Elkarrizketa

Antton Iturbe

2020.04.15

Antton Iturbe

“Emozioen musika moduan ulertzen dugu post-rocka”

Elkarrizketa: Josu Usobiaga (Ro taldeko kidea)

Ro boskotea 2017an eratu zuten Gorka Alcalde eta Iñigo Gonzalez (gitarrak), Mikel Iraeta (sintetizadorea eta pianoa), Iker Amenabar (baxua) eta Josu Usobiagak (bateria), aurretik 60-70 hamarkadetako rock klasikotik stoner, post-metal eta elektronika intimora doazen hainbat proiektutan sakabanaturik aritu eta gero. Sustrai anitz eta nahasi horietatik abiatuta bosten arteko eremu komun bat aurkitu dute Ro-ren musika indartsu eta dotorean; eta etiketa egokiagorik ezean, Euskal Herrian aspaldian egin den post-rock diskorik finenetako bat eskaini berri digute, Athalase. Josu Usobiagak eman dizkigu taldearen bilakaeraren zein lan berriaren inguruko azalpenak.

Ro promozio argazkia

Ro taldea duela hiru urte sortu zuten Azkoitian (Gipuzkoa).

Taldearen ibilbidea motza da oraindik, informazio handirik ez dago sarean. Athalase aurkezpen txartel moduan atera duzue, beraz. Zer da aurkezten duena? Zein da atzean duen istorioa? Nola sortu da eta zergatik orain?
Diskoa Zestoan, Grises taldeko Eñaut Gaztañagaren estudioan, grabatu genuen hiru egunetan. Tarte luzeagorik ez zuen Eñautek eta beraz, esperimentatzeko eta gauza berriak probatzen ibiltzeko astirik ez genuen izan. Zuzenean jo eta abestiak grabatzeko kontua izan zen gehienbat. Estudioan baino gehiago, aldez aurretik lokalean landu genituen kantuak. Aurreko hiru hilabeteak izan ziren intentsoenak. Pare bat kantu (“Jaitera” eta “Athelas”) aurreko batean bukatu gabe utzitako pasarteetan oinarrituta daude baina beste guztiak Gorka Alcalde gitarristaren konposizio berrietatik jaio dira. Gure lan egiteko modua horixe izaten da normalean; taldekide batek, gehienetan Gorkak, ekartzen du ideia edo lerro melodiko nagusia eta gero guztion artean ekarpenak eta moldaketak egiten ditugu. Kasu honetan lehen unetik Gorkak disko osoaren kontzeptua guztiz landuta eta forma emanda zuen bere buruan eta berak zuzendu du prozesu guztia. Geure ikuspegian diskoak munduaren historia eta bilakaera adierazten du. Hasiera lasaia da, natura baketsuan; gero, athalase-ren ataria pasatzean, eraldaketa dator, gizakien zarata, konbultsioa eta dinamismoa, eta azken aldera nahasiagoa bilakatzen da, deszifraezina eta misteriotsua, gure garaia den bezalakoa. Baina noski, interpretazioa guztiz librea da eta entzule bakoitzak berea egitea dauka.

Nondik dator “athalase” hitza?
Euskara da. Diskoko abesti guztien izenburuak antzineko euskarazko hitzak dira. 1905ean Resurreccion Maria Azkuek idatzitako euskara-gaztelera-frantsesa hiztegi batetik atera ditugu, bai hauek bai aurreko single guztien izenak ere. Athalaseren kasuan, Dock Of The Bay festibalean zuzenean musikatu genuen film labur batek eman zigun ideia, Arnau Padilla zuzendari kataluniarraren Umbral-ek, hain zuzen ere. Gure musikarekin oso ondo uztartzen zela iruditu zitzaigun eta oso gustura sentitu ginen berak egin zuen planteamenduarekin.

Zergatik atera duzue diskoa? Zerk bultzatu zaituzte?
Alde batetik, abestiak hainbeste denbora eta intentsitatez landu eta forma eman ondoren, behingoz zegokien bezala grabatu eta gordetzeko unea iritsia zela pentsatu genuen. Orain arteko abesti guztiak singleak izan dira eta modu digitalean soilik plazaratu ditugu, atera diren bezala sarera igoz, inongo irizpide berezirik gabe. Baina behin zuzenekoak ematen hasi ginenean jendeak euskarri fisikoko grabaketarik ba ote geneukan galdetzen zigun eta aurkezpen txartel baten moduan erabilgarria izan zitekeela erabaki genuen. Bestalde, iaz Kutxa Kultur Fundazioko erresidente moduan aritu eta gero grabaketarako diru laguntza txiki bat jaso genuen eta horrek eman zigun azken bultzada. Gure asmoa CD eta binilo moduan plazaratzea da. Momentuz CDak badauzkagu, baina bizi dugun egoera berezi honetan, biniloak atzeratu egingo zaizkigu. Ea maiatzaren erdialderako-edo jasotzerik dauzkagun.

Elkarrizketaren bat irakurtzean bereziki arreta eman dit ikusteak inongo “lotsarik” gabe esaten duzuela post-rock estiloa jorratzen duzuela. Azken urteetan nahiko “ospe txarra” jaso duen estilo musikala baita, eta askotan ondo merezitakoa gainera, haren izenpean plazaratu diren hainbat disko hanpatu eta aspergarri samarren ondoren. Zer pentsarazten dizue “post-rock” hitzak? Eta zer eskaintzen du Ro taldeak beste post-rock taldeekiko bereizgarri?
Hala da, bai. Lagun batek baino gehiagok esan ohi digu, dagoeneko post-rock baino gehiago post-post-rock deitu beharko genukeela, kar kar. Garai batean zale izandako askok zaharkituta dagoela diote eta nolabait baztertu egin dute, baina guri ez zaigu batere lotsagarria iruditzen, eta aurkezpen etiketa moduan oso erabilgarria da. Ez dakit zenbat estilo nahasten ditugula esatea baino zehatzagoa eta egiazkoagoa iruditzen zait niri. Gainera, post-rocka ez al zen hori ere? Aurreko rock estilo guztiak nahastea eta aldi berean suntsitzea edo…

Dena den, estilo honetaz hitz egiten hasi zenean (90eko hamarkadaren bukaeran) atera ziren lehen disko eta taldeen artean oso gauza onak zeudela  onartu beharra dago.
Zalantzarik ez. Zoritxarrez eta ohi den bezala, oso soinu antzekoa duten talde gehiegi atera ziren gero hortik.

“Diskoak munduaren historia eta bilakaera adierazten du. Hasiera lasaia da, eraldaketa dator gero eta azken aldera nahasiagoa bilakatzen da, gure garaia den bezalakoa”

Tortoise, Labradford eta bereziki Mogwai talde eskoziarraren zuzeneko ikaragarriak gogoratzen ditut bereziki.
Bai, nik BIME jaialdian ikusi nituen orain dela urte batzuk eta txundituta geratu nintzen. Hala ere, eta estiloaren kontura bueltatuz, guk post-rocka emozioen musika moduan ulertzen dugu eta era horretan jotzen saiatzen gara. Soinu banda baten moduan, istorio bat eta emozio batzuk transmitu nahi ditugu. Ez da erraza, jendea orokorrean ez baitago hain ohituta musika instrumentalean oinarritutako hartueman emozional horretara. Bolumena eta intentsitatearen ohiko dinamika jaisten duzunean jendea pittin bat lekuz kanpo geratzen da eta bat baino gehiago interesa galdu eta ondokoarekin hitz egiten hasten da.

Beharbada, emozioei buruz diozun horrekin taldearen izaeraren inguruko gako interesgarri bat eman duzu. Talde emozional bat zaretela, alegia, eta emozioak adierazteko asmo horrek bereizten duela zuen post-rocka.
Bai, horretan bermatzen da gure musika erabat. Jole moduan ez gara batere birtuosoak, ezta gutxiago ere. Beraz, talde bezala sortzen duguna da garrantzitsuena eta gure benetako espresio bidea. Lortzen dugun ala ez erabakitzea ez dago nire esku, baina asmoa behintzat hori da.

Zuzenean ez zaituztet inoiz ikusi baina argitaratu diren kronika eta argazkien arabera, intentsitate handiko kontzertuak ematen dituzuela esango nuke, energia barra-barra kanporatzen duzue. Baina era berean, grabaketan behintzat, musikaren ehundura eta sonoritateari garrantzi handia ematen diozuela iruditzen zait, ñabardurak zehaztasun eta kontu handiz lantzen dituzuela eta nolabaiteko perfekzionismoa (zentzu onean esaten dut) bilatzen duzuela.
Autoexijentziarako joera handia daukagu perfekzionismorako baino gehiago, bai kantuak sortzeko garaian baita zuzenekoetan ere. Estudioan eta diskoan grabatutakoa gero zuzenean duintasunez azaldu eta defendatu ahal izatea funtsezkoa da guretzat. Musika sortzen ari garen unean horixe dugu buruan eta gure mugez erabat kontziente gara. Abestiak lokalean asko lantzen ditugu, grabatu, entzun, zer behar duen edo ez duen behar pentsatu, berriz grabatu, berriz entzun… Fintze eta xahutze lan handi bat dago kantu bakoitzaren atzean.
Zuzenekoetan soinuaren eta exekuzioaren kalitate maila egokia ematen saiatzen gara beti. Behin eszenatokiaren gainean zaudenean jendea benetan zer ari den entzuten ez dakizu eta horrek halako etsipen puntu bat eragiten digu. Horretarako beti konfiantzazko soinu teknikari bera erabiltzen saiatzen gara eta nahiko zorrotzak gara abestien egitura jarraitu eta mantentzeko garaian. Garrantzi handia ematen diogu horri, neure buruari beste edozein talderen kontzertu bati eskatzen diodan kalitate maila berbera eskatzen saiatzen naiz. Bai ikusleekiko baita gure buruarekiko ere errespetu kontu bat dela iruditzen zait.

Nola uztartzen dituzue zuen izaera emozionala eta zorroztasuna? Nola askatu emozioak?
Ukaezina da perfekzionista samarrak garela. Klaketa eta guzti, tenpoa oso ondo markatuta, jotzen dugu. Lagun batek baino gehiago horixe bera komentatu izan digu, gure burua pittin bat “askatu” egin beharko genukeeela, alegia. Kritika hori modu onez hartzen dugu eta ulergarria zaigu. Baina gure musikari dagokion jarrera bestelakoa behar duela uste dugu. Giharretatik ateratzen den rock basatiko kontzertu batean, entzulegoaren arabera abestiak luzatu eta indartu ditzakezu, eta gure musikarekin, berez, gauza bera egitea, egon, badago. Ez zait aproposa iruditzen, ordea. Noski, une bakoitzera egokitu ahal izateko tarte txiki bat badugu baina ez dugu horren arabera planteatzen gure saioa. Bidaia baten moduko trantze egoera bat eraikitzen saiatzen gara, pixkanaka eta kontu handiz; entzule bakoitzaren kontua da trantze horretan sartzea eta gozatzea ala ez.

Zuek gozatzen duzue?
Bai, eta antzeman egiten zaigu. Entzulegoa harrapatu duzula ikusteak ikaragarrizko plazera eragiten du.

“Autoexijentziarako joera handia daukagu perfekzionismorako baino gehiago. Diskoan grabatutakoa  zuzenean duintasunez azaldu eta defendatu ahal izatea funtsezkoa da”

Azkoitiko Mataderoari oso lotuta zaudetela uste dut. Urteetan gaztetxeek musikarientzat zuzenean jo eta grabatzeko sare alternatibo oso sendo eta beharrezkoa eskaini dute baina egun, ez naiz ziur sare horren egoera zein den, onera edo txarrera, indartzera edo ahultzera jo duen. Egungo musika kontsumorako ohituren aurrean eta gazteek kontzertuekiko duten jarrera ikusita, horren beharrezkoak ote diren ere galdetzen diot nire buruari. Agian nostalgiko batzuk baino ez gara. Bertako antolakuntza edo erakundean parte hartzen duzue? Zer da Mataderoa zuentzako eta non eta nola kokatzen duzue bere lekua euskal areto alternatiboen artean?
Mataderoaren barnean taldeko partaide aktiboena neu naiz. Asanbladetan parte hartzen duen bakarra neu naiz eta bertako soinu teknikaria naiz gainera. Besteak kontzertuetara eta ekitaldi ezberdinetara joaten dira baina barrutik hitz egiteko neu nintzateke egokiena. Beraz nire iritzia pertsonala da, talde osoarena baino gehiago. Mataderoa, niretzako, Azkoitian eta antzeko beste edozein herritan guztiz beharrezkoa den leku bat da. Haren ekarpenaren ezean bertako eskaintza kulturala oso eskasa da. Mataderoa oasis eta hauspo bat bilakatzen da guretzako. Mila era ezberdinetako kontzertu eta ekitaldi kulturalez gozatu dezakezu bertan, etxean sentiarazten zaituen giroan, gainera. Eskaintza kultural izugarria ematen dio Azkoitia bezalako herri bati baina zoritxarrez, sarritan, herritik kanpoko jendeak balioesten du gehien. Egungo panoramaz diozunakin bat nator. Oso jende gazte gutxi gerturatzen da kontzertuetara eta ez dakit zergatik den. Kontzertuetara joateko ohitura hori galdu egin dute, baita asanbladetan parte hartzearena ere. Antolakuntzan gazte batzuk ibiltzen dira baina ez da lehengo konpromezu maila bera. Asko jota urtebetez aritzen dira eta gero utzi egiten dute. Belaunaldi berri bat debalde lan egitera erakartzea nekeza da, jende gaztea horretarako prest ez dagoela dirudi. Betiko batzuk geratzen gara, ahal duguna eginez, gustukoa dugulako eta kito, hori da dena.

Ordezkorik ez dago…
Ez, ez dago, eta kontraesan galanta dela iruditzen zait, inoiz baino talde gehiago baitago. Era berean, gauzak erabat polarizatu dira eta muturreko bi egoera baino ez daude: aretoak betetzen dituzten talde gutxi batzuk alde batetik eta kontzertuetan 10 lagun asko jota biltzen dituzten beste talde multzo handia bestetik. Erdikorik ez dago. Hala ere, hausnartzea egiteari ondo deritzodan arren, garbi dago bion artean erantzunik ez dugula aurkituko.

Taldearen soinuaren inguruan zein izan liteke bilakaera?
Momentuz disko honetan eta disko honen aurkezpenean guztiz kontzentratuta gaude. Ideiaren bat edo beste badago baina oso hasierakoa oraindik. Diskoaren amaieran elektronika ukitua nabariagoa den arren, gure hurrengo pausoa elektronikoagoa zein metaleroagoa izan daiteke, edonora jo dezakegu, ez dakigu oraindik.

Taldearen izena eta izaera sendotzea da helburua orduan.
Ezagutzera eman eta jendearen aurrean nor garen aurkeztea. Eta hemendik aurrekoa, dena dela, etor dadila.

ETIKETAK:AzkoitiaGorka AlcaldeIker AmenabarIñigo GonzalezJosu UsobiagaMataderoaMikel IraetaRo