Elkarrizketa

Mikel Izarra

2020.09.14

Mikel Izarra

“Dogmak apurtu ditugula esatea gehiegizkoa da agian”

Elkarrizketa: Kyxo

Kyxo taldeko kideak Euskal Herriko musika eszenako aspaldiko lagunak dira. Mogambon, Bukowskin eta inguruko gaztetxeetan ondutako musikariak. Edade batera ailegatuta edo, esperimentazio gogoari galga apur bat eman eta soinu bortitzak (apur bat) alde batera utzita, proiektu hau hasi dute. Japoniar ukituak, bai idazteko eran (Kyxo, Agoor…) bai diskoko azal koloretsuan, tonu exotikoa ematen dio taldeari, erakargarriagoa eginez, aspergarritasun eta monotoniatik aldenduz eta euskal eszena berriko zenbait talderekin (Madeleine, Myotones…) bat eginez. .

Kyxo

Aurretik hainbat taldetan ibilitakoak dira Kyxoko kideak.

Estilo ugari aurkitu ahal dugu lau abestiz osaturiko Agoor izeneko EPan, denak rocketik abiatuta eta izendatzaile komun batekin: armoniak eta epikotasuna. Euskal Herriko rockaren barruan berrikuntza proposamenak eginez ere: autotunea, melodiak, atal bortitz eta lasaien arteko alderaketa, Ameriketako hardcore melodikoaren eta Asiako emo eta shoegaze eragina… eta dena euskaraz! Euskal rockari haize berria, aberasgarria eta beharrezkoa, ekarri dio Urnietako (Gipuzkoa) boskoteak.

Nola bildu zineten eta zein helbururekin?
Kyxo lagun artean sortu zen, aspaldiko partez taldetzar bat osatzeko asmoarekin eta orain arte horrenbeste erabilitako soinu astunak apur bat alde batera utzi eta doinu berriak esperimentatzeko.

Esan genezake eszenako lagunak zaretela? Zein beste proiektutan jo izan duzue?
Bai, azken finean betiko lagunak gara, gaztetatik musika munduan murgilduta ibili garenak, hain zuzen ere. Aurretik edukitako proiektuetako batzuk honakoak dira: Pinotxet, Lionhead, Flattened Frogs Massacre, Sad Nigiri, Fearth, Lappa

Aurreko proiektuetan beste estilo batzuk jorratzen zenituzten, subertsiboagoak edo… Zergatik poperako aldaketa hau?
Adina akaso, kar, kar, kar… Ez, berez betidanik entzun eta gozatu ditugu hainbat estilo edota musika talde ezberdin, eta, gure ustez, nahiz eta Kyxo aurreko proiektuak baino light-agoa izan, gure betiko kutsua bertan dago eta abestietan islatzen saiatzen gara. Gainera, bazen garaia etxean sortuak genituen distortsio eta guturalik gabeko abestiak lokalera eraman eta egunen batean argia ikusteko aukera izan zezaten proiektu bat edukitzeko. Azkenean Agoor lau abesti hauek osatzen dute, baina bidean bat baino gehiago geratu da. Esan bezala, musika eta talde ezberdin asko entzuten ditugu eta diskoko abestiek elkarren artean antzekotasun handirik ez duten arren, aurkezpen gutun gisa aproposenak izan daitezkeenak aukeratu ditugu, elkar lotzen dituen hari gidari bat baitute; hizkuntza, alegia. Lau abesti hauek euskaraz irten dira, baina badaude lokalean geratu diren eta etorkizunean kaleratzeko gorde ditugun abestiak, eta horietariko batzuk ingelesezko edota gaztelaniazko hitzak dituzte.

“Kyxo aurreko proiektuak baino light-agoa izan arren, gure betiko kutsua bertan dago eta abestietan islatzen saiatzen gara”

Diskoaren produkzioa oso berezia da. Lehendik zeneukaten pentsatuta ildo hori jarraitzea? Zeintzuk dira zuen erreferenteak? 
Berezia da, bai. Aipatu dugun moduan, kantu bakoitzak bere ukitu eta estilo propioa du, baina horretan datza aurretik aipatutakoak; musika estilo mordo eta ezberdinetatik elikatzen garela, alegia. Beraz, diskoaren ekoizpenari dagokionez, ildo zehatz bat jarraitu gabe, modu naturalean irten dela esan dezakegu. Hala ere, abestiak banaka grabatu izanak ere izan du eragina. Halere, “Kyxogarri” zaizkigun talde batzuk aipatuko ditugu: Madeleine, Lunar Vacation, Boy Pablo, Clairo, Izaki Gardenak, No Buses, Dayglow, Nothing.Nowhere, Turnover, Sasha Sloan…

Bidean rockaren zenbait dogma apurtu dituzue, bai soinuan (autotuneak eta abar…) bai diseinu koloretsuan. Zergatik? Norena da diseinua?
Dogmak apurtu ditugula esatea… hitz potoloegiak dira agian. Buruan genituen ideia gehienak kantuetan islatzen saiatu gara, besterik ez. Hala ere, ekoizpen alorrean Xabi Villenak eta Gartxot Unsainek izan duten papera ezinbestekoa izan da armonia berezi horiek sartzerako garaian. Laguntzaile apartekin lanean egon garela esan dezakegu. Autotuneari dagokionez, betidanik deitu digu atentzioa eta efektu hau erabiltzen duten artista eta talde asko entzuten ditugunez, guk ere gure abestietan gehitzea erabaki genuen, modu honetan hain gustuko dugun ukitu moderno hori emateko. Azalari dagokionez, zerbait bizia eta koloretsua baina era berean triste eta malenkoniatsuaren arteko kontrastea islatu nahi genuen, gure kantuak bezala. Horretarako, hain zuzen ere, laguna dugun Ximon Agirre iruditu zitzaigun aproposena eta hark hasieratik ulertu zuen transmititu nahi genuena. Artista handia da, checkeatu ezazue!

Zeintzuk dira taldearen etorkizunerako planak?
Ba oraingoz, eta bizi dugun egoera zail hau kontuan izanik, maketa ahalik eta gehien zabaltzea eta bertako kantuak zuzenean jotzea. Era berean, musika egiten eta abestiak sortzen jarraituko dugu, musika oso presente baitago gure bizitzetan, ezingo genuke hura gabe bizi. Jada baditugu kantu berri batzuk lokalean lantzen ari garenak. Sortzeko makina geldiezinak gara, kar kar kar.

Kyxo Agoor azala

Ximon Agirrek egin du ‘Agoor’ diskoaren azala.

Taldeak kantuz kantu azaldu digu zer dagoen lan berri honetan:

“PHESTA”: Kyxo bezala eginiko lehen kantua. Aurreko taldeetan landuak genituen estiloen zantzuak ditu. Abesti astun eta ilunena da.

“GORA BEHERA”: Soinu “hawaiar” eta goxoak eduki arren, testuinguru iluna eta kritika soziala ditu ardatz.

“IGANDETAN”: Sofan botata eta sekulako ajearekin zaudenean pizza jaten duzun unea. Sentsazio garratza eta, era berean, zaporetsua. Amaieran ukitu epiko eta orgasmiko bat duen abestia.

“AMZ”: Kanturik sinple eta motzena, baina aldi berean itsaskorrena. Nahiz eta lehen begiratu batean abesti alaia dirudien, istorio eta bizipen gogorrak ditu atzetik; nahitaez edota hobe beharrez alde batera utzi beharreko harreman baten inguruan dihardu. AMZ-ren gehigarri bezala, Agoor-en azala iruzkindu nahiko genuke, letra guztia azalean isladatzen baita nolabait.

ETIKETAK:Izaki GardenakKyxoLappaMadeleineMyotones