Elkarrizketa

Jon Eskisabel

2015.01.29

Jon Eskisabel

“Bizitza ez da beti jendeak zugandik espero duena egitea”

Elkarrizketa: Patxuko Nice

Lanean ari zen tabernako atetik Iñigo Muguruza sartu zen egunean bizitza aldatzen hasi zitzaion Sergio Ordoñez Patxuko-ri (Irun, 1972). Bateriako ikaslea zen musika eskolan, eta ikasturte amaieran Kortatu eta Negu Gorriak-eko kide ohiarekin batera pare bat kantu prestatzea egokitu zitzaion. Talde haiek arrotzak zitzaizkion Ordoñezi. “Nik ez nuen inolako harremanik euskal musikarekin. Zero. Negu Gorriak-en izena ezagutzen nuen, baina ez nuen taldea jarraitzen”. Egun batzuk geroago Ordoñezen bila joan zen Muguruza, Negu Gorriak desegin ostean Jabier anaiarekin sortzen ari zen talde berrian jotzea proposatzeko. Mundu berri baten ateak ireki zitzaizkion: euskara eta euskal kulturarena. Joxe Ripiaurekin lau disko grabatu eta berrehundik gora kontzertu eskaini ondoren, The Solanos eta Esne Beltza taldeetan jarraitu zuen Ordoñezek bere ibilbidea. Sei urte arrakastatsu eman zituen Esne Beltzan, harik eta 2013ko udazkenean, Gora! diskoa grabatu ostean, uztea erabaki zuen arte. “Taldea asko handitu zen, eta ezin nuen erritmo hori gehiago eraman. Nire lanak, nire familiak eta nire izaerak ez zidaten uzten”.

Patxukonice52

Sergio Ordoñez ‘Patxuko’. (Gaizka Peñafiel)

Haatik, entsegu lokalean sartzea eta sormena lantzea maite du Ordoñezek, eta Jon Mari Beasain Esne Beltzako taldekideak akuilaturik Patxuko Nice proiektua martxan jartzea erabaki zuen luze gabe. Eszenatoki handietara itzultzeko asmorik gabe. Beasainek berak laguntzen dio taldean, baina gainerako hiru taldekideekin, Irun ingurukoak izanagatik, ez zuen aurrez inolako harremanik. Ernesto Villar gitarrista Zona 13, Orgasmic eta The Fans taldeetan aritutakoa da, eta Ordoñezek dioenez, “musika oso barrutik bizi du. Sekulako kultura musikala du eta oso gustuko du Eskandinavian egiten den rock&rolla, Turbonegro eta horrelakoak”. Ordoñezen kantuak “zintzoak” iruditu zitzaizkion eta horregatik erabaki zuen taldean sartzea. Villarrek Dafnis Linares baxu jotzaile mexikarra ekarri zuen taldera, eta Eneko Fernandez bateria jotzailearekin (Luz de Putas) boskotea osatuta geratu zen. “Hasieratik oso ondo moldatu gara. Nabaritzen da adin berekoak garela, bateria jotzailea salbu; 40-45 urte inguru ditugu, eta disfrutatzeko gaude. Inork ez dio besteari agintzen hemen reggae zati bat sartzeko edo han gitarraren pedalak ez erabiltzeko. Bakoitzak bere ekarpena egiten du”.

“Nabaritzen da adin berekoak garela taldekideok, 40-45 urte inguru ditugu eta disfrutatzeko gaude. Inork ez dio besteari agintzen hau edo bestea egitea”

Patxuko Nicek bere lehen diskoa plazaratu du, 435.0 (5Gora), eta gainetik pisu bat kendu duela aitortu du Ordoñezek. Beldurraren pisua. “Denbora asko neraman zerbait egin nahian, orain arte egin dudanarekiko ezberdina. Baina ni oso beldurtia naiz, eta beti gerorako uzten nuen. Bide bat egina daukat, eta hau ez da beharbada jendeak nigandik espero zuena, baina bizitza ez da beti jendeak zugandik espero duena egitea”. Lehen aldiz norbere kantuak defenditu beharrak sortzen zion ardura eta hori gainetik kentzen makulu izan du Jon Mari Beasain. Etzakit eta Mal de Ojo taldeetan ere aritutako gitarristaren arabera, “beti duzu buruan jendeari gustatuko ote zaion. Baina Sergiori esaten nion: goazen barrutik ateratzen zaiguna egitera eta guk ondo pasatzen badugu, sikiera egia esango dugu”. Berehala zehaztu du Ordoñezek. “Erraza da esatea, baina zaila da pauso hori ematea. Bizitzaren arlo guztietan bezala, zure buruarengan segurtasuna behar duzu. Baina diskoa atera dugu eta, jendeari gustatu ala ez, jada gainditu dugu beldur hori”.

Patxukonice32

Dafnis Linares, Ernesto Villar, Eneko Fernandez, Jon Mari Beasain eta Sergio Ordoñez. (Gaizka Peñafiel).

Ska eta reggae musikaren pisu handiagoko disko bat espero zuen, beharbada, jendeak, baina 435.0-k [bost taldekideen pisuaren batuketaren emaitza da izenburua], doinu horietatik badu ere, ihes egiten dio sailkatze errazari. Esaterako, Orchestral Manoeuvres in the Dark entzuten ari zela bururatuko teklatu lerro baten haritik sortu zen diskoa irekitzen duen kantua, “1.000 bider”, eta berau ixten duenak, “Vuelve a mí”, Antonio Vegaren eta “pop madrildarraren” eragina duela dio Ordoñezek. Tartean, cumbia bat dago (“Bidean nengoen”), nahiz eta “Dafnisek dioen azkarregia dela cumbia izateko”, baita ska-rocka (“La galerna”), reggae psikodelikoa (“Hitzontzia”) edota Pata Negraren oihartzunik ere (“Toc, toc, toc”). Extremoduro, Mano Negra eta Mal de Ojoren jarrera izan daitezke taldea kokatzen lagundu dezaketen beste erreferentzietako batzuk. Aurreiritzirik gabe egindako diskoa da. “Horrela atera zaigu, eta gustatu zaigu. Hortaz, zergatik ez dugu horrela utziko? Nik berdin entzun dezaket Supertramp, Antonio Vega, UB40… Aurrekoan neska batek esan zidan 80ko hamarkadako disko bat zirudiela. Ilusio handia egin zidan, niretzat oso musika ona egin baitzen 80ko hamarkadan: A-ha, The Clash, Supertramp, Police, C.C. Cat…. ni talde horien oso fan naiz”.

“Esan didate 80ko hamarkadako disko bat dirudiela. Ilusio handia egiten dit, niretzat oso musika ona egin baitzen 80ko hamarkadan: A-ha, The Clash, Supertramp, Police, C.C. Cat…”

Hitzak osatzeko hainbat lagunengana jo du: Jon Garmendia Txuria, Oier Guillan, Jabier Muguruza… Intimistak dira gehienak, kutsu poetikoa dutenak. “Idatzi dutenek ezagutzen naute, eta badakite nire bizitza nola izan den eta den. Gustatzen zait bizi izan dudanaz eta ezagutzen dudanaz hitz egitea letretan. Terapia da niretzat”. Molde horretatik gehien ateratzen den kantua, “Dos mojitos”, Jabier Muguruzak idatzi du, hari ezagutzen diogun ezohiko erregistro batean. “Bere etxera joan nintzen konponketa bat egitera [iturgina da Ordoñez], eta horren truke esan nion maketa bat pasako niola letra batzuk idazteko. Egun haietan Salamancara joatekoa zen Pablo Guerrero eta Kiko Venenorekin elkartzeko, eta itzuli zenean bi letra ekarri zizkidan. “Dos mojitos”-ena irakurri nuenean berehala ikusi nuen erabat egokitzen zela musikaren aserejé-arekin. Grabatzerakoan oso gustura sentitu nintzen pertsonaia canalla-ren rolean”.

Pertsonaia baten barruan, hala ikusten du bere burua eszenatokian. “Oholtzan transformatzen naiz, eta gustatzen zait egoerak imajinatzea. Bizi egiten ditut abestiak”. Taulatik kanpo ordea, oso bestelakoa da eguneroko Ordoñez. “Asko kostatzen zait komunikazioa, oso lotsatia naiz. Bezero baten etxean lanean ari naizenean ez dut ahoa irekitzen, agurea elkarrizketa sortzen saiatu arren…”.

PATXUKO NICE-REN HURRENGO KONTZERTUAK

  • Hilak 30: Espaloia kafe antzokia (Elgeta), Emon taldearekin
  • Hilak 31: Intxaurrondo Kultur Etxea (Donostia), Lauroba eta Beñat Igerabiderekin
  • Otsailak 12: Kafe Antzokia (Bilbo), Lurra taldearekin
  • Otsailak 14: Alai taberna (Galdakao)
  • Otsailak 16: Iñauterietako txosnak (Tolosa)
  • Otsailak 20: Beikozini kafe antzokia (Ondarroa), Lurra taldearekin
  • Otsailak 27: Zubipunta taberna (Erratzu)
  • Martxoak 1: Hala Bedi taberna (Gasteiz)
ETIKETAK:5GoraPatxuko Nice