.

Behin enkargua jasota, nola egin duzue kantuak aukeratzeko galbahe lana?
Probatzen joan gara. Kontzertua instrumentala izango zela pentsatzen genuen, beraz, hartu genituen Rukulatik hurbilen zeudenak, bai erritmikoki, bai konposizioen aldetik… Saiatzen ari gara disko guztiak ukitzen, M-aken etapa guztiak hartzeko, baina, aldi berean, funtzionatzen duena aukeratzen ari gara. Inprobisatzen ari gara.

M-aken garai bereziren bat gustatzen zaizue?
Sekulako abestitzarrak daude disko eta garai guztietan. Gu Barkatu ama-n zentratu gara batipat, erritmikoki oso ondo txertatzen delako gure egiteko moldeetan, latinoagoa edo dantzagarriagoa delako, eta hor erosoago gaude. Edonola ere, kantuak Rukula bihurtu ditugu. Gure esparrura eraman ditugu.

Nola egiten da lanketa hori? Kantuak elkarrekin entzun dituzue?
Bai, elkarrekin entzun ditugu. Eta etengabe aldatzen dugu iritziz. Kantuak entzuten ditugu. Gero berdin jotzen saiatzen gara, ikusteko ea horrela funtzionatzen duen, eta kantuak merezi duela ikusten badugu, transformatu egiten dugu, gu eroso sentitu arte. Guk ezin dugu M-ak imitatu. Hark bere garaia, bere emozioak eta abarrak izango zituen. Guk gureak, eta gure marka jarri behar diegu. Bestela imitazio bat egingo genuen, eta gainera txarra.

Ezustekorik hartu duzue M-aken kantuekin?
Nik ez dut ezustekorik hartu, banekien sekulako erronka izango zela. Taldekideak gehiago harritu dira, ez baitzuten M-ak asko ezagutzen. Baina oso gogotsu gaude. Talde ona zen, oso ona.

M-aken kantuekin osatuko duzuen kontzertuan, zerekin geratuko zinatekete gustura?
Prozesuarekin geratuko gara gustura. Prozesua polita ari da izaten, bere zailtasunekin. Txarrak gara geure burua saltzen, ez baitugu marketinerako egiten musika. Oholtza gainean dena eman ondoren, elkarri besarkada eta musu bana eman eta eskerrik asko esaten diet taldekideei! Momentu hauek beti gogoratuko ditut eta. Horrek betetzen nau, ez jendeak zer esango duen. Jendeak erantzuten badu, bada izugarri ondo! Musika gure psikologoa da. Elkarrekin jo, disfrutatu, barrukoa bota eta terapia egiten dugu. Musika produktu bat baino gehiago da, nik arte sorkuntzatzat daukat, eta gaur egun hori ahaztu egin dugula iruditzen zait. Niretzat teknikaria eta musikaria artistak dira.

“Musikak ez du letra behar zerbait espresatzeko; hitzik gabe irekiagoa da musika bera ulertzeko modua”

Orain artean zergatik ez duzue kantatu?
Hasieran Oihan Agirretxe eta ni bildu ginen, nolabait sekzio erritmikoa osatuz. Oihan ezagutu nuen berbena talde batean jotzen ari zela. Kontzertu baten amaieran bateriako plater batean ohar bat utzi nion idatzita: “Berbenaz aspertzen zarenean deituidazu”. Eta egun gutxira deitu zidan. Biok batu ginen. Ideia zen drum & bass horretatik abiatzea. Gero Aitor Pagola etorri zen, gero Beñat Irazusta… Jon Agiriano etorri da azkena. Musikarekin bakarrik asko transmititu daitekeela iruditzen zait, letraren beharrik gabe. Jendeari hasieran arraroa egiten zaio, baina hirugarren kanturako ahaztu dute ez dugula kantatzen. Modu horretan publikoak ere parte har dezake, ahotsak edo oihuak sar ditzake. Guk geuk sartzen ditugu orroak eta oihuak mikroetatik aparte. Denok animatzen gara, eta festa moduko bat sortzea da gakoa. Gehiena hori gustatzen zaigu, entzulearekin harreman hori izatea. Horregatik saiatzen gara askotan lurrean jotzen, jendearengandik ahal den gertuen. Bestela hotza iruditzen zaigulako.

Berreskuratzen ari den azkenaldiko joera iruditzen zaizu hori, ikus-entzulearengana gerturatzekoa?
Guk geuk nabaritu dugu pixkanaka urruntzen gindoazela publikoarengandik kontzertuetan. Hasi ginen leku txikietan jotzen, tabernetan, gaztetxeetan, areto txikietan… Zuloa eta izerdia gustatzen zaizkigu. Bat-batean proposamen handiagoak iritsi eta agertoki handiagoetan jotzen hasi ginen. Baina konturatu gara hori ez zaigula gustatzen.

Hori planteatu izan duzue taldean?  
Bai, planteatu dugu. Urrundu eta hoztu egiten du kontua, eta ez genuen hori nahi. Musikariok publikoari zerbait ematera mugatuko ginateke, eta ez dago hartuemanik horrela. Rukula behera jaisten den momentuan, beste zentzu bat hartzen du kontuak.

2016ko urte amaieran kaleratu zenuten estreinakoa, taldearen izen bereko lana. Zer nolako esperientzia izan duzue?
Esperientzia oso polita izan da, ikasketa bat. Elkar ezagutzen joan gara eta taldea osatu eta ondu egin da kontzertuak egin ahala. Publikoarekin oso harreman ona izan dugu; harrera ona egin digute. Eta guretzat plazer handia izan da. Guk oso ondo pasatzen dugu zuzenean jotzen eta nik uste hori nabari dela. Gu ez bagaude oholtzan gustura, ez luke mereziko. Oraintxe bertan oso gustura gaude gure energiarekin. Rukufamily-a handitzen doa.

Oraindik ere kosta egiten zaio entzuleari proposamen instrumental batean murgiltzea?
Gure kasuan behintzat ez dut uste. Igual lehen bi kantuetan… edo bukaeran galdetzen digute zergatik ez dugun kantatzen. Baina ez faltan botatzen dutelako, baizik eta jakin-minez. Musikak espresatzen du. Dantza, mugitu… Ez dut uste musikak letra behar duenik zerbait espresatzeko. Azkenean musika notek beraiek asko adierazten dute, eta bakoitzak bere erara jasotzen du. Letrarik gabe irekiagoa izan liteke musika bera ulertzeko modua.

Azken bospasei urteetan egon da halako joeratxo bat, proposamen instrumentalena: Sofa eta Buffalo, nor bere ezaugarriekin…
Bai, eta ingurune bertsuan. Haiek Zarauzkoak dira; gu Usurbil eta ingurukoak. Ez dakit zergatik izan litekeen, baina pentsa liteke entzulea ohitzen ari dela. Ahotsa ez dela derrigorrezkoa. Ahotsarekin egiten duenak ere zoragarri, chapeau! Letrak egitea oso zaila iruditzen zait.

Erritmoa eta intentsitatea dituzue ezaugarri nagusi. Musika izerditzeko ulertzen duzue?
Izerditzen badugu, hobeto. Eta zuloa bada, hobeto. Eta taberna txikia bada, hobeto. Eta jendea gertu badago, hobeto. Baina oroz gain, musika terapia modu bat dela pentsatzen dugu. Gure psikologoa. Barrenean gordetako sentimendu horiek ateratzeko modua: batzuetan amorrua izango da, besteetan poztasuna…. Oso dibertigarria da hauekin jotzea [taldekideei begira].

Zer musika entzun duzue gaztetan? Zerk eragiten dizue hain musika erritmiko eta energikoa egiteko?
Uste dut laurok oso desberdinak garela. Taldekideok oso iritzi eta gustu desberdinak dauzkagu. Horrek egiten du Rukula anitzagoa eta aberasgarriagoa izatea. Aitorrek melodia ematen dio, Oihanek erritmoa, Jonek nerbioa, eta horrek egiten du Rukula.

Eta zuk zer ematen diozu taldeari? Nolabaiteko lidergoa duzula sentitzen duzu?
Ja ja ja..

Zerbait definitzen zaila egiten denean, kazetariak sarri jo ohi du gaur egunean post aurrizkia erabiltzera. Etiketa horiez paso egiten duzue?
Ez dakit oraindik etiketarik jarri diguten. Uste dut guk geuk jarri diogula etiketa bat: entsalada dantzagarria, edo horrelako zerbait. Oraindik ez gaituzte etiketatu, edo igual bai eta ez gara konturatu, baina ez diot garrantzia handirik ematen horri.

M-akekin izango duzuen esperientziak bultza zaitzakete aurrerantzean zerbait aldatzera, ahotsekin gehiago jolastera?
Ez, oraingoz ez. Oraintxe prestatu eta grabatu dugu disko berria. Zazpi pieza berri dira, eta dena instrumentala da. Aurrekoan bezala badago builaren bat, baina ez besterik. Denok batera grabatu genuen, indar eta energia hori transmititzeko.

Izenik baduzue bigarren disko horretarako?
Ziur aski Hazi beltzak izango da. Gehienera ere, udaberrirako kalean izango da. Orain, batez ere, kontzertua ari gara prestatzen. Denbora dugunean aterako dugu. Jotzen ez dakit, baina geure buruak antolatzen ez baikara batere onak.

“Soinu teknikari bezala estudioan nago eroso, zerbait sortzen ari naizela sentitzen dut”

Musikaren edo soinuaren arra sentitu zenuen lehendabizi? Kantuena edo soinuarena?
Nik musika sentitu nuen lehendabizi. Badut oroitzapen bat bereziki gordea. Mikel Txopeitiak (BAP!!, Negu Gorriak…) nire aitari pasa zionean Michael Jacksonen zinta bat: Thriller zen. Ohera joateko entzuten nuen. Hori ez dut ahaztuko. Baina soinu teknikari izatearena askoz ere geroago etorri zen. Ez zen batere pentsatua izan. Tornulari izateko ari nintzen ikasten. Ez nekien oso ondo zer izan nahi nuen. Eta bat-batean aukera bat aurkeztu zitzaidan. SextySexers taldeko bateria jotzailea lehengusua dut eta Iluntze berri baten zain diskoa grabatu behar zuten, 2006a zen. Beran grabatu nuen hura. Gero aitak ostikotxo bat eman zidan eta zuzenekoetan teknikari bezala hasi nintzen eta ikasi nuen ekinaren ekinez, han eta hemen arituz.

Noiz erabaki zenuen soinu teknikari izan nahi zenuela?
Behin horretan hasita ikusi nuen izugarri gustatzen zaidan gauza bat dela. Hain gertu izan dut beti mundu hori, kosta egin zitzaidala horretaz jabetzea…

Baina zerk egin zuen klik zure barrenean konturatzeko horretan jarraitu nahi zenuela?
Musika pila bat deskubritzeak. Sexty Sexersekin aurrena, rock-and-rolla ondoren, aitak pasatako disko guztiak, The Whotik hasita… Musika irensten nuen eta saiatzen naiz orain ere irensten.

Zure taldean nola eragiten du soinu teknikari izateak? Hau da, badauka baldintzapenik, adibidez, gehiegizko perfekzio nahi bat?
Ni saiatzen naiz bi arloak bereizten. Rukularekin ez dut teknikari lanik egiten zuzenekoetan. Nire buruari debekatu diot hori. Saiatzen naiz soinu-mahaian eskua ez sartzen. Ahaztu egin beharra daukat nire alderdi hori, bihur naitekeelako gogaikarri beste taldekideentzat.

Erraz bereizten dituzu Martxel musikaria eta teknikaria?
Bai, orain bai. Baina lehen ez. Kontzertura noanean banandu beharra daukat. Lokalean bai naiz teknikaria, eta banaiz nahikoa perfekzionista.

Estudioan edo zuzenekoetan sentitzen zara erosoago teknikari bezala?
Teknikari bezala estudioan nago erosoago. Zerbait sortzen ari naizela iruditzen zait. Ez dut ikusten lan automatiko bat bezala, botoi bati eman eta kito. Musikariak etortzen dira. Emozio pila bat dakartzate. Era guztietakoak. Eta polita da ikustea beraien bilakaera ere. Erdi-psikologo lan bat ere bada. Une txarrak eta onak egoten dira, bi astez zaude beraiekin, eta bukaeran emaitza ona denean pozten zara beraiengatik eta zuregatik ere bai. Beteta sentitzen zara.

Esan liteke, beraz, teknikari bezala estudioa duzula maite eta musikari bezala zuzenekoa.
Bai. Erabat. SextySexers ikusi nuenean, adrenalina hori sentitu nuenean, Joseba Baleztena ikusi nuenean, pentsatu nuen neurekiko: ‘Nik ere egon behar dut ba oholtzaren gainean’. Nik ez nuen instrumenturik jotzen. Baxu bat topatu nuen hemen estudioan, eta neure kabuz hasi nintzen jotzen. Baina musika jotzen hamar urte daramatzat. Lehenago teknikari lanetan hasi nintzen.

Eta zergatik baxua?
Horixe topatu nuelako estudioan. Nire kabuz ikasi nuen. Ez dut nire burua baxu jotzaile petotzat gainera; batzuetan gitarra balitz bezala jotzen baitut. Esan liteke baxua gaizki tratatzen dudala batzuetan. Saiatzen naiz baxuari beste zuku bat ateratzen.

Izan dituzu erreferenteak baxua ulertzeko modu horretan?
Bai, lehen-lehena, The Who eta John Entwistle baxu jotzailea. Eta gero, zalantzarik gabe, Primus taldeko Les Claypool. Hark eman zidan halako argi bat. Baxuaren soinuarekin esperimentatzen hasi nintzen haiek entzun eta gero. Gustatzen zait diskoak entzutea musikari bezala, baina baita teknikari bezala ere.

“Aitak ez dit inoiz gitarra bat eskuan jarri, edo esan soinu teknikaria izan behar nuenik. Utzi dit nire kabuz ikasten”

Estudioan aita izan duzu maisu?
Bai eta ez. Nik uste dut aitak utzi didala nire kabuz ikasten. Jakina, milaka gauza erakutsi dizkit. Nire lehen kontzertura joan nintzenean eman zidan orritxo bat, eta han ohartxo batzuk frekuentziez, agudoez eta abar… eta hala, izerdia boteaz pasa nuen lehen egun hura, eta joan nintzen ikasten.

Gauzak deskubritzen utzi dizula, alegia?
Bai, hala da. Bestela bere kopia txar bat izango nintzateke. Dena erakutsi izan balit, kopia bat nintzateke. Ni oraindik neure estiloa bilatzen ari naiz. Iruditzen zait teknikariarena ez dela kontu automatiko bat soilik, baduela sortzaile puntu bat, eta horren bila nabil.

Zure aitak, Kaki Arkarazok, askotan aipatu izan duena da ahalik eta soinu naturalena topatzea izan duela erronka.
Bai, horretan bere eskolakoa naizela uste dut. Iruditzen zait gaur egun estandarizatu egin dela soinua. “Hau ondo dago eta beste hau gaizki dago” esaten dugu oso aise. Hori zeinek esaten du? Igual gaizki dagoena ondo dago. Pixkanaka joan naiz 70etako, 60etako edo 50etako musika entzuten, eta iruditzen zait orduan ez zeudela hain arau argiak. Onerako. Lehengo disko haietako askok nerbio berezi bat zuten, gauzak gaizki egonda ere, zerbait sentiarazten zizuten, esaterako Jimi Hendrixen hainbat grabaketak.

Hiperteknologizazioak ekarri du halako soinu garbi eta ustez perfektu baterako joera?
Bai, orain nahi duzuna egin dezakezu ordenagailuarekin. Zu etortzen zara, abesten duzu, eta gero nik edozer gauza sartu edo alda dezaket. Baina saiatzen naiz horrelako gauzak ez erabiltzen. Ni perfekzionista naiz soinuan, baina ez exekuzioan. Gustatzen zait soinuaren naturaltasuna, aitak dioen moduen, baina gustatzen zait gaur egungo nerbioa ematea ere, teknologiak ematen dizun hori, baina pasatu gabe. Garaten aukera daukat analogikoan lan egiteko, bobinarekin ere lan egin genezake. Hor sentitzen naiz eroso, nahiz eta ordenagailua ere erabili. Eta gauza batzuk nahita egitea gaizki. Gitarra hau altuegi dago. Bada ez, horrelaxe utziko dugu ba! Min ematen du gitarra horrek, eta igual horixe nahi zuen. Esaterako, disko berria guztiok batera grabatu dugu. Ez dugu ezer editatu nahiz eta gauza batzuk ez egon perfektu. Kantek transmititzea bilatzen genuen, ez perfektu egotea. Nik uste ordenagailuaren bitartez dena aldatzen eta mugitzen hasi zirenean hasi zela joera hau.

Etxean musikari, teknikari eta melomano bat izateak aukerak zabaldu dizkizu edo zenbaitetan mugatu ere bai?
Nire aitak ikusten zuenean nik nuela garai edo joera batekiko jakin-mina, ba huraxe pasatzen zidan. Garai asko pasatu ditut: metala, rocka-and-rolla, funkya… Baina inoiz ez dit jarri gitarra bat eskuan, ez dit inoiz esan teknikaria izan behar nuenik. Hau dena nire kabuz deskubritu dut.

Musikaz asko hitz egiten duzue zuen artean? Edo eztabaidatu?
Musikaz ez dugu asko eztabaidatzen. Gauzak partekatzen ditugu, disko bereziak, frikiak [barreak]…

Kointziditzen duzue?
Bai, dezente. Berak disko mordoa pasa dit. Oroitzapena dut gazteagotan nola jartzen zituen beti biniloak igandeetan. Musika funky mordoa, esaterako. Musika beltza.

Anarirekin aritzen zara zuzenekoetan teknikari bezala. Zer ikasi duzu halako eskarmentua duen banda batekin aritzean?
Zazpi urte daramatzat beraiekin. 23 urte nituen hasi nintzenean. Dena ikasi dut. Baina baita arlo pertsonalean ere. Esan liteke nire izeba-osabak izan direla, eta beti ondoan izan ditudala, furgonetan, alegia. Lana egiteko modua, antolatzeko modua, arlo pertsonala nola eraman… Ederra da ikustea zer giro polita duten, baina baita lana ere nola egiten duten gogoz. Hori ikasi dut, eta ezinbestean, bizitza ere bai. Musika deskubritzen duzu jendea ezagutzen duzun heinean. Norbait ezagutzen duzu eta musikarekiko interesa baduzu, bada beti sortzen da harreman moduko bat. Jende horrek pasatzen dizu ondare bat, erreferentzia batzuk, eta gero zuk beste bati pasako dizkiozu eta…

Alde askotatik ezagutu duzu euskal musikaren panorama. Zer botatzen duzu faltan? Zer ikusten duzu soberan?
Analistaren bati galdetu beharko diozu [barreak]. Faltan botatzen dudana da leku autogestionatuentzako babesa, gaztetxeei babesa ematea, adibidez. Hainbat gaztetxe dira orain ixtekotan… Edo pribatua izanagatik, lan handia egiten duten lokalei babesa ematea, adibidez Donostiako Le Bukowskiri. Talde asko eta desberdinak ekartzen dituzte eta aukera ematen diete talde berriei ere. Harrobiak izan dezala aukerarik. Nik uste dut hori dela zaindu behar dena, gazteak eta haientzako guneak. Eurek ilusioa izan dezaten…

Egiturak izan ditzatela, alegia. Harrobia egon badago eta…
Bai, nik uste dut baietz. Bilatu egin behar da. Igual M-ak bat pasatzen ari zaigu begien aurretik, baina ez gara jabetzen. Ikusten dugu soilik oso bistan dagoena, agerikoa. Baina arakatu egin behar da. Azkenaldian asko entzun dut espresio hori, hau eta beste falta dela esanez. Igual pasatzen ari dira gauzak, eta ez gara konturatzen…

Zer da azkenaldian harritu zaituena?
Zuzenekoetan ondo pasatzen duten taldeak. Eta ondo pasarazten didatenak. Ernia edo Pecozza United, adibidez. Pelax, Jupiter Jon, Gorpuzkingz… edo oraintsu BIMEn ikusitako Einstürzende Neubaten. Azkenean niri gustatzen zaidana da jendea disfrutatzen ikustea oholtzaren gainean, igual zait zer musika egiten duten. Pozik ikusten ditudanean… horrek bete egiten nau.

ETIKETAK:AnariBap!!BuffaloEskean KristöGorpuzkingzIzar & StarJupiter JonKaki ArkarazoLuken ArkarazoM-akMartxel ArkarazoNegu GorriakOdolaren MintzoaPecozza UnitedPelaxRukulaSexty SexersSofa