2022.07.02
Patxi Bidartek, Peio Izeaga, Mizel Zamora, Pierre Balacey Balatx, Ion Arruabarrena, Ortzi Hegoas eta Amaiur Koskarat kideekin batera atera berri du Kantu berrien azalean diskoa. Kukuak bezala negutik landa, hamar urteko isilunea “Kukua kaiolan” kantuak iratzarri du, Larhun kaskotik eta Niko Etxartek lagundurik.
Diskoa xutitu duzue.
Balorea duen zerbait nahi genuen ukan esku artean, musika iheskorra bilakatu baita. Frikismo bat da. Lan baten emaitza da hau azkenean; fruitu bat. CD irakurgailurik ere ez da gehiago! Erokeria da!
Entzuteko erak aldatu baitira…
Singleka ateratzen dira orain kantuak, menturaz bideoklip batek lagundurik. Nehork ez du disko osorik gehiago entzuten. Kantuak ez du gehiago pisurik, egun mugatuak ditu. Kortaturen “Sarri sarri” edo Hertzainak-en kantuak denek ezagutzen ditugu, belaunaldiz belaunaldi pasatu dira. Baina ez dakit gaur egungo kantuak gai izanen direnez horretarako. Rockaren munduko zein kantu gelditzen da Iparraldean? Anje Duhalderenak, Niko Etxartenak… Zer adin dute disko horiek?
Alta, Xutikek badu bere tokia.
Bai, baina zuzenekoan dugu indarra. Garai batean kantu eta talde gutiago zenez, haien indarra askoz handiagoa zen. Gaur egun, ordea, kantu anitzez gehiago dago; azken hilabeteotan esponentzialki askoz ere gehiago daude. Erokeria da. Ontsa da, medio eta aukera gehiago baita musika taldeendako, baina, aldi berean, itsaso batean itotzen dira; zaila da ateratzea.
Norberak bere diskoa osatzen dua nahi dituen kantuekin?
Bai, hori da.
Ikusgarria da diskoaren euskarria: artelana dirudi.
Balatxek kristoren lana egin du diseinuan eta argazkilaritzan. Pott Bandak ere bai serigrafian. Bostehun diskoetan ez da bakar bat ere berdina denik.
Xutik isildu da hamar urtez.
Egin genuen azken diskoaz kontent ginen, eta, zuzeneko taldea garenez, erabaki genuen zuzenekoak luzatzea. 2019aren bukaeran erabaki genuen pausa bat egitea. Hori luzatu da pandemiagatik. Hala ere, disko honentzat nahi baino gutxiago elkartu gara, zazpiok juntatzeko ez baita hain sinple. Prozesu luzea izan da beste diskoei konparatuz, baina horrek ez du erran nahi denbora gehiagorik ukan dugunik lantzeko.
Ion Arruabarrena kolaboratzaile zena taldekide da orain.
Aitzineko diskoan parte hartu zuen, aurkezpen kontzertura jin ere, eta, ongi pasatu zenez, poliki-poliki sartu da. Makina bat!
Zer berri dakar disko honek?
Aitzineko diskoan kanpotik laguntza anitz ukan genuen, Odei [Barroso], Amets [Arzallus], Iñigo Aranbarri, Jon Maia… kantu bakoitza begirada bat izan zen. Aldi honetan, berriz, ez: hiru kolaborazio salbu, beste guziak gure hitzak dira. Ez gara haiek bezain poeta, baina hitzak zuzenagoak dira, holakoak gara!
Zuen arranguren garraiatzaile.
Beti atxikitzen dugu rock zaharraren filosofia aldarrikatzailea.
Kantu berrien azalean dantzagarria da.
Ongi islatzen du gure bilakaera. Isildu bai, baina ez ginen joan. Gure sorkuntza eta aldarrikapenak kantu hauetan bildu ditugu, entzun ditugun beste musiketatik, gure saltsa eginez, ia dena idatzia baita jada.
Badea berezi zaizun kanturik?
Niko Etxartek kolaboratzen du “Kukua kaiolan” kantuan. Esperientzia polita izan da; harekin kantu bat grabatzea bikaina da!
Negu isilari udaberriaren iragarle izan ohi da kukuaren kantua.
Diskoa bera omenaldi ttipi bat da, plazer ttipia. Kolaborazioak, normalean, beti egiten dituzu modan direnekin. Xabi Solanorekin egin genuen bezala, edo Pello Reparazekin… Alta, kantua entzunez berehala Niko jin zitzaigun gogorat: kantua berea zen, ezin zen bestela izan. “Kukua kaiolan” Larhun kaskoan idatzi genuen, artistentzat antolatzen diren erresidentzian. Ordurik gabe, jo eta jo… Bikaina izan zen! Hortik kantu bakar hau atera zen: disko berriaren lehen kantua, 2020ko azaroan. Lekuak Kaiola du izena, hortik atera diogu izenburua.
Nola joko zenuke disko hau zuzenean?
Lehenik lehen kantua ["Gaur gorri bihar beltz"]: energia baitu, baina ez gehiegi. Gero, bosgarrena ["Pitoz gora"]. Erdialdera, “Kantu berrien azalean”, gailur bezala, eta “Zuk dakizu”. Finitzeko, Niko eta Anje, eta “Azterketak euskaraz”. Hala ere, “Kantu berrien azalean” ere izan daiteke bukaeran, azken suziri gisa…. Badu Eltzegor taldeak izan dezakeen sonoritate tradizionala, baina baita ere elektro puntu bat… Funtzionatzen du, ontsa egina da, ontsa lotua; nahiz eta ez dudan uste sartzen garenik Gazteako patroietan! [kur-kur]. Ez dut uste gure helburua denik ere.
Letrak Xutikek sinatzen ditu, baina norena da luma?
Gehienetan, nihaurena, baina, taldeak bere egiten dituenez, libre dira, denenak. Ez dut maite ene izena ezartzea taldearena den zerbaitetan.
Bakardadearen tinta dutea letrek?
“Ikusiko duzu” denek elkarrekin idatzi genuen, nahiz eta luma nik atxiki. Errepika batean izan zen, oso polita; ez genuen sekula egina. Ez da erraza, baina posible da. Besteak, bakardadean. “Lanera noa” Ortzik [Hegoas] idatzi du.
Hitza musika ekarle zaizu, ala ifrentzuz?
Nahiago dut musika zerbait ukanez idaztea. Kantariek, berriz, nahiago dute alderantziz. Normalean hitzak sortzen ditugu lehenik, gero melodia. Bertsogintzako erritmikatik atera nahi badut ere, beti horra erortzen naiz.
Zein da kanturik pertsonalena?
“Luzatu eskua”. 2015ean Grezian izan ginen hiru suhiltzaile, itsasoko giza salbazioan, Chiosen. Horren harira idatzi nuen. Esperientzia gogorra izan zen. Gu joan eta gero hasi zen baretzen. Itsuskeria ikusi genuen, tristezia.