2023.04.21
Gernikako Feline taldeak abiadura izugarria du, bai zuzenean jotzeko orduan eta baita materiala kaleratzeko orduan ere… Duela urtebete eskas lehen erreferentzia argitaratu eta ia Euskal Herri osoa furgonetaz egin ostean, bigarren diskoa aurkeztera datoz oraingoan, Gernikako (Bizkaia) txinatar jatetxetik eratorritako tituluduna: Jan zu. Bertan, estilo ilun eta originala egonkortzen jarraitzen dute, iruditeria sakon eta iluna garatzen dute lan berri honetako sei abestietan, lehen aldiz euskara hutsean.
Ez dago anfetarik eta Norbait hil da hemen bi lehen singleen bideoklipen ondoren, disko osoa dator, ekialdeko inspirazioari jarraiki, Jan Zou jatetxean ateratako argazki berezi eta dotorearekin, eta diseinu garbi eta borobilarekin, letra txinatarrak barne (Gabriel Mendizabal eta Martin Elgezabalen eskutik). Garbia, baita zigiluen laguntzarik gabe taldeak berak ekoiztu duelako Capsulako Martin Guevararen gidaritzapean grabatutako albuma. Banaketa ere eskuz egin dute Bilbotik binilo kutxa paseatzen… Power Records, Brixton Denda… eta DDT Banaketak-en topatu ditugu Ruben Garatea eta Iñaki Iruskieta Baini, eta hantxe lapurtu dizkiegu minutu batzuk lana ezagutarazteko, DDTko lagunen txantxen artean arratsalde pasa ederra igarotzeko. Beraz, gehiegi luzatu gabe, utz diezaiegun haiei diskoa aurkezten.
Disko hau taldea egonkortuta sortu duzue. Zelakoa izan da konposaketa? Nondik dator inspirazioa? Badu alderik aurrekoarekin?
Gu egonkortu, berez, oraindino ez gara egonkortu, oraindino berriak gara, edo hori sentitzen dugu. Abestien konposaketa gehiago egon da taldean eginda, baina ideiak Bainirenak dira, beraz, prozesua antzekoa izan da aurrekoarekin alderatuz. Jarraipen moduko bat da, momentu berdinean harrapatu gaitu. Bazeuden hurrengo disko baterako abestiak aurrekoa argitaratu genuenean. Bainik eta Rubenek diseinatu eta produzitu ditugu gerora abestiak. Ordu asko batera pasatu ditugu, urte bizi izan da, eta nahiko arin joan da.
Bira oparoa egin duzue aurreko lanarekin. Zelakoa izan da esperientzia? Zelan uztartu duzue disko honen lanarekin?
30 kontzertutik gora eman ditugu. Beste taldeekin urte asko pasatu ditugu jotzen eta orain geldoago geunden alde horretatik… Berriz furgonetan bueltaka egotea aberasgarria izan da. Proposamen berri bategaz eta oso gustura. Bitarte horretan konposatzen genbiltzan eta, gainera, Ainhoa kanpora ateratzekotan zenez, 2023ko urtarrilean hasi ginen berbetan aurretik atera behar zuela. Bira erdian, urrian, lauzpabost kontzertu eta asteburu bat libre genuen, eta han deitu genion Martini: «Tarte hau dago? Ba, benga». Askoz prentsatuago, entseatuago joan zen horrela.
Berriz Martinekin errepikatu duzue grabaketan. Zergatik? Zer ematen dizue? Aurrekoan probatu ez zenuten zerbait egin duzue?
Lehenengo diskoa oso erosoa eta aberasgarria izan zen, eta hain denbora gutxira eta jarraipen bat bezalakoa izan denez… Urte bat ere ez da igaro. Horregatik, soinu aldetik ere jarraitzeko. Desberdintasun handirik ez dago: agian hau zuzenekoagoa da. Aurrekoan grabaketa gehiago zauden aparte, orain ia moldaketarik ez dago. Gehienez hiru hartze egiten genituen, eta bi kanta lehenengo hartzean daude grabatuta. Ahotsa gainetik eta ia moldaketa barik. Gitarrak bikoiztu barik, errata eta guzti doaz. Akatsak ere baditu, baina gustuko ditugu.
Lehenengo aldiz disko osoa euskaraz. Zergatik? Zer islatu nahi izan duzue kontzeptualki hitzetan?
Ba, bagenbiltzalako euskaraz idazten aurrekotik, eta Baini konturarazi genuen erosoago zegoela; gero denon artean begiratu eta moldatu ditugu. Zuzenagoa da entzuleentzat. Gehiago transmititzen du. Jan zu-k gure antsietate eta komeria guztiak deskribatzen ditu. Abestiak denak doaz apur bat gai ilunegaz baina nahiko sakondu barik. Bainiren konfinamendua, alboko emakume baten irudimenezko suizidioa, kutsu zinematografikoa…
Lehenengo aldiz ere autoeditatu duzue. Zergatik? Zer formatutan argitaratuko da?
Ikusten genuen errazena zela, azkenean. Kostatzen zaigu antolaketa guztia; ikusi genuen dirua genuela, eta horrela pentsatu genuen, baina ez kolektiboan ez dugulako sinisten. Geuk egin eta geuk jan. Banaketa ere geuk: badakigu lan gehiago dela, baina motibatuta gaude, gustatzen zaiguna da. Diskoa hamabi hazbeteko biniloan argitaratu da.
Etengabeko erritmoa darabilzue proiektuarekin. Ez ahal da nekeza garai hauetan? Lanak, bestelako proiektuak… Etorkizunean ere horrela jarraitzeko asmoa duzue? Ze plan dituzue? Birarik egongo da, aurkezpenik…?
Nekeza da, gripeagaz nago momentu honetan. Baina deskantsatu ere egin dugu. Guk hau egiten dugu musikan sinesten eta maite dugulako. Fisikoki nekatzen zaitu; horregatik, hilabete batzuez gelditu gara. Azkenean, urte asko daramatzagu taldeetan, eta hau zaindu nahi dugu. Ekainaren 9an lehenengo kontzertua emango dugu, eta gure asmoa uda osoan jotzea da, berriz nekatu arte.
Deskribatu abesti bakoitza: