Elkarrizketa

Gorka Erostarbe

2015.03.21

Gorka Erostarbe

“Entzulea beti da kontserbadoreagoa”

Elkarrizketa: Mikel Kazalis

Nekatuta bezainbat ilusioz amaitu zuen Zirkulutik espiralera diskoaren grabaketa (Bonberenea Ekintzak). Anestesia taldearekin grabatu duen zazpigarren lan luzea da —bederatzi urte igaro dira Terapia kaleratu zutenetik—. Kantuak sortu ditu, gitarra jo du, eta grabaketaren soinu kontuez arduratu da. «Egia da zenbat eta gehiago kontrolatu prozesua, zenbat eta do it yourself-ago izan, Anestesiago izango dela. Lan ikaragarria da, eta batzuetan pentsatzen dut ‘ni tontoa al naiz dena nire gain hartzeagatik?’. Baina bukatzen da, eta ahazten ditudanean antsietateak, gustura geratzen naiz». Ez da geldirik egotekoa Mikel Kazalis (Zarautz, 1968). Hamaika proiektutan parte hartu du 1985ean Anestesia sortu zuenetik, baina hura du kuttuna: «Oso ondo pasatu izan dut musikari aritu naizenetan, Negu Gorriaken, Kuraian… baina badut beste alderdi bat, sortzailearena, beharrezkoa dudana. Anestesia hori da niretzat». Hasieran zerbait laburrago sortzeko asmoa zuten, bospasei kantuz osatua… «Baina burua piztuta geneukan, eta hamahiru sortu ziren. Denak grabatuta, entzun, eta ikusi genuen hamahiruek joan behar zutela».

Mikel Kazalis

Mikel Kazalis, Anestesia taldeko gitarrista eta konpositorea. (Gorka Rubio / Argazki Press)

Bilboko Kafe Antzokian jo duzue oraintsu. Bete egin zen. Baina gehienak zuen belaunaldikoak ziren. 
Gure belaunaldiko jendea bildu zen batez ere, baina azken urteetan ikusi dugu belaunaldi berriak ere sartu direla gure publikoaren artera. Eta kontzertuetan, ikusten dugu jendea gu hasi ginenean jaio gabe zegoena ere.

Bada dioenik egun gazte direnentzat musika klasikoaren parekoa dela rocka. Musika kontserbadoretzat ikusten dutela…
Normala da rocka bere errebeldia formula horretan ez egotea betiko ere. Gizartea aldatuz doan heinean, joerak, pentsatzeko moduak ere aldatuz doaz, eta garai batean rocka izan zen —eta niretzat oraindik ere bada— aldarrikatzeko tresna bat, eta nire deabruak kanporatzekoa. Baina egia da garai batean izan zena pixkanaka bukatzen edo ahitzen ari dela. Egungo gaztetxo askorentzat, rocka gauza zahar bat da…

Eta, hori ikusita, zer egin dezake rockaren indarrean sinesten duen musikariak: forma berriak topatu? 
Edo ez. Edo egiten den hori egiten jarraitu. Musika klasikoa ere egiten da oraindik. Beti egongo da publiko bat, nahiz eta txikia izan. Areto txikiagoetan jo behar izaten dute heavy talde handiek ere. Lehen, belodromoak betetzen zituzten, eta, orain, aretoak, justu-justu. Baina areto horietan ere primeran pasatzen dugu, belodromoan baino hobeto.

Kafe antzokien moldeko aretoak ala gaztetxeak dira Anestesiaren berezko lekuak?
Gure ingurune naturala da gaztetxe ez oso handi bat, jendez beteta, eta izerditan blai dagoena. Baina Bilboko Kafe Antzokiko kontzertua ikaragarria izan zen. Gaztetxe bat bihurtu zen hura; giro aldetik ere etxean sentitu ginen.

Zuek, behintzat, bertan goxo ez egiteko asmoz agertu zarete Zirkulutik espiralera lanarekin. Itxitasunetik zerbait irekiagoren bila?  
Etengabe ari gara gu bilatzen, nahiz eta jendeari kanpotik iruditzen zaion beti zarata bera edo tu-pa-tu-pa bera edo marruka egiten dugula [barreak]. Disko bakoitzean bilatzen dugu zerbait berri. Eta, neurri batean, diskotik diskora eta biratik birara tarte handiagoak uzteko arrazoia da sentitu behar dugula gai garela zerbait berri eskaintzeko, eta ez jarraitzea inertziagatik urtero disko bat egiten. Disko honekin, bereziki, beste bueltatxo bat eman diogula uste dut. Entseatzen ari ginela konturatu ginen hau ez dela Anestesiatik espero dena edo jarraitzaileak ere erraz entzun dezakeena. Baten bati eskatuko dio ahalegin txiki bat, baina gu askoz ere gusturago geratzen gara sentsazio horrekin.

«Zirkuluan bueltaka, abiadura bizkortu espiral bihurtu arte, infiniturako bidaia amaigabean…», diozue “Espirala” kantuan. Ahalegin estilistiko bat badago zuen erritmoetan ere. Bizkortu egin duzue, baina baita aldaketa erritmikoak bilatu ere. Eta horrek hastapeneko Anestesiara garamatza, zirkulua osatuz berriz ere.
Bai. Diskoa egiten ari ginela, konturatu nintzen elementu batzuk gure garai zaharretakoak zirela. Adibidez, erritmo aldaketak; horiek asko egiten genituen hasierako maketetan. Gero joan gara zerbait linealago egitera, soinu hobe edo konpaktuago baten bila. Baina disko honetan, berriz ere bihurritu egin gara; ez genuen nahi ez aspertu eta ez asperrarazi. Eta abiadura ere badago, bai…

Eta Anestesiaren zaleak nola hartzen ditu aldaketa horiek?
Entzulea beti da kontserbadoreagoa. Oro har. Zuk aurretik egin duzuna espero du, baina arte diziplina denetan, eta bizitzan ere gertatzen da hori. Ohitu egiten da zerbaitera, edo gustatu egiten zaio, eta nahi du horrelako gehiago eskaintzea, baina sortzaileak behar du bilakaera bat eta bide berriak ireki edo arakatu, bizirik sentitzeko. Talka hori askotan sentitzen da. Baina disko honekin, oraingoz, jendea ez zaigu kexatu, eta ez da ohikoa. Zuzenekoetan ere inoiz baino gehiago ari gara kantu berriak jotzen. Zaleentzat bihurtu gara talde klasiko moduko bat, eta espero dute Iron Maidenen kontzertuetan bezala kantu mitikoak jotzea, eta ez du ezer berririk nahi. Oraingoan, arriskatu egin dugu, eta bederatzi-hamar bat sartu ditugu lan berritik gu ere piztuta gaudelako. Gu gustura sentitzen bagara, publikoak ere gozatu egingo du.

Metalaren eta thrasharen mundua bereziki kontserbadore edo hertsiagoa da, edo gainerako esparruetan bezalakoa?
Badago sektore bat nahiko itxia dena, bai. Guk gure entzule thrasheroari ere ahalegin bat eskatzen diogu. Gure abesti batzuk ez dira inondik ere thrashak. Badauzkagu abesti rockeroagoak, beste batzuk hardcore erabatekoak… Elementu asko sartzen ditugu. Baina uste dut beste esparruetan ere gertatuko dela itxitasunarena.

«Niri thrasha ez zait gustatzen, Anestesia bai». Hainbat eta hainbati entzundako esaldia da.
Bai, eta jende askok esan digu: «Inoiz ez nuke jarriko zuen disko bat etxean entzuteko, baina zuen kontzertu batera joan eta flipatu egiten dut». Nik uste dut estiloen gainetik badaudela beste gauza batzuk transmititzen direnak. Ni ez naiz tribu batekoa, eta edonoiz hunki naiteke edozein estilotako musikarekin, baita poparekin ere. Eta uste dut antzeko gauza bat gertatzen zaiola zenbaiti gure musikarekin ere.

Tribalismo handiegia dago Euskal Herrian musikaren esparruan?
Gu gaztetxoak ginen garaian igual gehiago zegoen, eta kalean ere oso markatua zen: heavyak, punkak, rockabillyak, borrokak… Uste dut zerbait aldatu dela hori, baina azkenaldian berriro ere joera bat itzultzen ari ote den dena bereiztekoa… Gu heavyak ginen, baina punkekin ere ibiltzen ginen, eta, hain zuzen ere, thrasha zen bi musika kulturen nahasketa: heavya eta metala batetik, eta punka eta hardcorea bestetik. Tribuen kontua tontakeria handi bat iruditzen zitzaigun. Gustatzen zitzaigun musika indartsua, eta kito. Uste nuen diluitu egin zela bereizketa hori eta jarraituko zutela nahasketa horiek. Baina sentitzen dut berriz ere punkak punk direla eta heavyak heavy, crossover proposamen gutxiago dagoela.

MUSIKA._MIKEL_KAZALIS

“Etsaiak inguruan soilik ez baizik gure barnean ditugu…” (Gorka Rubio / Argazki Press)

Anestesian konstante bat, Gu diskoko kantu haren leloak laburbiltzen duena: «Pentsatu, ez sinistu».
Bada taldea definitzen duen esaldi bat, bai. Eta beste bat izan liteke «Bere burua atxilotzen duen animalia bakarra gara». Askatasunaren kontzeptua beti egon da ardatz gisa. Letra guztiei erreparatuta zerk biltzen dituen? Bada, askatasun nahi batek…

Baina askatasuna oso zentzu zabalean hartuta…
Bai, esparru guztietan. Halako espiritu libre bat dago kantuetan. Baina ez zaigu batere gustatzen panfletarioak izatea. Gustatzen zaigu hitzek pentsarazteko balio izatea eta, erantzunak baino gehiago, galderak botatzea. Jendeak egin ditzala galderak barrenean, eta ondorioak atera ditzala. 

Konstante gisa, hori; eta kontraste gisa, mezuaren eta formaren artekoa. Hitzetan badago pentsamendurako dei bat, eta musikan agerikoa da erraietatik ateratakoa dela, gordina…
Bai, hala da, baina nik biak sentitzen ditut erraietakoak, oso barrenetik ateratzen direla. Anestesia da niretzat barneko deabrua ateratzeko tresna bat ikaragarria. Azken diskoan ere badaude buruarekin baino gehiago bihotzarekin edo triparekin edo barneko zerbaitekin egindako kantuak.

Beste konstante bat ere aipatu duzu: gizakiaren kritika. Baina beti da gu batetik abiatuta. “Zaborrak gara” diozue lan berriko kantu batean. 
Beti abiatzen gara autokritika batetik. Oso ohituta gaude entzuten «zuek zarete», «haiek dira» eta halakoak, baina, hasieratik, kritika egin izan dugu gugandik hasita: Etsai ikustezinak” horretaz ari zen, barnean daramagun faxistaz, barnean daukagun kabroiaz, nahiz eta gero mozorrotu egiten garen jende guay-az. Beti sentitu izan dugu beharra hori esateko, etsaiak inguruan soilik ez baizik gure barnean ditugula. Nahiz eta zuk erabaki funtzionatzeko modu bat, askotan joera instintiboak ateratzen zaizkizu kontra ere. Niretzat oso inportantea da horiek ere azaleratzea, eta, nire ustez, Euskal Herrian ez da asko egiten hori. Joera da «haiek», «zuek»…

Do it yourself filosofiari jarraitu diozuenok ez zenuten nabarituko musika industriaren krisia…
Guk merkatuaren krisia ez dugu askorik nabaritu. Lehen ez genuen asko saltzen, eta orain ere ez. Gure txikitasun horretan eutsi egin diogu, eta fenomeno kurioso bat gertatu zaigu, ez diskoen salmentarekin, baina bai kontzertuekin. Badirudi lehen baino morbo gehiago eragiten dugula; jende gehiago joaten da gure kontzertuak ikustera. Krisia badago, baina, zuk esan bezala, industrian, musikak jarrai dezake beste bide batzuetatik lasai ederrean.

Zenbait musikarik badu, hala ere, negarrerako joera oraindik.
Ikuspuntu profesional batetik, normala izan liteke negar egitea. Baina ikuspegi artistiko edo musikal batetik, krisiak bost axola.

Kultuko talde bilakatu zarete, baina thrasha euskaraz egiten duen askorik ez dago… 
Ez; gainerako estiloetan bezala, ingelesez edo gaztelaniaz abesten dute gehiago, baina badira batzuk: Mitosia, Dama, Kraussk, Gabezia

(Berria egunkarian, 2015eko martxoaren 20an argitaratutako elkarrizketa)

ETIKETAK:AnestesiaBonberenea EkintzakMikel KazalisZirkulutik espiralera