Elkarrizketa

Jon Urzelai

2016.04.05

Jon Urzelai

“Bost edo ehun lagunen aurrean jo, berdin izerditzen dugu”

Elkarrizketa: Tooth

Gernikako Tooth taldeak 2009. urteaz geroztik dihardu agertokiz agertoki bere indarra erakusten. Bi grabazio laburren ondotik, Bi argitaratu berri du hirukoteak, Muxikon estudioan grabatua (Mungia, Bizkaia). Azala hain du iluna diskoak, ezen urrunetik guztiz beltza baitirudi. Gertutik begiratzean, aldiz, forma geometriko eta ertz zehatzez osatutako gorputz bat antzeman daiteke. Gu ere, azken kontzertuaren ostean taldearengana gerturatu eta kopeta oraindik izerditan dutela Iker Roman Mirri (baxua eta ahotsak), Edorta Apraiz (gitarra eta ahotsak) eta Pello Arzanegi Arza-rekin (bateria) batu gara, taldearen argi-ilun eta ertzak ezagutzeko asmoz.

tooth1 (Ibai Agorria)

Edorta Apraiz + Pello Arzanegi + Iker Roman = Tooth. (Ibai Agorria)

Azken hiru egunetan hiru kontzertu eman dituzue: Bilboko Kafe Antzokian, The Wizardsekin; Gernikan, Killerkume eta Arabrot taldeekin; eta Laudion, Gazte Danbadan. Edozertara animatzen zarete kontzertu bat ematearren?
Pentsatu genuen hiru egunetan hiru zuzeneko emateko gai izanez gero, edozertarako gaudela prest, ez baitugu inoiz bi kontzertu baino gehiago izan jarraian orain arte. Bai, gu edozertara apuntatzen gara, deitzen gaituzten edonora joateko prest. Azken finean, diskoa jo ahal izateko argitaratu dugu eta deitzen gaituztenean oso pozik joaten gara. Zuzeneko talde bat gara.

Hori galdetu behar nizuen: Toothek bere esentzia zuzenekoetan aurkitzen du edo estudioko lana ere gogoko duzue?
Zuzeneko talde bat gara baina disko honetan lortu dugu zuzenekoetako soinua islatzea, zuzenean grabatu baitugu hirurok batera. Iñigo Etxebarrieta geure lagunarekin grabatu dugu bere estudioan eta perfekzionistak izatea baino gehiago, joaldi bakar eta egoki bat bilatzea izan da gure asmoa, hirurok elkarri begira. Beti esan digute zuzeneko talde bat garela, transmititzeko gai garen indarra eta oldarkortasuna ez da berdina zuzenean edo diskoan, baina uste dugu diskoan ez garela urrun geratu emaitza horretatik. Hala ere, beti helaraziko dugu gehiago zuzenean, indar handiagoarekin.

Lortzen duzue publikoarekin harremana sortzea ala publikoa show bat ikustera besterik ez doa? Zaila izaten al da benetako komunikazioa sortzea?
Gu beti saiatzen gara ikuslegoa animatzen, baina oso zaila izaten da jendea gerturatzea. Beti da errazagoa horrelako giro bat sortzea toki txikietan, handietan jotzen duzunean baino. Hasieratik jendea gogotsu ikusiz gero zuk ere gogo gehiagorekin jotzen duzu baina guk beti diogu kontzertu bera joko dugula bost edo ehun pertsonaren aurrean, berdin izerdituko dugu. Ez da berdin digula jendearen erreakzioak, baina formatu txikian errazagoa da zaleengana iristea, hurbiltasun bat lortzea. Baina guk bi formatuak ditugu gustuko, toki handietan soinu onarekin jotzea tumatxa da ere. Azkenerako, Toothek badu bere tokia: ez dugu ez dakit nongo herriko jaietan berbena batekin joko, kontzertua bera gutxiengoa litzatekeelako. Gehiago gara neguko talde bat.

“Zuzeneko talde bat gara baina lortu dugu transmititzeko gai garen indarra eta oldarkortasuna diskoan ere islatzea”

Zein talderekin elkarbanatu nahiko zenukete oholtza?
Berdin digu. Jende jatorra izan dadila. Erraza da Helmet edo Unsane esatea baina azken finean geure estilotsukoa bada, ondo. 

Datozen hilabeteetan Madril, Galizia eta Asturias aldera joateko asmoa duzue. Nolatan sortu da horretarako aukera?
Toki desberdinetara idatziz eta txapa emanez. Lehenengo Asturiaskoa lortu genuen, ondoren Galizian bi egunetan jarraian antolatzea lortu genuen, eta azkenik Meidoko lagunekin batera Madrilen joko dugu La Choza Fest izeneko jaialdian. Konturatu gara Espainiatik ere entzuten gaituztela. Radio 3 edo Rockzone bezalakoetan gutaz hitz egin dute eta horrek ateak ireki dizkigu. Guk abentura pixka bat nahi dugu eta hortik zehar jotzera joan, probatu behintzat egin nahi dugu. Gure lekua Euskal Herria da, gure musika Euskal Herriko musika da-eta, baina badakigu nostalgiko asko dagoela hortik zehar ere musika estilo hau entzuten duena. Ohartu gara Tooth entzuten duen jendea badagoela eta probatzeko probestu nahi dugu.

Lehen disko luzea argitaratu duzuen arren, badituzue hamar bat abesti grabatuta aurretik. Nola aldatu da taldea sortu zinetenetik pasa diren zazpi urte hauetan? Diskoaren izenburuak fase berri baten irekierari egiten al dio aipamen?
Asko aldatu da taldea urte hauetan zehar. Tooth Eutanasia izeneko talde baten errautsetatik sortu zen eta hasieran Edortak jotzen zuen bateria eta Hodei lagunak gitarra jo eta abesten zuen. Metaleroagoak ginen orduan agian, baina post-hardcore eta antzekoak gustatzen zitzaizkigunez probatzen eta jolasten hasi ginen. Demo bat argitaratu genuen baina lehen kontzertuaren ondoren Hodei joan egin zen eta hainbat aldaketa egin eta gero, Arzak bateria hartu zuenean lortu genuen gaur egungo formazioa, beste disko labur baten ondoren, duela hiruzpalau urte. Horrexagatik ere bada Bi, lehen etapa delakoa nahaste borraste bat izan zenez, bigarren etapa baten hasiera markatu nahi duelako bigarren disko serio honek.

Gogoan dut lehen aldiz ikusi zintuztedanean Fugazi, Converge eta Unsane taldeen bertsioak jo zenituztela, baita Isis taldearen pasarte bat ere. Kartak mahaiaren gainean jartzen dituzuenik ezin dezakegu ukatu behintzat.
Bai, azken finean hori da entzuten duguna. Horietxek dira geure influentziak. Nahiz eta musikalki hain beretsuak ez izan, sartu nahi izaten ditugu horrelakoak. Guri estilo askotako musika gustatzen zaigu, post-rock instrumental pilo bat entzuten dugu, adibidez. Edo Agnostic Frontena bezalako hardcorea. Bertsioak jotzea gustuko duzun talde bati omenaldi bat egitea da. Adibidez, Fugazi ez dugu inoiz zuzenean ikusiko, beraz, omenaldi bat egiten diogu.

Tooth (Argazki: Ibai Agorria)

Gernikako Iparragirre elkartean martxoaren amaieran eskainitako kontzertuan. (Ibai Agorria)

Zuen kantuek zeri egiten diote oihu?
Metaforak dira. Errealitateari buruz hitz egiten dugun arren, mezu literalak ez ditugu gustuko. Gaurkotasunezko gaiei buruz aritzen gara baina beste modu batera. Bizi edo ikusten dituzun kontuak dira azken finean. Kantatzerakoan tresna bat daukazu nahi duzuna kritikatu edo esateko, zeure ikuspegia adierazteko eta hori probestu beharra dago. Barrenak husteko ere balio digu, jotzea gustatzen zaigu, asteko kaka guztia kanporatzea, buruan bueltaka dauzkazun kontuei bidea ematea. Horretaz egiten dugu berba.

Gurera etorriz, aipatu izan dira Getxo Sound edo Donostia Sound bezalakoak baina ezin daiteke ukatu Bidasoa Sound bat ere egon badagoela. Zuek Gipuzkoako mugetatik haragokoak zarete. Nola bizi izan duzue talde horien guztien eragina?
Taldea hasteko erreferentzia soinu bat zen: diozun Bidasoa bailarako horixe berbera. Beti izan gara Lif, Gutariko Bat, Dut, Lisabö edo Izaera bezalako taldeen oso zaleak eta taldea sortzerakoan abiapuntu bat izan ziren. Eutanasia eta gero talde horiek denak asko entzuten hasi ginen. Txandal metala egiten genuen arren, soinu hori maite genuen eta denok batzerakoan bakarrik atera zen, era naturalean.

Talde horietatik edateaz gain, soinu geldo, astun eta ilunei ere ez diezue muzin egiten, ezta? Oker ez banago, diskoa amaitzeko aukeratu duzuen “Gizaki hutsak” kantak zuen setlist-ean Neurosis izena du. Gauzak argi kasu honetan ere.
(Barreak) Geure setlist-a begiratuz gero ohartuko zara abesti guztiek dutela talde baten izena: Neurosis, Melvins, Lif, Converge, Lisabö, Metz, Mogwai, Izaera 1, Izaera 2… Izaera izenarekin lau bat egon daitezke. Riff bat edo abiapuntu bat daukagunean esaten dugu, “hostia, honek ez dakit zein talde dirudi” eta horrekin geratzen gara. Askotan ez dakigu abestien benetako izena zein den ere, izenak oso berandu jartzen dizkiegu abestiei. Neurosisi dagokionez, oso zaleak izateaz gain, diskoak baditu bi zati, lehena zuzenagoa eta bigarrena astun eta geldoagoa, garapen gehiagorekin.

Bilbo aldean ere doinu geldo eta astunekiko zaletasuna egon da baina agian ez du euskal entzuleriarengana hainbeste iristerik lortu. Horn of the Rhino, Loan, Meido, Ximel edo Neila ez dira hain ezagunak. Gipuzkoazentristak al gara euskaldunok horretan ere?
Gu beti deitu izan gaituzte gehiago Gipuzkoatik Bizkaiatik baino. Musika estiloaren kontua da. Bizkaian rock&roll eszena oso potente bat dago baina geure musika estiloa errotuago dago Gipuzkoan. Gainera, errazagoa da Gipuzkoan jotzea. Bizkaian “basagoak” dira agian, gehiago mugitzen dira ikusleak, baina Gipuzkoan, nahiz eta mugitzea askoz ere gehiago kostatzen zaien, taldeari arretaz begira egoten dira, entzuten. Noise-rock edo post-hardcore estiloko askoz ere eszena handiagoa dago, talde ezagunenak ere bertakoak dira. Bizkaian ere talde oso onak daude baina jendeak gutxiago babesten ditu. Oso underground dira eta ez da hainbeste jende joaten haiek ikustera. Meido Hondarribikoa balitz…

“Beti izan gara Lif, Gutariko Bat, Dut, Lisabö edo Izaera bezalako taldeen oso zaleak eta Tooth sortzerakoan abiapuntu bat izan ziren”

Zuek Gernikako Iparragirre rock elkartean horrelakoak antolatzen buru-belarri zabiltzate. Zer kontatu ahal diguzue horri buruz?
Gernikan kultura aldetik oso eskaintza handia dago. Astra, Trinkete Antitxokoa, Iparragirre… astebururo dago kontzerturen bat herrian. Egutegia begiratzen hasiz gero, ikusiko duzu nola azaroatik ekainera bitarte astebururo dagoen kontzerturen bat. Belaunaldi zaharrengandik jaso dugu mugimendu hori, Gernikan beti egon baita musika mugimendua, dela Exkixu edo Zurrapak. Guk hortik ikasi dugu eta errelebo modukoa da oraingoa. Gu hor barruan gaude, konturatu gabe, baina gustura.

Gernikak ez dirudi toki txarra musikari batentzat, beraz. Azpiegiturak, rock taldeak, entseatzeko lekuak…
Ez da, ez. Udalak erraztasunik eman ez arren, autogestioaz edozer egin daiteke. Egitarau bateratu bat dago gainera, ekintzak ez dira inoiz gainjartzen.

Backbone taldean ere bazabiltzate zuotako bi. Zer kontatu ahal diguzue proiektu horri buruz? Ez esan pop talde bat ere baduzuenik.
(Barreak) Ez, ez, denetarik jo dugu baina popa oraindik ez. Backbone 2012an sortutako lagunarteko proiektu bat da, metalarekiko zaletasuna abiapuntutzat hartuz. Arza hasieratik dago eta bi demo grabatu dituzte iada. Edorta ere beti inguruan zegoenez, taldean sartu zen azkenerako.

Zer jakin dezakegu zuen aurrerantzeko asmoez?
Gure asmoa jotzea da. Jo, jo eta jo. Kontzertuak jo eta ea jendeari diskoa gustatzen zaion. Abesti berriak sortzen ere bagabiltza. Jotzen ez bagabiltza, entseatzen egongo gara, ez gara geldi geratuko.

ETIKETAK:DutGutariko BatIzaeraKillerkumeLIFLisaböTooth