2015.07.23
Foku nagusietatik aldenduta. Hala osatu du bere orain arteko ibilbidea Seiurte Berrizko (Bizkaia) taldeak. Egiten duten horretan fedea izanez, begi-belarriak beti adi izanez, oso kontuan hartzeko ibilia osatu dute 90eko hamarkada amaieran sortu eta 2003an Bapatean estreinako lana plazaratu zutenetik. Pop eta rockaren tradizio anglosaxoiarretik edan dute beti, baina euren nortasunez zizelkatu dituzte euren kantuak, pixkanaka soinu propio baten eta letra zaindu batzuren jabe eginez. Aurten plazaratu dute Ezpalak, euren kabuz ekoitzitako lana, orain arteko “borobilena”, bai taldeko kideen eta baita zale askoren hitzetan ere. Taldeko lau kideetako bat da Iokin Elortza (Eibar, 1974), gitarra jotzaile, kantari eta letren egilea. Hark aletu dizkigu taldearen ibilbidearen ardatz eta ertzak.
Eskarmentua pilatuz eta lan asko eginez bere proposamena etengabe aberasten joan da Seiurte, baina oraindik badirudi euskal musika eszenaren ezezagun handietako bat dela. Zergatik?
Egia esan ez dakit erantzuna. Diozun bezala urte asko daramatzagu jotzen, disko ugari grabatu ditugu, kontzertuak eman ditugu Euskal Herri osoan, kritika onak… baina orokorrean publiko falta izan dugu beti. Batzuetan komentatu izan dugu, ez dugula eszena baten aterperik izan, uharte bat sentitu izan garela askotan. Euskal Herrian gainera, hain txikia izanik, harreman pertsonalak oso garrantzitsuak dira, kontaktuak behar dira aurrera egiteko, eta gu, Berrizen egonik, ez dugu harreman esturik izan musika gune garrantzitsuenekin. Hauek ez dira izango galderaren erantzun bakarrak, baina uste dut erantzunaren parte badirela.
Hala ere, jada 20 urteko ibilia baduzue, eta kontzertuak han-hemenka eskaintzen dituzue urtero. Bada zerbaiten seinale.
Musikarekiko daukagun pasioa guztiaren gainetik dago, ez gaude helburu bat edo bestea lortzeko. Nonbait gure musika jotzeko oholtza bat uzten badigute, han izango gara zoriontsu. Eta urte luze hauetan, zorionez, leku askotan izan ditugu ateak irekiak (ate itxiak ere aurkitu ditugu) eta hori guretzat handia da, babes horrek aurrera egiten lagundu digu.
Non itxi dizkizuete ateak?
Nahiago dut izenik ez esan, baina kontzertuak proposatzeko idazten dugunean ez dugu gure orbitatik urrun dauden lekuetara idazten. Hau da, euskal musika programatzen duten lekuetara idazten dugu, eta gehienetan etekin ekonomikorik bilatzen ez dutenak (gaztetxeak eta abar). Eta hogei urte eta gero, erantzunik ez jaso edo zuzenean interesatzen ez zaiela jasotzen duzunean pixka bat etsitzen zara. Baina tira, aurrera egin behar! Zorionez gehienetan ateak zabalik izaten ditugu.
Ezpalak orain arteko diskorik borobilena duzuela esatea asko esatea al da?
Guretzat borobilena da zalantzarik gabe. Uste dut gure ibilbidean disko bakoitzak aurrekoa gainditu duela. Atlantida (2012) guretzat mugarri izan zen eta erronka zen hura gainditzea. Erronka gainditu dugulakoan gaude.
Soinu propio eta konpaktua duzue egun. Hori da zuen lorpenik handiena?
Beti esan ohi da talde batentzako soinu propioa lortzea dela gauzarik zailena, eta Seiurteri soinu propioa onartu izan zaio beti, hori gauza haundia da guretzat. Onerako eta txarrerako gure bide propioa egiten saiatu garela esan dezakegu.
Esan berri duzu euskal eszenan kontzertuak partekatzeko taldeak faltan dituzuela; Kerobia zen bikote egokia? Egun norekin joko zenukete gustora?
Guk ere maite eta faltan botatzen ditugu Kerobia taldeko lagunak…. Egia da ez dugula Euskal Herrian gure unibertso musikala partekatzen duen talde askorik aurkitzen, baina edozein talderekin jotzen dugu gustora. Egia da baita ere ez dugula gure burua talde fiestero-tronpetero-ekin ikusten, baina esan bezala, ez daukagu arazorik edozein talderekin jotzeko. Adibidez, talde handia bihurtu aurretik Belakorekin jotzeko parada izan genuen eta oso gustora errepikatuko genuke haiekin, baina berdin izan daitezke Balerdi Balerdi, Voltaia edo gurekin pozik joko lukeen edozein talderekin.
“Zoritxarrez, musika estiloak zabaltzen joan diren heinean euskararen presentzia txikituz joan dela iruditzen zaigu”
Beti esan ohi da, eta badu egiatik, metalak hartu duela batik bat 90etatik aurrerako musika, baina orduz geroztik asko zabaldu da panorama eta eragin desberdin asko dago egun…
Bai, 90eko hamarkadan metala nagusi zen gurean, orduan bai ginela uharte bat… gero pixkanaka musika estiloak zabaltzen joan dira eta jada edozein musika estilo egiten da Euskal Herrian. Zoritxarrez, musika estiloak zabaltzen joan diren heinean euskararen presentzia txikituz joan dela iruditzen zaigu; pena da, uste dugu edozein motatako musika egin daitekeela euskaraz eta baita proiekzioa lortu ere.
1990eko hamarkadaren hondarrean hasi zenuten ibilbidea; pop-rock doinu angloak izan dituzue beti abiapuntu nagusi, baina zertan aldatu zarete? Ñabarduretan?
Nik uste dut aldaketa handia izan dela gure soinuan baina pauso txikiez egina izan dela, ia oharkabean. Laburbildu nahian esango nuke gure hastapenetan abesti borobilak egiten saiatzen ginela, eta gaur egun, abestien erpinak direla gehien gustatzen zaizkigunak. Gaur egun ez dugu melodia perfektua bilatzen, nahiago dugu punteo zikin bat edo tentsio pixka bat sortu notetan… Abestien hitzetan ere garapen handia izan dugu, azken diskoetan hitzek ere berebiziko garrantzia hartu dute.
Musika ingelesaren jale izaten jarraitzen duzue, batik bat, ala bestelako eraginak ere batzen zoazte?
British musika beti izan gure influentzia nagusia. 1990eko hamarkadan Oasis bezalako taldeekin eta gaur egun Artic Monckeys edo Franz Ferdinand bezalakoekin. Bestetik, gure eszena beti izan da euskal musika. Gertutik jarraitu izan dugu, eta beti izan du eragina gugan; 90eko hamarkadan PiLT edo Dut bezalako taldeak jarraitzen genituen eta gaur egun, besteak beste, Belako edo Berri Txarrak. Bestetik, azken urteetan Espainiako indie musika ere jarraitu dugu eta baita gauza interesgarri asko aurkitu ere.
Lau kideetatik hiru anaiak zarete: Ekain (bateria), Iñaki (gitarra) eta zu. Zein dira onurak eta zein desabantaiak?
Gure kasuan abantailak dira, elkar oso ondo ezagutzen dugu eta ondo konpontzen gara. Egia da haserreren bat dagoenean handiagoa izan daitekeela, baina errazago konpontzen dira. Baina gure kasuan, esan bezala, abantailak nagusi dira.
Musikalki irizpide berak dituzue?
Ekainek eta biok bai izan ditugu beti irizpide antzekoak, Iñakik ez. Seiurteren ibilbide musikalean gehiago nagusitu da Ekain eta bion irizpidea, britanikoagoa, pop-a, rocka, indiea… Iñakik gustuko izan du rock gogorragoa ere.
Musikazale amorratuak zarete. Jaialdi handien garai betean sartu gara. Jarraitzen dituzue edo kontzertu bakanak dituzue gustuko? Zein jaialdi edo kontzertutara joateko asmoa duzue?
Edozein motatako kontzertuak ikusten ditugu, bai formatu txikikoak zein jaialdi erraldoiak. Erraz topatuko gaituzu Berrizko Gaztetxeko kontzertuetan edo BBK Live bezalako jaialdietan. Getxoko jazz jaialdira, Sonoramara edo talde interesgarriren bat dagoen edozein lekutara ere joaten gara.
Aurtengo BBK Live gertutik jarraitu duzu. Zer gustatu zaizu?
Aurtengoari BBKarpaLIVE deitu diot, gauza interesgarrienak bertan ikusi ditut. Hemen nire aurtengo gustukoenak, Catfish and the Bottlemen, Vintage Trouble, Triggerfinger eta The London Souls. Bikainak guztiak!
Metak zigiluarekin atera zenituzten lehen lanak. Beste hainbat etxerekin ere kaleratu dituzue, eta Ezpalak zeuen kabuz egin duzue. Nekaturik zeundeten diskoetxeekin edo zeuon bidea lantzeko asmo finkoaren ondorio da?
Denetarik probatu izan dugu eta ez daukagu iritzi sendorik, gauza bakoitzak badu bere alde ona eta ez hain ona. Ezpalak autoekoizpena izan da, aurretik (Jauzia eta Plateruenan Zuzenean) autoekoitzi genituen bezala, eta esan bezala bere alde onak eta ez onak ditu. Ez gara zentzu horretan idealistak, ondo dago do it yourself filosofia, baina guk musika egin nahi dugu eta ez burokrazian galdu… autoprodukzioak lan handia eskatzen du; hala ere, onartu behar dugu emaitzak merezi izan duela.
“Ondo dago ‘do it yourself’ filosofia, baina guk musika egin nahi dugu eta ez burokrazian galdu”
Letrak idazteko orduan beti jarri izan duzu arreta handia. Irakurzaletasunik baduzu eta eragiten dizu letragintzan?
Onartu behar dut ez daukadala irakurzaletasun handiegirik, baina bai kulturarekiko eta edozein arte espresiorekiko sentsibilitate handia, horrek hezi nau letrak idazterako orduan. Eta nola ez, egindako kale guztiek ere lagundu didate bidea egiten.
Udan kontzertuak emango dituzue? Ba al duzue plaza gustukorik? Eta kontzertuen aurretik edo ostean, erritualik?
Ez, udan ez dugu joko, ez bada gauza puntualen bat. Bidaiatzea maite dugu eta udan bakarrik egin dezakegu. Gainera ezin dugu guztiok fetxa berdinetan egin, beraz, kontzertuak lotzea zaila egiten zaigu. Bestetik, gaur egunean oso zaila da festetan jotzea, inguru guzti hori oso profesionalizatua dago manager, produktora eta abarrekin, eta hauek indar handia egiten dute udaletan. Badira urte batzuk manager gabe gabiltzala eta ia ezinezkoa da herriko jaietan sartzea. Berdin dio, bidaiatuko dugu, indarrak hartu eta udazkenean taberna eta gaztetxeetara itzuli, horiek dira gure plazarik gustukoenak. Eta erritualen inguruan ez daukagu ezer berezirik, ondo afaldu, ardo pixka bat edan… eta aurrera!
Joxe Mari Olasagasti pop ikur bat al da dagoeneko Euskal Herrian?
Zalantzarik gabe! Bere proteina gosariak eta itsasoko bainuak!! Olasagasti maite dugu, Tolosako zezen plazan aizkoran zegoela hasi zuen berak Ezpalak. LOVE.