2018.03.07
Frikuna pertsona bihurri eta barrabasa omen da, geldi egon ezin den horietakoa. Entzulegoa dantzan jarri asmoz doinu latinoamerikarrekin jolasten hasi eta Karibeko irletako, Afrikako eta batek daki nongo musiketara saltoka dabilen talde bati jartzeko izen aproposa, ezbairik gabe. Boskote lapurtarrak orain gutxi kaleratu du “Mundu faltsu huntan” kantua, orain bi urteko lehen diskoaz geroztik izandako formazio aldaketaren osteko lehen alea, eta nork daki zeren aurrekaria. Frikun proiektu beroan oinarritu arren, hainbat taldekidek era paraleloan lantzen dituzten Joxe Replay eta Cumbiam’bero proiektuez ere aritu gara Txomin Dhers teklatu jotzailearekin, talde hauetan guztietan dabilen musikari ipurterrearekin.
Nico Perret eta zu Joxe Ripiauren bertsioak egiten dituen Joxe Replay taldean hasi zineten doinu beroak lantzen, eta gerora etorri dira Cumbiam’bero eta Frikun. Azaldu ahal diguzu zeintzuk diren hiru proiektuen arteko ezberdintasunak?
Joxe Replay tributo taldea da eta gure lehen proiektua izan da. Joxe Ripiau taldearen abestiak gure baitan irakiten ari zirela, berriz plazak “Positive bomb” modura zartarazi behar zirela sentitu genuen. Joxe Ripiauren kantuak baizik ez ditugu abesten, gutxi batzuk izan ezik. Ripiauzaleak izaki, kunbia musika deskubritu genuen. Kolonbiako kunbia tradizionala zein modernoa gure eran eskaintzera animatu gintuen horrek eta Cumbiam’bero txarangari hasiera eman genion. Ondotik etorri zen Frikun, eta bertan, Joxe Replayn eta Cumbiam’beron ez bezala, gure konposizioak egiten hasi ginen. Afrikar eta karibear doinuetan oinarrituta, gustuko genituen abesti batzuk moldatu ditugu, euskarara itzuliz edota hitz berriak ezarriz.
Joxe Ripiau da, ziur aski, Latinoamerikako doinuak era arrakastatsuenean landu dituen euskal taldea. Zer du talde hark hain berezi egiten duena?
Gazte gaztetik entzuten dugun taldea da, beti alaitsu eman gaitu eta besta giroari oso ongi egokitzen da. Hitzen simpletasunaren indarra, akordeoiaren soinu malenkoniatsua, bombo-guiroaren energia… Bidaiatzeko taldea zen Euskal Herriko giroan, beste musikak nahasiz, kunbia adibidez.
Joxe Ripiauren abestiak oraindik ere taberna eta txosnetan sarri entzun ahal izaten dira eta segur naiz zuen kontzertuetan ere publikoa dantzan jartzen dutela. Aldiz, nolakoa izaten ari da estilo hauek jorratu bai baina abesti berri propio eta ezezagunekin publikoarengana heltzen saiatzea?
Apustu bat bezala ikusten ahal dugu. Badakigu gaur egun, eta betidanik ere seguraski, doinu bat ezagutuz gero jendea errazago dantzan sartzen dela. Hori da erromeria batek egiten duena. Zailagoa da kantu berriekin plaza bat mugiaraztea, Joxe Replayrekin gertatzen ez zen bezala.
Erraza al da atzerriko doinuak imitatzetik harago, ahots eta izaera propioa ematea kantuei?
Ez da erraza. Imitatzerakoan, musikaren autentizitatea atxiki behar da melodien eta hitzen zentzua atxikiz. Beraz, kantuei ahots eta izaera propioa emateko, hastapenean, atzerriko doinu hauek oso ongi ezagutu eta barneratu behar ditugu musika asko entzunez, poliki-poliki familiarizatu arte.
Sumatzen al duzue doinu hauekiko aurreiritzirik euskal entzuleengan?
Aire alaitsuak eta hizkuntzen nahasketa berritzailea dela ematen du, originala, eta kuriositatea pizten du entzuleengan.
Hego Euskal Herrian hain ezagunak ez izan arren, Frantziako estatuan sona duten Karibeko kolonia ohietako biguine doinuetan eta Afrikako erritmoetan (afrobeata batipat) oinarritu zarete, ezta?
Kunbia deskubritu dugun bezala, Interneten aniztasunak eraman gaitu biguine musikara, baita Karibeko musika estilo ezberdinak ezagutzera ere, hala nola Guadalupe, Martinika edo Haitiko musikak. Frantzian estilo hauek hartu eta ezaguna bihurtu den zouk musika sortu zen, 80ko hamarkadan arrakasta handia izan zuena dantzalekuetan. Ber momentuan afrikar musika anitz entzuten hasi ginen, 60-70eko hamarkadetako musikak bereziki, toki (Angola, Nigeria, Benin, Kongo,…) eta estilo ezberdinetakoak (afrobeata, highlife-a, voodoo funka…). Afrikar kontinentean oinarritzen gara eta afro-funk bezala aurkezten gara hein batean.
Frikunekin lehen diskoa autoekoitzi eta gero, “Mundu faltsu huntan” abestia kaleratu berri duzue, formazio aldaketa baten ostean. Singlea bigarren diskoaren iragarpen gisa ulertu behar al dugu?
Frikunen nahia eta lehentasuna eszena gainean igotzea eta zuzenekoa eskaintzea da. “Mundu faltsu huntan” abestiak ez du bigarren disko bat gordetzen. Sare sozialak eta hedabideak baditugula gaur egun, gure asmoa da singleak ateratzea eta banaka zabaltzea, taldearen erritmoa segitu ahal izateko era erregularrean.
“Frikunen nahia eta lehentasuna eszena gainean igotzea eta zuzenekoa eskaintzea da. Gure asmoa da singleak ateratzea eta banaka zabaltzea”
Aurrerantzean Karibeko eta Afrikako doinuetan barneratzen jarraitzeko asmoa duzue edo munduan zehar ikertzen jarraituko duzue?
Mundu ikaragarria, aberatsa eta zabala da afrikar musika, bere aniztasunean, eta ez dugu, ezta urrundik ere!, oraindik itzuli osoa eman. Gure tokia planteatzean, estilo horietan kokatzen gara beti, beraz, bide honetan segituko dugu, bai!
Hizkuntza hautuari dagokionez, lehen diskoan euskara, frantsesa eta greziera entzun daitezke eta Cumbiam’beron gaztelaniaz ere aritzen zarete. Nolatan hizkuntza aniztasun hori, musika bakoitzak hala eskatzen al dizue?
Hizkuntza aniztasuna musikaren aniztasunari lotua dago. Hizkuntza batek bere musika dauka eta bere mezua, eta duen kolorea gordetzeko, musika edo estilo batek eskatzen digu hizkuntza aldatzea. Cumbiam’beroren kasua da adibidez, gaztelaniaz baizik ez dugu abesten, hala sentitzen dugulako. Frikunekin, hastapenean esan bezala, “gure musika” eskaintzea lortu nahi dugu, ez bakarrik bertsio batzuen zabaltzea. Afrikako musika guzti hauetaz elikatzen garenez eta hizkuntza ugari badirenez, gure kolorea sortzen saiatzen ari gara, euskaraz abestuz, identitate bat sortuz, gure mezua zabalduz.
Lehen agian zaila zen erritmo hauek ezagutzea, baina gaur egun ohikoagoak dira Analog Africa, Soundway eta beste hainbat diskoetxek osatzen dituzten bildumei esker. Internetek ere asko erraztu du kontua. Gustuko al duzue halakoetan ikertzea?
Interneten informazio guztia lortzen ahal dugu eta, beraz, edozein bazterreko musika eta edozein garaikoa. Analog Africa eta Soundway bezalako diskoetxeen argitalpenak segitu ditugu, hain dira eta aberatsak! Bilduma moduan aurkezten dira eta altxorrak dira guretzat, zinez aholkatzen dizkizuegu bilduma horiek, tematikoki sailkatuak baitira. Gustura gabiltza horrela ikertzen eta segitzen dugu egunero berrikuntzak antzematen!
Dirdira Dar Dar izeneko proiektu bat ere ba omen duzue esku artean, musika greziarrari eskainitakoa. Zer kontatu ahal diguzue horri buruz?
Paraleloki dugun beste proiektu intimo bat da Dirdira Dar Dar. Beste kontu bat gehiago oraindik, Nicok Grezia deskubritu baitzuen duela zazpi bat urte kuriositatez eta geroztik lotura handia atxiki du hango jendearekin eta hango rebetiko musikarekin. Lau kide gara eta bouzoukia, akordeoia, gitarra eta perkusioak jotzen ditugu. Plazer handia izaten da guretzat jendearekin musika hori partekatzea, aski originala gelditzen baita jendearen belarrietan. Jarraituko du…
Zer espero dezakegu zuen proiektu ezberdinetatik aurrerantzean?
Frikunekin, esan bezala, kantu berriak sortu eta zabaldu nahi ditugu erregularki eta ahal beste leku ezberdinetan gure musika garatu eta eskaini. Maiatzean bira bat antolatzen ari gara Euskal Herrian, hain justu. Joxe Replay bazterrean utzi dugu Frikun eta Cumbiam’bero taldeei lehentasuna emateko. Cumbiam’berorekin ere lehentasuna baita ahal bezain gehien jotzea ongi pasa ahal izateko jendearekin eta musikaren magiarekin denok batera errutinatik ateratzeko.