Elkarrizketa

Mikel Lizarralde

2018.06.13

Mikel Lizarralde

“Belaunaldi orok behar du mintzabide propioa”

Elkarrizketa: Alberto Irazu

Rocka eta bertsolaritza inoiz baino hurbilago daude gaur egun. Bertsoa musikarientzako langai bilakatu da, eta badira bertsoa eta bertsolariak ardatz dituzten rock taldeak ere. Bi esparruen arteko harremana, ordea, gorabeheratsua izan da urteetan, eta gaur egun naturaltasunez ikusten dena pentsaezina zen orain dela hamarkada batzuk. Rocka puntua! saiakeran (Pamiela), harreman horren kronika bizia egin du Alberto Irazu kazetari eta musikariak (Andoain, Gipuzkoa, 1970) —Karkaxa, Naun eta Captain Nemo taldeetan aritu da—, eta gogoetarako hainbat gai ere azaleratu ditu: bertsoaren eta rockaren alderdi performatiboa, hizkuntzaren hautua, sortzen diren joera berriei egokitu beharra…

Alberto_Irazu

Alberto Irazu kazetari eta musikaria. ( Jon Urbe / Foku)

Bertsoaren eta rockaren arteko harremana aztertzen hasita, azkeneko 50 urteetan neurri eta erabilera ezberdinekoa izan da harreman hori. Zuk idiaren eta akerraren figura darabilzu harreman hori irudikatzeko, uztarri berean lotzeko zailak direlako.
Oinarriak ezberdinak dira, eta duela 50 urte zailtasunak izan ziren, bi mundu ezberdin baitziren. Baina, batik bat, arnas ezberdina dute. Batak erritmoaren inguruan egiten du dantza; besteak, hitzaren inguruan. Batean, gorputzaren kontrolak ahalbidetzen du hitzaren kontrola; bestean, gorputzaren erabilera bera da performancearen parte. Ezberdintasun horien ondorioz, performance ezberdinak dira. Baina horien atzean sortzaileak egonik, giro horiek natural sortzen dira, nahiz eta bertsoa eta rocka, oinarrian, ezberdinak izan.

Joxe Mari Iriondok Uztapideri 1964an jarritako «Ikasi al dituzu rock and roll eta twist» puntu hartatik abiatzen duzu kontakizuna. Mundu tradizional hark ez zuen ulertzen gazteen aldetik zetorren olde hura, baina hori ez zen Euskal Herrian bakarrik gertatzen. Hemen, ordea, bazen elementu bereizgarri bat: euskara. Euskaldunak beti begiratu behar izan dio berrikuntzari begi propioekin?
Garai hartan, bertsolaritza baserri giroari, iraganari eta elizari lotutako tradizio bati lotua zegoen. Urte haietan sortzen ari zen euskal kultura berria salbu, gainerakoa elizari oso lotua zegoen. Orduan, ahuleziatik, autodefentsa mekanismoak eraiki zituzten, mundu hori eta euskara desagertzear ikusten zutelako.

Autodefentsa mekanismo horiek segitzen dute gaur egun ere indarrean? 
Bai, baina esango nuke gero eta gutxiago gertatzen dela. Gero eta txertatuago daukagu euskara sartu behar dugula ahalik eta esparru gehienetan. Euskarazko rocka hasi zenean, bi aldeetatik etorri ziren tiroak. Batetik, erdaldun harroxko batzuek barre egiten zioten euskarazko rockari, eta bestetik, egon zen epaiketa moral bat kultura tradizionalaren partetik: «Zuek euskara zikintzen ari zarete». Gaur egun, epaiketa moralak asko murriztu dira, baina burlatiek hor segitzen dute.

Urte luzetan, bertsolaritza gaurkotzeko edo modernizatzeko moduez hitz egin dute bertsolariek. Baina beste beldur bat ere egon da, Jon Sarasuak aipatzen zuena, gazteleraren eraginarena… Nola egin dio aurre bertsolaritzak kezka horri?
Sarasuak aipatzen du gaztelaniarena, baina batez ere aipatzen du prozesu horretan ahozko komunikazioaren klabeak, bertsolari zaharrengandik jasotakoak, galtzeko kezka. Uste dut hiritartze prozesu horretan bertsolariek jakin dutela hizkuntza ere hiritartzen.

Liburuan hainbat mugarri aipatzen dituzu bertsoaren eta rockaren arteko harremana ulertzeko. Bata, Errobi agertzea. 
Errobiren kantu batzuek bertso egitura erabatekoa dute, baina Errobik ez zuen horren aldarrikapenik egin. Bertsoaren eta olerkiaren arteko muga hain lausoa izanda, Errobiren kasuan beti aipatu izan dira Daniel Landarten olerkiak, eta ez bertsoak. Ezkutatuta gelditu da izaera hori. Bertsoa identifikatzeko modu bat izan da doinu tradizionala, eta, doinu hori gabe —eta bestelako elementu batzuekin, bi ahotsak, konponketak…— zaila egiten da bertsoa aurkitzea, nahiz eta batzuetan bertso bete-beteak izan. Baina, jakina, Errobik rocketik bezala edaten du kantutegi tradizionaletik, eta kantutegi horretan milaka abesti ditugu bertso egitura dutenak.

“Errobik rocketik bezala edaten du kantutegi tradizionaletik, eta kantutegi horretan milaka abesti ditugu bertso egitura dutenak”

90eko hamarkadan, bertsolaritzak garapen izugarria izan zuen, hala gazte jendearen agerpenarekin, nola gaien aukeraketan eta tratamenduan. Zer-nolako garrantzia izan zuen rockak garapen horretan?
90eko hamarkadan, bertsolari belaunaldi berri bat dator, eta hor Jon Maia da adibide garbi bat. Maiari bertso saio batean rockari buruzko gai bat jartzen badiote, barrutik kantatzeko gai da. Hori jauzi izugarria da. Gero, azpimarragarria da Negu Gorriak-en kasua. “Bertso-hop” egiten dutenean, bertsolaritzaren eztanda gertatzen da, hiru arrazoiren uztartzegatik: batetik, Hitzetik hortzera hasi zen, eta, halako batean, bertsolariak jendearen sukaldeetara sartu ziren. Bestetik, bertsolari gazteak dira, laikoak, eta ohituta gauden iruditik urruti daudenak. Azkenik, “Bertso-hop” atera zuen Negu Gorriak taldeak. Basarrik esaten zuenaren kontra, kanpotik etorritako zerbaitek, rapak kasu honetan, bertsolaritza sustatzeko balio izan zuen. Eta bertsoa sartu zen ordura arte bereak ez ziren lurraldeetan.

Zuk diozu bertsoa rock munduan sartu den bezala, alderantzizko norabidea ez dela hain erraza izan, eta, adibidez, rockaren doinu eta erritmoekin ez dela hainbeste esperimentatu. Egiteko asko dago? 
Ni ez naiz bertsolaria, eta erreparoa ematen dit esateak zer egin beharko luketen. Bertsolariek aipatzen dute erritmoa oso inportantea dela, eta uste dut badagoela non esperimentatu. Oso erritmo ezberdinekin egin daiteke proba. Hitza kaltetuta aterako da? Ez dakigu… Hizkuntzaren ospakizuna den heinean, jolastu dezagun. Iruditzen zait milaka doinu dagoela esperimentatzeko. Pentsa, gaur egun kantatzen diren doinu askok oso tradizio laburra dute bertsolaritzan.

Bertsolaritzarentzat, hitza eta euskara ezinbesteko piezak dira; rockarentzat, aldiz, ez derrigorrezkoak. Hizkuntza komunikazio tresna izan daiteke, baina baita musika tresna ere. 
Euskaraz kantatu daiteke euskaraz hitzik jakin gabe; hori horrela da euskaraz, baina baita ingelesez, alemanez edo txineraz ere. Bertsolaritzan, hori ezinezkoa da. Euskaraz jakin eta ulertu behar da, eta euskarak, oholtzan ez ezik, sorkuntza zentroetan ere egon behar du, hizkuntza bizia izango bada. Baina gure hizkuntzaren ahultasunak hor daude.

Ez da meritu txikia inguru urbanoetan rapa euskaraz egite hutsa, Ezkerraldean sortzen ari den mugimendu hori, esaterako…
Bai, txapela kentzeko modukoa da. Nik ez diot inori ezer aurpegiratzen hitanoa ez jakiteagatik edo gaizki erabiltzeagatik; euskara zuzentzaile amorratua baina gauza kaltegarriagorik ez dago. 80ko hamarkadan, inguru urbanoetako euskaldun berri askok egindako ahalegina funtsezkoa izan zen euskara hainbat musika estilotan sartzeko. Horiei esker gaude gauden tokian. Baina gurea berreskurapenaren historia da galerarena den bezalaxe. Hitanoaren galera konstatazio bat besterik ez da, nola euskara espazio estetiko eta ideologiko berrietan sartu den, horietarako beharrezko hizkuntzaren barruko hainbat espazio irinduta egonda, transmisioa etenda. Gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez ez dute halako arazorik.

Ingelesez kantatzen dute talde ugarik, eta askotan aipatzen dute, arrazoi gisa, ingelesa oso hizkuntza musikala dela, bere sonoritate, hots eta monosilaboengatik. Ingelesak musika tresna gisa dituen abantailak azpimarratzen dituzte, alegia. 
Norberaren hautua da zer hizkuntzetan kantatu, hori eztabaidaezina da, ingelesez kantatu nahi duenak, bada, aurrera! Ingelesaren zabaltze hau mundu osoko fenomenoa da, baina, bestetik, ikertzeko modukoa da gurean ingelesa zenbateraino zabaldu den kuantitatiboki eta kualitatiboki, jolas hori, hori bai, solastatzeko ahalmenetik datorrelako gero eta gehiago Iruñean, Zestoan edo Ziburun. Baina egin daiteke beste galdera bat ere: hizkuntza guztiak musika-tresnak badira, zergatik ez da inoiz hitz egiten kitxua, aimara edo gaelikoaren hotsez eta musikaltasunaz? Ezagutzen eta esperimentatzen al ditugu horien monosilaboak? Washingtoneko musika talde esperimentalek zergatik ez dute euskararekin proba egiten? Ez, bistan denez. Arrazoia garbia da: hizkuntza batzuek besteek baino askoz bafle handiagoak dituzte. Hor dago indarra, eta horixe imitatzen da mundu osoan.

“Hizkuntza guztiak musika-tresnak badira, zergatik ez da inoiz hitz egiten kitxua, aimara edo gaelikoaren hotsez eta musikaltasunaz?”

«Gurasoen musika da rocka eta harrika!», diozu liburuaren bukaeran, «hitz eta erritmoetan, belaunaldi orok behar du bere mintzabide propioa». Xabier Montoiarekin bat zatoz horretan…
Asko estimatzen dut Montoia; pertsona klabea izan da euskara hainbat musika estiloren barruan sar zedin. Bat nator berarekin belaunaldi orok behar duela mintzabide propioa hitz eta erritmoetan. Gure kasuan, 80ko hamarkadako hardcorea izan zen gure abentura iniziatikoaren soinu banda, baina zentzugabea da nik nahi izatea gure seme-alaben abentura iniziatikoaren soinu banda hardcorea edo rocka izan dadin. Etortzen diren artefaktu berriekin sinkronizatuta egotea nahiko nuke.

1964ko bertso saio eta taldeetatik hasi, eta gaur egun arteko talde eta bertso giroraino iritsi zara. Horrek badu bere arriskua…
Historiaren irakurketa egitea eraikuntza bat da; eraiki egiten dugu gertatu den hori. Eta niri gertatu zait. Duela 30 urte Andoaingo gaztetxean gertatutako kontu batzuk partekatu ditut zenbait jenderekin, eta ohartu naiz zer nolako begirada ezberdinak dauden gertatuarekiko. Hemerotekek, liburuek eta grabazioek ematen dute segurtasun arrasto bat, baina hara non duela astebete bidali didaten grabazio bat. Nik Auspoa bildumatik jaso eta Egurra conjuntoko gitarristari liburuko atalean sartu dudan bertso sorta baten grabazioa da, baina ez datoz bat! Horrek galdera bat pizten dit. Zenbateraino daude manipulatuta liburu batzuetan jasotako bertsoak ere?

ETIKETAK:Alberto IrazuBertsolaritzaCaptain NemoDaniel LandartErrobiEuskaraJon MaiaJoxe Mari IriondoKarkaxaLiburuakNaunNegu GorriakPamielaUztapideXabier Montoia