Elkarrizketa

Gorka Erostarbe

2015.12.28

Gorka Erostarbe

«Beti izan gara genero desberdinak uztartzearen zale»

Elkarrizketa: Juan Ramon Azpitarte 'Imuntzo'

Lau akordeoi txiki ditu egun; zaharrena Larrinaga-Guerrini bat, «ia ehun urte ingurukoa, Tapiari [Joseba] erositakoa». 30 urte inguru daramatza trikitia irakasten Juan Ramon Azpitarte Imuntzo-k (Azkoitia, Gipuzkoa, 1969). Egun, Azpeitian, Zarautzen eta Zumarragan irakasten du. Ez da kasualitatea, hirurak dira trikiti tradizioko herriak. Belokirekin batera kaleratu berri duen Egurre diskoa (Elkar) aurkezteko desiratzen dago. «Urtarriletik aurrera izango da».

Juan_Ramon_Azpitarte_'Imuntzo'

Juan Ramon Azpitarte ‘Imuntzo’ trikitilaria. (Andoni Canellada / Argazki Press)

Bi aste pasatxo dira Epelarre soinu jotzailea hil zela. Maisu izan zenuen.
Estilo bat markatu zuen. Fandangoez eta trikitiaz aparte, nahiko errepertorio zabala zeukan, balsak eta beste. Trikiti belaunaldi klasiko baten azkenetako ordezkaria. Duela hilabete gutxi batzuk Zendoia ere hil zen. Maisu izan nuen Epelarre, eta bere seme Xabier pandero jotzaile nuela hainbat txapelketetan parte hartu genuen, 1985, 1986 eta 1988an, hain zuzen ere.

“Urolako trena” pieza ezagunarekin eta Landakandaren ahotsarekin zabaldu duzue Egurre diskoa. 
Bai, hain justu ere, “Urolako trena” Xabier Epelarrek eta biok 1988ko txapelketan jotako pieza da. Grabatu gabe genuen, eta berreskuratu nahi izan dugu. Klasiko bat delako pentsatu genuen ahots klasiko bat sartzea. Landakandaren ahotsa oso esanguratsua da trikitiaren historian eta belaunaldi horretan. Ahots propio eta berezia du.

“Ostiraltxo” bigarrenak badu ukitu oskorritar bat.
Bai, batez ere trikitia eta biolina elkarrekin ari direnean folk kolore bat hartzen baitu… Zuzenean ere nahiko errepertorio zabala ibiltzen dugu, eta beti izan gara genero desberdinak uztartzearen zale. Segun eta non jotzen dugun jendeak dantzatzen du trikiti asko, edo bals asko, edo rantxera asko… une bakoitzean zer eskaini izateko beti zaindu dugu gure errepertorioa.

Besteak beste, bi cumbia eta mexikana bat ere bai lan berrian.
Betidanik sartu izan ditugu Latinoamerikako erritmoak, mexikanak, cumbiak. Gauaren helduan-en bideoklip bat egin genuen cumbia batekin.

Zergatik zaizu erakargarri cumbia bat, esaterako?
Jotzeko oso erritmo erosoa iruditzen zait. Ez da erabat lasaia, baina aldi berean feeling berezi bat sortzen du.

“Gora Afrika” berreskuratu duzue. Gaur-gaurko gaia. 
Gure bigarren diskokoa da; beraz, 20 bat urte baditu. Gure diskografiatik berreskuratu ditugu pieza ezagunenetako batzuk. Hori bera, “Mikel Goñi”, “Gizontxo gizentxo” eta “Sorgindu”. Berriro bizi pixka bat eman nahi izan diegu, eta, grabatzeko eta jotzeko erak asko aldatu direnez, beste molde batez probatu nahi izan ditugu.

Gainerakoak zeuk sortutakoak. Sortze lana da zailena, baina gustuko duzu…
Niri gustatzen zait sortzea, baina ez da lan erraza. Egin behar duzu jarri, sortu, aukeratu. Baina gustatzen zait. Jarriz gero, beti sortzen da zerbait.

Jendeak estimatzen du trikitia festan? Oraindik betetzen du funtzio bat plazan?
Nik baietz uste dut. Gu deitzen gaituztenek badakite zer egiten dugun; ez gaituzte deitzen gu ezagutzeko normalean, baizik eta egiten dugunarekin gozatzeko. Festa giro hori nahi izaten dute.

Zer da zuek ematen duzuen hori?
Gure kantu zaharrak, disko berrikoak eta bertsioak, mexikanak, cumbiak, cajun-ak, euskal dantzak ere bai dezente. Gainera, konturatu gara jendeak geroz eta gehiago dantzatzen dituela euskal dantzak: polkak, zortzikoak, zazpi jauziak… Gazteek batez ere. Eta hori dator dantza eskolen eraginez; eta oso poztekoa da.

Zuentzat hain ohikoak ez diren plazetan jotzea gustatuko litzaizueke?
Bai, gu prest gaude edozertarako. Urteek ematen dizute eskarmentua, eta baita indarra ere edozein lekutan moldatzeko. Eta gure girokoa ez izanagatik ere esperientzia aberasgarriak izaten dira.

Trikiti irakasle modura urte mordoxka bat daramazu. Zer ematen dizu?
Jende askorekin hartu-emana, jende asko ezagutzen duzu, ezagutzen zaituzte, oso aberatsa da. Aldi berean, lan horrek eskatzen dizu behin eta berriro aktualizatzea, bai metodoei dagokienez, bai partiturei dagokienez, esparru guztietan.

Zaletasuna badago gazteen artean?
Bai, badago zaletasuna. Trikitia beti egon da loturik festa girora, eta horrek erakartzen du; gaur egun jendea inguratzen du trikiti poteoak eta abar. Ez zait iruditzen galbidean dagoenik trikitia, eta, hala balitz ere, horretarako gaude, gal ez dadin borrokatzeko.

Zein duzu trikitilari eredu edo gustuko?
Uf, zaila da hori erantzuten. Ni neu trikitia ikasten hasi nintzen Sakabirekin, aurrez soinu handia ikasten ari nintzen. Gero Epelarrerekin, Lajarekin… Horiek denak niretzako handiak ziren eta dira egun ere.

Bikote emankorra eta egonkorra osatzen duzue zuk eta Belokik. Zer nabarmenduko zenuke Belokiren joaldiaz?
Izateko freskotasuna, irekia eta naturala da oso. Jendearekin asko konektatzen du.

Hasieran ez zenuen zuk kantatzen, baina geroz eta gehiago.
Bi ahotsetara kantatzea polita da, eta, gainera, abantaila dauka: bat izorratu samar egonez gero ahotsetik besteak har dezakeela erantzukizuna.

Kosta egin zaizu zeure burua kantari modura ikustea?
Nik uste dut garai kontua ere izan dela. Gu hasi ginenean pandero jotzailea izaten zen kantatzen zuena normalean. Gero, Tapia eta Leturia atera ziren biak kantatzen, eta horrek probatzeko gogoa ematen dizu. Hasieran ikusi egin behar duzu nola kantatzen duzun, ondo geratzen den edo ez, onartu egin behar duzu zure kantaera, baina behin hori eginda… asko gustatzen zait kantatzea.

(Berria egunkarian, 2015eko abenduaren 27an argitaratutako elkarrizketa)

ETIKETAK:ElkarImuntzo eta BelokiJoseba TapiaTapia eta Leturia