Elkarrizketa

Txomin L. Aramaio

2021.02.23

Txomin L. Aramaio

“Asmoa ez da erritmo arraroak sartzea sartzeagatik, baina horrela atera da”

Elkarrizketa: Braulio

Braulio izenarekin lau abestiko EP bat argitaratu zuten Kepa Arakistainek (RSK, Skandalo Publiku, Gominols eta Norman) , Alex Ariznabarretak (Elektrodols, Norman, Camachos eta Nor Naiz) eta Ruben Bernedok (Ezbaian, Stierkols, Drongener, Üther, Laupelau, Norman eta Jake Mate) iazko maiatzean. Norman taldean elkarrekin aritutako hiru lagunek musikalki beste bide batzuk hartu edo eta arakatu dituzte Mutrikuko AME estudioetan grabatutako lanean. Kepa eta Rubenekin egin dugu hitzordua taldearen nondik norakoen inguruan berba egiteko.

Braulio

Alex Ariznabarreta + Ruben Bernedo + Kepa Arakistain = Braulio

Brauliorekin zatozte oraingoan, baina Norman non utzi duzue? Lozorroan?
Norman bere motelean dago oraingoz. Ama gaixorik dauka eta zaindu beharrean dagoenez, denboralditxo bat pasatuko du Bates motelean.

Eta bitartean Braulio sortu duzue? Zer dela eta?
[Kepa Arakistain] Normanetik kanpo zerbait egitea nuen buruan. Lasaiago ibiltzeko gogoa nuen, etxetik gertuago zerbait egiteko, beste tenpo batzuk, beste estilo batzuk… Urte asko daramatzagu musika munduan eta gorputzak eta buruak hala eskatzen zidaten. Proiektu pertsonal bat bezala sortu zen Norman oraindik martxan zegoela.

Eta Normanen zurekin zebiltzan lagun bi hartu zenituen.
Bai eta ez. Hasiera batean, Mikel anaiarekin eta Mikel Breixo Danbalarekin hasi nintzen entseatzen. Banuen anaiarekin zer edo zer egiteko gogoa. Hala eta ere, zaila egiten zitzaigun batzea, eta euren baimenarekin Ruben eta Alexekin jarraitu nuen aurrera. Gero, hiruron artean, aitortu behar dut, buelta bat eman diogu taldeari. Nire gauzetatik hasi zen, baina beste bide bat hartu du azkenean.

Izena nondik dator?
Izen xelebre bat nahi nuen taldearentzat. Zerbait motza, eta Braulio gustuko nuenez, horrela geratu zen.

Lehen hurbiltasuna aitatu duzu Kepa. Non batzen zarete?
Eibarren eta Ondarroan txandaka batzen hasi ginen Alex eibartarra delako eta beste biok ondarroarrak, baina 2021ean gure kanpo basea Ondarroan ipintzea gustatuko litzaiguke. 2007tik ibili naiz Eibarrera bueltaka eta eskertzen dut Ondarroan entseatzea. Mutrikun bizi naiz eta hurre-hurre geratzen zait.

Grabazioa ere etxetik gertu egin duzue
Hori da. Nire etxetik 25 metrora-edo dago AME grabazio estudioa eta hori luxu bat da. Eskertzen da erosotasuna. Aitatu bezala, urteak daramatzagu musika munduan eta badakigu grabazio batek zer suposatzen duen: estudioak nekatu egiten du, joan-etorriak, laneko orduak galdu…

Eta gustura geratu zarete?
Bai. Axular Arizmendi [AME estudioko soinu teknikaria] aspaldiko laguna dugu, eta elkarrekin zer edo zer egiteko gogoa geneukan. Proba modura “Eroa” abestia grabatu eta masterizatu genuen, eta gustura geratu ginenez, beste hiru grabatzera animatu ginen. Berak bazekien zer nahi genuen eta ondo ulertu dugu elkar. Pandemia ofizialki hasi baino astebete lehenago grabatu genuen. Momentuan esku artean genituen lau abestiak grabatu genituen. 20 minutuko iraupena dauka EPak.

Elkarrekin, batera grabatu zenituzten abestiak.
Bai, horrela da. Egiari zor, bere estudioa bakarka grabatzeko egina dago. Hala eta ere, aurretik ere bazituen eginak batera egindako grabaketak eta gurekin ere horrela egin zen.

Ezbaian taldeak ere ez zuen horrela egin?
Hori da. Ruben Ezbaianekoa ere bada eta eurena grabatzeko egurrezko kaxa batzuk prestatu zituzten anplien gainean ipintzeko. Horiekin distortsioa ekidin nahi zuten eta bakoitzak bere instrumentua soilik grabatu. Hau da, mikro bakoitzetik bakoitzaren instrumentuaren soinua grabatu. Kaxa horiek Axularri oparitu zizkioten eta horiek erabili ditugu guk ere.

Zer soinu bilatzen zenuten hori eginda?
Soinu naturala. Zuzenekoetan emango dugunaren antzerakoa. Grabazioan erabili ditugun instrumentu edo pedalak zuzenean erabiltzen ditugun berberak dira. Hori bai, lehenengo soinua grabatu dugu eta gero ahotsa. Ostean masterizazioa online egin behar izan genuen itxialdiagatik. Erronka bat izan da bai berarentzat, bai guretzat. Argi genituen gauza batzuk eta errespetatu egin ditu.

Bizi dugun egoerarekin zuzenean aurkezteko aukera gutxi, ezta?
Horrela da. Lau kontzertu eman ditugu eta gehiagorako gogoz gaudela ezin uka. Ondarroako Gaztetxean lagunen aurrean saio berezi bat egin genuen, Beikozini aretoan Dena taldearekin batera kontzertu bat, Mutrikuko txiringitoan beste bat, eta azkena, Durangoko Azokarako Plateruenan. Egia esan, “Eroa” abestia masterizatu ostean online zabaldu genuen eta irratian ipini zuten, BADOK-ek ere argitaratu zuen, kontzertu bat edo beste egiteko proposamena heldu zitzaigun, baina ezin askorik mugitu. Pena izan da.

Eta zuzenean zer eskaintzen duzue?
Momentuz zortzi abesti ditugu. Guztiak gureak. Orain berriak prestatzen bagabiltza. Baditugu hiruzpalau hasita. Horrez gain, Bap!! taldearekin lotutako bilduma baterako ere bagabiltza zer edo zer prestatzen. Rock-and-rolla egiten dugu, psikodelia puntu bat ere izan dezake, baina ez gara etiketa zale. Oinarria rocka da eta gero ukitu ezberdinak. Asmoa ez da erritmo arraroak sartzea sartzeagatik, baina horrela atera da.


ETIKETAK:Alex AriznabarretaBap!!BraulioEzbaianKepa ArakistainNor NaizNormanRuben BernedoÜther