2025.01.16
Dena Oskol diskotik sei urte pasa ostean, iazko azaroan argitaratu zuen Izaki Gardenak talde gasteiztarrak Orube deituriko lan berria. Jon Basagurenek (Gasteiz, Araba, 1984) gidaturiko taldeak, orube kontzeptuaren baitan, orain arte azaleratu gabeko soinu eta eragin desberdinez osaturiko zortzi abesti berri eskaini dizkigu bertan, eta beraiek zuzenean aurkezten hasiko dira, bihar, urtarrilaren 17an, Hendaiako Boerderline Fabrikan hasiko duten bira honetan. Biraren aitzakian, Orube-ri buruz gehiago jakiteko elkartu gara Jonekin, eta kontatu digunez, gauzak berriak probatzeko nahia izan du oraingoan, baina horrek ez du esan nahi urteetan zehar entzun ditugun Izaki Gardenaken ezaugarriak guztiz baztertu dituenik… Ondorioak ateratzeko, onena, diskoa entzun eta gozatzea, ez zara damutuko.
Azken urteetan Pasadena taldearekin nahiko aktibo egonda, sorpresa ederra izan da Izaki Gardenaken itzulera. Noiz sentitu zenuen disko berri bat egiteko momentua zela?
Denbora honetan zehar beti izan dut presente Izaki Gardenak, baina geldialdia hasi genuenean argi neukan denbora tarte baterako izango zela. Dena oskol diskoaren bira hasi genuenean, oso ondo zihoan dena, bira Madril, Bartzelona eta beste toki batzuetara zabaltzera gindoazen, baina pandemiaren ondorioz dena izorratu zitzaigun. Pandemian kontzertu batzuk eskaini genituen, baina gelditzeko momentua zela sentitu nuen, energia gabe geratu nintzen. Ezin nuen nire kanta propiorik idatzi, ez nuen aurkitzen modurik, eta testuinguru horretan sortu genuen Pasadena. Tartean, denbora pasa da, disko bat, EP bat, kontzertuak… ondo aprobetxatu dugu denbora. Gauzak horrela, 2023. urtean, berriz ere Izaki Gardenak martxan jarri eta beste disko bat sortzen hasteko indarrekin sentitu nuen nire burua.
Azaroan kaleratu zenuten Orube. Zer nolako erantzuna ari da izaten? Zein izan da zaleen eta gertukoen feedback-a?
Durangoko Azokan izan ginen egunero eta batez ere bertan jaso genituen jendearen iruzkinak eta iritziak, orokorrean era positiboan jaso dute soinu berria. Pentsatzen dut kontzertuetan nabarituko dugula kantu berri hauek eta zaharrek zer giro sortzen duten, nola hartzen dituzten entzuleek.
Proiektua zuk sortu zenuen arren, talde formatuan funtzionatu duzue hasieratik. Zure proiektu pertsonal edo talde moduan ulertzen duzu Izaki Gardenak?
Nire proiektua izan da betidanik, baina soinu aldetik, beti bilatu dut rock talde baten formatua, eta beti iruditu zait garrantzitsua taldean daudenek beraien espazioa izatea. Hasieran, taldekide batek ezin bazuen taldean jarraitu edo taldea uzten bazuen, oso traumatikoa egiten zitzaigun, baina gaur egun, era naturalagoan bizi dut egoera eta errazago ematen dira aldaketak. Bizitzan gauzak aldatzen joaten dira eta onartu egin behar da. Aldaketak aberasgarriak izan daitezke eta ez dute zertan negatiboak izan.
Eta zeintzuk dituzu alboan oraingoan?
Diskoan Joseba Baleztena (gitarran), Danilo Foronda (baxua), Dani Arrizabalaga (bateria) eta Libe Garcia de Cortazar (teklatuak, ahotsa) izan dira partaideak. Ander Sevilla ere hor izan zen, ekoizpenean asko bat lagundu zigun. Zuzenekoetan berriz, Danilok ezin izango du egon eta bere partez, Gasteizko Duluth folk-rock taldeko Aitor Agirre arituko da. Oso pozik nago izango dudan taldearekin.
“Country ikutuak alde batera utzi eta efektu asko erabili ditugu: delayak, chorusak, efektudun gitarrak… 80.hamarkadako soinua bilatu dugu; garai hartara naramate abestiek niri behintzat”
Nola planteatu zenuen bere konposizioa?
Ez neukan gogorik eraginak eta soinuak errepikatzeko, beste alderdi batean sakontzea bilatu nuen. Aurretik, americanaren soinuari eta giro horretako konponketei erreparatzen nien asko, Estatu Batuetako eragin handia nabari zen nire musikan, baina oraingoan horrekin mozteko nahia izan dut eta inguruko edo Erresuma Batuko soinuei erreparatu diet gehiago. Aspalditik entzuten ditut The Cure edota The Smiths bezalako taldeak, baina orain arte nire soinuan agertu gabeak ziren. Country ikutuak alde batera utzi eta efektu asko erabili ditugu: delayak, chorusak, efektudun gitarrak… 80.hamarkadako soinua bilatu dugu; garai hartara naramate abestiek niri behintzat.
Zer adierazi nahi izan duzu Orube izenburuarekin?
Diskoan pentsatzen hasi nintzenean, oraindik kantarik ere ez neukanean, orube kontzeptua neukan. Koaderno batean idatzi nuen eta hortik etorri zen “Orube” abestian diodan “orube zakar bat, ez dut asko behar”. Aurreko guztiarekin ahaztea nahi nuen eta agian horregatik behar izan dut horrenbeste denbora. Abestiak beste posizio, ideia eta soinu batekin egiteko beharra neukan. Orubea askatasun puntu hori da, ez dago ezer eraikita, pobrea izan daiteke, hotza egiten du bertan eta ia erortzen zaizu gainera, baina era berean zu zeu hasi zaitezke eraikitzen eta zerbait berria sortzen. Hortik doa diskoaren kontzeptua.
Aipatu duzun moduan, diskoaren lehen entzunaldietan aurretik izan duzuen nolabaiteko pop-rock/americana soinuetatik dezente aldenduta zegoela iruditu zitzaidan, baina geroz eta gehiago entzun joanda, Izaki Gardenaken esentziak bertan dirauela iruditu zait. Aldaketak aldaketa, melodiek, erritmoek eta zuen abestien goxotasunak hor jarraitzen dute.
Bai, oinarria berdina izango da beti, baina abestiak interesgarri eta desberdin egingo duten zerbait bilatzean dago gakoa. Abesti bat idatzi ostean, behin baino gehiagotan izan dut kanta berdina beste hitz eta melodia batekin egina izan dudan sentsazioa eta hortik dator aldaketa bilatzearena eta Oruben, beste soinu bat bilatu dugula da desberdintasuna nire ustez. Atentzioa deitu eta gustuko izango genuen zerbait bilatu dugu, baina era berean, baita fresko eta alerta mantentzeko ezaugarri berriren bat izan zezala ere. Deseraikitzea izan da helburua, orube bat bilatu eta berriro hastea.
Azken lanek baino giro elektrikoagoa du diskoak, rockeroagoa; kutsu akustiko txikiagokoa. Taldearen hasieren parte izan ostean, Joseba Baleztenaren itzulerak ere izan dezake eraginik honetan?
Bai, Josebak ere asko du soinu horretatik eta lagundu zuen horretan. Lehen bi diskoen parte izan ostean polita izan da Joseba bueltan edukitzea. Grabazioan, oso sotil geratzen diren hainbat konponketa egin zituen gitarrekin eta nik ere bide horretatik jo nuen; aurreko diskoetan beti akordeak jotzen nituen, baina oraingoan konponketa desberdinak grabatu nituen eta bion gitarrak nahasten dira diskoan. Kantuak entzuten dituzunean, ez da asko igartzen gitarrak berak edo nik grabatuak diren, baina diferenteak dira eta gure ohiko lekuetatik pixka bat aldenduta ibili garenez, beste giro bat hartzen dute. Fijatzen bazara ez dago gitarra solorik diskoan, beste era batera jantzi genituen abestiak. Oso ondo ulertu zuen kantuen kontzeptua Josebak, ohikotik at beste zerbait eskatzen zioten abestiek eta bikain moldatu da. Kantuen eta kontzeptuaren mesedetan egin du guztia.
Teklatu eta sintetizadoreetan ere lan handia antzematen da, atmosferak sortzerakoan garrantzia handia dutela iruditu zait. Melodiez gain, tentsio momentu ugari sortzen dituzte, aurreko lanetan baino siniestroagoak iruditu zaizkit orokorrean.
Aurreko diskoetan, melodiak indartzeko koltxoi deitzen ditugunak sartzen zizkien Libe-k abestiei, eta oraingoan ere badago horretatik, baina beste soinu batzuekin. Kantuei puntu berezia ematen dien zati asko daude teklatuetan eta Gauerdian goibel dantzan bere hasierako zatiari tiraka konposatu genuen adibidez. Oruberen kontzeptuari asko aportatu dio Libek eginiko lanak.
Parte hartu dituzun azken proiektuen (Pasadena, Libe) eragina izan daiteke?
Betidanik gustatu izan zaizkit horrelako soinuak, baina egia da normalean argitasunera jo izan dudala. Oso poperoa den alderdi bat dut eta orain arte hori azaleratu izan zait gehienbat nire estruktura eta melodietan. Hala ere, gustatzen zaidan musikak beti du puntu ilun bat, eta hitzak idazterakoan ere nolabaiteko puntu dramatikoa izaten dezaten interesatzen zait. The Cure, The Smiths eta Joy Division bezalako taldeetan kokatzen dut disko hau, soinu eta giro horiek bilatu genituen.
Eta zer esan azken urteetan alboan dituzun Dani eta Danilorengatik…
Erabateko segurtasuna ematen dit haiekin lan egiteak, asko errazten dute prozesu osoa eta gozatu egiten dut eurekin. Danilok esaterako, aurretik gitarra jo izan du gurekin, baina oraingoan beharretara egokitu eta baxua jo zuen.
Gustuko dut disko baten azalak barruan zer ezkutatzen duen azaleratzea eta horixe gertatu zait Orube-rekin. Nostalgia puntu bat transmititzen du. Noren lana izan da?
Libek egin zuen diseinu guztia. Ideia mordo bat bota nizkion eta gauza desberdinak probatzen joan zen. Halako batean, azalean ageri den karabana aurkitu genuen Arbizuko (Nafarroa) kanpingean eta hortik etorri zen gainontzekoa. Argazkian, karabana orube batean dagoela ikusten da eta gauza desberdinak iradokitzen ditu: zer da hori? Ba al dago inor barruan? Baldin badago, nola egongo ote da? Misterio puntua du eta nahiko ikonikoa da. Ilustratzaileek eginiko azalak izan ditugu aurreko diskoetan eta honetan, argazki analogiko batekin orain artekoekin desberdintzea bilatu dugu.
Pasadena, Izaki Gardenak, Libe… nola kudeatzen duzu egutegia? Nola dakizu noiz den bakoitzerako momentua?
Gorputzak esaten digu zertarako momentua den eta egia esan, ez da horrenbesterako ere, esku artean ditugun proiektu desberdinak uztargarriak dira. Sormena era natural batean ateratzeko eta bideratzeko bilatu dugun modua da. Oso argi izaten dut zeinetan nagoen eta zein paper eta ardura ditudan bakoitzean.
“Libek berehala esaten dit abesti batean zerbait egon daitekeela, hau edo bestea aldatu beharko nukeela edo agian ez duela merezi…”
Eta nola adosten duzu guzti hori bidelagun duzu Liberekin? Suposatzen dute oinarri garrantzitsua izango dela egiten duzun guztian.
Bai hala da, bera da nire ideiak entzuten dituen lehen pertsona, abesti edo zatiren bat aurreratzen dudanean beti erakusten diot berari. Urte asko dira eta oso landua daukagu gure arteko konexioa. Libek berehala esaten dit abesti batean zerbait egon daitekeela, hau edo bestea aldatu beharko nukeela edo agian ez duela merezi… Normalean, nahiko antzeko ikuspuntuak izaten ditugu eta elkarri laguntzen gara. Konposatzean bakardade sentsazio handia izaten dut eta gauzak horrela egitean, asko ikasteaz gain, leundu egiten zait sentsazio hori. Egiten dudana entzuten duen pertsona bat dagoela sentitzen dut, konposatzen egotea zer den dakien eta antzeko sentsibilitatea duen pertsona bat gainera. Asko baloratzen dut bere iritzia.
Musikari izateaz gain, Euskadi Irratian Zidorrean saioa gidatzen duzu, musikari oso lotuta bizi zara. Zerk motibatzen zaitu horretara edo zer da musikaren mundutik gehien gustatzen zaizuna?
Txikitatik bizi izan naiz musikarekin, betidanik entzun izan dut musika asko, eta hori, nire etxean ez zirela aparteko musikazaleak. Irratia ere sarri entzuten nuen eta gustuko nituen kantuak kasetean grabatzen nituen haurra nintzela. Eguneroko gauza bat da musika niretzako, goizean jaikitzen naizenetik entzuten dut eta eguneko nobedadeen artean zer egon daitekeen begiratzen dut. Beti saiatzen naiz musika berria aurkitzen eta argitaratzen diren nobedadeak jarraitzen. Hori guztia nire prismatik eta nire gustuen iragazkitik pasata egiten dut, baina jakina, badakit hori baino irekiagoa izan behar naizela eta estilo desberdinak aurkitu behar ditudala. Jendeari zer gustatzen zaion, zer eta non sortzen den… ezagutu ahal dut eta aberasgarria da. Musika arloan eguneratuta egoteko balio dit eta bizirik mantentzen nau.
Horrenbeste berritasunekin askotan zaila izaten da entzutea nahi den guztira iristea, nola kudeatzen duzu zuk horrenbesteko eskaintza eta nobedadetara iristea?
Denbora eskaini behar zaio, ez dago besterik… Denbora asko pasatzen dut musika entzuten. Kantu bat entzuten dudanean, lehen baino erraztasun handiagoa dut bertan zer gertatzen den ulertzeko eta gutxiago kostatzen zait gustuko dudan edo ez konturatzea, lehen denbora gehiago behar nuen horretarako. Musikari denbora eskaintzean eta entzuteaz gain, aditzean dago gakoa. Askotan, beste zerbait egiten gabiltzala fondoan jartzen dugu musika, arreta handirik eskaini gabe eta noizbehinka merezi du arreta jartzeak. Kontzertutara ere sarri joaten naiz; gauza ederra da talde edo disko bat deskubritzea.
Hastear duzue Orube-ren aurkezpen bira. Nola ikusten duzu taldea? Sentitzen al duzue urduritasunik?
Urduri baino, gogotsu gaudela esango nuke. Aurrekotik denbora pasa da, eta batez ere nik asko ikasi dut. Iruditzen zait beste puntu batean nagoela musikari gisa eta kontzertuetan asko gozatuko dudala. Hasi arte ezin jakin, dena den.