2015.11.13
Gaztea irratiak urtero antolatzen duen izen bereko maketa lehiaketan entzuleen saria irabazi zutenean, 2010. urtean, eman zituen Lemoako Larregi taldeak ibilbide oparo baten lehen urratsak. Gertatu ohi den bezala, taldeak aldaketak izan ditu 2008ko abenduan sortu zenetik, eta egun Iñigo (baxua eta koruak) eta Unai Santos anaiek (gitarra eta ahots nagusia), Jokin Uriartek (gitarra eta koruak) eta Markel Atutxak (bateria) osatzen dute. Larunbat honetan, Banden Lehiaren saria kobratu asmoz, Bartzelonako Razzmatazz aretoan joko du Larregik, Governors taldearekin batera. Ibilbideaz errepasatzeko solastu gara Unai Santoekin.
Azkue Fundazioak antolatzen duen Banden Lehiak bigarren aldiz bidali du saria Arratiara, entsegu lokal berera gainera. Zer du zuen bailarak musika taldeen loraldia gertatzeko?
Arratia bezalako bailara txiki bateko rock talde bik sari hori irabazi eta BBK Live jaialdian jo izana oso gauza esanguratsua dela uste dugu. Orain dela 10 bat urte ez zegoen apenas musika talderik hemen, ezta musika mugimendurik ere. Gaur egun, ordea, bagara dozena bat talde eta gehienak Igorreko Udalak utzitako lokaletan entseatzen dugu. Eskualde honetan eszena txiki moduko bat sortu da eta “Arratia” izena, eta gure kasuan “Lemoa”, musikazaleen mapan kokatzeko ahalegina egiten gabiltza. Eta hori, gure ustez, harro egotekoa da.
Pantomima diskoa (Baga Biga) kaleratu duzue, sariari esker, baina beste bi sari potolo ere jaso dituzue: BBK Live eta EH Sona jaialdietan jotzea. Zenbaterainoko garrantzia du Kataluniako hitzorduak taldearentzat?
Euskal Herritik kanpo eskainiko dugun lehenbiziko emanaldia da, eta gainera non eta Katalunian. Ilusio berezia egiten digun hitzordua da eta kontzertu horren xehetasun guztiak gogotsu prestatzen aritu gara. Lehenik Gironan joko dugu, ostiralean, bertako beste talde birekin, eta larunbatean Razzmatazz areto mitikoa zapalduko dugu Governors taldearekin batera. Ezin dugu gehiago eskatu!
EH Sona lehiaketa Banden Lehiarekin bateratu ostean saritutako lehen taldea izan zarete. Zein iritzi duzue bi lehiaketa hauek bat egitearen inguruan?
Bai bata zein bestea kriston lehiaketak dira eta, gainera, aurrerantzean elkarren eskutik badoaz, are izugarriagoa da lortzen duzuna. Zentzu horretan, Euskal Herriko musika taldeak pribilegiatu batzuk garela uste dugu, izan ere, neurri horretako sari bikoitz bat lortzeko aukerak salbuespen hutsa dira.
Solastu gaitezen zuen diskoaren inguruan. Oraindik entzuteko aukerarik izan ez duenari nola laburtuko zenioke, hitz guttitan, disko berria?
Punk-rock eta pop-rockaren artean dagoen eremu zabal horretan kokatzen diren bederatzi abesti dira. Laburrak eta zuzenak. Melodiari garrantzia handia ematen diotenak eta une oro doinu itsaskorrak lortzen saiatzen direnak.
Rockaren estilo desberdinak ukitzen dituzue. Zein dira zuen talde erreferenteak?
Lau taldekide gara eta nahiko erreferente ezberdinak dauzkagu. Dena dela, esan gabe doa, rocka dela komunean daukagun genero nagusia, eta bide horretatik badaude talde batzuk denon diskografian agertzen direnak: Metallica, Rise Against, Green Day, Su ta Gar edo Berri Txarrak, adibidez.
Gitarra riffei baino garrantzia handiago ematen diozue ahotsari. Zergatik?
Txiki-txikitatik ahotsak eta koruak asko zaintzen dituzten taldeak jarraitu izan ditugu. Hori horrela, gure musikan joera hori islatu egiten da kantak konposatzeko orduan. Horregatik, balio gehiago ematen diogu buruan iltzatuta geratzen den lelo bati, gitarra riff ikusgarri bati baino.
Hipokresiaz hitz egiten duzue anitz diskoan. Gizartearen isla egin nahi izan duzue?
Bai, zalantzarik gabe. Bide horretatik doa disko honek biltzen duen kontzeptua, izenburuan zein azalean… Gure eguneroko bizitzan itxurakeria eta gezurrez inguratuta bizi gara. Berdin da kalea, lagunartea, lantokia, politika… Zintzotasuna eta egia salbuespena izaten dira gehiegitan. Ondorioz, maskara batekin jantzita ibili ohi gara. Batzuetan norbere burua defendatzeko, eta beste askotan erakutsi nahi ez dugun aurpegi bat ezkutatzeko.
Oker ez banago hitzen ardura zeurea da. Hala da?
Bai, betidanik gustatu izan zait idaztea eta musika talde batean aritzea zaletasun hori praktikan jartzeko aukera paregabea da. Norbere buruan bueltaka dabiltzan ideiak doinu jakin batzuekin lotu eta abesti batean islatuta ikustea oso gauza aberasgarria da.
Lehen diskoa duela hiru urte argitaratu zenuten. Zein aldaketa bizitu duzue bi lanen arteko sortze eta grabazio prozesuan?
Gure aurreko diskoak 2012an ikusi zuen argia, eta zoritxarrez handik gutxira taldekide bik Larregi utzi behar izan zuten lan eta ikasketa kontuak tarteko. Egoera horrek nabarmen kaltetu gintuen eta ondorioz talde erdia ordezkatu behar izan genuen. Ia zerotik hasi behar izan genuen. Pixkanaka-pixkanaka burua zulotik ateratzea lortu genuen eta Banden Lehia irabaztea sekulako bultzada izan zen guretzat. Hala, pasa den abendutik hona, buru-belarri ibili gara esku artean dugun disko honen xehetasun guztiak lotzen.
Datozen asteetan non ikusiko zaituztegu?
Azaroaren 28an Usansoloko jaietan joko dugu eta abenduaren 6an Durangoko Liburu eta Disko Azokan izango gara Pantomima Ahotsenean aurkezten. Abenduaren 11n Mungiako Moonrock aretora abiatuko gara. Hortik aurrerako emankizunak lotzeke ditugu oraindik.
Etorkizunera begira, zein dira zuen helburu eta erronka nagusiak?
Pantomima ahalik eta toki gehienetan aurkeztea. Gaur egun hori ez da gauza batere erraza izaten eta modurik duinenean egiten saiatuko gara. Horrekin batera, 2016an bideoklip berriren bat grabatuko dugu eta talde bezala modu aktiboan aurrera egiten jarraituko dugu. Orain arte bezala, gure helmuga bidea bera baita beti.