Elkarrizketa

Beñat Urteaga

2022.01.13

Beñat Urteaga

“Bihotzari zor diogun militantzia horretan sinisten dut”

Elkarrizketa: Bi Zaldi

Su baxuan prestatutako lapikoa bezala kaleratu du Donostiako Bi Zaldi hirukoteak —Beñat Antxustegi, Gartxot Unsain eta Eneko SierraLo zena diskoa, euren lehena. 2014tik Euskal Herriko txoko ugari goxatu dituzte mundu mailako klasiko eta hit-ak euskarazko ikuspegi batetik eskainiz eta orain heldu da ordua ikuspegi pertsonal batetik sortutako kantuak bilduko dituen diskoa jendartean aurkezteko. Kontuan hartuta hirurek proiektu paraleloak dituztela, ea gai garen proiektu honekin asebete dituzten behar eta ezinegonak sakonean arakatzeko Gartxot Unsainen laguntzaz.

AgfaPhoto GmbH d-lab.1 DlabVersion:DLAB1_10.00G_123k

Eneko Sierra + Gartxot Unsain + Beñat Antxustegi = Bi Zaldi.

Play sakatu eta sarrera goxo batekin egiten diguzue ongietorria “Gailur lau” kantuarekin. Arnasa sakon hartu eta diskoan murgiltzeko prest gaude orain. Diskoa kaleratzea gailurtzat eman badezakegu, gogorra izan da gailurrerako bidea?
Gogorra ez. Luzea bai. Baina taldearen dinamika halakoa da, naturalki eta laguntasunaren sutondoan jaio eta garatu da. Bertsioetatik gure abestietara zazpi bat urteren baitan. Hargatik da gailur lau bat. Hemendik ikusten duguna ederra da, baina parean beti da zer egin. Gu harro gaude, gure tamainako mendia delako hau.

Bigarren, seigarren, bederatzigarren, hamaikagarren eta hamalaugarren kantuek esaldi bat osatzen dute: Lo zena jeiki da gaur… Zer eta nor ezkutatzen da esaldi eta kantu hauen atzean?
Lokartuta zegoen energia edo… ez talde mailan, hitzen bueltan ari den lehen pertsona horrena… Hitzek esnatze baten prozesuaren kronologia azaltzen dute, perspektiba galdua zuen horren pixkanakako ikuspegi berria, atzera begiratze hori alboratu ezinda, baina helburuak eta ikasketa parean dituenaren jabe… Kontzientzia esnatu dela esan daiteke, inguratzen gaituen hori ulertu, sentitu eta onartzeko nahia…

Hirugarrena, “Oroimin”. Giro malenkoniatsuan jarraitzen dugu, biharra gure buruari soilik zor diogula gogorarazten digu abestiak. Zer espero duzue biharretik, edo ezer espero al duzue?
Bihar iratzartzearekin nahiko. Fisikoki gutxienez, eta mentalki bada, hobe. Eta iratzartze hori norberarena izatea, ez inguruak sortarazi digun pertsonaia horrena….

“Etorkizu”-k paradisuko soinuak izan zitezkeenekin hartzen zaitu, perkusio indiarrak, ahots espazialak… “Jakinmina balitz orekaren oinordeko, berau bailitzake paradisu”. Diskoak badu esperimentaziotik. Asko jolastu duzue? Nola joan da estudioko esperientzia?
Zuzeneko organiko batetik esperimentaziorako bidea izan da diskoa. Gure funtsari Alberto Lizarralde eta Beñaten lan itzela gehitu zaio, abestiak birplanteatu eta kolorez betetzeko. Bidean izugarrizko laguntza jaso dugu gertukoen talentu eta berotasunaren bitartez, zerrenda luzea bezain ederra da. Zuzenekoetako naturaltasun horri jantzi berri bat janztea izan da, gauza beraren aldaera ezberdin bat. Prozesua luzea eta ederra izan da, eta emaitza entzutea plazer hutsa, harrotasun handi bat.

Popa iritsi da hurrengoarekin, piztu gara “Itzalita egotea” kantuarekin. Kontraesanekin jarraituz, posible al da bizitzari kantatzea une batez itzaltzeko gura duzula esanez?
Epileptikoaren kondiziotik idatzi dut hau, nire osasun egoerari zor nion abesti bat, eta metafora bat gutxienez. Nahi ez duenean ere itzaltzen den horrek senti dezake nahiko lukeenean itzaltzeko gura hori, bai. Arraroa dirudi, baina inguruak, denboraren abiadurak, norbere buruaren etengabeko norabide aldaketak… sortu dezakete noraez bat edonorengan, eta edukitzen dut nik bai itzaltzeko gura hori, tarte batez bada ere.

Ilargia” kantua, film bateko soinu banda izan zitekeen, edota kantu itsaskorretan itsaskorrena. Hemen ere kontrastea eta aberastasuna. Formula irabazlea bilatu edo topatu duzue?
Ez dago formula irabazlerik sentimenduetan. Eta hau gauez irtetean bizitzak hartzen duen kolorearen inguruko kantua da, sentimendu iheskor horiek ospatzeko melodia alai bat. Itsaskorra da bai, gaua bezala…

Zortzigarren, “Funtsean soilik”. Lehenengo aldiz zuek hirurak bakarrik kantuaren kredituetan. Hiru hankako aulkiak sendoa du oinarria. Nola funtzionatzen duzue kantuak egiterakoan?
Naturalki sortu dira, hitzen ardura nik izan dut beti, laguntzeko prest daude beste biak, nola ez. Musika berriz, denon arteko jardun bat dela esango nuke, gehienbat Beñaten talentua oinarri eta Eneko eta bion musikalitate hori aprobetxatuz. Akorde segida batekin hasi ohi dira, eta horren naturalki ateratzen zaizkigun melodiekin janzten dira. Landu, gauzak aldatu eta gustura geratu arte jardun. Hala sortu dira.

Segidan datoz “..Jeiki…” eta “Amildegiak”. Gailurrera iristeko amildegiak ertzetik inguratu behar izaten dira eta zuek hala egin duzue nahasketetan. Seguru ibili zarete Alberto Lizarralderen laguntzarekin. Presentzia handia du Albertok zuen diskoan. Nondik nora dator harreman hau? Zer eskaini dizue?
Presentzia izugarria. Guk funtsezko sentimendu batzuei akorde batzuk jarri dizkiegu, eta gure emozioa. Albertok hori dena ulertu eta balkoi berri batera eraman du, eta sentimenduen begirada hori harago doa, sonikoki bai behintzat. Geruzak esan ohi da. Ez naiz kontzeptu horren zalea. Albertok aspalditik ezagutzen gaitu, bazekien gure jardunaz, eta berak bere jakinduriaz gain gizatasuna ere eskaini digu, bere sentitzeko modua, baita bere bidez lortu ditugun kolaborazio guztiena ere. Talde lan izugarri bat izan da. Ez gara ezer inguratzen gaituen hori gabe. Eta disko honek hori ospatu nahi du.

“Guk funtsezko sentimendu batzuei akorde batzuk jarri dizkiegu, eta gure emozioa. Alberto Lizarraldek hori dena ulertu eta balkoi berri batera eraman du”

“Amaitasuna” eskertza kantu intimoa da. Kantu honek edozeini uki diezaioke barrena, beraz, gozatu egingo dut eta ez dut galderarik egingo kantu honen inguruan.
Ados. Guraso ederrak tokatu zaizkit bizitzan, gaur egun naizen hori indartu eta etengabe babestu dutenak. Sentimendu horrek behar zuen abesti bat, barrenak hala eskatuta. Nire zorte berdina izan duen horrentzat, abestia izan dadila honen garrantzia ez ahazteko bide bat. Zorte bera izan ez duenari besarkada bat hemendik kantu forman.

Hamahirugarrena, “Artea”. Artelanari dagokionez Eneko Etxebestek egin du azaleko dodoaren ilustrazioa eta Makoki aritu da diseinua eta maketazioarekin. Ba al du esan nahi berezirik dodoak?
Egia esan, ez, Eneko Etxebesteren talentua. Lagun baten marrazkia aukeratu dugu, dodoak badu animalia berezi baten halo hori, baina ez dago interpretazio berezirik…. Nahi duenak sortu ditzala…

Eta bukatzeko ereserkia, “Lo zena jeiki da gaur”. Kantu kolektiboa da, lagunartean kantatzeko modukoa eta lagunartera zabaltzekoa. Disko osoa pasa dut galdera hau nola plazaratu ez nekiela, izan ere, izugarria da disko honetan parte hartu duen jende kopurua, kantu gehienetan duzue kolaborazioren bat eta diskoaren barrualdean ikus ditzakegu Kortxoenea, Hazten Hasten eta Balio Dute proiektu kolektiboen zigiluak. Musika eta bizitza ulertzeko modu bat da kolektibotasuna?
Niretzako bai. Militantzia hitza perbertitu den garai hauetan nik sinisten dut bihotzari zor diogun militantzia horretan, eta jakin badakit inguruan badela hala sentitzen denik. Musika bizibidetzat aukeratu dugunok badakigu hutsari oihuka ari garela askotan, poztasun adina peaje dakartzala etengabeko ariketa narzisista honek. Hala ere, ni nire bizia marrazten ari naiz, maite ditudanekin eta maite nautenekin. Eta atzera begiratzean badaukat, eta badaukagu, halako harrotasun bat bide hori jende askorekin elkarbanatu izanarena, eta hauek ere ari dira, bakoitza berean. Baina disko honetan gure etxeko sutondora etorri dira, trukean ezer eskatu gabe euren zati bat ematera. Eta horrek bizirik sentiarazten nau, sortu dugunak mundua aldatu ez, baina gu pixkat osoago egin gaituenaren sentsazioarekin. Eta ederra da.

ETIKETAK:Alberto LizarraldeBeñat AntxustegiBi ZaldiEneko SierraGartxot Unsain