2020.10.05
Iritsi da Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) hirukotearen bigarren lan luzea: bortitza, garapen instrumental interesgarriz jantzitakoa eta erabateko soinua daukana. Ohiz kanpoko indarkeria eta gupidarik gabeko erasoek pasarte original eta landuei lekua uzten diete kanta gehienetan. Zati instrumentalak nagusi diren arren, ahotsaren oldarkortasuna aipagarria da, abesti batzuen luzera eta landu duten kontzeptua bezainbeste. Obra anbiziotsu honek Xabier Sagastaren azal boteretsua eta artwork harrigarria dauzka bidelagun, eta Ekaitz Garmendiaren eskutik grabatu dute Karrantzako Blackstorm estudioetan. Sar gaitezen sakonago Hilotz taldearen munduan disko honen nondik-norakoak xehetasunez aztertzera, Mikel Yarza abeslari eta baxu jotzailearen eskutik.
Lan boteretsua eta oldarkorra egin berri duzue. Disko bat baino gehiago, eraso bat da!! Faltan sumatzen nuela esango nuke, horrelako bortxakeria erakusten duen CD bat entzutea. Hirukote formatua ezin hobeto datorkizue, ez duzue oldarkortasun apurrik galdu!
Mila esker zure hitzengatik. Ahalengidu gara disko boteretsu bat egiten, baina baita sentimenez betea ere. Pasarte batzuk bizkorrak dira, beste batzuk astunak, lasaiak, kaotikoak… denetarik dago eta hori garrantzitsua da guretzat. Estilo bakarrera mugatuko bagina gure musika aspergarriagoa izango litzateke.
Europa iparraldeko taldeen jarraitzaileentzat aproposa da disko hau. Zure ahotsaren zikintasuna eta muturrerantz jotzeko hautua alde batetik, eta tematika beltza (ez satanista, era irekian bederen, iluna baizik), deabruzko abiadura eta indarkeria, bestetik. Dena den, San Frantziskoko badiako thrash metalik zitalena ere presente dagoela esango nuke. Hori gutxi balitz, garapen instrumental batzuek prog-metal eszena gogora ekarri dezakete… Ados al zaudete deskribapen honekin?
Aipatu duzun azken kontuari helduta, esango nuke gure musikak gutxi duela progresibotik. Oso gustuko dugun estiloa da eta kantak osatzean ahalegintzen gara pasarteak ez errepikatzen, beti zerbait berria eskaintzen. Baina hori gauza bat da eta musika progresiboa beste bat. Satanismotik ere ez du ezer gure musikak. Gertuago gaude aipatzen dituzun beste eraginetatik, Europa iparraldeko death eta black metala, edota Bay Areako thrash metala.
Beste talde bat ere sartu nahiko nuke galderan: Anestesiaren garai zaharren nolabaiteko eragina izan al du Hilotzek?
Anestesia oso gustuko dugun talde bat da, azken urteetan pare bat aldiz gonbidatu gaituzte beraiekin kontzertua ematera eta gertutik gertura ezagutu ditugu, plazera izan da. Eredu dira, banda erreferente bat, eta gu euren zale. Horrek akaso izan du eraginik gure musikan, baina ez gara kontziente.
Kanten iraupenari buruz, zuen kantarik luzeenak ere hementxe dauzkagu: sei minututik gorako hiru, eta zortzi minututik gorako “Aske” zitala. Ia ordubete irauten duen lana da. Zati instrumentalak jaun eta jabe dira. Esango nuke ahotsik gabe ere lan honek balio artistiko handia izango lukeela, baina gero ahotsa sartzen denean… indarkeria izugarria da.
Betidanik izan dugu ahotsik gabeko pasarte luzeak sortzeko joera. Ahotsa oso presente egon ohi da abeslariak beste instrumenturik jotzen ez duen taldeetan, baina guretzat gozagarria da riff bat hartu, hari beste bat gehitu eta segida instrumentalak mugarik gabe jorratzea. Horren ondorio dira disko honetako kanta luzeak. Edonola ere, ahotsak beti du garrantzia, pasarte ezberdinak azpimarratzeko ez ezik, balio du gure letra bidezko mezuak helarazteko.
Berriz ere, disko kontzeptuala da. Aurreko diskoan (Giza ankerkeria, 2016) landutako tematika alde batera utzi gabe, askatasun kontzeptuan zentratu zarete. Kontzeptu aski zabala da, eta zapalduen ikuspuntutik abiatzea ebidentea den arren, kate horiek apurtu nahi izan dituzue eta ikuspuntu ezberdinetatik heldu diozue kontuari: migratzaileak, emakumeak, animaliak, adikzioak dituzten pertsonak, gaitasun ezberdinak dituztenak…
Giza ankerkeria-n erabat aske bizi zen izakia izan genuen abiapuntu, natura atzean utzi eta zibilizaziora egiten duen bidea, gure gizarteko okerren inguruan gogoeta egiteko. Oraingo honetan alderantziko bidea jorratu dugu, kateaturik bizi diren norbanakoen larruazalean jarri gara eta euren askatasun nahia esploratu. Ahalegin horretan dabiltzanen lekuan jarri gara, hamaika abestitan, hamaika istorio indibidual osatzeko. Zentzu horretan, disko itxaropentsuagoa da Aske, itotzen gaituen askatasun falta baino gehiago azpimarratu nahi izan duguna honakoa da: noizbait lortuko dugu aske izatea.
“Disko itxaropentsua da, itotzen gaituen askatasun falta baino gehiago azpimarratu nahi izan dugu noizbait lortuko dugula aske izatea”
Aldarrikapen hori ahots eta soinu horrekin egitea oso eraginkorra dela deritzot. Berriz ere heavy metalak lezio bat emateko duen gaitasuna erakutsi duela esango nuke. Askok flipatu egingo lukete hitzak irakurri eta zein zentzudunak diren konturatzean.
Oraindik ere egongo da metal musika dragoien eta fantasien ingurukoa dela pentsatzen duenik, baina uste dut gutxiengoa dela. Bilaketa azkar bat nahikoa da ohartzeko abanikoa oso zabala dela.
Lehen esan bezala, abesti luze oso interesgarriak dauzka lan honek: “Aske”, sekula egin duzuen luzeenari, “Sinisten dut” edota “Auhen” gehitu behar zaizkio. Gustu handiz eginiko eta ondo zaindutako egituren azpian, oldarkortasun sakona eta abiada ezberdineko intentsitateak daude.
Xehetasunak inoiz baino gehiago zaindu ditugu disko honetan. Kanta batzuk arratsalde bakarrean eginikoak dira, beste batzuk hilabeteetan findu ditugu. Baina denei eman diegu gainbegiratu zorrotza, konponketa aproposenak topatze aldera. Pozik gaude, patxadaz eginiko lanketak fruituak eman dituelako.
Dena den, nobedade batzuk ere badakartza lan honek, handiagoa egiten dutenak. “Izua su”, esaterako. Konplexua da berez, pasarte gozagarriak eta erritmo aldaketak dauzka, baina errepikan biltzen da deigarriena: boteretsua da inondik ere, eta emakume ahotsak entzun daitezke bertan. Apurtzen duen kanta horietakoa da, anglosaxoiek esango luketen bezala, in your face.
Kanta berezia da “Izua su”. Aske izan nahi duen emakume baten begirada islatzen du, beldur da, gauez etxera bakarrik itzultzean. Ideia hori jorratzen hasi eta berehala ohartu ginen ezin genuela erabateko fideltasunez islatu, gizonezko garen heinean. Etxahun Urkizu taldeko bateria jolearen arreba da Itzea eta hari luzatu genion hitzak idazteko gonbitea. Sekulako lana egin du, poesia kutsua dute hitzek, oso metaforikoak dira eta aukera zabalik utzi du, bakoitzak bere interpretazioa egin dezan. Hitz horiei ahotsa jartzerakoan ere emakumeen presentzia bermatu nahi genuen eta horregatik hots egin genien Natalia Garmendiari eta Izaskun Forcadari. Tolosako Humus taldeko kidea da lehena eta euskal metal eszenako emakume mitiko bat bestea, proiektu askotan parte hartu du, tartean 2 Kate. Izugarri pozten gaitu euren ahotsa gure musikan txertatu izanak, kolore berri bat eman diote kantuari.
“Zurrunbiloa” da errepikan bereziki nabarmentzen den beste pieza bat. Buruan geratzen den horietakoa, bortitza, gitarra soinu dotorekoa, eta berriro ere garapen instrumental mozkorgarriak. Progresiboa zuen lokalean eta grabazio estudioan sartzen ari da, gero eta gehiago! “Ezin du” ere bere errepikagatik da berezia eta zuzenekoei begira klasiko baten moduan irudikatu dezaket jada.
“Zurrunbiloa” kantaren hitzak ere kolaborazio baten emaitza dira. Iker Eleizegi eta biok osatu genituen. Iker Hilotzen sortzaile eta lehen bateria jolea izan zen, baina hortik harago, bizi osoko lagun handia ere bada. Adikzioaren inguruan egin genuen gogoeta kantu honetan eta sekulako plazera izan zen hitz bakoitza lankidetza estuan fintzea. “Ezin du” berriz, Etxahunen ekarpena da. Kantuko hainbat gitarra riff osatzeaz gain, hitzetarako ideia ere ekarri zuen. Desgaitasun ezberdinak dituzten pertsonekin egiten du lan berak, kirol alorrean, eta hori izan genuen abiapuntu, gogoeta zabalago bat egiteko. Gurpildun aulkian edota itsu izanda egiten dute aurrera hainbat pertsonak eta uste dugu gu baino gutxiago direla horregatik. Gaitasun batzuen faltak, ordea, beste batzuk aktibatzen ditu eta “ezindu” gisa identifikatzen ditugun pertsona horiek guk ezagutu gabeko unibertsoak jorra ditzakete. Enpatia ariketa egin dugu kanta honetan eta disko osoan.
Introak dauzkaten kantak ere badaude, minututik gorakoak batzuek: “Diktadore zintzoa”, “Betirako atsedena” eta “Aske”, adibidez. Intro horien eraginkortasuna erabakigarria da askotan, eta horrela erabili izan dituzte eskandinabiarrek ere. Kontua da lan honetan musikariak nabarmentzen direla, musika egileak alegia. Ez da soilik egurra ematea, musikaz gozatzen ari zarete eta egiten duzuenaren mugak zabaltzen.
Aurrez aipatu dudan moduan, mugarik gabe konposatzea da gure helburua. Ez ditugu abestiak sortzen irrati formulen neurrietan pentsatuz, ondo dakigulako metal musika lurrazpikoa dela hedabide orokorrentzat. Aurreiritziak alboratzea da funtsezkoena, metalean ez ezik beste musika estiloetan ere askotariko proposamen interesgarriak daudelako. Edonondik ikas dezakegu zerbait eta gure kultura musikala aberatsagoa izango litzateke aurreiritzi horiek kutxa batean giltzapetuko bagenitu.
“Agur” abestiarentzat Aritz Larrea eta Aitor Zarzuelok egindako bideoklipa ere aipatu behar dugu. Aurreskua eta metala nahasten dituzue bertan. Nondik sortu zen ideia harrigarri hura, eta zein erronka izan zenituzten bideoklipa egitea aztertzeko orduan?
Ez da gurea lehen kasua. Aurrez talde batzuek egokitu izan dute aurreskua metal estilora. Biziki estimatzen dugun OST taldeko kideak izan ziren ekarpena egiten lehenak, Bidxorrak izena zuen garai hartako euren bandak. “Agur” argitaratu eta berehala, Mikel Kazalisek ere ekarri zigun gogora Negu Gorriak-ek duela hiru hamarkada moldatu zuela aurreskua. 1991ko Gure jarrera diskoan egin zuten, “Itxafero mekanikoa” abestian. Perla ederra da, garai hartan hildako lagun bati eskaini zioten eta Iñigo Muguruzaren aldarte heavyena ere azaleratu zuen, gitarra soloen bidez. Gure kasuan, aspalditik genuen buruan bueltaka euskal folkloreko doinu tradizionalen bat metal estilora egokitzeko ideia. Badira kutsu ilun edo malenkoniatsua duten doinu batzuk eta hortik abiatuta osatu genuen “Agur” abestia. Aurreskuaren doinu tradizionalak ez ezik, jatorrizko piezan ez dauden riffak ere erantsi ditugu, gure kanta propioa egin nahian. Bideoa osatzerakoan ere ideia horri tiraka aritu gara, tradizioa errespetatu dugu, baina baita dantza estilo berriez jantzi ere. Zaharra eta berriaren arteko aurrez aurrekoa iruditara eramatea zen helburua, gizonaren eta emakumearen arteko norgehiagoka.
Legen Beltzako Ekaitz Garmendiak egin du ekoizle lana; oraingoan aurreko diskoan baino presentzia handiagoa izan du atal horretan. Giza ankerkeria-n gitarra ere sartu zuen zatiren batean, baina oraingoan soinuan bakarrik zentratu da. Ekaitzek ekoizlerik aproposena dirudi Hilotz bezalako talde batentzat, zuen estiloa ongi ezagutzen baitu. Dena den, gitarrak oso garbiak dira eta atentzioa ematen dute. Kalitate bikaineko audioa dauka diskoak; haatik, gitarrek boterea erakusten dute garbitasun hori egonda ere. Lan hau bolumena topera jarri eta headbanging egiteko aproposa izateaz gain, aurikularrak jarri eta xehetasun guztiak entzuteko ere egina dago.
Urteen poderioz, harremana estutu dugu Ekaitzekin. Hilotzen bilakaeraren lekuko ez ezik erantzule ere izan da hein handi batean. Giza ankerkeria-n nahasketa eta masterizazio lanak egin zituen eta horrek sekulako indarra eta garbitasuna eman zion diskoari. Orain ekoizpen prozesu guztia bere eskuetan utzi dugu, hainbat arrazoiren ondorioz. Batetik, soinu organikoaren aldeko filosofia partekatzen dugu, egungo ekoizpen prozesatuetatik aldentzeko nahia. Bestetik, Ekaitz musikari bikaina da, esperientzia handia du estudioan eta horrek eragin handia izan du abestietan. Grabaketa prozesuan hainbat gomendio eman dizkigu instrumentuak jotzeko moduaren inguruan, baita soinurik aproposena lortzeko bideei lotuta ere. Izugarri ikasi dugu bere alboan eta espero dugu gure arteko lankidetza luzaroan mantentzea. Azken batean, konexioa ez da soilik musikala izan, kultura, gizarte zein politika gaien inguruko solasaldi andana izan ditugu estudioan, oso gertuko giroan aritu gara eta horrek gure arteko harremana sendotu du.
“Ekaitz Garmendia Hilotzen bilakaeraren lekuko ez ezik erantzule ere izan da, musikari bikaina da eta eragin handia izan du abestietan”
Aurreko lana zuek atera zenuten, baina oraingoan izen handiko diskoetxe batekin egin duzue: Maldito Records-ekin, hain zuzen ere. Valentziako etxe independente honek 22 urte daramatza diskoak argitaratzen, haien artean euskal talde askoren lanak. Gustura gelditu zarete elkarlanarekin?
Lehen pausoa da guretzat zentzu honetan, ikasketa prozesu berri bat. Esperientzia eta ibilbide luzeko diskoetxea da Maldito eta plataforma egokia izan daiteke gure kabuz soilik ukitu ezin ditugun ate batzuk irekitzeko. Estatura zein Latinoamerikara begira egiten dute lan eta azken asteetan hasi gara nabaritzen badela taldearekiko interesa ozeanotik beste aldera ere. Uste dugu Aske Malditorekin plazaratzea interesgarria dela, zigilu hau ez delako metal estilora mugatzen, rock eta punk taldeekin ere egiten du lan eta horrek agertokia are gehiago zabal dezake. Gainera, estatu mailan euskaraz kantatzen duten taldeak argitaratzen dituen diskoetxe bakarretakoa da. Promozio betean gabiltza orain eta denborak jarriko du dena bere lekuan. Elkarlana estutu eta Hilotzen lan berriak ahalik eta bide oparoena egin dezala, hori da helburua.
Musikariei errepasoa emanez gero, jatorrizko partaide bakarra zara, Mikel. Etxahun Urkizu bateria joleak 2014tik darama taldean, eta aurreko diskoa grabatu zuen 2016an. Pablo Cabasés gitarra jolea urte hartan bertan sartu zen taldean, Paulo Eizmendi joan eta gero. 2014an, Aitor Zarzuelok (gitarra) eta Xabi Juantorenak (bateria) taldea utzi zuten. Laukote izatetik hirukote izaterako pausua halabeharrezkoa izan al zen? Aldaketa onerako izan zela pentsa al daiteke? Erantzuna baiezkoa izango balitz ere, zuzenekoetan eragin handia izan zuelakoan nago: bi gitarra izatetik batera pasatzea jauzi handia baita.
2014an halabeharrez hartu genuen hirukote bihurtzeko erabakia. Aitor Zarzuelok taldea utzi zuenean ez genuen bigarren gitarristarik topatu eta jauzi hori ematea erabaki genuen Paulok eta biok. Orduan sartu zen Etxahun taldera bateria jole gisa eta ordutik hirukotea sendotzen aritu gara. Dagoeneko, ordea, urte gehiago egin ditugu hirukote gisa laukote moduan baino. Orain sentipena alderantzizkoa da: ezin dugu taldea laukote gisa imajinatu. Soinu propioa garatu dugu pixkanaka, konponketak findu ditugu baxuak ere gitarra funtzioak egin ditzan… eta tira, hirukote izateak ere baditu hainbat abantaila. Taldearen soinua garbiagoa da eta zuzenekoei begira dena da errazagoa. Harro gaude, gai garelako hirukote gisa gure kantuak duintasunez defendatzeko.
Mikel, Asgarth taldeko partaidea ere bazara gaur egun. Disko berria ateratzekotan zineten, baina koronabirusa dela eta atzerapen handiarekin argitaratuko da, gutxienez urtebete barru. Proiektu asko zapuztu ditu birus zital horrek. Birusa, kaosa eta heriotza… Ez al da hau guztia oso death metaleroa?
Kontzertuak ematea zen Asgarthen 2020ko plana. 13 urteko etenaldiaren ostean gogotsu zegoen taldea berriz ere zaleekin bat egin eta elkarrekin gozatzeko. Pandemiak udako emanaldi guztiak utzi ditu bertan behera, baina lokalean entseatzen eta kanta berriak prestatzen jarraitu dugu. Bostak batera giro ederrean gabiltza eta egungo egoera izugarri ezegonkorra den arren, lanean jarraituko dugu, aukera eduki bezain laster taula gainera itzultzeko. Ilusioz beteta gaude eta horrek indar handiagoa du kaosak eta heriotzak baino.