Elkarrizketa

Mikel Izarra

2021.04.07

Mikel Izarra

“Ahotsa da proiektu honetan osagairik garrantzitsuena”

Elkarrizketa: Verde Prato

Verde Pratok ezustean hasi zuen bere ibilbidea. Jon Manzisidor Mantxi-k (Gora Japon, Txaranga Urretabizkaia…) Le Larraskito Klubeko gaualdi batean parte hartzera gonbidatu zuen, eta ordutik gauzak era natural batean egiten joan da Ana Arsuaga (Tolosa, 1994). Serpiente eta Mazmorra taldetan ere aritzen da, eta arte bisuala jorratzen du. Parte hartzen duen proiektu guztietan sentiberatasun eta samurtasun karga handia uzten du, modetatik eta estiloetatik at dagoen artea egiteraino. Zuzenean teklatua, ahotsa eta looperra erabiliz giro eta atmosfera apartak lortzen ditu. Izan ere, looperra maisuki erabiltzen du eta bere ahotsak kutsu original eta atipikoa du. Kantagintza tradizionaletik abiatuta, garaikidetasunari eskua luzatzen dio bere lanean Verde Pratok. Kondaira eder hura lehen diskoa kaleratu berri du.

Verde Prato bandcamp

Giambattiste Basileren ipuin batetik hartu du Ana Arsuagak Verde Prato izen artistikoa.

Zelan hasi zinen musikarekin erlazionatzen?
Txikitan piano eta solfeo klaseak hartu nituen, izebek akademia bat daukate eta hara joaten ginen lehengusu guztiak. Abestea gehiago gustatzen zitzaidan, baina horretan ez dut ikasketarik egin. Askoz geroago, unibertsitatean, Bilbon egindako lagun asko musikariak zirenez eta taldeetan jotzen zutenez, haietako batek, Beak [Perales], berarekin jotzen eta abesten hasteko esan zidan, eta horrela hasi ginen Serpiente taldearekin.

Eta Verde Prato proiektua nola sortu zenuen? Nondik dator izena?
Verde Prato Jon Mantxiren proposamen batek sorrarazi zuen. Larraskiton egiten diren kontzertu-sesio batean parte hartzeko esan zidan, eta esperimentu moduan, zerbait bakarrik egiteko esan zidan, eta animatu egin nintzen. Hortik aurrera, kontzertu gehiago atera zitzaizkidan, eta jarraitzeko ilusioa piztu zidan horrek. Izena, amak ni txikia nintzela egin zuen antzerki obra batena da, kartela betidanik ikusita daukat etxean eta izenak asko erakartzen ninduen. Gero amak esan zidan Giambattista Basileren ipuin baten izenburua dela.

Harremanik al ikusten duzu artista bisual gisa egiten duzun lanaren eta zuren musikaren artean?
Nik uste dut harremana ezinbestekoa dela, azkenean erabaki estetiko antzekoak hartzen ditudalako, nire gustu, sentsibilitate, gaitasun eta abarren arabera. Bi lanetan, horiek dira nire barometro. Baina aldi berean, bi arlo independente bezala ikusten ditut, eta ez daude pentsatuak harremanetan egoteko.

“Amak ni txikia nintzela egin zuen antzerki obra batetik hartu dut izena. Kartela betidanik ikusita dautat etxean eta asko erakartzen ninduen”

Tradizioaren hainbat berrikuspen egiten duzu zure errepertorioan, baina beti oso kutsu garaikidearekin. Nondik abiatzen zara?
Kantu herrikoi tradizionaletatik asko edaten dut, ahozko tradizioan asko oinarritzen baitira. Ahotsa da proiektu honetan niretzat osagairik garrantzitsuena. Hori dela eta, abesti horietan ahotsak sortzen duen indarra, emozioa interesatzen zait, eta horrelako zerbait sortzen saiatzen naiz, baina musikalki interesatzen zaizkidan beste elementu batzuk ere askatasunez nahasten ditut, oinarri elektronikoak, besteak beste.

Uste duzu al euskal eszenak tradizioa berrikusteko orduan aurreiritziak izan dituela? Eta modernitatea aitortzeko orduan? Badago eboluziorik alde horretan?
Niri hemen lan interesgarriak egin direla iruditzen zait. Euskal Herriko testuinguru berezia dela-eta, uste dut badagoela tradizioarekiko maitasun berezi bat, musikan adibide asko daude zentzu horretan. Bestalde, joera esperimentala duten proiektu sorta bat ere badago, ildo musikal oso ezberdinak jorratzen dituztenak, gehiago edo gutxiago arriskatzen dutenak. Gaur egun, gure testuinguruan era askotariko eskaintzak ikusten ditut. Eboluzio hitza ez nuke aipatuko, ez dut uste ezer “hobea” egiten denik; besterik gabe, beste gauza batzuk egiten dira.

Soinu artearen munduan edo eszena artistikoan jo izan dituzu lehen kontzertuak. Ba al dago ezberdintasunik musika eszenarekin?
Bai, noski. Ezberdintasunak daude, eszena artistikoan aldez aurretiko joera irekiagoa dela iruditzen zait; disziplina arteko hartu-emana onartzen den bezala, kontzertu formatua askatasun handiagoz begiratzen dela pentsatzen dut. Musika eszenan agian konbentzioak pisu handiagoa dauka, gehiago esaten dizute: “zer sinplea, ezta? Zer gauza gutxirekin egiten duzun!”. Aukera arraroa izango balitz bezala. Baina nik uste dut musikak era oso zuzenean funtzionatzen duela, bere indarra eta alde ona hori da, errazagoa dela bestearekin konektatzea, gorputzean ezinbestean sartzen zaizulako.

“Euskal Herrian badago tradizioarekiko maitasun berezi bat, eta joera esperimentala duten proiektu asko ere, ildo musikal oso ezberdinak jorratzen dituztenak”

Teklatua eta zure kantatzeko era originala baliatzen dituzu abestiak egiteko. Nolakoa izan da diskoaren grabazioa?
Diskoan Jon Agirrezabalagaren kolaborazioa oso garrantzitsua izan da, berak produzitu baitu, eta beraz, soinu aldetik gauza asko sartu ditugu, moldaketa asko, eta abar. Teklatu ezberdinak eta soinu elektroniko gehiago daude, baina proposamenaren zentzu sotila galdu gabe.

Egitura aldetik abestiak minimalistak direla esan dezakegu, baina ez hainbeste letrak…
Diskoan bi abesti berri daude, “Lagunen kanta” eta “Haurraren kanta”. Azken hau a cappella abestuta dago. Gainontzekoak Interneten izan dira entzungai, nahiz eta zuzeneko grabaketa batean egon orain arte. Eta hemendik aurrera, konposizio berriak ildo beretik joango dira, oinarri apur bat sofistikatuagoak egiteko helburuz eta momentuan interesatzen zaizkidan baliabide musikaletatik elikatuz.

“Mutilaren kanta” abestia Maria Muriedasek zuzendutako bideoklip baten bidez aurkeztu zenuen.
Maria eta biok lagunak gara, eta askotan egin dugu lan elkarrekin. Bere lana asko interesatzen zait, eta konfidantza eta konplizitate handia dago bion artean, beraz, oso erraza izan da berarekin lan egitea. Harrera ona izan du bideoklipak, lagun batek bion lanen arteko puntu amankomunak bideoklipean argi ikusten zirela esan zidan, eta horrela pentsatzen dut. Zuzeneko batean dagoen intentsitatea nolabait bideoan dagoela iruditzen zait, eta proiektuaren izaera ere ikusi daitekeela; beraz, oso pozik emaitzarekin.

ETIKETAK:Ana ArsuagaGora JaponJon AgirrezabalagaJon ManzisidorSerpienteVerde Prato