2015.02.23
Proiektu zehatzik aurkeztekorik gabe, gai librean aritzeko aukera onartu du Niko Etxartek (Altzürükü, 1953). Bere Altzaiko (Zuberoa) estudioetako sukalde txokoan. Behar den denbora eskaintzeko prest. Kantuaz oro har, eta partikularki bereaz. Honela laburbildu du bere kantangintza: «Etxahun Iruri eta Jimi Hendrixen artean den kantagintza». Bi artista horiek dituela bere «erreferentzia handienak» berretsi du Etxartek.
Bi mundu horien artean, beti kantua nagusi, ororen buru. Hiru alorretan landu izan duena hasieratik. Dela blues estilotik edaten duen rocka, folka, eta ahots hutsezko kantua.
Aldi honetan, haatik, euskal rockean aitzindariarekin, Hendrixenetik baino gehiago, Etxahun Iruriren mundutik hartu duenaz solastatzea izan da ideia. Etenduraz bainoago, jarraipenaz hitz egitea. Euskal tradizioan bide berri bat ireki duen artista gisa ezaguna izaki, rocka euskaraz eskainiz bide zaharretik ere franko ibili dela berresteko. Eta zein heinetaraino horrek ukan ote duen bere garrantzia harekin partekatzeko.
Ez baita kasualitatea 1950eko hamarkadan Ximun Haranek grabatu Le club du disque basque diskoan (Euskal diskoaren kluba) den “Belatxa” kantatzen ari den Petti Queheille-Phoi altzürükütarra ezagutu izana Etxartek, baita diskoko beste zenbait ere: «Txipia nintzelarik beren altzotan egona naiz». Parisko etxera joaten zirelarik, etxean lo egiten ikusi zituen Xalbador, Mattin eta Xanpun bertsolariak ere.
Eta Etxahun-Iruri eta Alexis Etxekopar Attuli ere «adiskide» gisa gogoratzen ditu, nahiz adinez anitzez zaharrago zituen. Badu Pierra Rousseu Latxikana ere erreferentzietan. Khantore berri / Pariseko xiberotarrak (1972) diskoan bere kantuak grabatu zituen senideekin.
Bi urte bete eta, Parisen 19 urtez egon zen bizitzen familiarekin Etxart. Handik du rocka. Han egin zuen bere lehen manifestaldia, 1968an, lizeoko urteetan. Oraindik oroit da zein maite zuen 14. arrondizamenduko «dirurik gabeko artista burgesen giroa», lagunekin The Who, The Beatles eta horien doinuak ikasten eta rock taldeak osatzen ari zela. Baina, bizkitartean, Pariseko euskal etxean ere orenak iragaten zituen. Eta bakantza guztiak, Zuberoan. Eta etxean euskaraz, kantuen artean. Hots, hori dena biziki «naturalki» biziz handitu da Etxart.
Zuberoako kantu tradizionala iturritik edanik, beraz. Eta a cappella abesten den bakarkako kantu berezi horren aipatzeko gogoa piztu. Tonu laurden edo intonazio atenperatu izendatzen den horren erabileraz. Musikologoen artean zenbait ikerketaren oinarri izan berri dena.
“Zuberotar kantorea kantatzen duzularik, eta zinez errotik sentitzen duzularik, hori duzu bluesa, flamenkoa edo jota bezala. Baduzu jarrera bat”
Horretan hasi eta, Etxartek kantuaren «zentzu mistiko hori» du nabarmendu. Mistizismo horrekin zehazki zer erran nahi duen galdetzean, hauxe erantzuna: «Zuberotar kantorea kantatzen duzularik, eta zinez errotik sentitzen duzularik, hori duzu bluesa, flamenkoa edo jota bezala. Baduzu jarrera bat. Ene semeak ere ni baino anitzez gazteago dira, baina badute. Eta ene aitak bizitza guzian gauza sakratu bat bezala zuen kantatzea». Eta Niko Etxartek berak ere badu horretatik. «Nola ez… badakizu, boza urratzen, lepoa altxatzen, joteroek bezala, bi eskuak hanken gainean, airea hobeki pasa dadin. Bizkarrezurra xuxenago. Begitartetik ageri da estatu hori».
Ürrüti Jauregiko Peirot pastorala (2002) bururatzen zaio orduan Etxarti. Berak idatzi zuen. Peirot horretaz atzeman “Musde Ürrütia” kantua sartu zuen hor. XVI. mendeko kantua da. “Bereterretxen khantoria”-rekin, kantu zaharrenetakoa. Garai berekoak litezkeela errana izan dio Txomin Peillen idazle ikerlariak Etxarti, hain zuzen.
«Berpizkundeko musika zen. Musika hori karratua zen. Eta musika karratu horretarik zuberotar artzainek-eta beren mundua egin zuten». Agian «arabiarren musikatik zerbait» duen kantatzeko molde bat bezala ikus daitekeena, molde «aske» bat bezala. «Musikologoentzat-eta», deritzo Etxartek, beste kantatzeko manera baino «ederrago izan daitekeena». Hark ere gustukoa du. «Estetika hura. Kanon horietan kantuak sortzea maite dut». Diskografian baditu «lehenagoko modeloan» asmatu kantuak. Hor dira “Kasernatik hürrün” edo “Muga gainetik” horren adibide, Odol Berri taldearekin 1973an emanak.
Baina «baina» bat badu Etxartek: «Bada dekadentzia bat ere». Bai baitira, haren irudiko, beste kantatzeko molde «nobleago» batzuk. Zer ote hori? Hor entzutea hoberena. Hor hasten baita kantuz Etxart. A cappella. Eta haren kantuak, Zuberoako molde zaharretik baino, folketik-edo baduela gehiago erran daiteke, menturaz. «Karratuagoa» izan daitekeena. Ezberdintasuna konprenitzeko, kantatzeko manera zaharra zer den ere esplikatzeko segitu du kantuan. Aldi honetan, delako kantuaren zentzu mistiko horrekin. Anitzez gehiago dantzan ari diren notekin bezala.
Horiek erranik, zinez gustuko ez duena «dekadentzia faltsu» baten egitea da: «Zenbaitek zinez ontsa egiten dute hori. Kristoren kantariak direnak. Adibidez, Beñat Axiarik. Estimatzen dut anitz, baina zenbait aldiz puztu egiten du ahotsa. Entzuten badu hori, irri eginen du eta onartuko du; errana diot zenbait aldiz. Batzuetan, indianoarena ez hainbeste egitea ere ongi litzateke».
Oro har, Etxartek dio bereizten dituela «musikologia eta jendearen aitzinean kantatzea». Jendearen aitzinean kantatu behar izate horrek bere obra baldintzatzen duela aitortu du: «Maite dut jendea seduzitzea. Berdin sobera. Izatez ere berdin sobera baikorra naiz. Ez dut maite beltz airea sobera erakustea. Dramatizazioa. Nik ez dakit egiten hori. Beste batzuek badakite izugarri ontsa egiten. Eman dezagun Mattin eta Xalbador. Xalbadorrek dramatizatzen bazekien, bere pertsonaiarekin ontsa joaten zena. Mattinek ez. Bere bertso dramatikoenean ere, bazuen irri zera bat. Eta ni ere kasu horretan Mattinago naiz, Xalbador baino».
Xahakotik xahakora
Halere, iturriak iturri izaten segitzen du. Tematiketatik ere, aitzinekoen tematika berberetatik edan duela dio artistak. «Pilota, ostatua, herriko bestak, baita sinboloak ere. Baina nik tratatu ditut rock musika batekin». Euskal xahakoa horren adibide izan daiteke. “Xahakua” kantua (1950) badu Attulik idatzia. «Xahakua, Papo gorri eder harroa zer adiskide arraroa [...]» hitzekin hasten dena. Eta Etxartek ere badu berea. Minxoriak taldearekin grabatua Ilazki diskoan (1980). Izenburu bera, baina hitzak eta musikak beste bide batetik doaz.
Kantuaren hitzak nondik bururatu zaizkion esplikatzeko kontatzen duen anekdotak balio dezake agian, justuki, bere bide hori zein izan daitekeen konprenitzeko: «Garai hartan dantzaldiak egiten genituen. Eta dantzaldietatik sartzen ginelarik, Manex Borda, Jimmy Arrabit, Jean-Bernard Barrenki Barrabas eta ni tomate eta entsaladak biltzera joaten ginen Bithiriñara, berdin Bilbotik. Bi urtez egin dugu hori. Banuen Renault 4CV ttipi bat. Eta hango klaxonarekin egin nuen lehen soinua: ‘Pa, pa, pa, pa, pa…’. “Xahakua”-ren hasierako lehen notak, edo hobeki erraiteko, lehen erritmoa. Eta gero hortik gaineratekoa: ‘Xahakuak emaiten du bere txirriñu eztia [...]‘. Kantu sinple-sinplea, eta dantza egiteko eraginkorra. Bere denboraldia ontsa bete duena».
«Hitzen egiten jartzen naizelarik, mistika batean sartu behar naiz. Zenbait aldiz anitz edaten dut, beste zenbaitetan ez dut batere edaten. Eta gaia zurituko dut”
Kantuz-kantuz egin bidaia horretan Jon Mirande poeta aipatu gabe ezin utzi. Haren poema zenbaitzuk kantatuak izan ditu Etxartek. Sexuaren tematika ere lantzeko bide bat eskaini izan dio Mirandek. Haietako bat “Ametsetarik”, Has´dantzan diskoan (1980) sartua. Amets erotikoez mintzo. Eta Etxartek badu sexuaz ere kantaturik. “Tumatxa” kantuan «amets bekatiak» aipatzen ditu, adibidez. Nola akerrari «altxatzen zaion lotsarik gabe», berak berriz «gorde behar! ai!».
Umore hori hitz jokoz elikatzen du usu Etxartek. Eta hitzekiko joko hori bada, oro har, Etxarten kantagintzako ezaugarri. Hitzen soinuez jostatzen direnak badira zaharretan ere. Baga biga higa, adibidez. Funtsean “Baga, biga, klik!” kantua badu Has’dantzan diskoan (1980). Baina berak dio joko hori oraino urrunago duela eramaten. Horren azaltzeko, Baikor diskoko “Stop! Hementxe da kontrola” kantua adibidetzat hartu du Etxartek. Autoan da kantaria, besta batetik ateratzen. Poliziek geldiarazten dute. Eta hasten da kantuz Etxart: «’Est-il ETA, est-il IK, est-il etat, etilika, abre maleteroa… Mistizismo religion, edatea ez da on, ko-txean, este tica [...]‘. Hori nork egiten du? Euskaraz horrelako kantarik bada asko? Ez».
Kantua laborategi
Kantuak egitea «laborategi bat» dela dio. «Hitzen egiten jartzen naizelarik, mistika batean sartu behar naiz. Zenbait aldiz anitz edaten dut, beste zenbaitetan ez dut batere edaten. Eta gaia zurituko dut. Ez dakit izugarrizko obra ederra eginen dudanez baina badakit ene logika horretan izanen dela. Hitz jokoekin eta, badut horrelako logika bat. Hor dut ene bidea egiten, lehenagoko Attuli edo Etxahun Iruriren ondoan. Boby Lapointe eta horien eraginez. Frantses literaturak ere ematen dit norabide bat, dadaismoak ere bai».
Beste adibide bat du “Itxaro, Joseba” (Gili-gilikatzen haüt, 1996). Horren gogoratzeko, berriz hasten da kantuz Etxart: «’Oi itxaro zuk luma zorrotza duzulakotz maite zutut [...] jin zite Josebarekin ai! soul nos genes onddo biltzera’». Hor ikusten du ezberdintasun nabarmena: «Zaharrek ez zuten euskaraz horrelako barrabaskeriarik egiten. Eman dezagun ‘ai! soul nos genes onddo biltzera’ esaldian zer ulertzen da? Ulertzen da ‘hallucinogenes onddo biltzera’. Aldiz, testuan, soul nos genes liteke gure geneek badutela arima bat».
Musikaz orain. Gehien-gehienik lehenik musika baitzaio jiten, eta gero hitzak. «Aiseago» zaio, nahiz beste prozesu batzuk ere esperimentatu. Gehienetan «lerro apal» batekin hasiz. «Riff batetik, sintetizadorearekin edo gitarra apalarekin». Harentzat «sinpleena» da hau: «Da musika, eta musika horren gainetik jogurtean kantatzea». Jogurta «idazkera automatiko estiloko» zerbaitekin lotzen du Etxartek. Delako «dadaismoari» lotzen duena. Ingelesa dirudi, baina ez da hori ere: «Zernahi kontatzen dut hor». Horrekin hasi, «eta gero deliberatzen dut gai bat. Edo borroka kantu bat, edo kantu surrealista bat, “Zkrax?” edo “Ezpazioko izarretan hilik” bezala».
Euskarazko jogurta egiten ote? «Ez dut maite. Badakit egiten, baina ez dut hotzean emanen. Edanik izan behar naiz amiñi bat». Bertsoari lotzen du hori. Garai batez ari izana baita bertsotan: «Tabernetan eta. Jean-Louis Hariñordoki Laka-rekin eta. Berak botatzen zuen bat eta nik arrapostua egiten nion. Hegoaldean ere anitz egin dut hori. Gero, bertsolari belaunaldi berria jin da. Eta hain ziren tekniko eta eder, erabaki dut isiltzea. Baina garaian euskarazko jogurta egiten nuen, bertsoa salbatuz, huts anitzekin eta horrela, baina bere xarma bazuen ene bertsoak».
Sedukzioan beti zuberotarra. Eta horretan segitzeko prest. 400 kantu grabatuak, 600 bat orotara, oraino kantatzeko eta grabatzeko asmotan dago. 9 urte zituenetik kantua ontzen hasia, 62 urte eginen dituela maiatzean, ez da gelditzekotan: «Aita bezala, kondenatua naiz urrentzera arte kantatzera!», dio irriz. «Erretiroa hartu eta hogei urte egin zituen aitak plazaz plaza, 78 urtetan zendu aitzin». Proiektu aldetik ere badu nondik tira. Rock estiloko diskoa prestatzen ari da Hapa Hapa taldekoekin. Durangoko Azokarako prest nahiko luke. Rockaren zikloko azkena litzateke: «Egia erran rocka egiten duzularik behar dituzu izugarriko anplifikagailu pisuak taula gaineko. Aldiz folka egiten duzularik, edo a cappella kantatzen duzularik jiten ahal zara kantatzera eskuak sakelan. Eta orduan, normalagoa izanen da disko honetatik landa horren egitea, ene buruarekin trankilago egoteko». Sail horietan baitu zer egin. Folkean, gauzatzea baizik eskas ez duten ideiak baditu zenbait adiskiderekin. A cappella ere berriz hastekoa da koinatuarekin. Eta bere zaleak, hor daude esker. Betikoez gain, berriak heldu beti. Pirritx eta Porrotxek bost urtekoak ekarri dizkiola pozten da irriz. Txo, Mikmak txikia diskoan “Euskal rock’n’roll” kantua berriz grabaturik Pirritxekin. Eskean Kristörekin ere badu bat emanik. Eta Herri Urratsen aurtengo kantuan ere Willis Drummond-ekoek eskatu diote haiekin ematea.
(Berria egunkarian, 2015eko otsailaren 22an argitaratutako elkarrizketa)