2023.12.05
Estreinako diskoa argitaratu berri du Naia Herraez (ahotsa), Eider Herraez (ahotsa), Asier Igartua (gitarra), Xanti Egaña (gitarra), Iratxe Urzelai (baxua) eta Xabi Albistegi (bateria) kide dituen Sukena pop-rock taldeak (Oñati, Gipuzkoa). Naia eta Eider ahizpek sortu zuten taldea orain dela urte batzuk, eta formazioan zein formatuan hainbat aldaketa izan ostean, egonkortuta sentitzen da egun seikotea. Horren seinale da taldeak sekula eman duen aurrerapausorik handiena eman izana izenburutzat Guztia gordetzea ezinezkoa da duen diskoarekin; eta gure onerako, eskerrak ez dituzten gordeta utzi abestiok. Eider eta Iratxerekin elkartu gara diskoaren aurkezpen kontzertua egin zuten Antixena Gaztetxean (Oñati, Gipuzkoa) taldea gehiago ezagutzeko asmoz.
Noiz eta zer dela eta sortu zen Sukena?
EIDER HERRAEZ: Orain dela 3-4 urte sortu genuen nire ahizpa Naiak eta biok. Konfinamenduaren aurretik izan zen, baina konfinamenduan zehar hasi ginen sare sozialetan presentzia izaten. Gure bideoak konpartitzeko eta Instagram kontu bat egiteko komentatzen hasi zitzaizkigun lagunak eta beraiei kasu eginda ekin genion taldea zabaltzeari. Txikitatik abestu izan dugu etxean, eta betidanik musikaren inguruan ibili izan garen arren, hau izan zen formalki sortzen genuen lehen proiektua.
Zer esan nahi du Sukena-k?
HERRAEZ: Istorio berezi bat du atzetik. Nire amak orain urte asko, Saharako haur bat izaten zuen familian denboraldi bat pasatzen. Ume haren amonaren izena Sukena zen eta nire amari asko gustatzen zitzaionez, bere lehen alabari Sukena izena jarriko ziola esaten zuen. Azkenean ez zen horrela izan, Eider jarri zidan izena (barrez), baina familian beti kontatu izan dugu anekdota moduan. Taldeari izena jartzeko ordua iritsi zitzaigunean, ez genekien zein jarri eta hor oroitu ginen Sukenarekin. Izenaren esanahia aurkitzen saiatu ginen, baina ez genuen ezer aurkitu.
Taldea formatu eta formazio desberdinetatik pasatu da ala?
HERRAEZ: Bai, horrela da. Taldea hasi eta gutxira, gure laguna den Julen Muruak musikaren munduan zerbait egiteko gogoarekin zebilela esan zigun, eta hirurok batu, eta zer ateratzen zen ikustea erabaki genuen. Oso sentsazio onekin geratu ginen eta akustikoan jotzeari ekin genion hirukotean. Amonak zeukan lokal batean entsaiatzen genuen, oso formatu xumea zen. Denbora bat pasa zenean, bertsioak jotzeaz nekaturik geunden eta Asier Igartuari idatzi genion abestietan perkusio eta gitarrak sar zitzan. Julenek inguru horretan utzi zuen taldea, ikasketekin eta egiteko zituenekin ez zelako denera iristen. Denborak aurrera egin ahala, gure interes, helburu eta beharrak aldatzen joan dira eta horrela amaitu dugu egungo seikotean.
IRATXE URZELAI: Xabi Albistegi eta biok 2022ko otsailean sartu ginen taldean. Sukenari talde formatua ematea nahi zuten eta baterian eta baxuan sartu ginen hurrenez-hurren. Xanti Egaña pixka bat beranduago sartu zen, Asierrek, gitarra oso ondo jotzen zuela eta taldeari beste zerbait emango ziola esan zuen eta horrela izan da.
20-25 urte bitartean dituzue. Ikasketak, lehen lanak… agian ez da adin tarterik errazena talde bat aurrera eramateko edo?
HERRAEZ: Ez, ez da, baina aurretik ere ez zen izan eta aurrera begira ere zaila ikusten dut (barrez). Dena den, nahiko egonkortuta ikusten dut taldea egungo formatuan, lagunak gara guztiok eta oso gustura gaude.
URZELAI: Taldekide bakoitzak bere ordutegiak ditu: batzuk ikasten, besteak lanean… ez da erraza izaten denok batzeko tarteak aurkitzea. Kasualitatez, Xanti Danimarkara joan berria da ikasketa kontuengatik eta herriko laguna dugun Aritz Izak ordezkatuko du itzultzen den arte.
HERRAEZ: Astean pare bat aldiz entseatzen dugu normalean. Gauetan ia beti elkartu ahal izaten dugu, baina egunean zeharreko zeregin eta ardurekin nekatuak egoten gara batzuetan eta esfortzua suposatzen du. Hala ere, guztiok dugu taldea aurrera ateratzeko ilusioa, eta hortik ateratzen ditugu aurrera egiteko indarrak.
Sukena izena lehen aldiz entzun eta taldearekiko kuriositatea sentitzen duenari nola azalduko zeniokete egiten duzuen musika? Zein talde aipatuko zenituzkete erreferentzia moduan?
URZELAI: Sekulako gogo eta ilusioarekin lehen diskoa atera berri duen pop-rock seikote bat garela esango nioke.
HERRAEZ: Erreferentziei dagokienez, euskal popa eta rocka jorratzen duen edozein talde esango nituzke: Berri Txarrak, Enkore, Idoia… Bestalde, Naia eta biok izaera tristea duen ingelesezko musika asko entzuten dugu: Taylor Swift, Olivia Rodrigo, Miley Cirus… Hitzak idazterakoan askotan jotzen dugu eragin horietara, nahiz eta azken aldian idatzi ditugun letretan tristetasun horri ere buelta ematen gabiltzan (barrez).
Taldearekin urteak daramatzazuela kontuan hartuta, noiz konposatutakoak dira diskoan sartu dituzuen abestiak?
HERRAEZ: Diskoak dituen zazpi abestietatik, bost orain hiru urtekoak dira. Naia eta biok sare sozialetan igotzen joan ginen abestiak dira eta gordeta izan ditugu urteotan, beraiekin zer egin ez genekiela, harik eta diskoa grabatzeko aukera izan dugunera arte. Diskorako moldatu aurretik, oinarri xumea zuten abestiek: hitzak, melodiak eta gitarra bakarra. Behin abestiak taldeari erakutsi ostean, lokalean guztiok batera, edota bakoitzak etxean landuta, ekarpen desberdinak egin genizkien eta denon artean eman genien forma.
Guztia gordetzea ezinezkoa dela diozue izenburuan. Zer da gorde ezin dugun hori?
HERRAEZ: Diskoari zer izenburu jarri pentsatzen genbiltzala, ideiak bota eta bota zebilen Xanti eta hor esan zuen Guztia gordetzea ezinezkoa da. Jakin nahi nuke abestian aipatzen da esaldia eta gainera, diskoaren lehen aurrerapen kantua izango zela kontuan hartuta ideia ona iruditu zitzaigun. Guztiok konbentzitu gintuen. Bakoitzak dituen barne gatazkei egiten die erreferentzia, esaldi potentea iruditu zitzaigun, esanahi handikoa.
Kredituetan ez dira edonolako izenak ageri, tartean, Haritz Harreguy. Berak egin dizkizue grabaketa eta nahasketak. Nola lortu zenuten diskoan parte har zezan? Zer nolako lana egin zuen?
URZELAI: Gustura egongo ginela aurreikusten genuen toki batean grabatu nahi genuen eta gure aukeren gorenean geneukan Haritz hasiera-hasieratik. Proposamena idatzi genion eta udan tarte bat izango zuela esanaz erantzun zigun. Guretzat garai ona zen uda eta guztiak koadratu zuen. Sekulako aukera eta zortea izan genuen. Oso positiboa izan zen esperientzia eta asko ikasi genuen berekin.
Suposatzen dut disko baten grabazioa berezia izango dela eta hau zuen lehena izanik, nola bizi izan duzue prozesua?
URZELAI: Egun intentsoak izan ziren. Donostian pasa genituen grabazioak iraun zituen bost gauak eta bertatik joaten ginen Haritzen estudiora. Oso ondo pasa genuen eta eroso sentitu ginen bai estudioarekin eta baita Haritzen lan egiteko moduarekin ere.
HERRAEZ: Sekulako esperientzia izan zen, baina oso urduri geunden hasieran. Gainera, grabazioak hastear ginela Naiak ez zeukan ongi ahotsa eta larri ginen horregatik ere. Azkenean, grabatzeko ordua iritsi zitzaionerako sendatua zeukan eta lasaitu handia hartu genuen. Dena berria izan zen guretzat, baina konturatu orduko bukatua genuen.
URZELAI: Diskoak iritsi zitzaizkigun momentua ere oso berezia izan zen. Kaxa ireki eta gure diskoak eskuetan izatean sekulako emozioa sentitu genuen.
Hasiera batean bertsio desberdinak egiten zenituzten. Musikari moduan zer desberdintasun edo antzekotasun aurkitzen diozue bertsio bat egiteari edota abesti propio bat sortzeari?
HERRAEZ: Bertsioekin asko gozatzen nuen, baina errazagoa eta sinpleagoa zen lana. Akustikoan bakarrik jotzen genuen eta eroso geunden hor, baina momentu batean txiki geratu zitzaigunaren sentsazioa izan genuen eta hor hasi ginen gure kantuak sortzen. Ez da erraza zure kantuak egitea, besteei erakutsi behar dizkiezu gainera eta norbere intseguritateak sartzen dira jokoan. Gehiago arriskatzen zara, baina hori da musika sortzea azken finean. Behin abestiak taldera eramanda, guztion artean ematen diegu forma eta denonak bilakatzen dira. Orain urte batzuk nork esango zidan idazten nenbilen abestiak disko batean amaituko zutenik, sekulakoa da hori niretzat, emozionatu egiten naiz.
Behin abestiak taldera eramanda, guztion artean ematen diegu forma eta denonak bilakatzen dira.
Urria amaieran egin zenuten diskoaren aurkezpenean toperaino bete zenuten Antixenako Gaztetxea. Zer nolako kontzertua izan zen zuentzat?
HERRAEZ: Oholtza dagoen aretora jaitsi eta harrituta geratu nintzen bertan zen jende kopurua ikusi nuenean. Banekien gure lagunak eta familiakoak bertan egongo zirela, baina hortik aurrera ez genekien zer gertatuko zen eta ez geneukan inolako espektatibarik. Urduri hasi genuen kontzertua, baina asko gozatu genuen.
URZELAI: Gertuko jendearekin gaztetxea pixka bat beteko zela pentsatzen genuen, baina ez genuen inondik inora horrenbeste jende espero. Oso pozik geratu ginen jendeak eman zigun babesarekin.
Gauzak ongi egiteko nahia nabari zaizue. Diskoa bera, bideoklip bat, aurkezpen kontzertua, sortu duzuen merchandisinga-, sare sozialetan tentuz egiten duzuen zabalkundea… dena oso zaindua eta mimoz egin duzuenaren sentsazioa transmititzen duzue. Lan asko izango da atzetik ala? Merezi al du?
URZELAI: Taldekide bakoitzak bere iritzi eta nahiak ditu eta batzuetan guztiari forma emateko buruhausteak izan ditugu, baina denoi gustatzen zaigu gauzak zainduta eta kalitatez egitea eta bilera eta denbora asko suposatu arren, merezi du. Kide bakoitza zerbaitetan zentratzen da eta horrela guztion artean egiten ditugu gauzak.
HERRAEZ: Azkenerako beti jartzen gara ados. Hasieratik saiatu gara ongi egiten gauzak eta hori transmititu nahi izan dugu talde moduan.
Zeintzuk izango dira Sukenaren asmoak aurrera begira? Ba al dituzue kontzertu gehiago?
URZELAI: Diskoa zabaltzea eta datozen hilabeteei begira kontzertu berriak lotzea dira gure nahiak. Momentuz, abenduan lau data ditugu eta aurrera begira ere badauzkagu zenbaitzuk.
HERRAEZ: Abenduan izango dugun beste parada bat, Durangoko Azokan izango da. Musika Zuzenean Standean egongo da salgai gure diskoa eta bertan izango gara geu ere tokatzen zaigunean.
Eta aurrera begira jarriz gero, ze helburu gustatuko litzaizueke betetzea taldearekin?
HERRAEZ: Patxadaz hartuko dugu guztia, baina jaialdi handi batean jotzea edota gustuko dugun artista batekin kolaboratzea esango nituzke nik. Gazteak gara, denbora asko daukagu aurretik eta ikusiko dugu. Momentuz gustura gaude daukagunarekin.
URZELAI: Bartzelona edo Madril bezalako hiri batean kontzertua eskaintzeko aukera izatea ere sekulakoa izango litzateke. Ikusiko da, baina momentuz, taldea entzuteko prest dagoen jendea badago eta kontzertuak eskaintzeko aukerak izaten jarraitzen badugu, pozik izango gara.
Hurrengo kontzertuak
Abenduak 15, Zumaiako Gaztetxea
Abenduak 16, Mungia (Boga)