2019.02.28
Proiektuaren izenak eta diskoaren izenburuak loturaren bat erakusten duten arren, Moxalen abestiak ez dira Audienceren larre bereko bazka. Gernikako taldeak bi hamarkadaz jorratu duen folk, country eta rock klasikoaren arteko uztarketaren arrasto gutxi dago Hannot Mintegia taldekide ohiaren egitasmo berrian, eta bai, ordea, zinemako musika, trip-hopa, loop-ak, iluntasuna, ahotsak eta giro artegagarriak.
Mintegiak sortu ditu abesti guztiak, baina musikari eta telebistako errealizadore horrek ez du bakarkako ariketa gisa ulertzen sormena. «Behar dut jendea inplikatu. Asko gustatzen zait beste musikariekin kolaboratzea, besteen diskoetan jotzea… saltsa hori behar dut». Hortaz, hainbat lagunengana jo du Zaldikatu lehen diskoa osatzeko: Aiora Renteriak (Zea Mays), Miren Narbaizak (Napoka Iria, MICE), Mursegok eta Ainara LeGardonek ekarpen nabarmena egin dute ahotsetan, eta Aitor Etxebarriak, Gaizka eta Ager Insunzak (Audience), Txufo Wilsonek (Empty Files) eta Jose Lastra ekoizleak lagundu diote soinu geruzen sarea ehuntzen. Diskoa bihar argitaratuko du Forbidden Colours zigiluak, biniloan eta formatu digitalean, eta martxoaren 16an Gernikako Lekuek jaialdian aurkeztuko du zuzenean lehen aldiz.
Promozioko argazkian, sudurretik odoletan ageri zara, baina satisfazioa iradokitzen duen irribarrea duzu ahoan. Ondoriozta liteke disko hau egiteko bidea zaila izan dela, baina merezi izan duela.
Argazkia “Azalgorri” abestiarekin egin dugun bideoklipetik aterata dago, eta irudi dibertigarri bat delako aukeratu dut. Izan ere, neure buruari agindu nion disko hau egiteak dibertigarria izan behar zuela. Will Oldhamek, elkarrizketa liburu batean [Will Oldham on Bonnie ‘Prince’ Billy, Alan Light, Will Oldham, 2012), zera dio gutxi gorabehera: «Musika eta diskoak egitea ariketa gogor eta mingarria baldin bada, orduan akats bat da. Erakuts iezaiozu zeure buruari dibertigarria izan beharko lukeela». Asmo horrek gidatu nau: prozesua ahalik eta gutxien konplikatzea eta ondo pasatzea. Ez dut lortu gauzak erraz eta sinple egitea, baina bigarrena bai, batez ere azkenengo fasean. Kolaborazioen zatia gozatua izan da niretzat. Gustatuko litzaidake beti horrela lan egitea, Miren Narbaizarengana joatea eta egotea egun bat bere lokalean gauzak proposatzen eta egiten. Ainara LeGardonekin, berdin. Mursegorekin posta elektroniko bidez egin dugu dena; ziztu bizian trukatzen genituen ideiak, grabazioak... Haien hizkuntza musikala eta artistikoa izugarri gustatzen zait, eta ez da egon batere tentsiorik.
Kantuen egilea zu bazara ere, Moxal ez duzu proiektu pertsonal edo bakarkako ibilbide baten hasiera gisa azaldu nahi izan, zuk «koordinatutako» proiektu gisa baizik. Lan kolektibo baten emaitza puntuala izendatzeko hartutako izena da, ala jarraipena izango du?
Bi ideia horien artean dago. Niri ez zait asko gustatzen pertsonalizatzea, eta ez dut atsegin nire izena proiektu baten buruan jartzea. Interesgarriagoa zait beste era batera aurkeztea, eta musikaren izpirituarekin gehiago bat datorrela uste dut. Esaterako, hasierako ideia zen nik ez abestea diskoan eta kolaboratzaileek abestea. Halaber, ez dut nahi Moxal zerbait itxia izatea. Kontzertu bakoitzean nork edo nortzuek joko duten ez jakitea nahiko nuke; agian, ni bakarrik azalduko naiz, agian sei joango gara, igual hiru... Nahiago dut musikak hitz egitea, irudiek eta istorioek hitz egitea, entzuleek proposamen batekin topo egitea, eta ez pertsona jakin batzuekin. Alde horretatik, Moxal momentuko gauza bat bezala ikusten dut, ohartzen naizen arren izena edo entitatea edo dena delakoa hartzen ari dela. Baina agian hurrengo lana 30 minutuko ikus-entzunezko bat da, edo folk akustikoko disko bat, zerbait esatearren.
Abesti gutxi batzuk grabatzea zen zure hasierako asmoa, ea zer gertatzen zen, baina kolaboratzaileei deika hasi zinen, eta proiektua hazi egin zen estudioan. Nola izan da prozesua? Hauxe da buruan zenuen diskoa?
Ez da egon plangintza zurrun bat, baina, estudioan egun gehiago egoteko aukera izan ahala, abesti gehiago agertuz eta forma hartuz joan ziren. Jose Lastraren inplikazioa handia izan zen, Forbidden Colours zigiluarena ere bai, eta, azkenean, gustura egoteko moduko bederatzi abesti grabatu genituen. Horietako bat ez da diskoan sartu. Oso-oso pozik nago emaitzarekin, eta bada buruan nuen diskoa. Kolaborazioak intuizioz izan dira. Ia denekin kolaboratu dut aurretik, Zea Maysek Ibilaldirako egindako abestian parte hartu nuen, Miren Narbaizarekin jo izan dut El_Txef_Aren aurkezpenetan, Ainara LeGardonen taldeko kide izan nintzen garai batean, Audiencerekin zer esanik ez, Maite Mursegorekin kontzertu pare bat jo nituen duela urte batzuk... Oso naturala izan da haiei deitzea.
Buruan zenuen bakoitzak zer egingo zuen diskoan?
Bai. Abesti batzuk aspalditik zeuden martxan, baina lanketa handia izan da egiturak ixtea, moldaketak egitea, hutsuneak betetzea... Nahiko intuitiboki jokatu dut. Esaterako, koru asko nire ahotsa grabatu orduko grabatu dira, eta gero dena egokitzen joan da. Kantuak egiten ditudanean, inkontinentzia moduko batek hartzen nau, gustatzen zait gauza asko sartzea, eta muga bat jarri behar izaten diot. Nik sentsazioa daukat kantuak bihurtu direla kantu kolaborazioekin, ordura arte ez nekiela kantuak ziren edo ideiak ziren. Kolaborazioek kantuak aldatu dituzte.
"Ez dut nahi Moxal zerbait itxia izatea. Entzuleek proposamen batekin topo egitea nahi dut, eta ez pertsona jakin batzuekin"
Promozio orrian diozunez, «bakarrik ibiltzen ikasteko prest» izaten da moxala. Audience uzteko erabakia lotuta dago disko hau egiteko asmoarekin?
Ez, batere ez. Audience bukatu zen lanak ez zidalako uzten taldearen erritmoari eusten. Audience utzi eta gero, ez nekien musika egiten jarraituko nuen, baina Aitor Etxebarriarekin jotzen hasi nintzen [Mintegiak berak zuzendutako Markak dokumentalaren musika aurkezteko], eta asko gozatzen da Aitorrekin jotzen… Audienceren kantuak jotzea ez da erraza, kantu gaitzak dira teknikoki, exijenteak, konposizio lan handia dago, egiturak itxita daude ia modu matematikoan, moldaketa denak oso landuta, entsegu asko dago atzean… Aitorrena beste perspektiba bat da: exijentea da, baina askatasun handia duzu. Aitorrekin berriro disfrutatzen hasi nintzen, eta prozesu kreatiboaren barruko harra berriz esnatu zen. Horri irteera emateko modu bat izan da diskoa. Asko gustatzen zait estudioan egotea, bat-batean soinu edo giro bat sortzea… Hor gozatzen dut.
Nola sortu dira abesti hauek?
Denetarik dago, baina asko sortu dira ordenagailuan saltseatzen. Soinu banku bat daukat, geruzen azpian agian daude Audienceren duela hogei urteko maketa-grabazioak… Gehien bat erritmo edo giro baten bulkada, soinu baten testura izaten da abianputua, eta hortik joaten naiz abestia osatzen.
“Seguru dauenak ez deko grazirik”, diozu “Seguru” abestian. Zalantzan eroso sentitzen zara?
Kostatzen zait seguru edo zehatza izatea musikan, zatiak non hasi eta non amaitzen diren ez da argi izaten, kosta egiten zait ixtea… Gehiago gustatzen zait, bizitzan ere, gauzak nahasirik egotea, nahiz eta batzuetan nahiko nuke argiago eta seguruago ikustea dena. Zalantzan bizi naiz, baina seguru egotea ere gustatzen zait, kar kar…
Itxuraz, Moxalek aldaketa dakar Audiencekiko. Country-rock alternatiboaren arrastorik ez da kasik —“Laguntzeko niri” eta “Haixie gara?” izan daitezke salbuespenak—, eta beste estetika eta hizkuntza musikal batzuk azaltzen dira: trip-hopa, zinemako musika, elektronika, loop-ak, koruak, esperimentazioa…
Eragin horiek beti egon dira hor, baina nik ez nuke hainbeste ezberdinduko Audienceren musikatik. Audience beti izango da nire eragin nagusia. Nire Musikene izan da: hor ikasi dut kantuak sortzen, moldaketak egiten, dinamikak garatzen, jotzen… Niretzat, osagaiak berberak dira, baina proportzio ezberdinetan jarrita. Musikarekin asko flipatzen duzun adin bat izaten da, gauza berri asko deskubritzen duzuna. Nire kasuan, PJ Harvey, Bjork, Nick Cave, Fugazi, Tricky, Neil Young… horiek denak batera deskubritzeak eragin zidan inpaktua betiko geldituko da, osagai horiek beti egongo dira.
Disko honetan, asko eragin dit duela urte asko izan nuen proiektu batek, Zaldiak, Ibon Agirre Bilboko musikariarekin egin nuena. Berak anbiente elektronikoak sortzen zituen, eta nik haiekin nolabait abestiak egiten nituen. Halaber, Ainara LeGardonek azken diskoan [Ainara LeGardon, 2017] erabaki batzuk nola hartzen zituen ikusteak eragin handia izan du. “Zaldikatu #1” abestian, adibidez, nire sentsazioa zen kantuaren %90a eginda zegoela. Uste nuen kantu instrumentala izango zela, baina Ainara hasi zen ahotsarekin bere soinu esperimentazioa sartzen eta kantuaren erdia hartu zuen. Aitorrekin ere ikasi dut sinplifikatzen, baina apustu bat egiteko. Diskoko kantu batzuetan ez dago nire gitarrarik, espazioa zegoen gitarra sartzeko, baina, horren ordez, dagoenari garrantzia eman diogu, horren aldeko apustua egin dugu.
“Audience beti izango da nire eragin nagusia. Nire Musikene izan da: hor ikasi dut kantuak sortzen, moldaketak egiten, dinamikak garatzen, jotzen…”
Iluntasuna eta giro artegagarriak nagusi dira diskoan. “Gure telenobelie”-n lortzen duzu «Gu gara zatoz hona» leloak eragin mehatxagarria izatea entzulearengan.
Ez dut bilatu iluna izatea. Zinemako musika asko-asko gustatzen zait, David Lynchen pelikulak, B serieko filmak…. Hitzetan eszena moduko bat iradokitzen dut, ez dago oso argi zer gertatzen den, pertsonaia gutxi batzuk daude, gela ilun batean gertatzen da… Kantu batzuek funtzionatu dezakete ahotsik gabe, atmosfera bat sortuz, baina gustatzen zait ahotsa narratzaile batena balitz bezala erabiltzea, zerbait kontatzen duena…
Kantu bakoitzarekin ikus-entzunezko pieza bat egiteko asmoa duzu. Irudietan pentsatzen duzu musika sortzerakoan?
Irudietan ez nuke esango, eszena edo sekuentzietan agian bai, baina oso konkretuak dira. Izan ahal da nire bizitzako momentu batzuk fikziora eramanda moduan. Nire sorkuntzaren zati bat oso intuitiboa da, soinuak gustatzen zaizkit notak edo harmoniak baino gehiago, soinuaren eta frekuentzien arteko konbinazioak zer iradokitzen didan, zeren falta sumatzen dudan… hori izaten da abiapuntua. Gero dator lan kontzientea, gauzak ordenatzea, kentzea, egiturak lantzea…
Hitzak eta abesteko era ere oso intuitiboak dira. Diskoko gauzarik original eta intransferibleena dira. Hitzak baldin baditu, kantuak badu nik momentu horretan behar dudan zerbait, niretzat balio duena. Eta abesterakoan, berriz, nire iparrorratza izan da berba egiten dudan moduan abesten saiatzea. Eta, askotan, hitz bat sartzerakoan, pentsatzen nuen nire aitaitak hitz hori erabiliko ote zuen… Agian ez zuen erabiltzen, baina nire oroitzapenean bai. Zalantza une askotan hori izan da heldulekua: agian akordea ez da interesgarria, baina gutxienez hitzak eta esateko era baditu abestiak. Bada zerbait.
Diskoa amaituta, bada berriz entzutean harritu zaituen zerbait?
Diskoa egiteko kapaza izateak harritu nau, kar kar… Oso garrantzitsua izan da Jose Lastraren ekoizpena. Disko honetarako behar nuen beste belarri batzuk izatea alboan, garrantzia zeri eman erabakiko zuen pertsona bat… Erabaki guztiak nik neuk hartu izan banitu diskoan dauden gauza batzuk ez ziren egongo, nire estilo liburuan ez daudelako. Esaterako, nire disko batean sekula ez nuke sartuko erritmo kutxa batekin egindako txalo bat, lar sintetikoa delako, baina Lastrak egin du eta etxean entzun dudanean oso ondo txertatuta dagoela iruditu zait. Lastra horretan oso ona da.
Gernikako Lekuek jaialdian aurkeztuko duzu diskoa. Nola egingo duzu diskoko sonoritate aberats eta konplexua zuzenekora eramateko?
Hirukote moduan ari gara entseatzen Txufo Wilson (zintak, erritmo kutxa, sanplerrak), Jatsu Argarate (baxua) eta hirurok. Diskoa zuzenekora eramaten saiatzen ari gara, eta aurrerago taldea hazi ahal bada, hobeto. Gernikan Gaizka Insunzak ere lagunduko digu. Oraingoz lau bat kontzertu ditugu aurreikusita, ekainean Donostiako Dabadaban izango gara, Forbidden Coloursen jaian, eta Bilboko Kafe Antzokian ere. Gero batek daki. Dibertigarria den bitartean, segituko dugu.