Elkarrizketa

Antton Iturbe

2023.11.30

Antton Iturbe

Egiazko maitasun eske

Elkarrizketa: Lisabö

Iritsi da ordua. Bada gure eskuetan, gure belarrietan eta gure begien aurrean Lisabö -ren disko berria. bIDEhUTS-en eskutik, ohi bezala, Lorategi Izoztuan Hezur Bilakatu Arte plazaratzen da gaur. Betiko Lisabö noski, betiko trantze elektriko bortitz askatzailea, eta era berean, inoiz baino Lisabö argitsuagoaak, sendagarriagoak eta agian, beharrezkoagoak. Martxel Mariscal, letren idazle,  eta Jabi Manterola gitarra jotzaile eta abeslariarekin hitz egin dugu diskoaren sormen prozesuaren alderdi desberdin inguruan. Bihar kontzertua dute Tolosako Bonberenean (Gipuzkoa), 22:00etan hasita. Aurretik Fufu taldea ariko da.

Lisabö zuzenean, Bartzelonako Aloud jaialdian, azaroan. RAFA RODRIGO

Lisabö zuzenean, Bartzelonako Aloud jaialdian, azaroan. RAFA RODRIGO

DISKOAREN PIZTEA. JATORRIA

Jabi Manterola: Hasierako ideia sinplea zen: aurreko diskoaren urtebeteko bira amaitu bezain pronto lokalera bueltatu kantu berriak egitera eta ahal bezain azkar grabatzera. Une hartan, gure arteko elkar ulermen handi bat sumatzen genuen musikalki, bai sentsazioetan eta instrumentuak jotzerako orduan ere. Sentsazio horri helduta aurreko diskotik gordeta genituen zenbait zirriborro gehitu eta grabazio prozesu berri batekin hasteko motibazio iturri handia genuen. Baina 2020ko martxoan dena bertan behera geratu zen, noski, eta ondorioz grabaketa 2022ko apiriletik aurtengo iraileraino luzatu da azkenean. Zenbait momentutan gogorra izan da aurrera egitea, diskoa grabatzeko hartuta genuen epea motz geratu baitzitzaigun, eta grabazioarekin jarraitzeko egun libreak lortzea konplikatua izan zen guretzat. Denboraren kudeaketa zaila eta neketsua izaten da, baina aldaketa artistiko horietan hartutako denbora eskertu egiten da behin diskoa amaitzen dugunean. Eta puntu horretan gaude orain, dena hankaz gora jartzen dituzten erabaki horiei esker diskoan egon diren aldaketez gozatzen. Egindako esfortzua debaldekoa izan ez dela sentitzen.

LETREI BURUZ. ISOLAMENDUTIK KOLEKTIBORA
“lorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte izaki isolatuek tinko eusten diete euren ametsei jostailu zaharrak lurpetik ateraz
isileko ehiztariak saihestuz gizateriaren lanbro garratzean lo hartu ezinik” (Sarraila kantutik)

Antton Iturbe: Diskoa entzun, letrak irakurri eta haien inpaktu zitala nire gorputz osoan sentitzean  erabateko identifikazioa sentitu dut egungo sare sozialek eta teknologia multimediak gidatutako bizimodu honek sarritan eragiten digun isolamendu mingarri eta frustragarri horretan.
Martxel Mariskal: Saltzen eta erosten ditugun ametsak, oso maiz amesgaizto bilakatzen zaizkigu… Gazteekin asko eta maiz hitz egin beharko litzateke honetaz. Badaude beste bizitzeko erak, badaude beste sistema motak, badaude autorrealizazioranzko beste bideak eta tresnak… Arnasa sakona behar dugu, eta hala behar du gazteak egun eta aurrera begira; honek konpromiso soziala, komuna eskatzen du denon aldetik.

“Gau itxian bueltatuko gara berriro ere erien gordelekura gure bisaiak..noizbait galdutako irribarreen bila dabiltzala azeri gosekilek eri-mamiak hozkatzen dizkigute egiazko maitasun eske” (Urpekaritza baso kiskalian kantutik)

Antton Iturbe: Lisabören barne funtzionamenduan eta gugan inspiratzen dituen ideia eta sentipenetan guztiz islatzen da behar hori. Egiazko maitasun eske aritze hori, gure arteko zaintza, lotura eta komunikazio behar hori sumatzen dut behin eta berriro, ia aldarrikapen eta bizimodu baten moduan.
Jabi Manterola: Arazo bat baldin baduzu, guztion arazo bat da eta guztion artean konpontzen saiatuko gara. Norberaren laguntzarako liburu merke batetik ateratako esaldia iruditu arren, entsegu lokalean gure buruari etengabe esaten diogun gauza da. Musika talde bezala, geroz eta zailagoa egiten baitzaigu aurrera egitea. Ez dut modu negatiboan edo neketsuan esaten. Sinpleki zailagoa da, beste munduko misteriorik gabe. Urteak pasa ahala, gure bizitza pertsonala aldatzen joan da eta elkarrekin musika egiteko uneak aurkitzeak inplikazio handiagoa eskatzen digu. Agian oker nago, baina egun, taldean inoiz sentitu dugun inplikaziorik haundienarekin ari garela esango nuke. Eta hori elkar zaintzarekin erlazionatuta dagoela uste dut. bIDEhUTS bera, azken finean gure arteko komunikazio, konexio eta zaintza bat badelako ere.

Antton Iturbe: Autoekoizpena da bidea oraingoan ere. Baina badira autoekoizpen hori ulertzeko modu ezberdinak.
Jabi: Musika industriaren krisiak talde asko autoekoizpenara bultzatu ditu, baina ez filosofia modu bat bezala, baizik eta aukera ekonomiko errentagarri bezala. Errespetatzen dudan erabakia, noski. Baina nire ustez, bi kontzeptuak ezberdinak dira. Bat filosofia kolektibo batekin lotuta, eta bestea indibidualistagoa eta kapitalismo basatiago batetik gertuago. Guretzako autoekoizpena kolektibitatearekin lotuta dago, elkarren arteko babesarekin eta armiarma sarearen kontzeptuarekin. Lisabö ez da musikari talde bat, lagun talde batean oinarritutako proiektua baizik.

LETRAK ETA MUSIKA LOTUZ. SORMEN ASKEA DA BIDEA
“geziak zintzurrean sekretu zaharrak sotoan itsas-trikuen bila arnasa egiten ikasi genuen gauzak gauzen artean ez dezagun pentsa jainkoak garenik gauzak gauzen artean” (Hosto zehargarriak kantutik)

Antton Iturbe: “Gauzak gauzen artean”, izaki hutsak gara, ez jainko ahalguztidunak eta ukiezinak.
Martxel Mariskal: Nire ustetan, normaltasuna aldarrikatu beharra dago zentzu guztietan; baina ez burua makurturik, tente baizik, eta gogoa inoiz baino adiago dugularik; normaltasuna onartzeak, —asumitzeak—, errealitateari (bere lore ederrekin zein bere gordintasun krudelarekin) begietara parez pare begiratzeko gai izatea suposatzen du. Ildo honetatik, bai norbanakoaren askatasunari begira, bai gizarte bakoitzaren askapenari begira, ezinbestekoa dugu zeharkako begirada non gauden, norekin, zertan, ulertzeko, eta horrela ahal izango dugu era errealista batean ahalik eta urrats egokienak emanez aurrerantz egin, modu komunalean, diozun bezala, hots, egiaz behingoz. Gauzak gara gauzen artean, premisa hori onar dezagun eta huts ditzagun txorakeriak alde batera; has gaitezen behetik —sekula arrunta ez den normaltasunetik— gizarte guztiz erreala eraikitzen, solidarioa, baliagarria, urkoari eskua luzatzen dakiena. Arinkeria den arintasun nabarmen eta hedatuaren aurrean —argiro goraipatzen, bultzatzen, duen gizartean, sisteman— musika ez ezik, sormena eta sormen askerako aukerak behar ditugu ezinbestean; sormena —berezkoa eta librea denean— saretik libratzen laguntzen du pertsona eta, bidean, bere burua ezagutzen eta bere buruaz jabetzen lagundu ere.

Antton Iturbe: Edozein erara, inoiz baino biziago eta ederrago, ekaitz elektriko bizi horren oskolaren azpian dagoen portzelanazko hauskortasuna sumatu dut Lisabören musikan oraingoan. Inoiz baino ausartago eta indar handiagoz musikaren bi alderdiek naturalki bat egiten dutela esango nuke. Lirismo argi eta aire askatzailea barreiatzen da diskoan zehar.
Jabi Manterola: Diskoaren prozesuan argitasunaren kontzeptua behin baino gehiagotan atera da entsegu lokalean. Gauak gure ametsak baino luzeagoak dira kantuka adibidez uste dut argitasun puntu horretan laguntzen duela. Pasarte horrek aurreko bi kantu luzeen ondoren baltsa antzeko bat sortzen du, diskoa borobilduz. Baina, hala ere, taldearen partaide izan aurretik ere, Lisabören kantuek eta jarrerak argitasun puntu bat beti izan dutela esango nuke, sendatze kolektibo edo trantze sendagarri baten modura.

Antton Iturbe: Hala da, zalantzarik gabe, trantze komunal horren sentsazioa askok izan dugu bere kontzertuetan. Taldea musika eta musika taldea bilakatzen direla dirudi eta haiekin batera geu ere. Baina, barnetik hala bizi duten eta urte guzti hauetan nola aldatu den galdetzen diot nire buruari.
Jabi Manterola: Zuzenekotan bai bizi dugu sarritan trantze moduko sentsazio hori eta oso atsegina da egia esan. Edozein erara Lisabök badu, talde bezala, taldekideen aldaketen gainetik errespetatzen edo mantentzen den funtsezko kontzeptu bat. Ez dakit nola deskribatu, baina hor dago eta diskoak entzutean transmititu egiten da beti. Horren harira, aipatu dugun kolektibitate horren beste alderdi bat dugu hemen. Orkestra filosofia bat jarraitzen dugula esango nuke, non pertsona bakoitzak bere aportazioa egiten duen proiektuaren edo kantuaren alde. Baita bere hiru kolpeak jotzeko momentua iristen den arte kontzertu erdia eserita pasatzen duen orkestrako triangelu jotzaileak ere. Bere balioa kantu guztia jotzen duen musikariaren berdina da, azken finean kantua delako garrantzitsuena.

LISABÖ GAUR

Antton Iturbe: Lisabö betidanik kultuzko talde bat izan da, jarraitzaile sutsu eta leialezko oinarri oso sendo bat eratu du urte guzti hauetan, eta zuen lehen kontzertuen sarrera salmenta erritmoa ikusirik badirudi hor jarraitzen duela, oraindik eta indartsuago eta zabalago. Lisabören musikak beharrezko eta esanguratsua izaten jarraitzen duela adierazten du horrek. Baina era berean, hype eta “instagrameko postureo”-aren garai honetan sarritan zaila da jakitea zer den benetakoa eta zer den “argazkiak eta bideoak konpartitu ahal izateko eta han izan zarela esan ahal esateko” gertakari hutsa.
Jabi Manterola:
Sare sozialak agertu baino lehenago ere presente zegoen “postureo” hori. Gaur egun ageriagoa da teknologiaren aurrerapenei esker, baina beti egon da hor.  Gure kontzertuetan horren eragin haundia dagoenik ez nuke esango, baina era berean onartu behar dut aurreneko kontzertu hauetarako dagoen ikusmin honek ez dirudiela guztiz erreala. Gure errealitatea ez da sarrerak agortzea eta aretoak betetzea.
Baina, noski, oso pozik gaude diskoaren aurkezpen kontzertuetan lagun asko ikusteaz. Pribilegio bat da hainbeste urte eta gero kontzertuak jotzeko aukera izaten jarraitzea, eta benetan asko estimatzen dugu hori.

Antton Iturbe: Musika aldetik, izugarrizko lan detaile zalea, fina eta ñabarduraz betea iruditu zait. Gitarra joko zoragarriez beteta dago, bai alderdi trumoitsuenetan, baita lirismo hauskorreko tarte ederretan eta ia pittin bat psikodeliko diren pasarte likido batzuetan. Bereziki NYC ghosts & flowers garaiko Sonic Youth datozkit burura. Hauen eragina oso nabaria dela esan daiteke, ia omenaldia dirudi une batzuetan.
Jabi Manterola: Bai, pasarte sonicyouthero franko dago diskoan eta ezin zuen beste modu batera izan! Sonic Youthen unibertsoarekin, haien gitarren disonantziarekin, zaratarekin eta bidegurutzeekin lotura handia sentitzen dugu eta eragin handia izan dute gugan. 2000.etik aurrera kaleratu zituzten diskoak asko maite ditut. Disko horien bitartez lortu bainuen beraiekin sakonago konektatzea. Inspirazio iturri handia da niretzat. Shipping News ere beti ditugu gogoan. Azalean tatuatuak ditugula esango nuke, eta beraien izpiritua lokaletik beti bueltaka dabilela, egiten dugun ia gauza guztietan parte hartzen. Dub musikaren oihartzuna ere izaten dugu inguruan. Rythm & Sound-en erritmo errepikakor eta sakonak asko maite ditugu eta, gure modura interpretatzen ditugu”

ETIKETAK:2023ko diskoaLisaböLorategi izoztuan hezur huts bilakatu arte