Elkarrizketa

Iñaki Lasa Etura

2021.03.15

Iñaki Lasa Etura

“Berri Txarrak-en irudira zerbait berria ekartzea nahi nuen”

Elkarrizketa: Marina Lameiro

Gaur ikusiko du argia Dardara filmak, Iruñeko Ikuspuntu jaialdiari hasiera emateko. Berri Txarrak taldearen Ikusi arte biraren nondik norakoak biltzen dituen dokumentala lau egun geroago, ostiralean, estreinatuko dute zinema aretoetan. Marina Lameirok (Iruñea, 1986) zuzendu du taldeak etenaldi mugagabea jakinarazi ondoren iritsi ziren hilabete frenetiko horien argazkia. Agurraren erretratu kolektiboa.

IMG-20210311-WA0004

Marina Lameirok mundua zeharkatu zuen Berri Txarrak taldearekin. (Arena Comunicación)

Nola hasi zinen proiektuan? Noiz esan zizuten Berri Txarrak-ekoek Ikusi arte birari buruzko dokumental bat egin nahi zutela eta zuzendari gisa nahi zintuztela?
2018. urtearen amaieran jaso nuen proposamena. Urtarrilaren lehenengo egunetan elkartu ginen, proposamenari buruz luzeago hitz egiteko: nola ikusten genuen, zein herrialdetan egingo zuten bira… Nire erreferenteak kontatu nizkien, 1960eko eta 1970eko hamarkadetan egindako film batzuk: D.A. Pennebakerrek Bob Dylani buruz egindako Don’t Look Back eta Maysles anaien Gimme Shelter, The Rolling Stonesena. Film horiek taldearen erretratua egiten dute, baina garaia ere deskribatzen dute aldi berean. Adibidez, Gimme Shelter filmean Maysles anaiak The Rolling Stonesen bira bat grabatzen ari dira, eta kontzertu batean Infernuaren Aingeru batek hippy bati labana sartzen dio. Hippy mugimenduaren amaiera bezala ulertzen da irudi hori, eta dokumentalean grabatuta dago.

Jendea batu zenuten proiektura.
Ekoiztetxe bat beharko genuela esan nien, nik ez nuen nahi aldi berean filma egin eta ekoiztu. Nire lehenengo filmean horrela egin nuen, eta ez nuen berriro egin nahi, izugarrizko lana delako. Arena Comunicación eta Itziar Garcia Zubiri gomendatu nizkien. Haiengana jo zuten, bildu ginen hiru aldeak, eta geroago sartu zen proiektuan Txalap.art, eta jaso genuen EITBren, Nafarroako Gobernuaren, Innova Culturalen eta Etxepare Institutuaren babesa. Horri esker egin dugu filma.

Dardara zerorrek ez ekoiztea erabaki zenuen, baina argazkilaritzaz eta gidoiaz arduratu zara zuzendaritzaz gain.
Ez dut filmografia luzea, baina egin ditudanetan, beti landu dut gidoia. Dokumentaletan, gainera, gidoia ez da film batekoa bezalakoa. Ez dut eskaleta moduko bat, non badaukadan argi zer gertatuko den. Gidoia da zein ideia bilatzen ditudan, zein ikuspuntu emango diodan, zein izan daitekeen estruktura, zer motako pertsonaiak bilatuko ditudan… Argazkilaritzari dagokionez, hasiera batean beste norbaitek egitea nahi nuen, baina ekoizpen kontuengatik —grabaketa luzea, hainbeste lekutara bidaiatu…— nik egitea erabaki genuen. Itziar Garcia Zubirik esan zidan bere ustez nire begiradak edo argazkia egiteko moduak filmari asko eman ziezaiokeela, eta konbentzitu ninduen.

Dokumentala zuk zuzentzen duzu, baina talde bati buruz ari zara. Gorka Urbizuren bizitzaren erdia baino gehiago izan da Berri Txarrak. Lan hau berezia zen berarentzat. Nolako jarraipena eman zion proiektuari? Elkarlan handia izan zenuten?
Hasiera batean Gorkak ez zuen hainbesteko protagonismoa izan behar dokumentalean, eta taldeak bai, baina abestien bitartez. Baina ohartu ginen filmak zaleentzako omenaldia izan nahi zuela. Eta, noski, zein izan daiteke zaleentzako omenaldirik onena? Haien talde maitatua ezagutzea. Hasierako solasaldietan asko hitz egin genuen Gorkarekin, Galderrekin [Izagirre] eta Davidekin [Gonzalez], zaleen inguruan, herrialde batean gertatutakoaz… Horrela jo nuen filmean agertzen den zale alemaniarrarengana, Paulinengana, Berri Txarrak-ekoek hitz egin zidatelako haren inguruan. Grabazioaren erdialdera, Itziar eta biok ohartu ginen Gorka eta taldea gehiago agertu behar zirela. Gorkarekin konfiantza apur bat hartu nuen, bere intimitatera irekitzeko.

“Filmak zaleentzako omenaldia izan nahi zuen. Eta zein izan daiteke zaleentzako omenaldirik onena? Haien talde maitatua ezagutzea”

Estreinaldia etxean duzue, Iruñeko Ikuspuntu jaialdian. Irrikan egongo zara.
Bai! Publikoaren harrera zein izango den jakiteko gogoa dut. Kritikak edo prentsak edozer esan dezake, oso harrera ona izaten ari da eta hori ere berezia da. Baina publikoa da garrantzitsuena.

Jaialdia berezia da zuretzat, gainera. Young & Beautiful han aurkeztu zenuen, eta Publikoaren Saria jaso zenuen.
Niretzat oso berezia da hara itzultzea. Lehenengo filma bertan estreinatu nuen, Garbiñe Ortega zuzendariaren lehendabiziko urtea izan zen. Aurtengoa Ortegaren azken urtea da, eta bertan izatea ziklo bat ixtea bezalakoa da. Asko eskertzen diet aukera hau Ikuspunturi eta Garbiñeri. Gainera, askoz garrantzitsuago dena, Berri Txarrak-i buruzko film bat, Nafarroako talde baten ingurukoa, Nafarroako zinema jaialdirik garrantzitsuenean aurkeztea, oso berezia dela iruditzen zait.

Dokumentalaren sarreran Gorka Urbizuren gogoetak entzuten ditugu off ahotsarekin, etengabeko dikotomia batean, Berri Txarrak denaren eta izan denaren aurkia eta ifrentzua azaltzen, sentimendu kontrajarriak. Sarrera horretan definitzen duzue zein den egoera, ezta? Hartutako erabakien arrazoiak.
Hori da sarrera. Gogoeta horiek gerora etorri ziren, ez da grabazio unean gertatutako zerbait. Gorkari zerbait idazteko eskatu nion, bere burua une jakin batzuetan jartzeko esan nion. Hori da sarrerako testua. Sekuentzia hori aldez aurretik muntatua nuen, baina ez zuen off ahotsik, asko gustatzen zitzaizkidan irudiak ziren, baina ez nuen ikusten horiek filmean txertatzeko modua; nire une maiteenetakoa zen, baina ez nekien nola gehitu. Eta hasiera hau Diana Toucedo muntatzaileak egin zuen. Bidali zidanean, asko gustatu zitzaidan, “aurkitu dut hasiera” pentsatu nuen.

Gorka Urbizuk idatzitako hitzekin une asko defini daitezke, eta baita dokumentala esaldi bakarrean definitu ere. “Berri Txarrak sentimendua da”, sentimendu kolektiboa. Hori izan al da Dardara­-rekin azaldu nahi izan duzuena?
Gorkak kontzertuan esaten du Berri Txarrak sentimendua dela, eta dokumentalaren hasierako pasartean esaten du oroitzapen kolektibo baten hazia dela. Niretzat, hori da film hau: sentimendua. Baina Berri Txarrak sentimendua den era berean, Lady Gaga ere sentimendua da. Oso berezia da Berri Txarrak-ek sortzen duena, baina hori unibertsala da. Edozein zalerentzat sentimendua da bere idoloa. Ez da soilik gustatzen zaion zerbait, pasioa eragiten dion zerbait, baizik. Oso berezia da hori. Berri Txarrak-ek pertsona mota batzuk erakartzen ditu, hitzak zerbaiti buruz dira… Baina ez da esklusiboa. Zenbat eta konkretuago zerbait, orduan eta unibertsalago.

Dardara-ren trailerra ikusi genuenean, agertuko ziren protagonista batzuk ezagutu genituen. Pentsa genezake zale horien bizipenen inguruko dokumentala izango dela, baina ez da horrela. Garrantzia dute, baina aldi berean ez dute protagonismo gehiegi. Bakoitzaren inguruko zertzeladak ematen dituzue, gehiegi sakondu gabe. Berriro ere sentimendu kolektiboaren irudi hori.
Young & Beautiful-en gauza bera egin genuen. Pertsonaia kolektiboa da, eta pertsonaia kolektibo hori izan daiteke gutako edonor. Giza esperientzia da, zale bakoitzaren espezifikotasunak erakusten ditugu, baina baita ere denok elkarrekin konpartitzen duguna.

“Oso berezia da Berri Txarrak-ek sortzen duena, baina hori unibertsala da. Edozein zalerentzat sentimendua da bere idoloa, pasioa eragiten dion zerbait”

Berri Txarrak barrutik baina kanpotik erakusten duzu, ertzetatik begira bezala.
Garrantzitsua iruditzen zitzaidan zinema ikuspegitik zerbait berria ekartzea Berri Txarrak-en irudira. Kontzertu batean bizi duzuna ezin duzu beste ezerengatik aldatu. Ez zuen zentzurik horren erregistroa egiteak. Askotan kontzertu batean energia ikusgarria dago, eta etxera iristean eta grabatutako planoei begiratzean, ez duzu energia hori sentitzen. Egin ahal nuen bi modura: kamera askorekin muntaia azkarra egin, irudi esplosiboekin, edo beste zerbait bilatu. Eta beste hori bilatu nuen. Eta niretzat garrantzitsuagoa zen pertsona baten aurpegiaren bitartez irudikatzea taula gainean gertatzen ari zena oholtzan gertatzen zena erakustea baino.

Eta aldi berean, egun bizi dugun egoerarekin inoiz baino indar handiagoa dute orain kontzertuetako irudiek. Ez soilik Berri Txarrak zuzenean ikusteagatik, baizik eta errealitate hori gaur egun ez delako existitzen. Kontziente zineten horretaz dokumentala muntatzen ari zinetenean?
Kontziente nintzen, baino nahiko inozentea naiz. Muntatzen ari nintzenean hasi berria zen egoera, eta hilabetetako kontua izango zela uste genuen, ez genuen sinisten oraindik horrela jarraituko genukeenik. Orain bai naiz kontzienteago. Aurrekoan Nafarroa Arenan elkarrizketatu ninduten. Lehen aldiz itzuli nintzen hara agurreko kontzertuetatik. Dena mahai txikiz beterik dago, ikusten dituzu ez dakit zenbat mahai, hor, eta pentsatzen duzu “Bueltatuko al gara honetara?”. Baina dokumentala grabatzeko garaian ez nuen horretan pentsatzen.

Berri Txarrak-i buruzko bi dokumental eginak ziren aurretik, Zertarako amestu eta Iragana aurretik, baina oso lan desberdina da Dardara. Zergatik hartu zenuten erabaki hori? Taldearen egoera eta islatu nahi zenutena desberdina zelako? Jada egindakoa ez errepikatzeko?
Bai, eta hori ez zen nire kontua soilik. Elkartu ginenean, Gorkak poltsa bat eman zidan, bi DVDrekin: “Hau da egin duguna eta ez duguna berriro egin nahi. Oso ondo dago, baina jada egina dago”. Erakutsi ez balit ere, ez nuen errepikatuko eginda zegoena. Dardara azken biraren inguruko dokumentala da, eta besteak ziren disko baten grabaketaren erregistroa, gogoetekin, edo Berri Txarrak-en historia.

Nolakoa izan zen Ikusi arte bira Berri Txarrak-ekin batera egitea?
Oso esperientzia ona eta ahaztezina. Oso gustura sentitu nintzen haien artean, eta oso eskertuta nago emandako aukerarengatik. Gogoan dut lana eskaini zidatenean, hartu edo ez hartu zalantza izan nuela, beste proiektu bat nuelako esku artean, Young & Beautiful-etik nentorrelako, eta atseden hartzeko gogoa nuelako. Baina pentsatu nuen unibertsitate garaian nire ametsa zela egun batean dokumentalak egitea munduan zehar. Unea iritsita, ezin nuen ezetz esan. Izugarria izan da.

Zaleen erantzuna bakarrik falta da. Zer espero duzu?
Badut beldur apur bat ea ez den egongo biraren making off bat edo kontzertuen DVDa espero duen jendea. Beldurra ematen dit jende horri dezepzionatzeak, baina aipatutako hori ez badago ere, oso zale denarentzat badaude beste hainbat gauza trukean, espero ez dituzten gauzak. Espero dut hori eskertzea.

ETIKETAK:Berri TxarrakDokumentalakGorka UrbizuIkuspuntuMarina LameiroZinema