Elkarrizketa

Mikel Izarra

2024.03.22

Mikel Izarra

“Ahuen sorta bat janztea da gure helburua, eta zorionez jostun asko ditu taldeak”

Elkarrizketa: Bananas

Errekak nola da bandera berria. Gureak bueltan dira. Iraultza txiki hauek maite ditugun amesle talde murritza zortez gaude. Zazpi kantutzar berri, poparen eta genero bortitzen artean tenkatuz, eta hitz existentzialista zein pizgarriz hornituta. The Cure-ren erako gitarrak, geroz eta melodikoagoa den ahotsarekin, eta baita delay bidezko esperimentazioak baimentzen dituen bateria kementsua, tinko. Duela bi urte orriotan bertan aurkeztu ziguten Garun ta eztarri eta emaitzaz harro agertuta ere, talde txikien bizitza “nekeza” ikusita, orain lekua aurkitu du euscreamo boskoteak: lasai eta heldu, “gertura iristea” balorean jarriz. Haiek ezarritako denboratan, industriatik at, miresten duten zigiluen laguntzarekin, Ander Tejadas taldekideak landutako azal ikusgarriarekin eta sentimenduz betea datorren soinu eta hitz artefaktua.

Bananas talde donostiarrak hirugarren lana kaleratu berri du, eta gurekin partekatzeko Gartxot Unsainekin (ahotsa) egin dut berba. Pareko gutxi aurkitzen ditugunok badakigu konexioak daudenean ikusten, eta screamoaren euskal eszena txikia estua da eta aspalditik ezagutzen dute elkar eskualdetako aurpegi eta ahotsek. Haien lanari darion miresmen eta zintzotasunarengatik beti da plazer handia horrelako disko bat aurkeztea, baina aldi berean zaila hainbeste maite duzun musika era profesional, funtzional edo informatiboan lantzea. Horregatik, eta mundua ikusteko betaurrekotzat erabiltzen ditugulako, hitzak dira helburua hobekien lortuko dutenak. Zuekin, Bananasen lan berri bat, sorpresaz betea baina beti bezala hitzik gabe.

bananas-grupo-1200x960

Bananas taldeko bost kideak.

Nahiz eta elkarrizketa bat horrela hastea sinesgaitza izan daitekeen, zelan Gartxot? Zelan dago taldea?

Hor nonbait ikusi dudan kamiseta batek dioen moduan, “txarra kenduta, ondo”. Maila pertsonalean, urte zaila pasa dut nik, baina gorantza noa, ingurukoen maitasuna lagun eta aldaketa asko egin ostean. Taldea inoiz baino indartsuago sentitzen dut, bakoitza ahal duen lekutik ahal duen guzti hori ematen. Hasiera batean ez genuen jarraikortasun goseak ere lan karga bat eman digu, grabazioa prestatu, grabazioa egin, kaleratzearen antolaketa, entseguak… Baina pozik gaude, lan luze batek beti du garai baten argazki itxura, eta argazki hau ederra dela sentitzen dut, hazten goaz pertsona eta talde gisa, eta bidean pilatutakoen testigantza xume bat da, beste behin.

Lehenengo bisitalditik ezustekoa hartu nuen. Zelatan azal ikusgarri hori? Norena da? Zerbait esan nahi du?

Diskoari izena jarri ostean egin zuen Ander Tejadas taldekideak. Santi Garciarekin grabatzen ari ginen egunetan etxera bueltan egindako brainstorming baten ondorio dira biak. Errekak nola esaldiak betetzen zuen adierazi nahi genuen hori, hala goazela gu ere, askotan ekidin ezin den korrontean, baina baita norbere indarrez ireki daitekeen txikitasun horretan aurrera, duin bezain harro. Esaldia asko gustatu zitzaigun eta Anderrek abilezia handia du diseinuan. Halako demokrazia batean egin genituen gure ekarpenak, eta horixe sortu du.

Disko bakoitzean pauso txikiak (edo amets handi) egiten dituzue, aurrekoa Aloudekin, orain B Corerekin… Zelan planteatu edo zaintzen duzue formatua?

Ez naiz egokiena, akaso, honi erantzuteko, halako gestio eta zubigintzak egiten lan gutxiena egin duena naizelako. Hala ere, urteetan pilatu ditugun lagun eta gertukoen ekarpenak nola txertatu pentsatzen dugu beti, binilo baten kaleratzearen kostua handia delako eta laguntza eskertzen delako, baina, batez ere, gauzak egiteko moduan gure ikuspuntua elkarbanatzen duten horiek gertu nahi ditugulako. Aloud eta BCore aipatu dituzu, bide luzea egin duten bi zigilu esanguratsu direlako. Baina hortxe daude baita ere, xumetasuna oinarri duten Usopop, Saltamarges eta Lar Gravacions-eko lagunak. Denei eskerrak lerrootatik.

Txarto oroitzen ez badut azkenengoz zure lehen liburuaren harira elkartu ginen, ordutik beste bat, beste hainbat kantu… Zenbat gauza ditu bizitzak idazteko? Zenbat gertatu dira bi urte hauetan aurreko diskotik Bananasen? Inspirazioa mantentzeko, irakurri, bizitu… behar dira?

Nik ez dut inspirazioan asko sinisten. Ezer irakurri gabe ere bizitzak aurrera darrai eta kolpatzen zaitu. Izan daitezke momentu argiagoak eta momentu puntual magiko batzuk, baina lanak dakar emaitza. Azken bi urteotan gauza asko pasa dira, amets batzuen heriotza aipa nezake, ondorengoak, kontzertuak, leihotik begiratu eta mundua nola hautsi den ikustea, laguntasunaren erreinuaren eraldatz… Unibertsalak dira gure kantuetako sentimenduak, baina lekukotasun oso pertsonaletik azalduak. Ez dakit zenbat gauzek merezi duten kantu bat edo ez, baina nik sentitu dut beharra harremanen nolakotasunaz aritzeko (Norabidea), baita gizartearen abiadurari erreparatzeko ere (Denbora), sentsibilitateari gorazarre txiki bat egin diot (Itsuok ere negar) eta honek dakarren frustrazioa azaldu nahi izan dut (Nola egin aurre). Gauzen iheskortasuna ere aipatu nahi izan dut (Hutsunez beteta), eta transmisioa egiteko moduan (Ahalik eta gertuen) nire Euskal Herrian zeinen arrotz sentitzen naizen (Hiriak ez du barkatuko).

“Leku garden ugari ezagutu ditugu, oso humanoak, eta bueltan ezer eskatzen ez duen jende asko ere bai. Gure garaian, eta esaldi honek beldurra ematen dit, musika egiten zuen jendea zegoen, eta ez hainbeste artista, musikari eta influEZER”

Proiektuak paralelo izaten jarraitzen du? Zentzu horretan sormena jarraia edo aldizkakoa da? Zelan kudeatzen duzue?

Talde guztietan gertatzen den moduan, Google Calendarra litzake seigarren taldekidea gure kasuan. Bakoitzak bere bizitzan ahalik eta modu txukunenean txertatzen duela esango nuke, ahal dugun moduan eta aurretiazko antolaketarekin. Hemen dena ez al da “paralelo”? Sormena aldizkakoa da bai, kasu honetan gure buruari disko baten grabaketaren helburua jarri eta hortik abiatu ginen. Hilabete batzuk izan dira, eta bidean oso momentu ederrak pasa ditugu, konposatzeko asteburuak hartuz.

Gustatzen zait estiloen arteko oreka geroz eta era arriskutsuagoan mantentzen duzuela, baina aldi berean berezko soinu sotil eta orekatua, bederen lortuta. Nola dago bideratuta konposaketa eta soinua? Zer entzuten ibili zarete?

Bananasen kasuan ez nuke esango musika asko elkarbanatu dugunik inspirazio gisa. Bakoitzak bere gustuak ditu eta gehiago egiten dugu ekarpena garen horretatik. Adi gaude kaleratzen diren lan horiekiko eta, akaso, abesti baten nolakotasuna izan daiteke erreparatzen dugun zerbait. Beti esan dugu Touche Amore-ren euskal bertsioa egitea zela gure asmoa hasiera batean. Bidean kolore gehiago gehitzen joan garela esango nuke, melodikoago bihurtu garela ere sentitzen dut, zentzurik onenean. Ahuen sorta bat janztea da gure helburua, eta zorionez jostun asko ditu taldeak. Era berean, aipatu nahiko nuke taldearen estilokoa ez den horrek ere izugarri eragiten dizula. Nik Ibil Bedi-ren Goldea entzun dut aurreko urtean gehien. Izugarri eragin dit.

Kontzertu gutxi baina oso bereziak egin ohi dituzue. Oraingoan zer? Egongo da birarik?

Ezin ezer aurreratu, eta ez hypea puzteko, lotuta gauza gutxi ditugulako baizik. Baina joko dugu, egindako lanak merezi du. Lehena apirilaren 13an izango da Donostiako Dabadaban. Ondoren saiatuko gara, nahi gaituzten leku horietan, orain arte bezala, gure arrastoa uzten.

Industriak agintzen dituen erritmo eta intentsitateetatik at existitu daitekeela frogatu duzue. Zer da taldea zuentzat? Nora heldu nahi duzue?

Zorionez, zahartu gara. Nire ustez, musika, kantuak eta saretzea ulertzeko beste garai batetik gatoz, eta niri behintzat, oso arrotza egiten zait gaur egungo kea saltzeko joera, gogorra ere bai, zenbaitetan. Itzalekin [Uranga] urtetan aritu naiz Madeleine taldean, gure zilborrari begiratzeko beharrik gabe, inolako pre-save, atzerakontu, sold-out kultura eta bideokliptzarrik gabe. Kantuak ziren lehentasun eta erregai. Leku garden ugari ezagutu ditugu, oso humanoak, eta bueltan ezer eskatzen ez duen jende asko ere bai. Gure garaian, eta esaldi honek beldurra ematen dit, musika egiten zuen jendea zegoen, eta ez hainbeste artista, musikari eta influEZER. Kontzeptuak irentsi dute, nire ustez, artisauaren jardun hori. Lehen dena sinpleagoa zen, ederragoa. Beraz, eta hau maila pertsonalean diot, nik ahalik eta gertuen iritsi nahi dut, gure egiteko moduarekin eta sentitzeko moduarekin konektatzen duen horrengana.

ETIKETAK:2024ko diskoaBananasErreka nola