Elkarrizketa

Izkander Fernandez

2016.02.22

Izkander Fernandez

“Epaitu entzuten dena, ez entzuleria”

Elkarrizketa: Tutan Come On

Euskal rock eszena garro trebeak dituen olagarro antzeko zerbait da. Edozein soinuren zoko-moko guztiak esploratzen ditu eta edozein ingurunez jabetzen da bere berezko nortasuna aplikatuz. Konplexurik gabe. Tutan Come On horren adibide garbia da. Bikote zaratatsuen garaian, Oskar Conde eta Igor Salterain gasteiztarrak bidea egiten ari dira. Haien debuta, Tutan Come On (2013), oso interesgarria suertatu zen. Sufre usaineko gitarra kolpe metaleroak, punkaren hizkuntza eta melodia erakargarriak batuz haize freskoa ekarri zuten gurera. Orain, Emaidazu mainstream izeneko bigarren urratsa ematerako momentuan, aldaketa batzuk agerian geratu dira. Soinua ez da hain zorrotza. Ez dizute begiratzen begi erronkariekin. Ironia karga txikiagoa du. Etereoagoa da. “Infernuko hegoaldean” abestian oraindik iraganeko erreferentziaren bat baldin badago ere, orokorrean punka desagertu da. Disko berri hau ariketa dentsoagoa eta potenteagoa da. Beste munduaren rock gogorrean eta metal ketsuan sustraitua dago. Hasierako “Hedapena” eta “Ezin zaitut begiratu” dotorea bezalako kanta bikainak daude disko berrian. Baita ahaztu behar ez diren beste momentu batzuk ere: Seattle hiriko oihartzuna dakarren “Otso bakartiaren balada” eta rock gogor klasikoaren ildotik doan “Beluga”, esate baterako. Emaidazu mainstream-ek lehenengo diskoaren mailari eusten dio eta, nahiz eta genetikoki piztia beraren semea izan, berezko arauak gordetzen ditu. Orain, diskoa merezi duen eran disfrutatu eta gero, betikoa dator: zuzenean ea nola defendatzen duen bikoteak estudioko apustua. Momentuz, Oskar Conderekin teorian beti zaila suertatzen den bigarren diskoari buruz hizketan aritu gara.

Tutan Come On

Igor Salterain +Oskar Conde = Tutan Come On.

Beti esan ohi da bigarren diskoa zaila izaten dela.
Egia esan, uste baino erosoagoa egin zaigu disko berria egitea. Konposaketa eta grabaketa, biak jarioarekin joan dira.

Bi kide zareten heinean, errazagoa izan al da sorrera prozesua?
Musika tresna gutxiago edukitzeak erraztu baino gehiago, sinpleagotu egiten du konposaketa. Eta askotan, sinpletasun horretatik zerbait mamitsua ateratzea ez da erraza.

Musikalki zuen lehenengo urratsa zorrotzagoa zen. Disko berriak, aldiz, potoloagoa ematen du. Bilatua izan da edo kasuala?
Bilatu dugu soinu “potoloagoa” lortzea. Baina abiaduraren kontua ez da kontzientea izan. Imajinatzen dut bilatutako soinu lodi horrek abiadura moteltzera eraman gaituela… Hala ere, badaude abesti azkarrak disko berrian.

Noiz konturatzen da musikagile bat disko berri bat idatzi behar duela?
Abesti berriak edozein unetan sortu ahal dira. Gure kasuan, disko berrian burubelarri lanean jarri aurretik bageneuzkan abesti oso bat eta riff nahikotxo. Momentu jakin batean, material horri guztiari forma eman behar zaiola erabakitzen da, baina sortzea bera uneoro ematen den prozesua da.

Emaidazu mainstream. Txarra ez delakoan?
Mainstream izan edo ez, horrek ez du abesti bat txar edo on egiten. Koiuntura bat baino ez du adierazten, nire ustez.

tutan come on

‘Emaidazu mainstream’ diskoaren azala.

Eta gaur egun, zer da mainstream?
Puff, gauza asko eta oso anitzak izan daitezke mainstream… Komertziala zer den edo zer ez den definitzea bezala… Norberaren eskalaren arabera, asko aldatzen da.

Euskal Herrian ba al dugu mainstream-ik?
Pentsatzen dut baietz.

Eta zerk erakartzen zaitu mainstream-etik?
Nik ez diot horrenbesteko garrantzirik eman nahi eztabaida horri, mainstream zer den edo ez den. Hortxe dago gakoa; lehentasuna abestietan, energian eta horrelakoetan egon behar da. Baina askotan, mainstream-tzat jotzen duguna begi txarrez ikusten dugu: jende askok entzuten badu gaitzesten dugu. Gu underground-ean bizi gara, baina ez dugu musika ona gaitzetsi nahi publiko handiak onesten duelako soilik. Epaitu entzuten dena, ez entzuleria.

Tutan Come On-ek ba al du mainstream izateko aukerarik?
Bai, zergatik ez? Edozerk du mainstream izateko aukera, Tutan Come On barne.

“Ezin zaitut ikusi” abestiaren bideoklip polita grabatu duzue.
Oso gustura egon ginen bideoa grabatzen. Paul Urkijo zuzendariak eta bere lan taldeak oso lan txukuna egin dute eta benetan eskertu behar diegu beraien ahalegina eta konpromisoa. Bideokliparen ideiaren inguruan… Beno, faltsukeriaz dihardu, benetakoa ez den aurpegia erakustearen beharrari buruz. Eta ideia horretatik abiatuta, maskarak, begi josiak eta abar agertu ziren. Nire ustez, ondo geratu da.

Bideoklipek beste garai bateko erremintak dirudite.
Telebistari dagokionez agian bai, baina oso pertinenteak direla esango nuke; sare sozialen eta youtuberen garai honetan, zure proposamena aurkezteko tresna aproposa dela deritzot.

Zenbateko garrantzia dauka potentzia eta melodiaren arteko orekak zuentzako? Edo aldiz, kontrastea da garrantzitsuagoa? Zenbateko garrantzia dauka potentzia eta melodiaren arteko oreka zuentzako? Edo aldiz, kontrastea da garrantzitsuago?
Askotan melodiak jorratzen ditugu oso riff gogorra duten abestietan. Eta oreka hori da gehien definitzen gaituena. Normalean ahots-melodia vs riff gitarra indartsua izaten da kontrastea.

Carl Sagan, izarrak, energia, materia…. Zergatik erreferentzia horiek?
Saganen introa asko gustatzen zitzaigun diskoa hasteko eta hortik abiatuta, abesti oso bat garatu genuen… Normala denez, letraren gaia introarekin lotuta doa. Zerbait berezia bilatzen genuen diskoa hasteko, abesti geldo eta luze bat… Normalean amaieran jarriko genukeena, hasieran jarri.

ETIKETAK:Igor SalterainOskar CondeTutan Come On