2016.04.08
Eraso! orain dela aste batzuk entzun nuen lehenengo aldiz. Serge abeslariarekin kontaktua izan dut azken hilabeteetan, Haritz Leterekin batera duen Osso proiektua dela eta ez dela. Elkarrizketa hau prestatzen hasi nintzenean, harrituta utzi ninduen ikusteak bizitza paraleloak izan ditugula Eraso!-k eta biok. Belaunaldi berekoak, 90eko hamarkadaren eferbeszentzia eta dekadentzia bizi genuen eta industria musikalaren aldaketaren lekukoak izan ginen. Dozena bat musika estilo atzean utzi ditugu eta gaur egun lubaki mental batzuetan ezkutatzen gara gure izaera rockeroa osorik mantentzeko. Edo mantendu nahian, agian. Kaiolatik ihes zarauztarren disko berria da eta bere ildoetan, biniloan kaleratu baitute, hamarkada bi hauetan pilatutako esperientziak ekarri duen oreka da nabarmen. Bere diskografian oreka garrantzitsua izan da baina oraingo honetan osoa da. Potentzia eta baretasunaren arteko dantza melodiko bat. Heldutasunetik jasotako oreka.
Rockaren edo metalaren inguruan giro berezia dago. Oraindik. Desegite prozesu krudel baten ondoren. Giro horren barnean mugitzen garenok amets egiteari ez diogu uko egin. Ondorioz, batzuk musika erosten jarraitzen dugu. Eta beste batzuk, Eraso!-ren kasuan bezala, musika gogorra egiten jarraitzen dute. Egile eta kontsumitzaileen arteko elkarrizketa nolabait aldendu bada ere, badaude une berezi batzuk non harreman hori berpizten den.
Zein da, gaur egun, diskoak kaleratzen jarraitzeko motibazioa?
Musikariak pixka bat egozentrikoak gara. Gure lana ezagutarazi nahi dugu. Baliteke hori erantzun bat izatea. Bestalde, niri kantuak egitea gustatzen zait. Abestiak egiten hasten zarenean ez dakizu nora zoazen. Bete beharreko bide hori asko gustatzen zait. Gero, diskoa grabatuta duzunean eta kanta aurrean dagoenean, beste gauza bat da. Beste zeozer duzu buruan berriro. Beti zeozer bilatzen. Melodiaren bila. Kantaren bila…
Lan horrek guztiak merezi al du?
Niretzako bai. Alboan dudan jendearentzako ez, baina niretzako bai.
Nola funtzionatzen du Eraso!-k 2016. urtean?
Danok aitak gara eta horrek gauzak aldatzen ditu. Halere, hasierako filosofia mantentzen dugu. Lau mutil gara eta musika gogorra dugu gogoko. Barne funtzionamenduaz ari bazara galdetzen, Nestorrek eta nik riffak lantzen ditugu, melodiak eta hitzak nik jartzen ditut. Gero, kanta bukatzerako orduan, laurok hartzen dugu parte. Talde bat garelako.
Beraz, urrun bizitzeak konponbidea dauka.
Zarauztarrak gara. Taldean aldaketak izan ditugu urte hauetan zehar. Amaiurrek [Cajaraville] taldea utzi zuen eta Ander [Izeta] Barricadara joan zen. Orduan baxu jole bat bilatu genuen eta Ibai [Castro] heldu zen. Jatortasuna bilatzen genuen eta Ibai oso tipo jatorra da. Ibai lekeitiarra da, ni Arrasaten bizi naiz… baina beno, astean behin elkartzen gara lokalean eta gustura egoten gara. Ez dago trabarik horretarako. Trabak agian sortzen dira kontzertu egunetan. Leku ezberdinetatik irtetzen garelako.
Hasierako urteak. Zarauztarrak. 1975-1980. urteetan jaiotakoak. Estigia eta Anestesia garrantzitsuak izan ziren zuentzako?
Anestesia eta Estigia taldeekin jaio ginen. Egia esateko, Zarautz ez da izan oso herri metaleroa nahiz eta jendeak beste era batean ulertu. Beti izan ditugu gogoko. Bakoitzak bere estiloa zeukan eta gu ere ezberdinak ginen.
Zuek modernoagoak zineten. Ez bakarrik adinagatik. Kutsuengatik ere bai.
Irekiagoak ginen. Ez ginen hain itxiak. Erdiko tonoetan ere mugitzen ginen. Gogortasuna eta sentiberatasunaren arteko diskurtso batekin jolasten genuen. Estigiak eta Anestesiak ez zuten hori egiten. Ildo finkoago bat jarraitzen zuten. Badakizu, metalaren munduan milaka ate daude zabaltzeko eta jendeari ez zaio gustatzen ate horiek irekitzea. Baina hori zen egiten genuena irekiak ginelako. Gogorrak izan behar baginen gogorrenak ginen. Eta lasaitasuna behar bagenuen ez ginen lotsatzen. Hori izan da gure kutsurik nabarmenena, gure modernitatea. Gurekin egon den gauza bat izan da eta oraindik gurekin dago. Eta gaur egun, agian, modernoa izaten jarraitzen du. Musikalki 90. hamarkadan jaio ginen, talde asko eta asko ezagutu genituen, estilo desberdinak eta fusio gehiago zegoen eta kutsu horiek izateak irekiagoak izaten lagundu digu. Beti saiatu izan gara disko desberdinak egiten. Eta diskoaren barruan ezberdinak izaten ere.
“Gogorrak izan behar baginen gogorrenak ginen. Eta lasaitasuna behar bagenuen ez ginen lotsatzen. Hori izan da gure modernitatea”
Metala 90. hamarkadan hori zen hain justu, melodia alde batetik eta ekaitza bestetik. Melodia eta indarraren arteko oreka bat. Nu metalean, adibidez. Nu metala entzuten zenuten?
Nu metala baino gehiago, justu aurretik egiten zen metala.
Metal 90’s, Korn eta Deftones agertu arte. Hortik aurrera, nu metala.
Hori bai. Pantera, Sepultura, Machine Head…. Hortik gatoz. Eraso! entzun duenak badaki nondik gatozen. Agian Paradise Losten kutsu ilun hori ere izan dugu. Hardcoretik ere mugitzen ginen baina ez ginen oso hardcoretak. Machine Head taldearen Burn My Eyes bezalako disko batek markatzen zaitu. Panterarekin buru belarri geunden Burn My Eyes agertu zenean eta oso garrantzitsua izan zen niretzako. Bide berriak zabaldu nahian, azkenean Deftones eta Kornen erokeriara heltzen zinen.
Ez zineten bertan sartu?
Ez. Gustukoa genuen baina ez. Nu metala pil-pilean zegoenean gure diskorik rockeroena kaleratu genuen.
Bipolaritate horrek, oreka horrek, bere alde txarrak izan ditu?
Rockeroentzako metaleroegiak ginela eta metaleroentzako rockeroegiak. Beti erdibidean bezala egon gara baina niri asko gustatzen zait hori. Eta nahi gabe gertatutako gauza bat da. Gu eszenatokiaren gainean ikusten bagaituzu metaleroak garela nabarituko duzu. Guk metala egin nahi dugu baina musika ezberdin asko entzuten dugu eta horrek eragina izan behar du gure musikan.
Rock alternatiboa eta grungea ere zuen hasierako garaietan garrantzitsuak ziren.
Oso gustukoak genituen. Eta nik, ditut. Alice In Chains-en zale amorratua izan naiz beti. Soundgarden, Pearl Jam. Eta aurreko taldeak ere. Guns N’ Roses, adibidez.
Nire taldea da.
Ba hori da nire taldea ere.
Denboran bidaiatzeko makina bat izango banu, 1986. urteko Los Angelesera joango nintzateke.
Hori da! Los Angeles, 1986.
“Kaiolatik ihes” eta “Non da ozeanoa?” abestietan, grunge eta, agian, post grungeren kutsua ikusten dut. Agian Paradise Lost.
Nahigabe ateratzen da. Nestor eta Beitia dira Paradise Losten alde iluna gugana ekartzen dutenak. Ni emoagoa naz. Eta hortik nahasketa sortzen da.
Diskogintzaren deskonposizioa lehenengo pertsonan bizi izan duzue. Zelan sumatzen duzu aldaketa hori?
Guri beti aldaketetan mugitzea tokatu zaigu. 90. hamarkadan hasi ginen Mil A Gritos diskoetxean bi disko kaleratuz. Itxi behar izan zuen. Gero Metakera joan ginen eta berdina, itxi behar izan zuen. Eta geroztik Bonberenearekin ateratzen dugu plataformaz baliatuz, baina azkenean autoekoizpen bat da. Gure lehenengo diskoarekin erantzun ona jaso genuen. Salmenta ona izan zen. Baina bost urte arinago hiru bider gehiago salduko zuela esaten ziguten, salmentek behera egin zutelako 90. hamarkadaren erdialdean. Orduan diskoetxeak urduri jartzen hasi ziren. Urte bi igaro ondoren diskoetxe ugari desagertu ziren.
1999. urtean ordenagailuek disko konpaktuen grabagailuak zituzten eta Napster agertu zen.
Bai, hori esaten ziguten: saltzen duzuen disko bakoitzetik zazpi kopia egiten dituzte. Eta ez genuen txarto ikusten, jende gehiagorengana iristeko aukera genuelako. Azken finean, eraldaketa izan zen diskoetxeentzako. Edo behintzat, aldaketa ezberdina izan zen musikarientzat. Nire ustez, musikarientzako positiboa izan zen. Hamar gauza entzuteko aukera izatetik mila gauza entzuteko aukera izatera pasa ginen. Niri gustatzen zait, konpultsiboa naizelako.
Horrenbeste aukera izateak zeozer ezkorra dauka?
Agian. Hasiera batean, eskaintzaren biderketarekin jende asko joaten zen kontzertuetara. Orain beherantza doala ematen du. Saturazio pixka bat dagoela ematen du. Era berean, kontzertuetara joateko filosofia ere aldatu da. Lehen jaia zen. Orain beste gauza bat da.
Aurreko sistemaren nostalgiarik daukazu?
Urruti ikusten dut. Guk zortea izan genuen. Mil A Gritosen kontratua sinatzera joan ginenekoa gogoratzen dut. Mahai handi bat zegoen diskoz beterik. Talde guzti haiek nahi zuten guk izango genuena, diskoa kaleratzea. Argi daukat hori guztia orain ezinezkoa dela eta autoekoizpenaren bidea baino ez dagoela. Maketaren aroa atzean utzi genuen eta autoekoizpenaren aroan sartu ginen. Lehen autoekoizpena aurkezpen bat zen diskoetxe batean sartzen saiatzeko. Orain zure lehenengo urratsa da eta kito.
Eta entzule moduan, nola ikusten duzu aldaketa? Niri pertsonalki telebistan bideoklipak ikusteko aukera ez izateak amorrua ematen dit.
Bideoklipen magia hori faltan botatzen dut. Telebista aurrean egotea eta talde berriak aurkitzea.
Baita musikari buruz irakurtzeak galdu duen garrantziak ere.
Bai, zeren azken finean, zu eta ni hemen baldin bagaude musikari buruz hitz egiten mutikoak ginenean norbaiti talde honi edo besteari buruz idazten irakurri geniolako da. Eta horregatik sartu ginen mundu horretan. Behintzat nire kasua hori da.
Gaur egun, zerk du pisu handiagoa musika kaleratzerakoan: zuk musikari bezala sentitzen duzun beharrak edo kanpotik etor litekeen erantzunak?
Euskal Herrian, gu bezala 20 urte daraman talde batek balantza bi alderdi horretan ipiniko balu, argumentu bat bere pisuz eroriko zen. Iadanik ez dugu ezer espero. Guk guregatik egiten ditugu gauzak. Biniloa atera dugu eta agian guretzako da. Hasieratik argi izan genuen musikatik ez ginatekeela biziko. Agian anbizio nahikorik ez genuelako baina argi geneukan nondik hasten ginen eta nora heldu ahal ginen. Guregatik jarraitzen dugu aurrera. Ostegunetan gelditzen gara rocka eta metala egiteko garagardo batzuekin eta etxera bueltatzen gara oso gustura. Batzuek surfa egiten dute, beste batzuk mendira joaten dira eta guk metala eta rocka egiten dugu.
“Ezkutatuta egon gara urte batzuk. Ez ginen gu. Azkenengo bi diskoetan ez gara gu izan gure osotasunean. Eta orain askeago sentitzen gara”
Non geratzen da feedback-a?
Guretzako igaro behar den tramitea da. Disko bat egiterako momentuan etapa garrantzitsuenak edo politenak, niretzako, diskoa kaleratu aurretikoak dira. Diskoa kaleratu eta gero, beste gauza bat da. Paketean datorren zerbait. Batzutan galdetzera datorren kazetariak ez du diskoa entzun, ez daki ezer zutaz edo nondik zatozen eta bistako galderak egiten ditu. Bere lana dela ulertzen duzu baina ez duzu gustura erantzuten.
Gaur egun rocka gaztea dela uste duzu? Edo gazteak rockari adi daudela?
Hiru emanaldi eman ditugu eta harritu nau mutiko gazte batzuk gerturatu direla ikusteak. Artean jaio gabe ziren guk lehen diskoa kaleratu genuenean. Baina gutxi batzuk dira. Gure publikoa 30 eta 35 urte artekoek osatzen dute. Bestalde, Nafarroan bai sumatu dugu kristoren indarra publiko gaztean. Nafarroan rock indartsua eta metala bueltatzen ari dela esan ziguten.
Horrenbeste haize eta tronpetaren artean rock eta metal apur bat behar behar dugu.
Bai, danok gaude tronpetekin pixka bat…
2016. urtean zer esan nahi du Eraso! taldeak?
Musikalki edo talde moduan?
Zer da garrantzitsuagoa, zeozer esatea talde moduan edo musikalki?
Nire ustez, talde moduan. 20 urte iraun dugu talde bat garelako eta ez daude horrenbeste talde batera hamarkada bi egin dituztenak. Talde bezala orain esan nahi duguna da libreago ikusten dugula gure burua. Ezkutatuta egon gara urte batzuk. Ez ginen gu. Azkenengo bi diskoetan ez gara gu izan gure osotasunean. Eta orain askeago sentitzen gara. Gogor eta bizirik sentitzen gara agertokian eta jendeak horrela sumatzen du, esan digutelako. Eta egia da, pozik sentitzen gara. Gustura.
Heldutasuna izango da?
Heldutasuna zer den ez dakit. Egia da gaztea zarenean beldurrak dituzula, ea zer etorriko den… Eta konturatzen zarenerako etorriko den hori etorri da eta zurekin dago eta ondo zaude. Aurrera begira gaude. Talde moduan sendo.
Kaiolatik ihes da zuen diskorik geldoena. Ez diot geldoa denik.
Ez dut hain argi ikusten. Kanturik gogorrenak disko honetan grabatu ditugu nahiz eta abesti geldoagoak egin. Disko honek erregistro gehiago ditu. Gogorra denean oso gogorra da eta geldoagoa izan behar duenean geldoagoa da.
“Gustura nago berriro gitarrarekin, eta taldekideak ere. Baina batez ere publikoa erosoago dago ni gitarrarekin ikusten banau”
Oreka hobeto mantentzen duzue gogortasunaren eta kanta lasaien artean?
Bai. Agian kontrastea ez da hain zorrotza. Oreka nabariagoa da nahiz eta beti oreka horren bila ibili. Galdetu didate orain dela gutxi, ea disko hau beti bilatu izan dugun diskoa den. Eta ezetz uste dut. Baina agian egia da gure musika finkatuagoa dagoela eta jarioa naturalagoa dela.
Zu berriro gitarrarekin.
Ez dakit akatsa izan den edo ez, baina gorputzak probatzea eskatu zidan. Disko bat egin genuen eta ni gitarra gabe aritu nintzen. Gustura egon nintzen baina gitarra berriro jantzi dut eta iadanik ezin dut kendu. Gustura nago berriro gitarrarekin, eta taldekideak ere. Baina batez ere publikoa erosoago dago ni gitarrarekin ikusten banau. Edo behintzat hori esan digute.
Nolako erantzuna jasotzen ari zarete?
Aurreko diskoarekin baino handiagoa eta ez dakit zergatik. Agian sartuago gaudelako. Harrera ona izan dugu Durangon eta Lizarran, baina hasi besterik ez gara egin. Goiz da ezer esateko.
1 IRUZKIN