Elkarrizketa

“Denbora hartu dut diskoa osatzeko; buelta asko eman dizkiot”

Elkarrizketa: Olatz Zugasti

Hitzño bat erran eta banua berhala (Kantaita Enea, 2023) kalean dagoela, «pozik» dago Olatz Zugasti (Hernani, Gipuzkoa, 1965): «Pixka bat gainetik kentzen duzu argitaratzen duzunean; pozgarria egiten zait, niri bederen, behin bukatuta lana plazan ikustea. Orain, egin dezala bere bidea».

OLATZ_ZUGASTI-2

(Gorka Rubio / Foku)

Hiru hamarkadako ibilbidean zazpigarren diskoa du hau, baina ez du ez bideak, ez helmugak aztoratzen: «Ez dut asko pentsatzen horretan. Disko bakoitza bizitzan egiten dituzun urrats batzuk dira, ez gehiago, ez gutxiago». Lan hau, ordea, «kostatu» egin zaio apur bat: «Pandemiak erdian harrapatu gaitu». Horrek zaildu egin dio proiektua martxan jartzea berriro: «Arrankatu baino gehiago, mantso joate bat izan da. Kosta egin zait, batez ere, 2019. urtearen bukaeran baneukalako aurreikusita nola izan beharko zuen lanak pixka bat, eta luzatu egin da».

Helburua, dena den, «betikoa» izan du: «Kanta onak egiten saiatu naiz». Horretarako, azaldu du hitzetatik abiatu dela batzuetan, eta lan horrek bidea eman diola abiapuntu ezberdinak hartzeko: «Batzuetan izan da norbaiti erantzuten hastea, edo zeure buruari erantzuten hastea bestela; zure kezkak ordenan jartzen». Musikalki haren isla da: «Nigan ere mota ezberdinetako aireak daudenez, eraginak batetik zein bestetik hartzen ditut; hori ere bildu dut oraingo honetan».

Hausnarketarako bideak

Itxialdiaren eta osasun krisiaren bitartean egindako kantuak direnez, lan gehiena bakarrik egin du: «Kantuak egin ahala, moldatzen ere aritu naiz. Beste diskoekin, harparekin egiten nituen kantuak, eta harremanetan jartzen nintzen musikariekin; kasu honetan, egoerak ere hala eskatuta, asko aurreratu dut bakarka». Oraingoan, bukatu antzera zeudenean erakutsi dizkie abestiak musikariei, eta haiek «inpresioak eta laguntza» ere eman dizkiote ondoren, aldaketa batzuetarako: «Horregatik hartu dut hainbesteko denbora diskoa osatzeko; buelta asko eman dizkiot, eta zenbait gauza aldatu: denborak azkartuz edo mantsotuz, esaterako».

Giro «goxo» batetik abiatutako hausnarketek irekitzen dute diskoa, Ganbara abestian: «Azaldu nahian nola bakarrik ez gauden. Gure katramila askok laguntzen gaituzte, eta horiek ordenan jartzeko nahikoa lan badago. Lagun asko ditugu geure barruan, eta horiek nondik datozen ulertu behar da, eta ariketa hori egin dut».

Muga gabeko hondartzara kantuak senari jarraitzea aipatzen du. Zugastik esan du bera ere «ahal den heinean» hori egiten saiatzen dela: «Ahal bezala, erabakiak hor daude, eta senari jarraitzea ere gustatzen zait. Nik uste badaukadala sena batez ere gauza batzuentzako, nahiz eta gero beste batzuekin ohartu hanka sartu dudala; senari balio berezi bat ematen diot, urteetan landuz joaten baikara. Gero, informazio asko pilatzen dugunez, joaten gara geruzak eta geruzak botatzen; lokartzen bezala doa sena, eta horren aldarrikapen bat ere bada abestia».

Hainbat sinonimo ditu padura hitzak; horietako bat lohizunea da, eta Zugastiri «asko» gustatu zitzaion: «Kanta nolabait da ibilaldi bat, hemen, Orion [Gipuzkoa] askotan egiten dudana. Bertan ikusten ditudanak, sentitzen ditudanak lehen aldiz ikusiko banitu bezala gertatzen dira, beti ongi etorriak. Pertsonok, adibidez, agur esaten diogu elkarri, bihar, berriz, leku berean, elkar ikusiko garen arren. Egunerokoa da berriz-behin betiko-berriz sentipen hori, eta erabili nahi izan dut eternitatearen sentsazio hori».

Ez du oharkabez harpa jotzen Zugastik. Musika zeltak haren lanetan eragina izan du. Baina familiatik ere jaso du harrespil edo cromlechen afana ere, eta Mairu baratzetan kantuan jaso du: «Aitona Aranokoa [Nafarroa] zen, eta bertan mairu baratze pila bat biltzen dituen holako gune bat dago Goizuetara bidean. Gune oso magikoa da niretzat, eta nahi izan nuen aitonaren oroitzapen hori horrekin lotu».

Egiazkotasuna

Oi Amaiur lehenagotik egina zuen kantuaren «bertsio berria» da: «Nahiago izan dut oraingoan espiritua gure erresumaren eta hori sortu genuen euskaldunon aktualitatera ekarri; eta ez oroitzapen bezala esan ‘Amaiurko gaztelua amildu egin zuten’, baizik eta, oihartzun egiten digunez oraindik, aitortu gaztelua eta erresuma. Erresuma diodanean, estatuaz ari naiz, ez erreinuaz. Beraz, aitortza politikoa da guztiz».

Euskal kulturaren plaza ere hamarkadetan izan da maskulinoa. Zugasti izan zen oholtza gainera igotzen zen andre bakanetako bat, baina aparteko errekonozimendurik ez du nahi orain: «Nahiago dut aurrera begiratu eta motxila hori ez izan gainean. Nahikoa gauza ditut ebazteko bestela ere, nire buruan eta bizitza honetan. Erreferentea baldin banaiz norbaitentzat, izan nadila erreferente ona. Utzi dezakedan hatsa izan dadila egunero jorratzen ari naizen horren egiazkotasunarena, merezi duen zerbaitena. Hori besterik ez. Nire harridurarako emakume asko dago, denbora askoan ez gara hainbeste izan. Orain aukerak ere denontzat gehiago dira, eta oro har, musikari gehiago dago eta emakumeentzat aukerak gehiago dira».

Diskoaren aurkezpen bira udarekin hasiko du. Kontzertu bat emango du uztailaren 13an, Andoainen (Gipuzkoa): «Kanpoan izango da, aire librean, Leitzaran ibarrean. Gainontzeko kontzertuak gero etorriko dira, udazkenean». Azaroaren 10ean, Zarauzko Modelo aretoan (Gipuzkoa) emango du lehena.

ETIKETAK:Olatz Zugasti