2023.05.25
Peio Erramuzpe aspaldi da Ipar Euskal Herriko musikari erreferentea. Usopopeko Lizarrietako grabazio batean izan nuen lehen aldiz bere musikarekin kontaktua, eta unean txundituta utzi ninduen. Parajea zein grabaketa sekulakoak dira, 360 graduko egurrezko oholtzan instrumentuz inguratuta, jardunean. Edo jolasean. Peioren musikak, izan ere, asko dauka ingelesezko play hitzetik, meritu izpirik kendu nahi gabe, hitzaren adiera ludiko eta plazergarrienean, baina ondo baino hobeto antolatuta eta teknika apartaz lan egiten du.
Musika garaikidearen izenak etorri zitzaizkidan burura, Jarre edo Cianni bezalakoak. Baina baita hurbilagoko egiteko moduak ere, Telmo Trenor, Alai eta Benizzeren soinu eskulan edo artisautza, kasurako. Hala ere, beti dago tradizioaren arrastoa Hairaren musikan (orain aurkezten duen diskoan ere hala izan da), eta ez bakarrik antzinako sample-ak erabiltzerako orduan: txorien soinuek, erritmo kutxa organikoek, dinamika krautero mantra formakoek eta sintetizagailuen aukeraketek (batzuetan akordeoiak dirudite, edo txirulak) beti dute oin bat antzinaroan. Horregatik, eta Hegoaldetik behingoz belarria kentzearren, lan hau euskal musikarako harribitxia da.
Ororen gainetik, uste dut diskoa entzun beharrekoa dela, belarriz eta ez hitzez (soinuz eta ez irudiz) ezagutzekoa, eta horregatik ez dut nahi nire hitzek aurreiritzirik sortzea, bizi garen link arinen garaian klikatzeak garestia ematen baitu. Beraz, hemen harekin edukitako solasaldi txikia, entsegu eta bizitza prekarizatuak medio, lan berri liluragarria aitzakiatzat hartuta, eta azkenengoa izan ez dadin.
Aurretik Peio Erramuzpe izenez ere zuzenezkoak eman dituzu. Zein pauso eman nahi duzu edo zer hasten da Hairarekin?
Lehen disko hartan, akustikoari tokia egin nahi nion. Elektronikan murgildu aitzin, bateria eta gitarra taldeetan jolastuz ikasi nituen, eta betidanik bien arteko harremana ederra iduritzen zait. Batez ere, bakarka aritzeko mugak desegin behar izan dira egitasmo horren gauzatzeko, eta, zuzenerako, musikari lagunei laguntza galdegin.
Aurreko ibilbidean ekoizle gisa talde askorekin lan egin duzu. Zelakoa izan da lehen aldiz proiektu pertsonal bat egitea? Zerbait berria gehitu nahi izan diozu zure ibilbideari?
Denbora anitz pasatu dut proiektu honi pentsatuz, eta, egia erran, ez nuen pentsatzen egun batez egia bilakatuko zenik. Prozesu luzea izan da, eta, halaber, biziki fite egina izan da. Nola zerbait zure barnean duzularik eta ez jakin nola erran, falta zitzaidan barneko indar kolpe bat azken pausoa emateko. Bidaia berri bat bezala ikusten dut, aspaldiko musika lagunekin.
Elektronikak ematen duen lan egiteko era askotan zehazteko zaila izaten da konposatzerakoan. Zelakoa izan da konposaketa? Inprobisaziora utzia edo kantuetara bideratua?
Kantu bakoitzak prozesu ezberdin bat izan du, ez dut egiteko manera finkorik. Batzuetan hasten ahal sinte baten arpegio batekin, bertzeetan kanta baten akordeak bilatuz, edo modularrekin drone bat sortuz. Maite dut kanta bakoitzak izan dezan bere hastapen propioa eta aproposa, istorio baten lehen lerroak bezala, zerk ematen dizun emeia segidaren irakurtzeko. Luze izatea ahal ideia ona aurkitu arte, orduan bai, inprobisazioak bere tokia badu kantu bakoitzean. Magia agertzen delarik, gelditzen naiz, eta saiatzen une horren grabatzen. Batzuetan deia eskapatu da, nolaz akatsak eta sorpresak garrantzi handiena duen konposaketan.
Poly 6etik abiatuta bai, baina beste instrumentu asko jo dituzu —sample bikainak tartean—. Zelakoa izan da aukeraketa? Zer giro islatu nahi izan duzu? Zer rol izan dute kolaboratzaileek?
Ez ditut musika tresnak aukeratu, baizik eta nori nahi nion parte harrarazi diskoan. Mugarri 25-etik abiatu da dena. Usopop elkarteak utzi gintuen Larrun kaskoan hainbat musikarirekin, eta zerbait magikoa bizi izan dugu. Nonbait magia hori sartu nahi izan dut kutxa batean, oroimen iraunkor bat bezala atxikiz. Disko hori une horretako aztarna bat bezala sentitzen dut. Argi da enetako: ez bagenu bizitu aste hori, diskoa ez zen agertuko hain laster. Hala nola Felix Buff, Lumi, Orbel, Paxkal Irigoien eta haien musika tresnak sartu ziren Hairan.
Soinu garaikide eta hitz tradizionalen oreka bikaina da. Errekuperazio edo aldarrikapena egin nahi izan duzu? Zergatik? Zer intentzioz?
Erraza da. Geure baitan dauzkagu aspaldiko kantu herrikoi ainitz, etxean ikasi ditugunak. Bertzalde, sinteak eta musika progresiboa ainitz maite ditut. Naturalki nahasketa egin dut, ideiarik ez dut ukan, bakarrik atera baita. Gaur egun, iduritzen zait gure belaunaldiko musikari ainitz mugimendu horretan garela, ez dakit nola esplika. Beharbada memoria lan bat egiteko eta iturrira itzultzeko, biziaz egarri garelarik.
Zelakoa da euskal eszenan parte hartzea Iparraldetik? Zer eragin du zuen eguneroko musikalean?
Zaila da galdera… Egia erran, ez dakit, ez naiz oraindik hasi ene aldetik. Proiektua aurkeztu, eta erantzun ahalko dut. Baina geroz eta gehiago ohartzen naiz euskararen garrantziaz egunerokotasunean, Iparraldean gutiago erabiltzen baita, eta ezinbestekoa ikusten dut tokiko euskaraz eramatea gure musika.
Zer etorkizun du proiektuak? Zuzenekorik egongo da? Zelakoa izango da?
Bistan da asmoa dugula proiektu honen aurkeztea Euskal Herrian gaindi, baita ere urrunago. Formula ezberdin batzuk pentsatzen ditut, bakarkakotik bortzkotera artio, jende ezberdinarekin. Haira egitasmoak aurpegi anitz izaten ahal ditu.
Zer aurkituko dugu Laupabortz aire ttipi-n? Deskribatu abesti bakoitza labur-labur: