2019.10.22
Elkarrizketa honetarako argazkia espreski ateratzeko eskatu zidan Iosuk. “Argazkia elkarrizketa baina garrantzitsuagoa dek, argazkia jende pila batek ikusiko dik eta testua lau katuk irakurriko ditek”. Gomendioari men egin eta Zumarragako Versalles Kebabean Txost! taldeak eskainitako kontzertuaren ostean atera genuen bada, elkarrizketarako argazkia.
Iosuren burutazioa zentzuzkoa izanagatik, pena ere bada, Iosu Isaias Villanueva Castrok (Zarautz, 1987) –horixe da Isuoren izena oholtzatik kanpo– badu-eta zer kontatu. Bakarka zein Kezman kidearekin (Jon Murua) sortzen du musika, goxo eta leuna, garrasika ere ikusi ahal izan dugu orain gutxi MKT taldearen ibilbidea amaitu bitarte, Txost! talde jostarian aritzen da, Mukuru zigiluari forma eman nahian saiatzen da eta beste mila saltsatan ere badabil musikari alderraia. Pentsa, konspirazioei buruzko saio bat egiteko tartea ere hartzen du Morgan Ilarramendi kidearekin batera Urretxu-Zumarragako KKinZona irratian, Sokaren Itzala deitua.
Musikaren munduko tasun eta keriez aritu bitartean, Txost! lurraren barruan sortutako talde bat dela eta Mursego narrastiarra izan litekeela ere iradoki du, baina halakoak elkarrizketaren azken bertsiotik kanpo uztea deliberatu dugu. Konplot irudimentsuen amutik haratago, hari-mutur ezin interesgarriagoak eskaintzen baitizkigu zarauztarraren jardunak bestela ere.
Zeintzuk dira zure lehen musika oroitzapenak? Zeintzuk izan ziren zure musika jardunaren hastapenak?
Etxetik datorkit musikarekiko zaletasuna, gurasoak oso musika zaleak izan baitira. Txikitan ez nuen halako interesik adierazi baina 14-15 urterekin etxean zegoen nire amaren gitarrarekin jolasean hasi nintzen, oraindik erabiltzen dudan gitarra berberarekin. Lagun artean ere afizio pixka bat sortu zen gerora MKTko kide izango zen Iñigo Fernandez lagunari Betizu saioko zozketa batean gitarra elektriko bat tokatu zitzaionean. Oso musikazalea zen bera eta bere etxera joaten ginen gitarra haren distortsioarekin jolastera, liluraturik (barreak). Ni gitarra klasikoarekin aritu nintzen gehienbat baina ez nuen metodorik jarraitu ikasteko, jolasean eta kontzertuetan ikusten nuena imitatuz hasi nintzen. Gainera, beti izan dut sortzeko joera gehiago besteen kantuak jotzeko baino. Agian hobe hori ere gehiago egin izan banu, teknika asko ikasten baita horrela… Era horretan hasi ginen eta Zarauzko Putzuzulo gaztetxearen sorrerarekin batera hasi genuen MKT taldea.
Putzuzulok garrantzia handia izan zuen MKTren sorreran, ezta?
Bai, bai. Manuela gaztetxe zaharraren eta Putzuzulo gaztetxe berriaren arteko urte haietan hasi ginen gu suspertzen, gazte asanbladan parte hartzen eta abar. Guretzat eta gure ingurukoentzat oso une eferbeszentea izan zen, antzeko kezkak zituen jende asko ezagutu genuen, Zarauzko mugimenduaren berri izan genuen, punk eta hardcore mugimendu handia zegoen… horrela hasi genuen taldea. Instrumentuekin artaburu batzuk ginen, ez genekien ezer ondo jotzen baina inguruko mugimenduak bultzatu gintuen musikan hastera.
Zuek, dena dela, emo kutsuko musika egiten zenuten eta hori ez da horren arrunta izan euskal hardcorean.
Bai, baina hori beranduago etorri zen. Hasieran seikotea osatu genuen eta zarata gogorra egiten genuen. Gutxi iraun zuen horrek, dena dela, eta talde erdiak utzi zuenenean hirukote moduan finkatu genuen gure soinua gehiago. Beste eragin batzuk jaso genituen, musika ezberdina entzuten hasi baikinen. Dut, Fugazi eta horrelakoak. Argi berri bat sartu zitzaigun, niretzat oso interesgarria zena eta herrian zeuden beste eraginekin nahastu genuen.
Kontzertuen antolaketan, oholtza gainean eta bira ezberdinetan hardcorearen eszena hori ongi ezagutu duzu zuk barrutik. Mugimendu anakronikoa, ezinbesteko alternatiba, itxurakeria hutsa… Zer da mugimendu hori egun?
Bueno, ez dakit ausartzen naizen halako mugimendu bat gaur egun zer den epaitzen. Niretzat dena berria zen orduan eta Putzuzuloren baitan jaso nuen. Musika bizitzeko modu gisa sentitu izan dut, musika hura jotzeko sinplea izan zitekeen hasieran eta horrek zuk zeuk egiteko erraztasunak ematen zizkizun eta horretara animatzen zintuen giroak, gainera. Do It Yourself eta filosofia hori guztia jasotzea niretzat oso baliotsua izan da eta nire musika bizitza asko markatu du. Uste dut oso ezberdina dela hori jaso edo ez jaso izana. Niretzat la ostia izan da. Horrez gain, ideia politiko ezberdinak ere iristen zitzaizkigun fanzineen bidez, beste inondik jasotzen ez genituenak. Anarkismoa, beganismoa eta beste hainbat gai lantzen zituzten eta niretzat hori kristorena zen. Gaur egun giro horretatik oso urrun nabil eta ez dakit oso ongi zer ari den mugitzen inguru horretan. Egia da ehundaka kontzertu ikusi ostean, hardcore-punkak eskaintzeko zuenaz aspertzen hasi nintzela eta Getaria edo Urretxu-Zumarragako gaztetxeetan antolatzen ziren kontzertu ezberdinekiko interesa piztu zitzaidala. Bakarlariekiko interesa ere jada banuen ordurako.
“Do It Yourself filosofia jasotzea niretzat oso baliotsua izan da eta nire musika bizitza asko markatu du. Uste dut oso ezberdina dela hori jaso edo ez jaso izana”
MKT sortu aurretik jada hasia zinen kantuak sortzen etxeko bakardadean, ezta?
Paralelo joan zen kontua. Kontzertuak ematen MKTrekin hasi nintzen lehenago eta taula gainera bakarrik igotzeko ausardia biltzea gehiago kostatu zitzaidan.
Betidanik sentitu izan al duzu bakarka sortzeko gose hori?
Gauzak sortzeko joera bai baina hasieran neure burua ez nuen bakarlari gisa proiektatzen. Egia da hasiera haietan oso lotsatia nintzela eta gerora hasi naizela gehiago askatzen. Kantatzen denborarekin ikasi dut gainera, 16 urterekin ez nintzen horrelako zerbait egiteko gai.
Bakarkako lehen diskoa 2011n argitaratu zenuen, Ez zegoen ezer. Gero etorriko ziren Idiaren zaintzari buruzko hamar estanpak (2015) eta Bihar akaso (2018). Ilunetik argira egindako bidaia agerikoa da lanak entzun eta letrak aztertzerakoan. Hainbat elementu mantentzen diren arren, existentzialismotik jolasera egin duzu salto.
Bai, nik ere hala ikusten dut. Ibilbide pertsonalarekin ere badu zerikusia, niretzat ere garai ilunagoak izan ziren lehen disko hartakoak. Nahita bilatutako zerbait ere bada, gauza argiagoetarako gogoa nuen eta Txost! taldea sortzea salto handi bat izan zen bide horretan. Kezman ezagutzeak ere izan zuen eraginik, oso tipo positiboa baita. Txost!-ekin, adibidez, Euskal Herriko gure erreferentzia nagusiek musika iluna jorratzen zuten baina musika alaia egiten saiatzea hautu kontziente bat izan zen. Letrei dagokionez, orain arte molde konkretu batekoak izan dira eta, musikan egin moduan, gauza berriekin probatzen ari naiz, espresatzeko beste modu batzuk bilatzen. Horrez gain, Txost! eta Isuo ta Kezman proiektuetan Ogiñi Somarrekin ere ari gara elkarlanean, sortzen dugun musika erakusten diogu eta bere proposamenekin letra osatzen joaten gara. Prozesu polita da.
Zure “bakarkako” ibilbideari dagokionez, beti dago presente elkarlanerako joera. Lehen diskoan akordeoia entzun zitekeen, bigarrenean zeharkako txirula eta hirugarrenean tronpetak laguntzen zaitu. Zergatik da hori, bakarrik ez sentitzeko eta ezkutatzeko beharragatik ala beste musikariekin esperimentatzeko gogoagatik gehiago?
Kasualitate kontu bat ere bada. Nahiz eta lagun batekin agertu, oraindik ere biluzik sentitzen naiz: nire kantuak dira, nire letrak dira asko… Jendearen aurrean jartzea oso exijentea da oraindik ere. Ez doa hortik kontua, gauza naturalagoa izan da. Probatzeko gogoaren ondorioz sortu dira halako aukerak. Kezmanekin jada bikote gisa egonkortu gara eta tronpetaz gain, ahotsak ere sartzen ditu, irratsaioa ere batera egiten dugu, Txost!-en ere batera gabiltza… haratago doan erlazio polit bat da. Bakarrik aritzea tarteka gustatzen zait oraindik ere, dena dela.
Bizitzera Zarautzetik Zumarragara joan zinenean sortu zenuten Txost! taldea. Bertako gaztetxeak ere paper garrantzitsua jokatu zuen taldearen sorkuntzan, ezta?
Bai, musika ikuspegiari dagokionez, oso errotuta egon naiz toki batean zein bestean. Gaur egun galduago nabil… (barreak). Niretzat musikari gisa oso garrantzitsua izan da toki horietan topatu dudan mugimendua eta, batez ere, jendea. Urretxu-Zumarragan eroso eta libre sentitzen nintzen eta inguruaren babes horrek askatzeko erraztasunak eman zizkidan. Zure musika ulertu eta interesak konpartitzen dituen inguru bat izatea kristorena da.
Txost!-ekin egiten duzuena ez da oso ohikoa gurean. Nola jaso du jendeak?
Oso jende ezberdinak osatzen dugu taldea eta hori nabari da emaitzan. Orma (Aritz Ormazabal) eta biok Euskal Herriko talde esperimental eta ilunagoak entzun izan ditugu, baina Tunixik (Mikel Arriaran) oso erreferente ezberdinak ere baditu eta Kezmanek zer esanik ez. Nik uste jendeak oso ondo pasatzen duela kontzertuetan, izan musikazale friki bat edo ez. Umeek ere ondo jasotzen dute, esaterako. Jende askok esan digu harritu egin dituela proposamenak, beste batzuek ere esan izan digute ez zaiela ezertxo ere gustatu, ea ze harrikada den hori. Halere, guk entzun erraza izatea nahi dugu, ez dugu musika esperimental eta zail bat egin nahi, mundu guztiarentzat atsegina izatea nahiko genuke. Mursegok sekulako inbidia ematen dit, adibidez, zentzu horretan. Transmititzen duen lotsa falta eta duen ageriko erosotasun hori izugarriak iruditzen zaizkit, ikaragarria da. Zentzu batean “eroa” izango da egiten duena, baina oso erraz iristen da jendearengana.
Mukuru kolektiboa ere sortu duzue, Nafarroako eta Iparraldeko lagunekin batera.
Kaskezur taldeak Azpisugeak diskoa kaleratu zutenean Mukuru zigiluaren ikurra jarri zion baina deialdi bat zen gehiago kolektibo erreal bat baino. Gu ere halako zerbait sortzeko ideiarekin bueltaka genbiltzan Txost!, Klak!son, Isuo ta Kezman, Peru Galbete… Bakoitzak besteen gogoen berri izandakoan sortu zen Mukuru. Zaila izaten da halako kolektibo batek dituen asmoak martxan jartzea baina elkarlanerako espazio gisa sortu zen. Webgunea hor dago, Mukururen izenean 6-7 disko eder kaleratu ditugu eta, batez ere, niretzat oso garrantzitsua izan da Euskal Herriko beste hainbat talderekin era kolektiboan jardutea. Musikaren mundua oso konpetitiboa eta hierarkikoa da, balio kapitalistek zeharkatzen dute eta edozein kontzertutan dago halako hierarkia bat talde ospetsu eta txikien artean. Mukurun denok batera ari gara, ez gara konpetentzia eta modu horizontalean jardun nahi dugu. Oso polita da alde horretatik. Kontzertuetan jasotako diruaz ere aritu izan gara, adibidez. Zergatik eta zenbat ordaintzen digute? Musikarien arabera? Ospearen arabera? Gure artetik horri buelta bat ematen saiatu gara, pauta batzuk zehazten. Nolabait berdintze aldera. Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik irakurtzen aritu naiz azken aldian eta gauza oso interesgarri asko aipatzen dira baina, dagokigunerako, bertan ikusi dudan bertsolarien kategoria ezberdinen arteko soldata arrakala txiki uzten du musika mundukoak, adibidez. Musikan soldata arrakalak beste edozein disziplinatan baina handiagoak dira. Eta ez soilik jaialdi handietan; txosnetan eta baita guk antolatutako kontzertuetan ere, eh? 3.000 edo 200 euro kobratuko du taldeak, oso argi ez dauden irizpideen arabera. Horren gainean gogoeta ere egin nahi dugu.
“Musikaren mundua oso konpetitiboa eta hierarkikoa da, balio kapitalistek zeharkatzen dute eta edozein kontzertutan dago halako hierarkia bat talde ospetsu eta txikien artean”
Musikaren egungo errealitatearen gabeziak agerian uzteaz gain, zure ekintzek askotan izan dute atzean bestelako eredu batekiko apustu bat. Aipatu ditugu horren adierazle batzuk baina hor daude baita ere kontzertuak ezohiko tokietan antolatzeko gogoa, Sortu Dira Besteak bezalako ekimenak, etengabeko elkarlana… Zeintzuk uste duzu izan beharko liratekeela musika jardun egoki baten ardatzak? Nolakoa irudikatzen duzu musika eszena osasuntsu bat?
Horren mundu ultrakapitalistan bizi gara, zaila dela alternatiba bat imajinatze hutsa. Baita musikan bertan ere. Pauso txikiak izan dira orain artekoak, denek berdin kobratzen duten egun bateko jaialdiak antolatzea eta halakoak. Oso konplikatua da musikaren mundua. Zeharka erantzungo dizut: kezka handia ikusten dut musikarien artean baldintza duinen kontuarekin. Eta egia da, musikari bezala bizi ahal izatea oso zaila da, Frantziar Estatuan pixka bat errazagoa da baina Espainiar Estatuan ez da batere erraza. Nik ere badaukat kezka hori, baina badago duintasunaren beste alderdi bat horrenbeste aipatzen ez dena. Mukurun, adibidez, jorratu dugu duintasuna musikari eta entzuleen arteko harremanari dagokionez, horretarako erabiltzen ditugun bitartekoen ikuspegitik. Multinazionalen bideen beharrean —dela Facebook, Instagram…— saiatzen ari gara, batzuk behintzat, beste apustu bat egiten. BADOK, esaterako, sekulako erraminta da bide horretan.
Zer du musika eredu arruntak uxatzen zaituena? Musikaren mundua merkatuak zeharkatze hori?
Musika egun antolatuta dagoen moduan musikaria sortzailea izateaz gain, entzulegoaren aurrean apaiz baten modura kokatzen den pertsona bat ere bada, aldare baten gainean dagoena. Oso distiratsua den eredua da: ikusgarritasuna, dirua, fama… gauza asko elkartzen dira hor. Ni geroz eta gehiago saiatzen naiz apar horri jaramonik ez egiten eta nire burua sukaldeko bakardadean sortzen dabilen artista gisa irudikatzen, erakusteko horrenbesteko bokazioa ez duenaren moduan. Noski, hori zailagoa da musikari garenontzat, entzuleak behar baititugu. Baina askotan halakoek eragin handiegia izaten dutela uste dut. Orain gutxi Zinemaldian izan naiz, adibidez, eta hor ere bi mundu daude; zinema aretoen barrukoa eta gero glamourraren farandula hori. Musikan ere bi gauzak nahasten dira, bokazio artistikoa eta farandularen distira faltsua, ezertarako ere balio ez duena.
Aipatu ditugun zure pauso guztietan dago presente musika. Zein paper jokatzen du musikak zure bizitzan?
Geroz eta handiagoa. Jolas bat zen hasieran baina gerora bokazio artistiko bilakatzen joan da eta pertsona gisa aurrerapenak egiteko ere oso garrantzitsua izan da niretzat. Lotsak eta gabeziak gainditzeko baliagarri izan zait eta sekulako autoafirmazio ariketa izan zen une batean. Gaur egun kontserbatorioan ari naiz ikasten eta nire eguneroko jardun nagusia da musika sortu eta konposatzea. Agian noizbait musika irakasle izatea ere nahiko nuke. Abesti gehiago sortu, kontzertuak lotu… horietxek izaten dira nire asmoak une oro. Ordu asko pasatzen ditut horretan eta gustura sentitzen naizen toki bat bilatu dut musikan. Lanbide ezberdinak izan ditut baina ezerk ez nau inoiz horrenbeste ase.
Zer du Isuok orain esku artean?
Txost!-ekin kantu berriak baditugu, batzuk jada zuzenean aurkeztu ditugunak, eta disko berri bat sortzeko asmoa dugu. Isuo ta Kezmanekin baditugu kontzertu batzuk abenduan eta material berria ere sortzen ari naiz. Horrez gain, proiektu berri bat ere abiatzen ari gara lagun bat eta biok, beste musika estilo bat jorratuko duena.