2014.12.04
Hamazazpi urte egin ditu Anger taldeak. Lau kideetatik hiru —Arkaitz Biain (ahotsa), Beñat Unzueta (gitarra) eta Ekain Zubizarreta (baxua)— hasieratik daude taldean, eta Iban Morales bateria jotzaileak azken hiru diskoetan parte hartu du. “Oso lagunak gara. Musika estilo ezberdinak ditugu gustuko, eta eztabaidatxoak izaten ditugu, baina beti dago erdigune batera iristeko jarrera”, azaldu du Arkaitz Biainek. Bera da kantuen konpositorea ere. “Oinarria nik sortzen dut ia beti. Ez naiz kapaza gitarra bat grabatzeko, baina ideiak ateratzeko bai. Horrek ez du gura esan nire ideia izango denik beti abestian islatuko dena. Batzuetan lokalean beste mutazio bat sortzen da, eta horrek egiten du interesgarri prozesua. Ez dago ezer aurrez finkaturik, dena irekita dago lokalean. Ez diogu estilo zehatz bati ezer zor”.
Hain zuen, hastapenetatik metala, rapa edota hardcorea eskutik helduta joan dira Angerren kantuetan, eta musika beltzak ere arrastoa utzi izan du, baina inoiz ez Sute perfektua-n (Bonberenea Ekintzak) bezain nabarmen. “Gure ispilua, zentzu batean, fusioa garatu duten taldeak dira: Negu Gorriak, M-ak, Bap!!, Faith No More, Bad Brains… Gu crossover talde bat gara, filosofiaz”. Karlos Osinagarekin grabatu dituzte lan berriko hamar kantuak, tartean Ruper Ordorikaren “Zaindu maite duzun hori”-ren moldaketa bat, eta ohi bezala, hitz mamitsu, kontzientzia astintzaile eta deserosoekin osatu dituzte doinuak (hau ere ohitura, kanta bakoitzaren osagarri, elkarrizketa, liburu edo blogetan irakurritako aipuak bildu dituzte, besteak beste Gorka Urbizu, Joxan Artze, Karmele Igartua eta Oier Guillanenak). Angerrek Durangoko Azokako Ahotsenea eremuan joko du larunbatean, abenduak 6, 11:40an.
Sute perfektua izango da Angerren azken diskoa?
Izan leike. 2015ean egingo ditugu aurkezpen kontzertuak eta 2016an lozorroan sartuko da taldea. Ez dakigu esnatuko den berriro, Ekainek aita izan behar du, 17 urte daramatzagu honetan, beste lehentasun batzuk nagusituko dira agian, eta gutariko bat falta baldin bada ez dugu ikusten taldearekin segitzea… Teknikoki lozorroan geldituko da, eta hemendik urte batzuetara bururatzen bazaigu disko bat, dokumental bat edo remix bat ateratzea, egin egingo dugu. Aurreko urtarrilean planteatu genuen 9 hilabetetan sortuko genituela kantuak, udazkenean grabatuko genituela eta gero urtebete hartuko genuela zuzenean aurkezteko.
Eneko Barberenak bere blogean idatzi du Anger dela ezagutu duen kultur egitasmo koherente eta zintzoenetakoa. Zer arrazoi izan dezake hori esateko?
Laguna da Eneko, eta hasiera-hasieratik taldearen aldamenean egon da. Koherentea, zer da koherente izatea musikaren mundu honetan? Nik uste dut sormen askatasunarengatik izan daitekeela, joera edo moda konkretu batek ez gaitu behartu era batekoak izatera, ez estetikoki ez musikalki. Bestetik, ez talde moduan baizik eta pertsonalki, taldekideok izan dugu aukera taldea eremu batera eramateko eta ez dugu egin. Ez gara baliatu izan ditugun botere aukera batzuez.
Adibidez?
Harreman pertsonalak erabiltzea kontzertuak lortzeko, ez dakit zein kolektiborentzat abesti bat egiteko… hori ez dugu bilatu. Hasten den momentutik guretzat da gure sormen lana, gu asetzeko. Horrekin koherenteak izan gara. Bestetik, inbolukratu gara gizarteko sektore batzuetan, bai musikalki bai pertsonalki, kultura ere ikusten dugulako eraldaketarako bide moduan. Mezua bera, sortzen duzuna, arte adierazpen moduan, beti izaten da egoera baten inguruko irakurketa bat egiteko, eta gu beti izan gara fidelak irakurketa bat egiteari. Zilegi da loreei eta animaliei kantatzea, baina guk aprobetxatzen dugu aukera hori gure testuingurua islatzeko, gu testuinguru horren parte izanda. Gu ere hor barruan gaude. Saiatzen gara gauzak esaten hausnarketa baterako, eraikitzeko, ez suntsitzeko. Inportantea hemen deseroso sentitzea da. Gai batekin deseroso sentitzeak eragiten du aurrera egitea, palanka bat da. Eroso bagaude ez dugu ikusiko zer ari den gertatzen gure aurrean, aldamenekoak zer duen…
“Taldea lozorroan sartuko da 2016an, eta ez dakigu esnatuko den berriro. Gutariko bat falta baldin bada, ez dugu ikusten taldearekin segitzea”
“Zoriz eta erabakiz minoritario” izan zaretela zioen ere Eneko Barberenak. Horrela da?
Berriz ere ausartuko naiz amamarik ez dudala demostratzera. Arrasaten antolatzen den Elkartasun Egunean 80ko hamarkadako bertsioak jo izan ditugu, eta badakigu zer den arrakasta izatea, badakigu zelan heldu publikoarengana Tina Turner, Orquesta Mondragon edo Alaskaren bertsioekin. Ikusi dugu. Guk aukeratu ahal genuen bide hori, aukeratu genitzakeen elementu batzuk arrakasta edukitzeko, ikusi dugulako merkatuan eta kalean zer joera duten elementu horiek. Badira bertsioak egiten hasi eta gero kantu propioekin diskoa atera duten taldeak. Baina ez gara saiatu horretan. Zelanbait heltzen bai, baina badakigu gure elementuak ez direla popularrak. Ez esaten duguna, ez jotzen duguna. Minoritario izatea ez da erabaki bat, ondorio bat baizik. Minoritarioak izango ez bagina, tontotuko ginateke eta iparra galduko genuke ziurrenik.
Hain zuzen, “garrantzitsu izan nahiaren obsesioaz” ohartarazten duzue diskoa irekitzen duen kantuan, “Nork hil zuen Kurt Cobain?”. Euskal Herrian taldeak jainkotzeko arriskurik dago?
15-16 urterekin hasi ginen eta denetarik ikusi dugu. Pertsona bakoitzaren kontua da, baina badira katalizatzaile batzuk. Eszenatoki batean egoteak, arrakasta edukitzeak —arrakasta edukitzea ona da, neurri batean bederen— katalizatzen ditu jarrera batzuk. Eta jendeak ez dakiena da eszenatokitik jaisterakoan beste edozein pertsona bezalakoa dela, eta egokitu behar dela testuinguru horretara. Edozein arlotan gerta daiteke hori: musikan, kirolean, politikan, familian… Beti dago arriskua bestea gainetik begiratzeko. Eta musikagintzan famak, onespenak emozionatu egiten gaitu batzuetan. Eta jarrera batzuk ez dira onargarriak. Guri gertatu zaigu soinua probatzen ari ginen bitartean beste talde bateko bateria jotzaileak bateria probatzen ibiltzea. Hor badago mespretxu bat, nahita edo nahi gabe egindakoa. Botere joko bat da, esparru askotan gertatzen dena.
Gizartearen gaineko kontrola eta herritarron konformismoa dira diskoan gehien azaltzen diren gaietako batzuk, baina zer da sute perfektua?
Sute perfektua da kapitalismoan bizi dugun eguneroko bizitza. Sute horrek dena erretzen du, dena uzten du beltz, eta gainera antzematen zaila da. Sute borobila izan ahal zen, baina borobila perfektua baino hitz perfektuagoa da, eta horregatik jarri dugu perfektua, pixka bat inperfektu sonatzen duelako. Nahi genuen esan sute perfektuak perfektua izan arren baduela aterabide bat: bizitzen ari garenaz konturatzea eta horri buelta ematea. Sute perfektu horretan hegemonia bat dago, kulturala ere bai, esaten diguna zer egin behar dugun, zer maitasun edo sexu joera eduki behar dugun, zer musika edo kultur edukia aukeratu behar ditugun… Marko honen barruan sartzen den guztia kontsumitzen duzu eta kito. Gainera, sinestarazten dizute sute perfektu horren kontra joan ahal zarela, gerra deklaratu ahal duzula, baina deklaratu dezakezun gerra bakarra su artifizialak dira, sute perfektu honek arazorik gabe asimilatzen dituena.
Arriskuak eta beldurrak saltzen dizkigute, eta gero segurtasuna eskaintzen digute arrisku horretarako. Baina ustez arriskuak direnak aukerak izan daitezke. Eta gerta daiteke ematen diguten segurtasuna kontrakoa izatea, gu are gehiago hondoratzeko edo menpekoago bihurtzeko arriskua.
“Lauburu Tea Party”-n gogor jotzen duzue EAJren kontra: “berunik gabe tiro egiten duen Gure Gauza”
Gure Gauza, Cosa Nostra… Zuk jarri diozu izena kolektibo horri. Sinisten dugu Euskal Herrian badela eskumako mugimendu bat helburu oso pertsonalak dituena, Cosa Nostra horrentzat onurak bilatzen dituena, eskrupulurik gabe. Herrien etorkizuna hipotekatzen dute, kutxa batek eduki beharko lituzkeen helburu sozialak hipotekatzen dituzte… eta folklorearen izenean estaltzen dira gauza horiek, folklorearen alderdirik txarrena hartuta: geruza bat ipinita, pozik uzten dute oinarri soziala, baina bildukiaren barruan dagoena lukro propioa da. Boterea baliatzen dute gauza propioetarako. Agian gure obsesio partikularretako bat izan daiteke EAJ, iruditzen zaigulako ez dela batere garbia.
“Sute perfektua da kapitalismoan bizi dugun eguneroko bizitza. Sute horrek dena erretzen du, dena uzten du beltz, eta gainera antzematen zaila da”
Musika beltzaren eragina handia da hainbat kantutan: “Sutan, Hollywood sutan”, “Lauburu Tea Party”, “Errealitateak lo aurkituko gaitu”…
Hasierako maketatik daukagu raparen eragina, kantatzeko moduan. Umetatik nire bi eragin nagusiak hardcorea eta rapa izan dira. Orain hori dena loratzeko aukera egon da disko honetan, lehertu egin da nolabait. Espazioa eman diogu, gauzak probatzen ibili gara, lehen funk zatiak distortsioarekin sartzen genituen eta orain garbiagoak dira… Eragin progresiboa izan da.
Ruper Ordorikaren “Zaindu maite duzun hori” kantua moldatzean arriskua hartu duzue, klasiko bihurtu den esangura handiko kantu bat izateaz gain, elektro esparrura eraman duzuelako.
Ez dugu jendearengan pentsatu. Historia egin duen kantua izateak edo izan zezakeen oihartzunak ez du mugatu gure aukera. Kantua asko gustatzen zaigu, eta Ruper elementu moduan ere asko gustatzen zaigu; estilistikoki beste muturrean gauden arren guretzat eredu bat da. Elkartasun Egun batean jo genuen, modu dantzagarrian, eta funtzionatu zuen asko. Geroago gure pare bat kontzertutan ere jo genuen, eta guai. Diskoa sortzen ari ginenean, letraren aldetik ondo egokitzen zen, argitasuna ematen dio diskoari, nahiz eta ilunetik ere baduen, eta grabatu genuenean ondo geratu zela uste dugu.
Badakizu Ruperrek entzun duen?
Diskoa Jonanek [Ruper Ordorikaren anaiak] masterizatu du eta imajinatzen dut ipiniko ziola. Ez dugu esperori berari gustatzea ez ezer. Gure azukre koxkor propioa sartu dugu eta kito.
“Karlos Osinaga zen gure ildoa ulertu eta hazten lagundu ahal zigun pertsona aproposa. Deskubrimendu garrantzitsua izan da”
Karlos Osinagarekin egin duzue lan lehen aldiz.
Aurreko diskoak Josema Linazasororekin grabatu ditugu, asko ikasi dugu harengandik, baina heldu zen puntu bat erosotasunari muzin egiteko erronka bat behar genuela. Karlos Osinaga ez genuen asko ezagutzen pertsonalki, baina bai bere lana: Kuraia, Dut, Kashbad… guretzat erreferenteak izan diren disko asko egin ditu. Pertsona aproposa zen erronka horretarako, gure ildoa ulertu eta hazten lagundu ahal zigulako. Lortu du lan egiteko giro berezi bat sortzea. Bere izaeraren parte izango da, baina oso giro ona sortzen du lanerako, eta prozesuan zehar gauzak erraz irteten dira, lasaitasuna transmititzen du. Ideiak ekartzen ditu eta ez du inongo mugarik jartzen, gustatzen zaio esperimentatzea, irekia da. Teknikoki oso tipo potentea da. Deskubrimendu garrantzitsua izan da, prozesua eta emaitza oso satisfaktorioak izan direlako. Eta pertsona oso jator bat ezagutu dugu.
MusikHerria, Bonberenea Ekintzak.. autoekoizpenaren alorrean beti. Diskoetxeek ez zaituzte erakartzen? Izan duzue harremanik?
Euskadi Gazteako maketa lehiaketan bigarren sailkatu ginen, Bilbao Hiria lehiaketan Europako 12 talderen artean sailkatu ginen metal arloan, Gara-k diskoa atera zigun… Imajinatu, 18 urterekin emozionatu egiten zara. Nire kasuan, Esan Ozenki erreferente bat zen orduan, taldeengatik, dinamikagatik… Esan Ozenkik disko bat ateratzeko taldea fitxatzea gauza handia izango zela pentsatzen nuen, baina gero konturatzen zara hori ere ez dela eredua. Denborak erakutsi du bidea beste bat ere izan daitekeela, autoekoizpenarena. 18 urterekin bidali genuen maketa diskoetxeetara, baina ez dugu bide hori jorratu. Iker Barandiaranek esaten digu diskoetxe batean egon gintezkeela lasai asko, baina zintzoki, ez dakit hori hala den.
Ona deritzozu autoekoizpenak horrenbeste pisu izateari gaur egungo ekoizpenean?
Bai, taldeak ahaldundu egin direlako euren lana aurrera ateratzeko esfortzu handiarekin eta bitarteko gutxirekin. Ikasketa prozesu bat da. Edozein erronka aurrera eramateko gaitasuna izatea, eta ez derrigor hirugarren baten eskuetan uztea alderdi batzuk, oso positiboa da pertsona eta komunitateetan. Horrek elkarlanerako eta autoeraketarako aukera gehiago ematen ditu. Bestetik, norabide horretan doazen talde batzuk loratzeko aukera dago. Esaterako, atzo bertan Rolling Stone aldizkariak saria eman dio Belakori. Ez dut esango hori denik lorpenen muga, baina horrelako talde batek autoekoizpenetik hori lortzeak asko esan gura du. Horrelakoak gertatzea oso interesgarria da.