2021.11.23
Eñaut Zubizarreta biolontxelo jole, abeslari eta konpositorearen Poliedro Vol. I disko berria (Forbidden Colours) ez da nolanahiko ekimena. Izugarrizko freskotasunez era guztietako estilo musikalak jorratzen dituen doinu bilduma eder bat eskaintzeaz gain, berak idatzitako liburuxka dotore eta suspergarri batek borobiltzen du lana. Saiakera moduko testu sakon eta luze batean, bere bizitzako kontakizuna eta diskoaren sortze prozesuaren inguruko zehaztasun guztiak ematen ditu Zubizarretak. Tonu autobiografiko eta didaktikoa ikuspegi kritiko, zorrotz eta ausart batekin uztartzen ditu naturaltasun handiz. Baina nor da Eñaut Zubizarreta (Trigger izen artistikoa ere erabiltzen du), nondik dator eta nola iritsi da obra bikain eta berezi hau aurkeztera?
“Bizitza bikoitz moduko bat izan dut; alde batetik, akademia ospetsuetan etengabe ikasten ibili naiz eta, bestetik, gaztetxeko giroan nire punk alderdia garatu dut. Gasteizko kontserbatorioan trebatu nintzen musika klasikoan; gero Goi Eskolarako sarbide probak egin nituen eta Bartzelonako ESMUCen onartu ninduten eta hara joan nintzen, jakin gabe oraindik txeloarekin musika klasikoa ez den beste gauzarik egin zitekeela. Nik Bach, Hayden eta horrelakoak jotzen nituen eta ondo moldatzen nintzenez ideia horrekin joan nintzen Bartzelonara. Kontua da nire adineko jendea 14-15 urterekin musika taldeak egiten hasi zela, eta nik musikari buruzko ezagutza askoz handiagoa izan arren ez nuen lekurik aurkitzen. Baxua jotzen ikasteko asmoa izan nuen behin baino gehiagotan baina ez nintzen sekula ausartu. Ondorioz, musikaz gozatzen hasteko garaia karrera bukatu eta gero iritsi zitzaidan, Aretxabaletara bueltatzean. Ume garaiko lagun batek sortu berri zuen taldean sartzera gonbidatu ninduen. Baietz esan nuen eta hortxe hasi nintzen txeloarekin gauza berriak probatzen. Nolabait, oinez hastea bezala izan zen hura niretzako. Ordurarte inoiz landu ez nituen nota luzeagoak eta ezberdinak jotzen hasteko aukera nuen. Paraleloan, txelo zahar bat abandonatuta nuela gogoratu eta inbertsio txiki bat eginez anplifikaziorako pastilla bat instalatu eta pedal batzuk erosi nituen. Beraz, aldi berean, rock talde batean jotzen eta rock musikara moldatzen hasi nintzen eta nire kasa etxean jolas egiten eta gauza berriak probatzen. Pixkanaka sortze prozesu batean murgildu nintzen eta une jakin batean zutik jotzen hastea erabaki nuen.
Eta zutik jartze horrek zer suposatu zuen zuretzat?
Taldearekin zuzenean jotzen hasi nintzenean eserita jotzen nuen oraindik. Taldekideak alde batera eta bestera mugitzen ikusten nituen eta ni, bitartean, geldi nire lekuan. Nolabait nire burua askatu ezinik sentitzen nintzen. Eta halako batean, biolontxelista bat zutik jotzen ikusi nuen kontzertu batean eta horrek animatu ninduen proba egitera. Egia esan, ez da erraza; arkua erabili beharra eta biolontxeloak duen bolumena eta pisua kontuan izanik, ohitze lan progresibo bat eskatzen du. Baina behin lortuta, bai taldean baita bakarkako proiektuetan ere, oso era ezberdinean jotzeko aukera eman dit. Askoz agresiboago eta dinamikoago, eszenatokian mugituz eta dantzatuz, zuzenerako askoz aproposagoa.
Dagoeneko disko sorta ederra plazaratu duzu hainbat proiekturekin.
Wood Strings taldearekin hiru disko atera ditugu. Lehenengo biak disko laburrak izan ziren eta aurten disko luze bat atera dugu. 2019an bakarkako lana argitaratu nuen, Esku bi hamar hatz, eta iaz Mendian hil hirian hil dokumentalerako soinu banda. Triggerren lehen diskoan txeloa “bigarren mailako aktore” izatea nahi nuen. Ahotsari eta, batez ere, hitzei garrantzia eta presentzia handiagoa eman nahi nien. Txeloarekin jotako zatiak “sinple” samarrak ziren, disko berriarekin alderatuta adibidez, eta looperraren bitartez gustuko oinarri bat sortu ostean ahotsean jartzen nuen arreta guztia.
Noiz izan zenuen lehen kontaktua musikarekin? Zerk erakarri zintuen eta noiz erabaki zenuen musikara dedikatuko zinela?
Gasteizera joaten hasi nintzenean 14 urte inguru nituen eta ez nuen batere gogorik hara joateko. Baina tira, arduratsua nintzen eta nire gurasoek esfortzu handia egiten zuten kontserbatoriora joan ahal izateko. Baina Bartzelonako Goi Eskolan sartu ahal izateko 6. mailako proba gainditu nuen eta Espainiako estatuko eskolarik onenetako bat denez, ezin nuen aukera baztertu. Hortaz, musikaren hautua 25 urte inguru nituela egin nuen.
Hala ere, egun edo une zehatz bat ez daukat esaterik. Aretxabaletan era guztietako lanetan aritu nintzen aurrera atera ahal izateko, eta niretzako neuzkan orduak parrandan edo lokalean esperimentatzen pasatzen nituen. Nahikoa zela sentitu nuen arte. Bartzelonara joatea erabaki nuen, txelo modernoko klase partikularrak hartzera, eta hortik aurrera, nahiz eta puntualki beste era bateko lan bat edo beste egin behar izan, musikan zentratu eta musika sormenera dedikatu naiz. Buruan irudikatzen nituen aukera musikal berri eta zoroenak ere aurrera ateratzen saiatu naiz ordutik aurrera. Orain dela bi urte atera nuen diskoa, adibidez, garai hartan guztiz ezinezkoa irudituko zitzaidan niri.
“Musika klasikoaren alorrean konposizio konplexuen inguruan egiten diren azterketen metodologia bera herri musikari aplikatzea izan da nire amorrua bideratzeko hautatu dudan bidea”
Zure eredu edo erreferentzia moduan duzun talde edo artista zehatz bat aipatzekotan, zein edo zeintzuk aipatuko zenituzke?
Asko daude baina talde bat aipatzekotan Kuraia izango litzateke. Ni bertako taldeetan fijatu izan naiz beti. Anestesiaren Terapia diskoak ere erabat markatu ninduen. Anestesiaren zale gehienek Gorrotoaren ahotsa nahiago dute baina Terapia-ren letrak askoz indartsuagoak iruditzen zaizkit, pertsona zuzenean interpelatzen baitute. Ez dute baloia kanpora botatzen edo sistemari buruz jarduten, gauza askoz pertsonalagoak kontatzen dituzte eta niretzako benetako “terapia” izan zen garai hartan.
Saiakeran azaltzen duzun moduan, Poliedro-ra iritsi aurretik hainbat kezka, atsekabe, frustrazio eta gogo biziak pilatzen joan zara, eta neurri batean behintzat, diskoak halako katarsi, askapen eta aitortza moduko bat ekarri dizu. Zerk bultzatu zaitu Poliedro egitera? Zer sentitu duzu sortu eta grabatu duzun bitartean eta zer sentitzen duzu orain, obra “amaitua” zeure eskuetan duzula?
Lehenengo kapituluan azaltzen dudan moduan, oposaketak egiterakoan izugarrizko kolpea hartu nuen. Nire burua irailean lanik gabe eta etorkizunik gabe ikusteak, eta planteatzen ari nintzen lana batere balioetsita ez izateak, erabat lur jota utzi ninduten. Aurreko esperientzia antzekoa izan nuen Musikenen. Han ere, funtzionario tankerako tipo batzuek ez zuten bere estatus burges erosoa kuestionatzen zuen ezer onartu nahi. Alegia, herri musikak bere garrantzia baduela eta presentzia behar duela eta halako musika egin eta bizi duen norbait bere pareko maila artistiko batean egon zitekeela. Honekin ez dut esan nahi akademiako irakasle guztiak era honetakoak direnik baina epaimahai hartan zeudenek inoiz jasan dudan minik handiena egin zidaten.
Zizek-ek aipatzen duen biolentzia objektibo, subjektibo eta sinboliko hori nire muturraren aurrean gordinki sentitu nuen. Amorru handiz erreakzionatu nuen hasiera batean eta indarkeriaz erantzuteko gogoa izan nuen, baina amorru hori beste era batera bideratzea erabaki nuen. Herri musikaren inguruan tratatu moduko bat egitea. Hau da, musika klasikoaren alorrean konposizio konplexuen inguruan egiten diren azterketen metodologia bera herri musikari aplikatzea. Tratatu horretan teknika ezberdinak nola lantzen diren argitzen dut eta, era horretan, zera esatera ailega naiteke: zuek (akademikoak) egiten duzuena eta guk egiten duguna parekoak dira, ez dago gauza bat bestearen gainetik.
Behin obra amaituta eta plazaratuta, alde batetik oso gustura sentitzen naiz baina, bestetik, nire amorrua oraindik ere bizitzen edo, agian, eraldatzen ari naiz. Musika munduaren errealitatea oso gogorra baita. Kontzertu duin bat eman ahal izateko izugarrizko lana egin behar duzu, eta pauso bakoitza ematea ikaragarri kostatzen da. Baina era berean, nire gurasoek egindako esfortzuari esker estatuko eskola onenetako batean ikasi dut eta pribilegiatu bat sentitzen naiz. Pribilegio hori gauza positibo bat egiteko aprobetxatu nahi nuke, nire esparru musikal honetan Euskal Herriarentzat eta nire inguruarentzat mesedegarria izan daitekeen gauza bat.
Hari horri helduta, saiakeran “mugak gainditu” moduko lelo bat planteatzen duzu. Muga horiek ez dira soilik zure muga artistiko eta pertsonaletara murrizten, entzuleari gonbite bera egiten baitiozu, ezta? Entzunaldi pasiboa posible bada ere, bai musikan bai bizitzako edozein jardunetan jarrera kritiko apurtzaile eta sortzailea izatera animatzen duzu entzulea.
Bai, entzunaldi aktiboa egiteko gonbitea egiten dudala esango nuke. Musikan gizarteko beste hainbat esparrutan pasa den gauza bera gertatu da. Kontsumitzailearen eta sortzailearen artean ematen den katea ezezaguna da, eta kontsumitzaileak produktua jasotzen du beste ezertan pentsatu gabe, jatorria zein den jakin eta galdetu gabe, zeozer abstraktua balitz bezala. Kontsumitzaileak ez du analizatzen produktua non, nola eta zeinek sortu duen eta zein baldintzatan landu duen. Eta disko baten atzean dagoen lan guztia ahaztu egiten da, bai teknikoa baita artistiko eta estetikoa ere. Saiakeraren helburuetako bat entzulea xaxatzea eta entzunaldi aktibo eta arduratsua, kontziente bat egitera bultzatzea da.
Baina era berean, testua “akademikoegia eta astunegia” gerta dakieke entzule gehienei. Hori dela eta, disko hau nori bideratuta dagoen galdetu nahi nizuke.
Musikariei zuzenduta dago eta bereziki sokazko instrumentuen joleei. Baina, horretaz gain, eta saiakera horregatik sartu dut hein batean, orohar edozein entzulerengana iristen saiatu naiz. Nire proposamena eta jarrera kritikoa edonork hartzera animatu nahi nuke. Jendea orokorrean ez dago era honetako testuak irakurtzera ohituta, are gutxiago disko bati lotuta, eta nire helburua jendea era honetako testuak irakurtzen “heztea” ere bada neurri txiki batean.
Diskoak entzun eta hausnartzeko maila edo geruza ezberdinak onartzen ditu. Azalean gera zaitezke eta testuari jaramonik egin gabe doinuaz gozatu edota muineraino joan zaitezke eta etekin pertsonal handiena ateratzen saiatu. Bi aukerak eta erdiko guztiak posible dira.
Guztiz ados. Nik hor Unabomberrek esaten zuena izan dut erreferentziatzat. Artisten esnobismo eta elitismoa zorrotz kritikatzen ditu. Disko guztiz abstraktua eta “esperimentala” egin nezakeen, baina ez zen hori nire helburua. Nire asmoa kutsu herrikoia izatea zen guztiz. Ez da musika arraroa berez, musika arrunta da txelo batez interpretatua.
Zein da diskoaren inguruan jasotzen ari zaren erantzuna momentuz?
Harrera oso ona izaten ari da, eta bai diskoa entzun dutenek zein zuzenekoetara etorri direnek komentario positiboak egin dizkidate. Emanaldian, hiru txelo batera, txeloa bakarrik eta txeloa pedalekin erabiltzen ditugu eta horrez gain, dantzari garaikide batek ere parte hartzen du. Sokazko musikari askok goraipamenak egin dizkidate eta hori oso positiboa izan da niretzako, eta batzuk gainera beren kasa arakatzen eta esperimentatzen hasi nahi dutela esan didate. Bide hori jorratzea eta jendea poliki-poliki heztea nire helburu nagusietako izan da hasieratik.
Azken gauzatxo bat, EITBko elkarrizketa batetan, “trigger” izenaren jatorria aipatzean, pizgarri edo kitzikagarri kontzeptua erabili zenuen eta oso egokia iruditu zitzaidan baina pistola baten keinua ere egin zenuen. Zer esanahi zuen horrek?
Zizek-era bueltatzen naiz horretarako. Milaka biolentzia ezberdin jasotzen ditugu egunero eta esaten digute indarkeria soilik oligopolioek, multinazionalek edo estatuek eta beraien adarrek erabili dezaketela, baina zuk ezin duzula indarkeriarik erabili. Hiru keinu horiekin esan nahi nuena zera zen: lehenengo, “tiro aireari” atentzioa deitzeko; bigarren, “tiro aurrera”, ez edukitzeko beldurrik benetan indarkeria beharrezkoa denean erabili ahal izateko; eta azkenik, zure buruari egindako tiroa, akabatu zure barneko polizia hori.