Elkarrizketa

Mikel Izarra

2020.06.30

Mikel Izarra

“Egiteko moduari lotua da garaikidetasuna, ez estilo bati”

Elkarrizketa: J Martina

Proiektua aurretik landu bazuen ere, J Martina hirukoteak konfinamenduan plazaratu ditu lehen kantak. Askok berrogeialdiko denborapasa moduan ikusi dugu, baina hori baino askoz gehiago da proiektua. Bi abesti eta zuzeneko batek balio izan die euskal biboteak berbetan jartzeko. Izan ere, proiektuaren bi ardatzek —garaikidetasuna eta letrak eta edukia zaintzea— jakinmina piztu dute. Haiek garrantzia kentzen diote horri, naturaltasun osoz eta erreminta moduan hartuz uztartzen dituztelako bai autotunea bai iruditeria garaikide eta euskalduna. Xalba Ramirezek argi utzi du Argia astekarirako idatzi duen artikuluan: “Esango nuke elementuak hautatu direla kantak egiteko eta kito, eta ez orain arte egon izan diren “euskal trap”, “euskal reggaeton” edo nik zer dakit zein etiketa bilatuz, merkatu-nitxo horren bila”.

Hori topatzen dugu musikari dagokionez, naturaltasuna: musika elektroniko lurruntsua, sintetizadoreak koltxoi moduan erabiliz, eta erritmo kutxa sinple batek ahotsa gidatzen du pianoren batek melodia klasikoei keinu egiten dien bitartean. Diskorik ez, baina zuzenekoa eta single moduko abesti gehiago (hau da, bideo eta guzti) agindu dituzte.

J Martina-June Etxeandia2

Kattalin eta Ane Barcenak osatzen dute J Martina, Javier Jorajuriarekin batera. (June Etxeandia)

Nortzuk zarete J Martina? Nondik dator izena?
Ane Barcena, Javier Jorajuria eta Kattalin Barcena gara, Larrabetzutik eta Barañaindik.

Kanpotik era oso kolektiboan lan egiten duzuela ematen du, partaideen izenak ere argitaratu gabe… Pentsatua da?
Elkarrekin lanean hasi ginenetik nahiko era naturalean hartu dugu proiektuaren oinarria batera lantzeko ohitura. Ez daukagu konposatzeko era bat finkatuta, eta abestia izango den ideiaren arabera aldatu ohi da.

Proiektua konfinamenduan jaio zen edo lehenagotik zeneukaten pentsatua?
Pasa den urteko udaberrian hasi ginen elkartzen baina kurtso honetan ibili gara gehienbat hemendik aurrera aterako ditugun abestiak konposatzen. Dena den, konfinamenduak abestiak argitaratzen hasi nahi genuen garaian harrapatu gaitu eta planak aldatu dizkigu. Ahal den heinean joango gara lan hauek ateratzen eta zuzenekoak egiten.

Autotunearen presentzia eta estilo ezohikoa oso nabariak dira. Nondik dator aukeraketa hori?
Elkartu ginenean argi genuen oinarri elektronikoekin lan egin nahi genuela. Gutariko inork ez du horrelakorik egin lehenago eta, hortaz, guretzako esperimentazio eta bilaketa prozesu bat izaten ari da, nahiz eta zenbait tokitan zabalduta dagoen teknika bat izan. Bilaketa prozesu horretatik irteten dira abestiak, eta ez estilo zehatz bat imitatu nahi izatetik.

Bideoen estetika ere nahiko zaindua dago. Nondik atera duzue inspirazioa?
Abestiak plazaratzerakoan, irudiarekin batera egin nahi ditugula argi dugu. Inspirazioa abestitik bertatik datorrela esan dezakegu. Bideoklipak egiten direnean, abestiak eta irudiak bat egitea da helburua, eta ditugun baliabideekin helburu horretara iristen saiatzen gara. Lortuko dugun ala ez, denborak esango du.

Momentuz sarean bakarrik zabaldu duzue zuen lana. Zuzenean ere aurkezteko intentzioa duzue?
Bai. Espero dugu udan zuzenekoekin hasi ahal izatea.

Zeintzuk dira zuen erreferente musikalak? Aurretik ibilbide musikala duzue?
Gure artean erreferente ezberdinak ditugu eta batzutan zaila da esatea zeinek eragiten duen gehien egiten dugun musikan, baina gustatzen zaizkigun taldeen artean aipa ditzakegu Dellafuente, Belako, Alizzz, Ibeyi, Zoo, Mala Rodríguez, Albany, Kuraia edota Ziakhus. Batzuek soinu eta melodia aldetik inspiratzen gaituzte, beste batzuek letrengatik. Javik zenbait talde izan ditu J Martina sortu aurretik, ska talde bat lehenik eta rock talde bat ondoren. Kattalinek musika akustikoa jotzen zuen talde bat izan zuen eta ondoren punk talde bat. Aneren lehen musika taldea da J Martina.

Euskal kultura hegemonikoa aspaldi estilo eroso batean mugitzen da. Zelan sortzen da estilo garaikideen eta euskal kulturaren arteko harremana zuen lanean? 
Galderaren planteamenduari dagokionez, uste dugu garaikidetasuna ez dela estilo batzuekin lotzen, baizik eta egiteko moduarekin. Ez genuke esan nahi guk egiten duguna punk talde batek, adibidez, egin dezakeena baino garaikideagoa denik. “Egiteko modua” esaten dugunean, musika egiterakoan norberak bizi duen garaiarekin harremantzeko duen moduari egiten diogu erreferentzia. Hau da, sortzerakoan ditugun ardurek, erreferentziek eta asmoek baldintzatuko dutena. Hortaz, esan dezakegu gure proiektuak bizi dugun garaiari eta testuinguruari erantzun nahi diola, eta kasu honetan, inguratzen gaituzten soinu elektronikoak gure egiten saiaten gara.

Gaur egun bideo eta sarerako materialen garrantzia oso nabaria da. Zelan ikusten duzue egoera hau disko luzeen klasikotasunarekiko? Baduzue intentzioa lan zabalago bat egiteko edota saretik at dauden formatuetan argitaratzeko?
Ez dakigu etorkizunean disko bat egiteko asmoa izango dugun, baina mometuz gure abestiek ez daukate batasun kontzeptual bat. Hortaz, ez diogu zentzurik ikusten momentuz daukagun materiala disko formatoan plazaratzeari. Egin ditugun abestiak single eran aterako ditugu eta bakoitza irudiarekin batera lantzea da gure ideia, kaleratu ditugun biekin egin dugun bezala.

Ze etorkizun plan dauzka proiektuak?
Udan  zuzenekoekin hasiko gara baldintzak dauden heinean eta estudioan sartuko gara dauzkagun abestiak grabatzeko.

ETIKETAK:Ane BarcenaJ MartinaJavi JorajuriaKattalin BarcenaKuraia