2021.03.05
Denbora gauzak trakesten ari zaigu. Denbora gauzak txirikordatzen ari zaigu. Eta txirikordak nahiko trakets lotu dira oraingo honetan. Ez dira betiko garairik onenak, dio abestiak, eta ez dira, ez, garairik eztienak musikaren industriarentzat. Taula gainera igotzea egundoko balentria den honetan baina, balio erantsia hartu dute aro ilunotan itsasargi diren proiektu, egitasmo, talde eta diska berriek. Izango dira luzeagoak edo laburragoak; izango dira azalekoagoak edo pisutsuagoak; izango dira hobeak edo kamutsagoak. Berdin dio. Sasoiotan, ametsei lepotik estu heldu eta bere ekarpen xumea egiten duen oro ongi etorria baita.
Kultura den izpi galdu horri tiraka eginez datorkigu EraBatera taldea, estudioko bere bigarren lana aurkeztuz, Izpi galdua. Aurpegietara begiratu eta ahoak ikustea hain zaila den honetan, sikiera, Gaizka Salazar taldeko gidariaren berbak entzun ahal izan ditut, eta ez da gutxi. Ederra da mintzoa. Ederra da musika elkarbanatzea. Ederra da esperientzia bitalak konpartitzea. Musuko bat tartean bada ere. Era batera edo bestera. Erabat beharrezkoa da.
Dolua isiltasunarekin, bakardadearekin edo deskonexioarekin lotu ohi da, baina Gaizka Salazarren eta EraBateraren kasuan, kontrakoa gertatu dela esan daiteke, ezta? Izan ere, hurbileko pertsona baten galeratik proiektu berezi hau jaio zen.
Bai, halaxe da: proiektu honen hastapena aitaren heriotza izan zen; gertaera tamalgarri hartatik abiatuz erein zen EraBateraren hazia eta orduan hasi nintzen nire bidelagunak batzen.
EraBatera izena bera nondik dator?
Taldeari izena emateko orduan, nire bikotekidea eta biok burua apurtu beharrean ibili ginen. Ez genekien proiektua zer izenen pean batu eta EraBatera berbara iritsi ginen. Esanahi asko eta desberdinak biltzen dituen izena da: batetik, zerbait egiteko modu bat adierazten du; bestetik, bateria-jolea naizen aldetik, batera hitzarekin joko bat egin genuen; horrez gain, bateria-jolearen era edo sasoia ere adierazi gura izan genuen jolas horren baitan. Dena dela, argi geneukan euskarazko izena behar zuela izan, gure abestien letrak euskarazkoak baitira.
Irakurleek, beharbada, zure bizitza osoko taldearengatik ezagutuko zaituzte gehienbat, hau da, Gatibuko bateria-jolea izateagatik. Esan liteke EraBateran zure kasa askeago sortzeko habitat bat aurkitu duzula, zeure buruari zuk zeuk hutsetik sortutako proiektu batean libreago sortzeko tarte bat topatu diozula?
Bai, guztiz. Izan ere, Gatibun rolak oso definituta daude: nik bateria-jole funtzioa betetzen dut eta kantak apur bat janzteko beharrean ere parte hartzen dut, baina ez naiz kantu-egilea. EraBateran, Gatibun ez bezala, abestiak nik neuk sortzen ditut eta, zentzu horretan, proiektu hau libreago sentitzeko erabiltzen dudan esparrua da. Kontu pertsonalagoa dela esan daiteke.
Zein da EraBateran erabiltzen duzun sorkuntza prozesua? Esate baterako, Antipodetan lehenengo lanean prozesu edo bide, nolabait esateko, klasikoena aukeratu zenuen: bateria-jolea izan arren, gitarra hartu zenuen konposaketarako. Disko honetan ere bide berari heldu diozu?
Bai, nahiko antzekoa izan da. Gitarrarekin josi ditut abesti gehienak; riff edo akorde sekuentzia bat atera eta, hortik abiatuz, melodia bat bilatu ohi dut. Letrak, oinarri hori izanda, berehala agertzen dira. Horixe izaten da abestiak sortzeko lehen prozedura EraBateran.
Dena dela, bateria-jole izateak izango du abantailaren bat, adibidez, base erritmikoak sortzerako orduan, ezta?
Bai, nik uste bateria-jolearen sena ia-ia gura barik ateratzen dela. Esate baterako, esango nuke abesti batzuek badutela nolabaiteko erritmo berezi bat; hori bai, nire ustez, sarritan, ez dago zertan zerbait arraroa edo konplikatua bilatu. Niri, pertsonalki, bestelako gauzak gustatzen zaizkit: sinpleagoak baina, era berean, mamia dutenak. Baina argi dagoena zera da, gitarra hartzen dudanero, erritmo askodun riffak edo melodiak gura barik bilatzen ditudala, eta hori bateria-jolearen izaera erritmikoari dagokiolakoan nago.
“Bateria-jolearen sena ia-ia gura barik ateratzen da. Gitarra hartzen dudanero, erritmo askodun riffak edo melodiak gura barik bilatzen ditut”
Zer sortzen duzu lehenengo, zati instrumentala ala letrak? Zuk hasi eta bukatzen duzun prozesua da, ala tartean jende gehiagok parte hartzen al du?
Prozesua beti parekoa izaten da: musika egiten dut, melodia erakargarrienak bilatzen saiatzen naiz eta, ostean, zati instrumentalari letrak txertatzen dizkiot. Disko honetan kontrakoa ere suertatu izan zait: abesti pare batean, alderdi instrumentala hasi orduko, ideia eta letra buruan nituen, eta horren gainean eraiki ziren kantak. Baina, tira, normalean beti sortzen dut musika lehendabizi, letrak baino. Bigarren itaunari dagokionez, lehenengo diskoan Ken Zazpi taldeko Beñat Sernak laguntza handia eman zidan: berak errepasatu zituen abesti guztiak; nik demoak pasatu nizkion eta, egia esan, kantak asko hobetu zituela uste dut. Bigarren disko honetarako, lan horretan Josu Aginaga taldeko bigarren gitarra-jolea batu zaigu bioi. Ni ez naiz trebeegia gitarra-jolearen lan horretan; egia da etxean gitarra guztien, bateriaren zein baxuaren lerroak neronek grabatu eta konponketak ere egiten ditudala, baina aitortu behar dut aipatutako pertsonek bestelako kolore bat aportatzen dietela abestiei eta haien beharra, jakina, oso garrantzitsua dela.
Sorkuntzaz gain, produkzioa ere gustuko duzun alderdia da eta horren erakusgarri da, esaterako, lehenengo lanean, ekoizpen aldetik, teklatuak, sintetizadoreak, hariak edo metal-sekzioa sartzea. Beraz, galdera bikoitza da: batetik, nondik dator musikaren alderdi anitzak lantzeko joera? Bestetik, bigarren diskoan ere horrelako osagairik sartzea erabaki duzue?
Egia da lehen diskoan argi samar ikusi nuela haize-sekzio txiki hori, hari-laukotea eta sintetizadore edo sekuentziak sartzea; izan ere, denetariko musika gustatzen zait eta osagai horiek denak oso naturaltzat nituen. Beste berba batez: ez nintzen tematu elementu horiek bai ala bai sartu asmoz, modu natural eta guztiz normalean etorri baitziren. Sekuentzien eta hari-laukotearen konponketak egiteko, Beñaten laguntza izan nuen. Disko berran, teklatuak eta bibrafonoa daude, baina ez dago bestelako instrumentu berririk.
Esan liteke EraBatera Gaizkaren barruan hasten eta bukatzen den egitasmoa dela, baina, dena dela, nolabaiteko supertalde bat eratzea ere lortu duzu, Ken Zazpi, Gatibu edo Willis Drummond bezalako proiektuetako musikariak bilduz eta haiekin proposamen oso berezi bat sortuz.
Hastapenetatuk lau musikari gaude: Beñat Serna, Jurgi Ekiza, Mikel Caballero eta ni. Kontua da zuzenekoetan Miguel Moyano (teklatuetan eta gitarra akustikoetan) eta Josu Aginaga (gitarretan) batu zitzaizkigula eta, beraz, orain seikote legez funtzionatzera igaro gara. Esan beharra dut hau ez dela nire proiektu pertsonal zurruna, ez dela Gaizka Salazarren bakarkako talde soila. Abestiak nik sortzen ditut eta ni neu nago itsasontzi honen gidaritzan, bai, baina EraBaterak, dagoeneko, talde-nortasuna eta izaera propioa ditu eta hori, hain zuzen ere, bigarren lan honetan sumatu egiten da: kideak guztiz integratuta sentitzen dira eta, hortaz, EraBatera guztion taldetzat dugu.
Taldeak jorratzen duen rock eta pop estiloaren baitan, ahotsak presentzia oso nabarmena du, eta lan horretarako Jurgi Ekiza ekarri zenuen proiektura. Willis Drummond taldeko sortzaileetako bat izan arren, bere bakarkako lanean erakutsi zuen bazituela abesteko beste ekosistema edo modu pausatuago batzuk eta esango nuke EraBateran bikain esplotatzen dituela. Hori al zen bilatzen zenuen ahots perfektu hura?
Bai, oso ondo azaldu duzu. Jurgi Willis Drummond taldetik ezagutzen nuen baina haien abesti eta zati jakin batzuetan ikusten nuen bazituela kantatzeko intentsitate gutxiagodun erregistroak eta bere ahotsa zeharo sentibera eta polita zela. Nik, abestiak konposatu nituenean, bere ahotsa haietan bikain sartu zitekeela pentsatu nuen eta hortik dator lankidetza hau: rock-and-roll bortitzena kantatu behar denean, Jurgi edonoren pare dagoela begitantzen zait eta, bestalde, musikak sentikortasuna eskatzen duenean, bere ahotsak piezei kolore intimoa, berezia eta pertsonala ematen diela uste dut.
“Rock-and-roll bortitzena kantatu behar denean, Jurgi Ekiza edonoren pare dago, eta musikak sentikortasuna eskatzen duenean, bere ahotsak piezei kolore intimo eta pertsonala ematen die”
Doluak sortutako bizipenetatik abiatu zinen Antipodetan diskoko letrak idazterakoan. Disko berriko “Orbela” singlean udazkena eta orbela bezalako naturaren erreferentziak hartu eta esperantzarako deia egin duzu; “Amets egin” izenekoan ere, bizitzan norabide bakarra izateaz mintzo zara, amesten jarraitzeko beharraz gain.
Tonu baikorra nabaritzen dela azpimarratuko nuke, gaiak eurak alaiak ez diren arren. Gehienbat, bizitzan jazo zaizkigun gertakarietatik abiatu gara, “Orbela” singlean kasuko; pertsona heldu baten istorioa kontatu dugu, heldutasunera iritsita, atzera begiratzen duen norbait ageri da, baina bizitzeko duena are hobea dela uste du. Beraz, bizitzeke dagoena dastatzen jarraitzeko eta dakiena dakien moduan egiten jarraitzeko dei bat dago. Gure kasuan, adibidez, eginkizun hori musika bera da. “Estutzen” izeneko abestian, adibidez, planetaren inguruan mintzo gara eta bertan aipatzen dugu gure planeta suntsitzen gabiltzala; beraz, letra gogorragoa zein kritikoagoa da. Salbuespen hori kenduta, esan genezake letrek tonu baikor samarra dutela, nahiz eta musika, batzuetan, indartsuagoa edo ilunxeagoa izan.
“Orbela” abestiaren bideoklipa Arrigurirekin grabatu duzue. EraBatera, beraz, Gernika aldearekin lotuta dagoen taldea dela esan genezake. Zerk deitu zizun arreta Arriguri aukeratzeko?
Arriguriko jendea Gatiburen bitartez ezagutzen nuen, gurekin behar egin zutelako; gainera, pertsona oso artistikoak, zeharo profesionalak eta, batez ere, zinez jatorrak iruditzen zaizkit. EraBateraren orain arteko bideoklipak ere haiekin egin ditugu eta nik uste proiektu honen parte bihurtu direla. Argi dago ez direla taldekideak, baina EraBateraren talde nahiz bideo estetika haiekin eraiki dugu eta izugarrizko konfidantza dugu haiengan. Azken bideokliparekin ere benetan asebeteta geratu gara, haiek gurekin sortu eta lortutakoa izugarria iruditzen zaigu eta, egia esan, proiektu honetan aipamen berezia merezi dute.
Gernikarekiko harremanarekin jarraituz, bertakoa den eta oso hurbilekoa duzun txoritxo batek zure erreferente musikalen berri eman dit eta, bere ustez, konposatzeko orduan eredutzat dituzun taldeak zeintzuk izan litezkeen argitu dit. Nik talde horien top 5 bat botako dizut eta esaidazu bakoitzetik zer edaten duzun edo konposaketa-lanetan haien musikatik arreta zerk deitzen dizun. Hasteko, Led Zeppelin.
Talde horretatik, gehienbat, bateria-jolea azpimarratuko nuke: John Bonham. Eredu berezia da edozein bateria-jolerentzat, ez bakarrik jotzen zuenagatik, baita transmititzen zuenagatik eta lortzen zuen soinuagatik ere. Oro har, Led Zeppelinek erakusten zuen energia goraipatuko nuke, eta rock&rolla blues ukitu horrekin uztartzea ere bai. Gaur egun, ez ditut larregi entzuten, baina, aditzen ditudanero, barruan zirrara berezi bat pizten zait. Ni, musikalki, haien doinuekin hazi eta hezi naiz: egundoko energia transmititzen didate.
Itoiz.
Hertzainak eta Delirium Tremensekin batera, Itoiz nire euskal talderik kuttunena izan da. Egiten zuten musika berezi hark kolore eta musikalitate ugari transmititu zizkidan eta suposatzen dut egiten dudan guztian ere bere eragina izango duela.
Delirium Tremens.
Talde honekin ikasi nuen, batez ere, bateria jotzen; etxean, kaskoak jarri eta talde pila entzuten nuen, ikasteko: Bruce Springsteen, Barricada… eta, zelan ez, Delirium Tremens. Oso old school nintzen. Kontua da nik anaia zaharragoa daukadala eta, beraz, hark entzuten zuen musika entzuten nuela nik neuk ere; hori dela-eta, 6-8 urterekin talde horiekin guztiekin hazi nintzen… eta eskerrak neba-arreba guztiei! Gainera, gurasoek ere oinordetza ederra laga zidaten: aita musika klasikoaren zale amorratua zen; ama, aldiz, euskal musikaren jarraitzailea da, batez ere, kantugintzarena. Hortaz, nahasketa musikal handia jaso dut ume-umetatik.
Red Hot Chilli Peppers.
Gogoan dut anaiak Blood Sugar Sex Magik biniloa etxera ekarri zuenekoa: niretzat egundoko zaplastekoa izan zen hura, musika hark zoratu egin ninduen. Rocka eta funka uztartu zitezkeela ulertu nuen, izugarrizko energiarekin, baina kontzeptu oso oinarrizkoekin eta gordinekin.
Foo Fighters.
Nik Nirvana asko maite nuen eta, seguruenik, euren influentziagatik hasiko nintzen Foo Fighters entzuten, Nirvanako bateria-joleak, Dave Gröhl-ek, sortu baitzuen azken hau. The Colour and the Shape albumarekin maitemindu ninduten: bertako rock bizia, soinu zikina, melodia guztiz itsaskorrak eta, jakina, kantugile bihurturiko bateria-jole bat taldearen gidaritzan ikustea niretzat zeharo zirraragarria zen. Dave Gröhl erreferente argitzat dut, noski.
Zerrenda honetan sartu beharko genukeen funtsezko beste talderen bat badago?
Ondo laburtu duzu, baina, bai, talde asko gustatzen zaizkit. Bat boteprontora bota beharko banu, beharbada, The Strokes aipatuko nuke: dezente jarraitzen dudan banda da.
Bada, begira, talde hori dela-eta, hain zuzen ere, aportazio pertsonal txiki bat egin nahiko nuke. Izan ere, zuon musika entzuterakoan, zeharka bada ere, The Strokes-en ukitu edo esentzia apurtxo bat igarri dut eta, beraz, esan genezake EraBaterako Julian Casablancas zarela; zuon sonoritateak ba al du talde horren eraginik?
Seguru baietz. Nire talde fetitxeetako bat. Adibidez, euren azken diskoak guztiz engantxatuta nauka. Pasadizo bat kontatuko dizut: lehen diskoaren demoa Jurgi Ekizari pasatu nionean, gitarrak gordin samar grabatuta zeuden, hau da, The Strokes-en gitarren pare, gutxi gorabehera; ba, hori pasatu nionean, berak ere esan zidan bidalitako maketak talde hori gogorarazi ziola eta, agian, horrek ere erakarriko zuen, proiektuan sartze aldera. Dena dela, esan beharra dut Jurgi taldean sartzeko lehendabiziko arrazoia nire aitaren galerarekin asko enpatizatu zuela izan zela; baina, hori bai, hark ere musikari The Strokes-en esentzia igarri zion eta hori asko gustatu zitzaiolakoan nago. Abesteko molde hori ere dezente atsegin du eta, nahiz eta melodiak nik neuk proposatu, suposatzen dut Jurgik ere bere estilora daramatzala eta estilo horrek badu zerbait, jakina, The Strokes-en erregistrotik.
Taldeen proposamenari berriro helduz, galdera horri buelta eman gura nioke eta, besteak beste, bateria-jolea zaren heinean, bost taldeetako bateria-joleetatik zer edaten duzun jakin nahiko nuke: John Bonham (Led Zeppelin).
Bere teknika goraipatuko nuke: nola jotzen duen rock klasikoa soinu hain basatiarekin eta hainbeste maite dudan soinu zaharkituarekin. Horrez gain, bere originaltasuna ere asko miresten dut.
Jimmy Arrabit (Itoiz)
Taldearen bateria-soinutik pilo bat ikasi dut, orokorrean. The Policeren tankerako estiloa sumatzen diet; horrek bateria jotzeko beste errealitate edo perspektiba bat erakutsi dit.
J.J. Yurrita ‘Txufu’ (Delirium Tremens)
Duela pare bat hilabete ezagutu nuen eta, orduan, argi eta garbi esan nion: “nik zurekin ikasi dut bateria jotzen”. Delirium Tremens-en base erritmikoak guztiz klasikoak dira, rocka jotzeko perfektuak: guztiz identifikagarriak eta, egitura aldetik, oso zuzenak.
Chad Smith (RHCP)
Maite dut bere jotzeko era oso bortitza eta transmititzen duen energia. Era berean, rocka eginez, nola dantzarazten dizun azpimarratuko nuke. Groove berezia du eta, esaterako, Gatiburekin dezente baliatzen dut hori.
Taylor Hawkins (Foo Fighters)
Lehen, Nirvana tarteko, Dave Gröhl aipatu dugu, baina Taylor Hawkins ere egundoko musikaritzarra da. Nik Alanis Morissetterekin Sexual Chocolate taldean jotzen zuenean ezagutu nuen eta, ordurako, asko gustatzen zitzaidan. Hori bai, nago bai Dave Gröhlek, bai Taylor Hawkinsek bateria jotzeko pare-pareko estiloa dutela. Anaia musikalak dira, hala estilo aldetik nola arlo pertsonalean. Nik, gaztetan, metal asko entzuten nuen (Su Ta Gar, esaterako), amerikar hardcore melodikoa ere bai (Social Distortion, kasurako), baita rock-and-rolla ere (The Ramones, adibidez) eta musikari honek mundu horiek denak barnebiltzea erdietsi zuen: rock oso bizia, break ugari, erritmo azkarrak eta baliabide oso originalak. Tipo miresgarria da oso.
Eta, lehengo moduan, Gaizkaren erreferentziazko bateria-jole edo musikari kuttunen zerrendan sartu beharko genukeen besterik bai?
Bada, euskaldun bat esango dizut: Borja Barrueta. Bera getxoztarra da, aspalditik Madrilen bizi den arren. Jazz mundutik dator eta, besteak beste, Jorge Drexler-en bateria-jolea da; gainera, Gari edo Eñaut Elorrietaren azken lanak berak grabatu ditu eta, halaber, Rafa Ruedarekin ere ibili zen. Argi mintzatuko naiz: euskal bateria-jolerik pertsonalena, musikalena eta originalena bera da. Horrez gain, zeharo jatorra da eta pertsona handi-handia, zentzu orotan.
Delirium Tremens aipatu dugu eta, hain zuzen ere, talde horretako abeslari eta gitarra-jole ia-ia mitikoak, Andoni Basterretxeak, “Orbela” kantuan abestu du. Nondik dator kolaborazio hau? Berezia izango da hainbeste miresten duzun talde bateko partaidearekin lan egitea, ezta?
Ideia hau kantaren letra idazten nengoela jaio zen. Halako batean, “ikusi egin barik ez dago ikasterik” irakurri nuen; ondoren, “entzun dardara, adi egon” ere bai. Hortaz, letra horretan Delirium Tremens eta Andoni zeudela sentitu nuen eta berak abestu behar zuela erabaki. Egia esan, zalantzan egon nintzen hari proposamena luzatzeko orduan, urte luzez oholtzetatik at dagoelako. Baina, azkenean, talde hori niretzat hain garrantzizkoa izanda, berehala eman zidan baiezkoa. Bera bideoklipean agertzeko, ostera, borroka gehitxoago egin behar izan nuen, ez delako halakoetan ibiltzen. Hori bai, guretzako sinestezina izan da bere ahotsa gure abesti batean entzun ahal izatea, gure taldeko bideoklip batean hura agertzea eta, are gehiago, bera pertsonalki ezagutzeko parada izatea: pertsona biziki jatorra da eta erlazio hau luzaroan mantentzea espero dut.
Amaitzen joateko eta, nolabait esatearren, ofizio kontuetara pasatuta, zelakoa da EraBatera proiektu pertsonala Gatibu bezalako euskal musikaren transatlantiko batekin uztartzea?
Gu salbamendu-txalupa txiki bat baino ez gara. Gatiburekin bestelako egoera batean gaude: eszenaren gailurrean dagoen taldea da, leku handi zein berezietan jotzeko aukera dugu, ikusle mordoa biltzen dugu… nahiz eta horiek denak lortzeko gogor lan egin behar dugun. Hau jendeak jakin beharko lukeen zerbait da: ez dizute inon tontorrera gidatzen zaituen papertxorik ematen; horren atzean lanaldi gogorrak daude, borroka ugari. Noranzko horretan jarraitu behar dugu. EraBateraren kasuan, guztiok ibilbide luzeko musikariak izan arren, zerotik hastea tokatzen zaigu: jende gutxiagok ezagutzen gaitu, kontzertuak lortzea zailagoa da, agenda aldetik konplikatu samarra da… Esan daiteke gure hastapenetara bueltatu garela, gazteak gineneko sasoira; orduan, gogor borrokatu behar genuen taldeagatik eta kontzertuengatik, eta horretan jarraitzen dugu. Industria honetan esperientzia handia dugu eta horrek perspektiba zabala ematen digu, baina ez dugu arazorik toki txikiago batean eta jende gutxiagoren aurrean jotzeko.
“Gatiburen aldean, EraBatera salbamendu-txalupa txiki bat baino ez da. Ibilbide luzeko musikariak izan arren, zerotik hastea tokatzen zaigu, gazteak gineneko sasoira itzultzea”
Musikalki ere talde desberdinak dira EraBatera eta Gatibu, baina, batetik, badu eraginirik Gatiburen estiloak EraBateraren soinuan? Eta, bestetik, bateria jotzeko orduan molde desberdinak darabiltzazu bi taldeetan ala pareko estiloan jotzen duzu?
Nik bietan berdin jotzen dut, baina abestiak oso desberdinak dira eta, noski, kanta bakoitzak erritmo edo kolore bat eskatzen du. Gatiburekin eta EraBaterarekin barrenetik sortzen zaidana ateratzen dut, inongo galbaherik barik. Eragina ere begibistakoa da, bai; Gatibun 21 urte egin izanak bere isla du EraBateran; Haimar Arejitarekin hainbeste urtetan egonik, esperientzia hartu dut diskoak grabatzeko edo ekoizteko lanetan, kasurako. Estudioan ordu pila sartu izan dugu eta eskarmentu hori irakaspen oroz potoloa izan da, batik bat, produkzio-munduaren prozesu guztia barneratzeko.
Bizi ditugun garaiotan lan zaila eta nahasia den arren, begiratu dezagun etorkizunera. Zeintzuk dira zuon asmoak etorkizun labur edo ertainera begira?
Momentuz, diskoa aurkeztu gura dugu: aurkezpen-bira txiki bat hasiera egokia litzateke. Jakitun gara garai zailak bizi ditugula eta, horregatik, ez da bira erraldoia izango: hiruzpalau kontzertu egingo ditugu. Gure esperantza zera da, EraBatera euskal musikaren panoraman finkatzea, taldeak bere leku propioa izatea eta gure beste taldeekin ditugun agendak apur bat atontzea, proiektu honekin aurrera egin ahal izateko.