Elkarrizketa

Jon Eskisabel

2015.10.21

Jon Eskisabel

“Bala barrurago sartu da orain”

Elkarrizketa: Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxaga (Bi Bala)
bibala

Xabier Etxeberria, Julen Goikoetxea, Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxaga.

Bertsoak osatzeko prozeduraren kontrara, bukaeran pentsatu gabe hasi zuten musika bidea Aitzol Barandiaran eta Iñaki Gurrutxaga bertsolariek. 2013ko Bertso Egunean aurkeztu ziren jendaurrean, gitarra eta mikroarekin, The Beatlesen kantu ezagunen doinuez krisiari jarritako bertsoak abestuz. Harrera onak akuilaturik, aurrera egitea erabaki zuten. Bi Bala izena hartu eta leku bakoitzean diferentea izango zen bertso musikatuen ikuskizuna ondu zuten Julen Goikoetxea bateria jotzailearekin. Kantu propioak sortzea izan zen ondorengo urratsa, eta Xabier Etxeberria Pitxu baxu jotzailearekin rock taldeen formatu eta soinura gerturatzea hurrena.

2014ko udazkenean Wasabi lehen diskoa plazaratu zuen Ataun, Orio eta Alegiko musikariez osaturiko taldeak, eta salmenta lekuetara iritsi berria da Gure eroyak (Bonberenea Ekintzak). Bada diskoan “Gure heroiak” izeneko kantu bat, baina diskoaren izenburua “gure eroriak” bezala ere irakur daiteke eta lotua dago azaleko irudiarekin: goitik hartutako argazkian, bi boxeolari ikus daitezke odoleztatutako ring batean, zutik bata, lurrean botata bestea, biak garaile posizioan.

Captura de pantalla 2015-09-13 a las 8.51.14

Kanta berrietan kritika sozial eta politikoari eusten dio Bi Balak, eta besteak beste EAJ, Ertzaintza, Euskal Herriaren irudi nostalgikoa eta aldagaitza atxikitzen dutenak, emakumeen borrokan pribilejioak galtzeko prest ez dauden “gizontxoak”, zoriontasuna saltzen saiatzen direnak edota prentsako pulpitutik drogen kontsumoari buruzko sermoiak ematen dituztenak hartu dituzte jomugan. “Bi Balak hartu du izaera hori, kritikatzailea, autokritikatzailea, poesia gutxikoa; gauzak garbi, zorrotz eta zentzu askotan mina emateko moduan esaten ditugu, baina horretan sentitzen gara eroso”.

Urtebete baino ez da igaro Wasabi lehen diskoa kaleratu zenutenetik. Egin dezagun orain arteko ibilbidearen errepaso azkar bat.
AITZOL BARANDIARAN: Taldean oso eroso sentitzen gara, eta harrituta ere bagaude daramagun dinamikarekin, ez baita erraza astean behin entseatzeko gelditzea. Kantuak sortzeko gogoa antzematen zaigu, letrak idazteko, doinuak ateratzeko… Hasteko, gugan dago ilusioa. Kanpoko harrera ere hasieratik izan da harrigarria eta hasieran hori izan zen arrazoia guk talde izaera hartzeko. Bi emanaldi egiteko gauza puntual bat bezala sortu zen, eta geroztik eskariaren atzetik joan gara.
IÑAKI GURRUTXAGA: Azken urtebetea tralla-tralla izan da. Emanaldi asko egin ditugu eta horrek behartu gaitu geldialdi bat egin eta diskoan pentsatzera, biak batera egitea oso zaila baita, guretzat behintzat.
A.B.: Aspertzen errazak ere bagara, hiruzpalau kontzertu igual samarrak joz gero segituan hasten gara buruari bueltak ematen. Fase oso ezberdinak pasa ditugu oso azkar: bertso musikatuak egitetik bertsioak egitera pasa ginen, hibrido arraro bat izan ginen tarte batez, gero lehen diskoa egin genuen, eta orain bigarrena. Lehen diskoa kasualitatez-edo argitaratu genuen, kantuak eginda geneuzkan eta haiek biltzeko euskarri egokiena diskoa iruditu zitzaigun. Bigarren honetan diskoaren bila joan gara hasieratik, eta kantuak horretara bideratuta sortu ditugu. Elkarren artean lotuagoak izan behar zuten; lehen diskoan, agian, bala galduagoak ziren, estilo diferenteetakoak. Bigarrena borobilxeagoa atera da.
I.G.: Soinu baten bila joan gara, eta kantak egiteko era bat hartu dugu. Pisu gehiago daukan disko bat atera dela uste dut.

Gaur egun rock talde bat zaretela esan daiteke.
A.B.: Bai, nik uste dut baietz. Niretzat hori da Bi Balaren definiziorik egokiena gaur egun.
I.G.: Derrigortuta sentitu dugu gure burua horrela aurkeztera. Bertso musikatuak nahiko modu akustikoan egin izan dira beti, eta horrek erakarrita publiko bat hurbildu izan zaigu, gero apur bat inkomodo sentitu izan dena, ohituta ez dagoena. Baina bateria dagoen momentutik, soinu bat dago, bolumen bat…

Nork egin dizue harrera hobea, bertsozaleak edo rockzaleak?
A.B.: Nik sorpresak eraman ditut bi aldeetan. Musika gustu normalak, kakotx artean, ez dituen jendearen artean, nik nahiko harrera ona antzeman dut. Bertsozaleen artean, denetarik. Bertsozale klasiko eta esperimentu zale ez denarengandik, urrutiratu egin gara.
I.G.: Oso bertsozalea denak diskoa hartu eta etxean aditzea bilatzen du, eta zuzenekoetara joaten dena ez doa bertsoak aditzera, baizik eta rock kontzertu bat bizitzera. Bestetik, rocka eta bertsoak gustatzen zaizkion entzule mordoa dago.

BERTSO_EGUNA

Iñaki Gurrutxaga eta Aitzol Barandiaran, 2013ko Bertso Egunean. (Andoni Canellada / Argazki Press)

Diskoko lehen gitarra riffetatik sumatzen da disko gogorrago bat egin nahi izan duzuela.
I.G.: Kantak egiterakoan denetarik probatu izan dugu: erritmo lasaiagoak, beste era bateko pausak zituzten kantuak… Baina gu kanta azkarretan sentitzen gara eroso eta gustura. Hortik tiraka hasi ginen sonoritate bat bilatzen, eta, ondorioz, gitarrek eta baxu lerroek beste pisu bat hartu dute. Lehenago ahotsaren melodia zen oinarria, eta instrumentazioa zetorren hura janztera. Orain prozesua alderantzizkoa izan da, instrumentaziora egokitu da ahotsa. Horrek lan handiagoa ekarri dio Aitzoli, batzuetan jiro batzuk dituztelako kantuek, eta tesitura altuago batean abestu behar izan du.

Lehen diskoa Mikel Kazalisekin eta haren estudioan grabatu zenuten, baina orain Bonbereneara eta Karlos Osinagarengana jo duzue.
I.G.: Soinu bat bilatzen genuen, grano gehiagoko gitarrak nahi genituen, zerbait organikoagoa… eta Giranice taldearen bidez ezagutzen nuen Karlosek nola grabatzen zuen [Gurrutxaga Giraniceko kidea da ere]. Aurrenekotik ulertu zuen zer nahi genuen. Mikel Kazalisekin oso gustura egon ginen baina beste soinu bat zen. Ahotsen trataera ere ez genuen hain biluzia izatea nahi.
A.B.: Guk Mikeli hasieratik eskatu genion ahotsa ondo ulertu zedila, eta berak hori zaindu zuen asko. Orain joan gara dena enpastatuago egotearen bila, ahotsak ez zezan maila bat altuago hartu.

“Lehen diskoan ahotsaren melodia zen oinarria, eta instrumentazioa zetorren hura janztera. Orain instrumentaziora egokitu da ahotsa”

Beharbada Bi Balak hartu duen rock izaera definitzen duen detaile bat dago diskoan: Nueva Vulcanoren “Sagrada familia” kantuaren bertsioa.
I.G.: Hori nire kapritxo bat izan da. Konbentzituta nengoen egin behar genuela eta egoskorkeria puntu bat izan da. Taldea Los peces de colores diskoarekin ezagutu nuen eta sekulako oparia izan zen. Nueva Vulcanok gitarra jotzeko duen era, askotan, kolpeka da, ez da batere garbia. Bilatzen nuen hori. Saiatu gara ahalik eta fidelenak izaten musikalki, baina gure bertsioa letratik etorri da. Apustu bat zen: nola euskaratu gaztelaniazko kantu bat, silabatan ondo sartu eta ahalik eta fidelena izan jatorrizko edukiarekin. Nueva Vulcano, alde batetik, oso urruti geratzen zaigu, baina bestetik taldeak zuzenekoetan transmititzen duena, erabat sinistuta jotzen ari delako sentsazioa, gu ere transmititzen saiatzen gara. Inspirazio iturria da.

Zure kapritxoa izan dela diozu, Iñaki. Beste taldekideak konbentzitu behar izan zenituen bertsioa grabatzeko?
A.B.: Ez asko. Egun batean etorri zen entsegura eta esan zuen Nueva Vulcanoren kantu bat entzun behar genuela, bertsioa egin behar genuelako. Ez zen eztabaidarik egon. Nik hirugarren entzunaldirako esan nuen: hau kanta puska! Lanik handiena bertsioari puntua bilatzea izan da.

Beste kantuen letren ildoarekin apurtzen du: ez dira bertsoak, ez dira beste kantuak bezain zirikatzaileak, aitzitik, oso abesti intimista da…
A.B.: Guk ez dugu geure burua lotu nahi bertsoak izan daitezen letren oinarri.
I.G.: Behin komentatu genuen diskoa instrumental batekin hasi beharko genukeela!
A.B.: Zergatik ez? Beti saiatu gara jendeak espero zuenaren kontrakoa egiten, jolas moduan.

BI_BALA

Bi Bala, Tolosako Bonbereneako emanaldi batean.

Ez duzue letren oinarria derrigorrez beti bertsoa izatea nahi, baina derrigorrez behar dute zirikatzaileak izan? Planteatu al duzue inoiz beste erabateko hitzak idaztea?
A.B.: Hasieratik eduki genuen dilema zen oholtzara igo behar genuen ala ez, eta igotzen baginen zeri kantatzera. Hasieratik izan dira oso galdera inportanteak zeri kantatu eta zer posiziotik. Gure solasaldietan oso kritikoak gara bai geure buruarekin bai besteekin. Geure buruarekin ahal den fidelena izateko gure estiloak autokritikatik eduki behar du, baina baita kritika sozial eta politikotik ere. Bi Balak hartu du izaera hori, kritikatzailea, autokritikatzailea, poesia gutxikoa; gauzak garbi, zorrotz eta zentzu askotan mina emateko moduan esaten ditugu, baina horretan sentitzen gara eroso.
I.G.: Pretentsio handirik gabe aldi berean. Guk pentsatzen duguna adierazten dugu, eta agian egokituko da entzuleren bat kanturen batean esaten dugunaz orain arte jabetu ez izana eta kantua aditzean esatea: a bai!

Goazen bada hitzei buruz hitz egitera. Diskoko lehen esaldia da: “Ez naizela aldatu esaten didazu zerbait polita esaten duenaren moduan” (“Dabiltzan harriak”). Euskal Herriaz ari zarete kanta horretan. Goroldioak hartuta dago?
I.G.: Plano pertsonaletik plano politiko edo sozialera zabaldutako gogoeta dago kanta horretan. Zerbait ona esan nahi denean esaten da: “Motel, igual-igual hago! Ez haiz batere aldatu!”. Ba ni aldatu egiten nauk! Eta zergatik ez nauk aldatuko? Eta Euskal Herria zergatik ez da aldatuko? Gure burua behin eta berriz errepikatu behar al dugu zerbait ona egiten ari garelakoan? Bada ez. Norberak eduki behar ditu bere konbentzimenduak, baina konbentzimendu horiek ez badira aldatzen, pertsona eta herri bezala oso triste geratu gaitezke. Amaiurtik hona Euskal Herrian gauza asko aldatu dira eta posizio berriak hartu ditugu eta hartu beharko ditugu.

“Ba al dator askatuko gaituen liderrik? Ez al gara egongo itxoiten alferrik…”, galdetzen duzue “Gure heroiak” kantuan. Askok Otegirengan jarrita dute itxaropena.
A.B.: Letra hortik doa. Pablo Iglesias azaltzen hasi zen garaian idatzita dago, orduan jarri zen arreta harengan… Batetik, liderraren irudia kuestionatu nahi du letrak. Behar al dugu? Zer da inportanteagoa, lider bat edukitzea edo atzetik etorriko zaion jendea izatea? Eta aldi berean, zer galduta garen benetako liderrik gabe, ezta? Bai, Arnaldoren irudia dago letra horretan. Kartzelatik noiz aterako zain egongo gara?
I.G.: Arnaldo Arnaldo da, baina sostengu bat ez baldin badauka atzean… Liderrek balio dute aglutinatzeko, baina zer aglutinatu ere behar da…

“Oso erraza da esatea neska bati instrumentu bat hartu eta oholtzara igotzeko, baina prest geundeke gizonezkook oholtzatik jaisteko eta toki hori libre uzteko emakumeei?”

Nortzuk dira “psikologo flowerpowerrak”?
A.B.: Bertsolari munduan oso ohikoak izan dira bolada batez talde terapiak, badira pare bat psikologo bertsolari guztiek konpartitzen zutenak. Guk ere jaso genuen garai batean aholkua, ez zitzaigula batere gaizki etorriko, eta paper batean telefono zenbakia idatzita. Keinu horri bueltaka, ez ote dugu eskubiderik gure problemekin triste bizitzeko?
I.G.: Zergatik izan behar dugu denbora guztian alai itxurako norbait? Beti ezin da pretenditu zoriontsu izatea. Leloak dio: “hau al da zuen zorion aizuna”. Zoriontasuna zenbateraino da egiazko zoriontasuna? Ni momentu batean triste nagoelako, ez al naiz zoriontsu orokortasunean? Aholku horiek ematen pelmada ematen duen jende horri buruzkoa da kantua.
A.B.: Azkenean ikasten dute zoriontsuak izaten euren buruari gehiegi barkatuz, errukitik. Hori al da benetako zoriontasuna? Gure ingurutik gizarte osora zabalduz, hortik abiatutako kritika kolektibo bat da.

Zergatik dago SGAE bertsolariz beteta?
A.B.: Hori da gure galdera. Beti izan gara horrekin kritiko. Hitzetik hortzera garaian, bertsolarien artean eztabaida egon zen, ea telebistako irudi horiek norberak bere poltsikorako diru bezala hartu beharko lituzkeen. Askotan musikariak kritikatzen ditugu SGAE barruan daudelako eta SGAEn izena emanda duten bertsolariez inguratuta gaude. Alde horretatik, kontraesan bat ikusten dut eta zer gutxi hitz egin den horretaz. Dardo txiki bat bota dugu geure inguruari, batetik gauza batzuk aldarrikatu eta bestetik SGAE erakundetik bere soldatatxo-zati bat ateratzen duen jendea dagoelako, eta ez da horretaz hitz egiten. Baina bertsoa herriarena eta herriarentzat baldin bada…
I.G.: Askotan alternatibo edo ezberdin itxura horren azpian tranpa asko dago. Musikarien artean ere ikusten da. Garai batean alternatibo zena gaur egun normal bihurtu da. Bertsolariena ere bada hori, herrigintzatik eta herriarentzat, baina gero badira kontraesan horiek…
A.B.: Bertsolariak hasiko balira saioetan ur botilen partez Coca Cola edaten, horretaz hitz egingo genukeela uste dut. Jende batek esango luke ea zer egiten duten hauek dirua multinazional bati ematen… Baina batzuei ez zaie interesatzen eztabaida hori ematea, besteak beste txolloa bukatuko zitzaielako.

Bi Balak badu kontatu daitekeen kontraesanik?
I.G.: Punkaren eszentzian dagoen kontraesan bera: ezerezetik sortu nahi dugu baina astero gelditzen gara entseatzeko. Aldarrikatzen dugu boteprontoko hori baina ez dadila izan botepronto-boteprontokoa.
A.B.: Asko inporta zaigu jendearen iritzia ere. “Kontraesanak” kantua autokritika bat da zentzu batean, gure gauza asko aipatzen ditugu hor. Sanoa delako autokritika egitea. Abertzaletasunaz, gure bizi-ereduaz, sortzeko moduaz… Autokritika zabaldu nahi dugu, ez harria bota harria botatzeagatik. Goazen sanoki hitz egitera horri buruz.
I.G.: Bidean sakontzeak eraman gaitu horretara. Hasieran RIP eta Joaquin Sabinaren bertsioak egiten genituen eta kritika egiten genuen gure bizi-ereduari buruz, baina oso umoretsu eta azaletik. Orain kantak aurrera joan ahala sustraien bila gehiago joan gara eta, mingarriagoa den ez dakit, baina barrurago sartzen da bala orain.
A.B.: Kontraesan handi horietako bat da lau gizon garela taula gainean. Gu ere sistemaren aurpegia gara, lau gizon hiru instrumenturekin eta oholtza batean kantari.

Hain zuzen, gizonezkook gure pribilejioei uko egiteko prestatu behar garela diozue “Bai, bai, gizontxo”-n.
I.G.: Gu oso kontziente gara mikro batekin jendearen aurrean jarri eta musika jotzeko aukera dugulako pribilejiatu batzuk garela; horra ailegatu bitarteko prozesu osoan dena erraztasuna izan dugulako gizonezkoak izateagatik.
A.B.: Bertso mundutik gatoz, oso mundu maskulinoa izan da urte askoan, oraindik ere bada, baina badago hor mugimendu indartsu bat, zenbait emakume eta gizon batzen dituena. Musikaren mundura gerturatu ahala konturatzen zara zer mundu maskulinoa den. Askotan jo dugu hiru taldek, 12 lagun, 12 gizonezko, jaialdia joan eta jaialdia etorri. Oso erraza da esatea neska bati instrumentu bat hartzeko eta oholtzara igotzeko, baina gu ez al gara eurentzako tapoi bat? Prest geundeke gizonezkook oholtzatik jaisteko eta toki hori libre uzteko emakumeei? Egin nahi al dugu? Guk, gure kontraesanetik, horri buruz kantatu nahi dugu.

“Ezker abertzaleari egur dexente eman genion lehen diskoan, eta orain EAJri emango geniola erabaki genuen, gure ibilbidea orekatzeko”

Lehen singlea,  “I Am Basque”, EAJri eskainia dago. 
A.B.: Lehen diskoan ezker abertzaleari egur dexente eman genion, eta diskoa hainbat aldiz aditu ostean zera esaten nion neure buruari: “desoreka atera zaigu hanka jartzen dugun aldera”. Erabaki nuen bigarren diskoan kantu bat egingo genuela EAJri egurra emateko eta modu gordinean gainera, gure ibilbidea orekatzeko.
I.G.: “Germinal” kantua oso-oso nabarmen egina dago ezker abertzalearen eta ezker abertzaleko bertsolari askoren kontraesanak azaltzeko. Bandera hartzeko borroka dago, eta gero bandera eramate hutsean geratzeko arriskua. Oraindik egurra eman behar zaion EAJri? Eman beharko zaio! Posizioak aldatu nahi baditugu… Agintean dagoenari bai komeni zaio harria geldi-geldi egotea. Eta ez bada jendea bultzaka hasten, hura ez da mugituko.

“Ertzainak” kantuari oso tratamendu biluzia eman diozue: gitarra eta ahotsa besterik ez. Letraren ironia nabarmentzeko?
I.G.: Estudioan sartu arte ez genuen oso argi zer itxura emango genion. Bi Balaren hazia “Let It Be”-ren bertsioa izan zen, eta kanta hau oso let it be da. Xuabe hasi, momentu batean bateria sartu eta bukatu. Kantuak badu himno kutsu bat eta himnoak beti lasaiak eta solemneak dira.
A.B.: Mila aldiz egin dira “txakurrak kanpora!” gisako kantuak baina ertzain baten larruan jarrita ez hainbeste. Posizioa aldaketa bilatu dugu. Eta oso disko serioa denez, bukaera emateko umorezko ginda jarri nahi genuen.

Nueva Vulcanoren bertsioan abesten duzuen bezala, “bukaerarik pentsatu gabe hasitako gauza” al da Bi Bala?
I.G.: Bai. Kosta ahala kosta iraunarazi nahi dugun zerbait ez da, eta auskalo noiz eta nola bukatuko dugun. Batzuetan zalantzak ditugu epe bat guk jarri behar ote diogun edo etorriko zaigun. Hor gaude.
A.B.: Gu oso alerta gaude hau noiz bukatu litekeen, asko hitz egiten dugulako horri buruz. Orain arte etorri zaizkigu diskoak grabatzeko aukerak, talde onekin jotzeko aukerak, toki onetan jotzeko aukerak… beti izan ditugu aurrera egiteko arrazoiak. Zalantzak hasten diren momentuan, usaintzen hasten garenean aldapa behera etor daitekeela, orduantxe akaso agurrik esan gabe utziko dugu.

BI BALAREN HURRENGO KONTZERTUAK:

  • Urriak 23: Azpeitiko gaztetxean (+ Humus)
  • Azaroak 5: Gasteizko gaztetxean (+ talde sorpresa)
  • Azaroak 6: Elorrioko gaztetxean (+ Lain)
  • Azaroak 20: Donostiako Doka aretoan
  • Azaroak 27: Anoetako gaztetxean (+ Lain)
  • Azaroak 28: Orion, Gure Bazterrak jaialdian
ETIKETAK:Aitzol BarandiaranBi BalaBonberenea EkintzakGiraniceIñaki GurrutxagaKarlos OsinagaMikel Kazalis