Elkarrizketa

Iñigo Astiz

2016.03.05

Iñigo Astiz

«Batzuentzat burgesak ginen, eta besteentzat, komunistak»

Elkarrizketa: Jose Luis Treku (Oskarbi taldeko kidea)
Ez Dok Amairu sortu zenean kantari zebiltzan, eta Ez Dok Amairu bukatu eta lau hamarkadaren ostean kantari jarraitzen dute oraindik ere Oskarbi taldekoek. Euskal musikaren mende erdiko historia biltzen dute haien ahotsek, eta taldearen ibilbideari buruzko liburua idazten jartzeko baliatu du talaia Jose Luis Trekuk (Lezo, Gipuzkoa, 1949). «Pizkunde bat izan zen garai hartakoa, zentzu guztietan: kulturan, hizkuntzan, politikan…». Dena ez da memoria, ordea, kanta berriz osatutako disko bat prestatzen ere bai baitabil aldea.
Jose_Luis_Treku

Jose Luis Treku. (Juan Carlos Ruiz / Argazki Press)

Garai hartako prentsan ikusten denez, euskaraz molde berriko kantarik egin ote zitekeen ere eztabaidagai zen orain 50 urte.
Taldean hori izan genuen lehen eztabaida guk ere. Hasieran 11 batu ginen, eta lehen hiru kantaldietan euskaraz, ingelesez eta gazteleraz kantatu genuen, baina hilabetera esan genien taldekideei euskara hutsean kantatu behar genuela, eta zazpi geratu ginen. Zer egin euskararen alde, eta zer egin euskal kulturaren alde? Ba, kanta dezagun euskaraz. Modako kantak itzultzen hasi ginen: Eurovisioneko kantak, filmetako kantak eta horrelakoak. Baina segituan topatu genuen euskal kantategia, eta Ez Dok Amairuko jendearengana hurbiltzen hasi ginen garai hartan. Konturatu ginen haiek eta guk helburu bera genuela: euskaraz kantatu, euskal kultura bultzatu, eta euskal herri kantak plazaratu.
Baga, biga, higa ikuskizunean parte hartu zuen Oskarbik gero. Nola heldu zineten Ez Dok Amairuren parte izatera?
Emanaldietan juntatzen ginen. Normala zen; ez zegoen hainbeste aukera, eta hasieratik zegoen hartu-emana. Guk Pasaian entseatzen genuen, eta Juan Antonio Urbeltz etorri zen eszena aholkularitza egiteko. Xabier Lete eta Lourdes Iriondo ere etorri ziren orduan sortu berria zen Ez Dok Amairuren begirale gisa. Segituan esan ziguten baietz, taldean parte hartzeko onartuak izan ginela, eta izan ginen Ez Dok Amairuren parte. Ez kolaboratzaile, parte baizik. Botoa ere bagenuen. Han izan genituen arazo bakarrak arazo teknikoak izan ziren, talde baten barruko talde izanik boto bakarra ote zegokigun edo zazpi boto ote genituen zehazteko, eta diruarekin ere berdin, baina ez ziren inoiz oztopo izan.
Ez Dok Amairu amaitu baino lehen atera zineten, halere.
Guk talde moduan funtzionatzen genuen, eta horrek bazuen bere dinamika, eta Ez Dok Amairuk ere bere dinamika eskatzen zuen. Lau urte egon ginen han, 1967tik 1971ra arte. Ni soldaduskan nengoen beste kideek taldea utzi zutenean, baina ez zen izan iritzi kontrajarriak genituelako, baizik eta gure dinamika hori oso handia zelako. Halere, handik gutxira desegin zen Ez Dok Amairu, beste motibo batzuengatik.
Baga, biga, higa diskoak piztutako eztabaidak aipatzen dira taldearen azken kolpetzat. Zein ziren motibo horiek?
Azken bozketan ez ginen egon, baina, entzun dudanagatik, izan ziren igual pertsonalismo batzuk eta joera politikoen ñabardurak. Ez naiz ausartzen hori ziurtatzera, zeren eta ni ez bainintzen han egon. Baina ez ziren izan haserrealdiak, nik badauzkat-eta garai hartan egindako kantaldien zerrendak, eta hausturaren ostean ere ia astero izaten genituen emanaldiak Ez Dok Amairuko kideekin, nahiz eta batzuek Zazpirik Bai taldea osatu eta besteek Ikimilikiliklik ikuskizuna osatu. Ez zen haserrealdirik izan, eta ez zen oso sakona izan eztabaida.
Taldea arrakalatzen igarri zenuen lehenago?
Bai, artista bakoitzak bere nortasuna zuen, bere diskoak egiten zituen, bere kantaldiak zituen, eta bakoitzaren dinamika eta talde dinamika uztartzea konplikatua zen orduan, eta konplikatua da orain ere.
Profesionalizazioaren inguruko eztabaidak ere izan zuen presentzia garai hartako prentsan.
Gu zeharo ados ginen horrekin, guk ere sufritzen genuen-eta hori gure larrutan. Joaten ginen kantatzera, eta ez zegoen mikrofonorik, ez ezer ere, eta kantatu behar. Exijitzen genuen artistaren duintasuna eta euskal kantagintzaren maila. Baina talde ideologiko batzuek ez zuten ongi hartu. Gu ez ginen sekula bizi izan kantatzeaz. Gu burgesak ginen batzuentzat, eta beste batzuek komunista deitzen gintuzten. Hori zen giro politikoa. Eta, gero, baziren kantari batzuk espainolista kontsideratuak ere. Gaur egungo perspektibatik ikusita ez du zentzu handirik, baina hori horrela izan zen, eta esan egin behar da.
Oskorriz ari zara, ezta?
Bai. Hasieran errebindikatzen zuten langile kantua eta kantu gorria; batez ere Natxo De Felipek, Oskorrik hainbeste ez. Ideologiak markatzen zituen gauzak gehiegi garai hartan.
Oskorrirekin batera jotzeari uko egin zion Ez Dok Amairuk?
Ez Dok Amairuk bakarrik ez, antolatzaileek ere bai. Jende abertzalea zen jaialdien antolatzailea ehuneko handi batean, eta joerak argiak ziren orduan. Gehiegizkoak, beharbada. Orain idazten ari naizen liburuan ere aipatzen dut hori. Zeruko Argia-n Natxo De Felipe kexatzen da boikota egiten ziotela, eta hori egia da. Aitortu behar da.
Disko berria grabatzen zabiltzate orain. Noizko egongo da?
Larunbatean dugu bigarren saioa beste bi kanta grabatzeko, eta urte bukaeran ateratzea da asmoa. Oskarbiren hamaikagarren diskoa izango da. Betiko estiloan, kanta tradizionalekin eta kanta berriekin. Oraindik ez diogu izena jarri lanari.

(Berria egunkarian, 2016ko martxoaren 4an argitaratutako elkarrizketa)

ETIKETAK:Ez Dok AmairuJose Luis TrekuLourdes IriondoNatxo de FelipeOskarbiOskorriXabier LeteZazpirik Bai