Elkarrizketa

“Ez dago norabide zehatzik; bideak aldiz, milaka dira”

Elkarrizketa: Osso

Serge eta Lekter. Sergio Ruiz Gonzalez-Txabarri eta Haritz Lete. Zarautz eta Eibar. Binaka kontatzen segi genezake, musikagintzan hori baino gehiago eskaini dutenean. Eraso!, Kafha, Kokein, Cobra taldeen ondoren Osso gehitu dute kurrikulumera. Horrelako batean konturatu ziren banda horien itzaletik harago bikote moduan aritu nahi zutela. Desertu itxurako entsegu lokalean biltzen hasi ziren, Paraxuta lehen diskoari forma eman arte. Martxoan taula gainean ikusiko ditugu.

OSSO Promo 4 - Photo_ Josu Torrealday

Sergio Ruiz Gonzalez-Txabarri eta Haritz Lete, Osso-ko taldekideak. (Josu Torrealdai)

Elkar ezagutu zenuten eguna gogoratzen duzue?
SERGIO: Nik uste dut Lekter Eraso!-ren entsegu lokalera lehengo aldiz etorri zenean izan zela. Uste dut hori dela dudan oroitzapen zaharrena.
HARITZ: Ni, egia esan, ez naiz oroitzen. Kontzertuetarako orokorrean ez dut memoria txarra baina horrelakoetan nahiko eskasa naiz. Sergek hala badio horrela izango da…

Eraso! eta Kafha-ren garaian bazenuten elkarren berri?
S: Bai noski! Elkarrekin jo genuen hainbat alditan. Euskal Herriko metalaren inguruan odol berria ginela sentitzen genuen bi taldeok, beste talde klasikoetatik aldentzen baikinen, eta horrek bion arteko harremana sendotu zuen.
H: Garai hartan, 90eko hamarkadan, thrash metala puri-purian zegoen nazioartean eta bi taldeok horretatik asko edan genuen. Musikalki antzekotasunak genituenez, alde batetik edo bestetik bestearen izena heltzen zitzaigun. Gainera, bagenituen ere lagunak komunean. Eibarko lagun batzuek uda Zarautzen pasatzen zuten.

Doinu gogorrekin hasi zineten, eta gordintasuna zertxobait baretu arren, sendo jarraitzen duzue. Rockak gogorra behar du izan zuentzat?
S: Ezta gutxiagorik ere! Gogortasunetik gatoz, hori argi dago, baina gure momentu goxoak izan ditugu. Aldaketa horiek egiten dute handi talde bat.
H: Rocka horren da zabala gogortasuna eta barealdia ondo baino hobeto onartzen dituela. Azken finean, sentitzen duzuna da, transmititzen dizuna eta transmititu nahi duzuna. Osson egin dugun ariketetako bat izan da gure ahotsak beste nonbaitera eramaten saiatzea. Orain arte abeslari moduan egin duguna egiten jarraitu izan bagenu, ahots gogorrak izango lirateke diska osoan, eta ez genuen hori nahi.

Noiz gurutzatu ziren asmoak eta biko banda bat osatzeko nahia?
S: Nahia aspaldikoa da. Gutxienez hamar bat urte dira Lekterrekin zer edo zer egitea buruan nuela. Baina duela urte eta erdi edo geratu ginen lehenbizikoz zarata pixka bat ateratzeko.
H: Elkarrekin jotzeko ideia Eraso!-rekin teknikari bezala nabilenetik borobiltzen joan dela esango nuke. Askotan komentatzen genuen jotzeko hitzordua jarri behar genuela, elkarrekin konpartituz disfrutatzeko. Sergek lehen proposamena egin zidan eta hemen gaude. Bestalde, Sergek argi zeukan biko taldea egin nahi zuela, eta nik ez nion ezetzik esan…

“Bospasei jam session-etan sortutako riffekin eraiki ditugu kantuak. Ez diegu buelta gehiegirik eman”

Entsegu lokalean zenbat garagardo konpartitu dituzue Osso egin arte?
S: Nahi baino gutxiago…
H: Garagardoa beti dago presente gure entseguetan, baina batzutan lokaleko makinak ez zigun nahi genuena ematen… Serge garagardoa etxetik ekartzen hasi zen eta akabo arazoa!

Bizardunak zarete. Hartzari egiten dio erreferentzia taldearen izenak?
H: Hortik dator, baina hainbat gauzaren batuketa da. Jotzen eta abesten dugunean biok oso animali sentitzen gara, barrua askatzen dugu bertan. Horregatik nahi genuen animaliaren konnotazioa edukitzea, sentipen hauengatik, nahiz eta abestuko ez genuen hizkuntza batekoa izan. Ondoren, bion arteko zirkulua ixteko erabili genuen bigarren “s”-a. Bizardunak beste talde bat zen…

Paraxuta diskoko kantuen sorkuntza nolakoa izan da denboran, zein izan da erritmoa?
S: Erritmoa oso azkarra izan da. Urtebete inguruan gauzatu ditugu abestiak. Dena bospasei jam session-etan sortutako riffekin eraiki dugu.
H: Jam session-ak grabatu, entzun, aukeraketa egin eta zati batzuk besteekin elkartzen hasi ginen abestien bizkarrezurra izan arte. Ez diegu buelta gehiegirik eman, gure beste taldeekin egin izan ohi dugun moduan, ez dira oso abesti “pentsatuak”, momentukoak baino. Inkontzientzia maila handiko kantuak direla esango nuke.

Barruan daramazuen eraginen bilduma islatu duzue, zuen ustez, diskoko kantuetan?
S: Nire ustez, oraindik ere erregistro gehiago lortzerik badugu. Gure musikaren ikuspegia anitza denez gauza asko egiteke ditugu oraindik. Asko erakartzen gaitu zein beste gauza egin dezakegun ez jakiteak.
H: Gure eragin guztiak Osson laburbiltzea ezinezkoa dela esan genezake, baina inoiz baino irekiagoa dela ere esan dezakegu. Ez dago norabide zehatzik; bideak aldiz, milaka dira.

“Ahots garbiagoekin jolastuz eta bi ahotsak nahastuz, ezagutzen ez genituen paisaiak aurkitu ditugu”

Sortu duzuen rocka lehorra da, baina ahotsek leuntzen dute, gogortu bezala. Iritzi berekoak zarete?
S: Gure berezitasuna horixe da. Biok abeslariak gara eta ahotsei garrantzia eman nahi izan genien hasieratik. Ahots garbiagoekin jolastuz eta bi ahotsak nahastuz, ezagutzen ez genituen paisaiak aurkitu ditugu.

Zeinek abesten du hobeto?
H: Egunaren arabera… Astelehen, asteazken eta ostiraletan Sergek. Astearte, ostegun eta larunbatetan nik. Igandetan ez dugu abesten.

Bi musikarirekin osaturiko taldeak modan omen daude. Horrela al da?
S: Betidanik egon izan dira baina agian orain egin dira ezagunago gure artean. Praktikotasunera joz, badira gauza asko bidean galtzen direnak baina baita irabazten direnak ere, eta musikariok gaur egungo zailtasunei aurre egitean, horrelako irtenbideak bilatzen ditugu.

Entseguen ondoren zuzenera salto egiteko unea iristear da. Nahikoa prestatu duzue?
H: Horretan eman ditugu azken asteak, baina eszenatokian zer sentitzen dugun ikustea falta zaigu. Orain arte ez dugu inoiz jendaurrean jo. Elkarrekin gozatzeko egin dugu hau eta une magikoak konpartitzeko asmoa dugu.
S: Oraindik ez dakigu nork hitz egingo duen abestien tarteetan, biok Eraso! eta Cobran hori egitera ohituta gaude. Elkar zapalduko dugu, seguru!

Bateria, gitarra eta bi ahots. Elementu gutxi dira. Nola beteko duzue eszenatokia?
H: Sergek ederki betetzen du eszenatokia bere presentziarekin eta nik lagundu egingo diot nire toki mugiezinetik ahal bezala. Bestalde, zuzenekoak ez dira diskotik oso urruti ibiliko, diskoa nahiko gordina da-eta. Garen bezala azaldu nahi dugu diskoan eta kontzertuetan.

“Zuzenekoak ez dira diskotik oso urruti ibiliko, diskoa nahiko gordina da-eta. Garen bezala azaldu nahi dugu”

Gaur egun, Haritz, zer pentsatzen duzu Sergiori buruz?
H: Beti pentsatu izan dut musikalki zerbait berezia duen pertsona dela. Izaera ezberdinak ditugu, baina berak badu hor barruan zerbait, asko erakartzen nauena. Pertsona bezala aldiz, zer esango dut ba… horrelako abentura batean gaur egun, eta 20 urteko harremanaren ondoren, ez nintzateke edozeinekin sartuko. Berarengandik jasotzen dudanak bete egiten nau, konexioa sentitzen dut.

Eta zuk, Sergio, zein iritzi duzu Haritzi buruz?
S: Lehenengo eta behin, horrelako lagun bat bidean aurkitzeak poztasuna ematen du. Tipo langilea da, oso musikazalea, eta gustuko duen gauza bat aurrera eraman behar bada gogoz saiatzen da. Baina batez ere, laguna da.

OSSO-REN HURRENGO EMANALDIAK

  • martxoak 6: Durangoko Plateruena kafe antzokia (+ Joseba B. Lenoir Duo + Tutan Come On)
  • martxoak 7: Bilboko Kafe Antzokia (+ Anestesia)
  • martxoak 21: Oñatiko gaztetxea (+ Backbone)
  • martxoak 27: Azkoitiko Matadeixe
  • martxoak 28: Donostiako Le Bukowski
  • apirilak 17: Tolosako Bonberenea
  • apirilak 25: Gasteizko Jimmy Jazz
  • maiatzak 15: Elorrioko gaztetxea
ETIKETAK:Eraso!KafhaKokeinOssoParaxuta