Elkarrizketa

Mikel Izarra

2018.02.01

Mikel Izarra

“Disko honetan aurrekoaren kontrakoa egin nahi genuen”

Elkarrizketa: Ander Pikowsky (Aizkorak Zorroztu)

Aizkorak Zorroztu duela urte batzuk ezagutu nuen, Irola Irratian. Hiru lagun, hitzaren zentzu osoan. Lotsatiak, hitzaren zentzu politenean. Musikazale amorratuak. Denbora pasata, eta lehen diskoa prestatzen zeudelarik, lokalera gonbidatu ninduten entzutera. Harritu ninduen musikak, bai, baita gauza gehiagok ere. Lokal bikaina zuen hirukoteak: Rickenbaker baxua, Moog sintetizadorea, grabatzeko behar zen guztia, gitarrak leku guztietan… Noski, gero kontatu zidaten bizitza oso bat daramatela honetan, baina proiektu askok lokaleko atea ere ez dutela zeharkatu. Zoritxarrez, hori gertatzen da askotan gaur egun.

Aizkorak Zorroztu ona

Fermin Muguruza eta Duten abesti batetik hartu zuen izena Aizkorak Zorroztu taldeak. (Peter Watson)

Azken proiektu honekin bi disko kaleratu dituzte jada: Apur nazazu (2016, autoekoiztua) eta Arkitekto mental baten paranoia kronikoa (2017, autoekoiztua). Soinu gogorrak euskarazko hitzekin gustuko badituzu, taldearen amua irentsiko duzu, eta estilo gehiago entzutera eramango zaitu. Datorren larunbatean Zazkel taldearekin aurkeztuko dute lan berria Bilboko Nave9 aretoan (Itsas Museoko taberna). Ander Pikowsky baxu jotzaile eta abeslariarekin egon gara, ea sekreturen bat ateratzen diogun.

Beti ikusi izan dut zuen taldean gauzak egiteko modu eta erritmo propio bat, besteei men egin gabe, zer esanik ez gaurko industriak jarritako epeei. Ihes egiteko era bat da zuentzat?
Ez du zertan… Aurreko proiektuekin eta Aizkoraken lehenengo diskoarekin ez dugu lan hori egin. Orain bai, aurkezpen kontzertu bat egingo dugu, sarrerarekin, hedabideetan gehiago mugitzen gabiltza… Dena apur bat pentsatuagoa da. Orain arte apur bat “irtetzen dena” zen. Bigarren diskoarekin gauzak argiago daude. Izan ere, hirugarren diskoa zelan egin nahi dugun buruan dugu iada. Ibilbide progresibo bat dela esango nizuke. Kontxo, talde bat hogei urterekin ez da birritan edukitzen eta gauzak gutxika ikasten goaz! Horretan arrazoi osoa duzu, gauzak apur bat gure erara egiten ditugu.

Disko hau izenburutik beratik murru bat da, nahaspila bat, ‘Arkitekto mental baten paranoia kronikoa’… Prozesua ere horrelakoa izan al da?
Lehen diskoa grabatu genuenerako abesti hauek konposatuta zeuden. Gertatzen dena da geldiune bat egon zela zeinetan gure bizitza pertsonaletan gauza oso garrantzitsuak gertatu zitzaizkigun. Denoi gainera. Ni pertsonalki hurbilago sentitzen nintzen bigarren diskoko musikatik lehenengotik baino. Disko bat ateratzen duzunean, ondo mugitzeko sentitu egin behar duzu, sinetsi diskoan. Guk ez genuen askorik mugitu. Abesti gehiegi zeuden, esan dizudanez ez zen gure momentu pertsonalik onena… Disko hau 2017ko hasieratik lantzen ibili gara: moldaketak, diseinua… Eta kaleratzeko datak hurbildu diren heinean kolaborazioak eta bestelakoak gehitu ditugu. Ez zegoen plan zehatz edo argi bat.

Eta konposaketa moldatzen joan da prozesu horretara?
Bai, lehen diskoan zuzeneko soinua nahi genuen jaso estudioan. Baina uste dugu abestiak horrela mugatu egiten dituzula, eta ez dira hazten. Disko honetan berdina pasatuko zen sentsazioa geneukan, beraz, musikari gehiagoren lankidetzan pentsatu genuen. Moldaketak geroago etorri ziren. Zortzi abesti zeuden aukeratuta. Adibidez, “Piztia”-ri ‘Santana ukitua’ eman nahi genion perkusio jotzaile batekin, tronpetak sartzerakoan Otis Redding genuen buruan… eta horrela esan genien Havana 537-ko lagunei. Gero Fermin Muguruzaren ahotsa gehitu genuen… Baina batez ere Havana 537-k eragin gaitu, tres kubatarra sartzen hasi ginen… Hile baten bueltan abestiek funtzionatu ez ezik, beste bat ziruditela ohartu ginen.

Ferminena harrigarria izan zen. Bakoitza berera geunden, alde zaharreko Muga taberna mitikoan jaten. Eta ni, noski, denbora guztian harremanetan jartzeko modua bilatzen, izan ere, Aizkorak Zorroztu izena erabiltzeko baimena eskatu genion aspaldi. Azkenean, deskuido bat aprobetxatuz, berbetan aritu ginen eta nire hitz jarioak funtzionatu zuen, amets bat egi bihurtu ahal izan genuen. Oso hurbila izan zen, lokalera etorri zen grabatzera, gero Nave9n egon ginen berarekin bazkaltzen… Baita Kortaturen gitarra jo ere!

“Disko honetan gauzak argiago daude, eta hirugarren diskoa zelan egin nahi dugun buruan dugu iada”

Horregatik jarraitu duzue lokalean grabatzen, askatasunagatik?
Noski, estudioak garestiak dira eta gainera denbora mugatua daukazu. Mikelek (gitarra) grabatzen dakienez, munduko denbora guztia daukagu. Hala ere, epeak ezarri ditugu. Batez ere, Ferminen kolaborazioagatik itxaron dugu. Urrian nahasketa amaitu genuen. Lokalean goizeko bostetan amaitu eta gero zortziretan Garate estudioan geunden, Kaki Arkarazok masterizatu zezan. Baina tronpeta aste bat lehenago baino ez zen grabatu. Beraz, ikusten duzunez, azken momentura arte.

Ez zenuten abestiok okertzeko beldurrik?
Egia esan, ildo hori zuten hasieratik. Argi genituen perkusio konkretu batzuk, haizeak… Ez da izan estilo bat edo bestelako musikariekin topo egin eta kidetasunagatik kolaboratzea. Bilatua izan da. Havana 537 Euskadi-Kuba elkartearen bidez ezagutu genuen, mota horretako perkusio bat nahi genuelako. Zazkel asko gustatzen zaigun taldea da, jarraitzaile sutsuak gara. Bagenekien Irati eta Etxahunen koruak paregabeak izango zirela. Eta Hammond organoa “Piztia” abestirako oinarrizko pieza bat zela argi geneukan. Kolaborazio nahiko bilatuak izan dira.

Zelan ikusten duzue musika mundua?
Nire ustez, lan asko egin behar da mundu horretan toki bat egiteko. Ez dakit zelan izango den diskoetxe batekin lan egitea, baina guk proiektua autogestionatzen dugu eta gogo handia eduki behar da. Autokritika gutxi dagoela uste dut ere. Adibidez, argi dago kontzertu bat antolatzen baduzu eta ez badiozu promozio nahikoa ematen ez dela jenderik agertuko, beraz ez kexatu. Gu askotan kexatu gara proposamen edo aukera faltaz, baina esperientziaz ikusi dugu agian gure eskuetan zegoen guztia ere ez genuela egin, edo hobeto landu ahal genuela. Askotan gauzak magiaz gertatzea espero dugu, baina lan asko egin behar da, zurean sinetsi eta saiatu.

Lehen musikaren alde sozialaz hitz egitean horregatik esaten nuen: ez daukazue lotsarik gustatzen zaizuen jendearekin kontaktuan jarri eta kolaboratzeko. Aurreko diskoan ere Educados eta Yellow Big Machinerekin…
Kolaboratzekoa musika partekatzeagatik da, diskoa beste musikariena ere izateko eta taldeari zeozer berria emateko, musikari dagokionez zein beste arlotan, baita pertsonalean ere. Ferminena, esaterako, amets hutsa da. Ia konposatuta dugun hirugarren diskorako ere ideia aparta bat daukagu, baina oraindik ezin dezaket ezer esan.

“Autokritika gutxi dagoela uste dut. Gauzak magiaz gertatzea espero dugu, baina lan asko egin behar da, zurean sinetsi eta saiatu”

Shakira ziur! Eta diskoaren detaileei buruz zer? Masterra, diseinua… lan oso zaindua da.
Lehenengoren kontrakoa nahi genuen. Aurrekoa luzeegia da? Ba hemen abesti kopuru erdia. Diseinuan ere buelta bat eman nahi genion Smoke Signalseko Markelen eskutik, eta egia esan, oso pozik gaude. Oso gustura aritu gara berarekin lanean eta emaitza asko gustatzen zaigu. Hitzen erreferentzia pila sartu ditu “Txarriboda”-ko txerriarekin, Uma Thurmanen bere Tarantino ukituarekin… brutala da. Letretan ere aldaketa bat dago: ironia gehiago, umore gehiago, abestiak kantatzen ondo pasatzeko gogo gehiago… Aurrekoarenak kabroiagoak ziren. Baina beno, honetan ere kritika asko dago: mistika moderno eta txarto ulertuari “Supermistika”-n, “Txarriboda” gure tradizio basatienetako bati buruzkoa da, “Doktrinamendu merkea” izenburuak berak dio…

Eta alde musikalean? Abiadura apur bat jaitsi duzue, ezta?
Bai, nik pertsonalki horretatik ihes egin dut. Lehen diskoa apur bat “ea zer gertatzen den” moduan hartzen dut, honetan gauzak argiago daude. Hirugarrenean zer gertatuko den inork ez dakien arren, mugarik ez baitugu jartzen, hemen apur bat oinarria finkatu egiten da. Baina bai, estandarretik irteten saiatu gara eta konpasekin jolastu egin dugu bost bider lau bat edo sei bider zortzi bat sartzen. Honek, gu musikari handiak ez izanda ere, egiturak aldatzera bultzatu gaitu, riffetan eragina du, abestiak erritmikoagoak bilakatzen ditu…

Zer kontatu dezakezu aurkezpen kontzertuaz?
Ba oso dibertigarria izateko hainbat faktore daude: Zazkel egongo dira, Itsas Museoko tabernan da, Smoke Signalsen kontzertu afixen erakusketa egongo da… Eta gainera Bertso Hopa egingo dugu. Oso sekretua den arren, Enaitz Landaburu sukaldariaren eskutik Eustaquio Venegasek 1927an famatu egin zuen tradizio bat errekuperatuko dugula esan dezaket. Diskoa ere han egongo da eskuragarri eta perkusio jotzaile kubatar bat egongo da gurekin, Zazken eta beste hainbat lagunen kolaborazioez gain.

Aizkorak afixa

Eta etorkizunerako zer plan duzue diskoarekin?
Asmoa da ekitaldi hau Zazkelekin eta Pintxo Hoparekin leku gehiagotara eramatea. Ea aretoren batean sar dezakegun, eta data asko ez badira ere, kuadrila honekin aritzea gustatuko litzaiguke.

Bukatzeko, gomendatu disko puxka hau BADOKeko irakurleei.
Zer edo zer ezberdina entzun nahi badute, ez hain tipikoa eta euskaraz… gustatuko zaie. Estilo aniztasun handia dago eta osagai oso ezberdinak, beraz, gustu oso ezberdinak dituen jendeari gustatu ahal zaio… Arranopola, ze zaila den norbere diskoa “saltzea”!

ETIKETAK:Aizkorak ZorroztuFermin MuguruzaKaki ArkarazoKortatuZazkel