2021.10.19
Bakarkako ibilbidean hirugarren lana du Iker Martinezek (Oñati, Gipuzkoa, 1977) Hegaldiak. Folk-rock kutsuko hamar abesti bildu ditu bertan eta Bull Biainek, Iñigo Ugartek, Joxeba Aranburuk eta Jimmy Irizarrek osatzen duten Zaldi Herrenak taldearekin batera sinatzen duen lehenengoa da bera. Musikaren munduan urteetako ibilbidea duen arren (Latzen, Potemkin, Amonal eta Lenao taldeetako kide izana da), aurrera egitea eta momentuaz gozatzea bilatzen duen pertsona bat dela antzematen da bere proiektu eta hitzei erreparatuta. Horretaz guztiaz, arrakastaz eta beste zenbait gairen inguruan mintzatu gara berarekin.
Noiz hasi zinen disko berria grabatzeko ideiarekin? Nolako prozesua izan da bere sortzea?
Orain dela ia bi urte hasi nintzen kantuak idazten eta 2020ko uztailean hasi ginen abestiok taldean lantzen; grabazioa aurtengo martxoan egin dugu. Abestiak sortzerakoan, melodia eta estrukturak nik egin nituen eta kantautore batek normalean erabiltzen duen formula erabili nuen horretarako, ahotsa, gitarrak eta letrak erabiliz; hori egin ostean, taldekideei bidali nien egindakoa. Guztira hogeita hamar kantu idatzi nituen eta guztion artean hamasei aukeratu genituen. Orokorrean askorik pentsatu eta buelta gehiegirik eman gabe, hamasei kantuak lokalean landu eta osatuago genituela, ondoen geratzen ziren hamarrak aukeratu genituen diskorako.
Andoaingo Garate estudioan grabatu zenuen Iñaki Zubia eta Martxel Arkarazoren gidaritzapean. Nolako esperientzia izan zen?
Oso ona, estudio handia da eta errespetua ematen dute halako lekuek, baina zortea daukagu eta laugarren aldia da bertara goazela. Iñakirekin dugun harremana oso positiboa da, arlo teknikoan konfiantza handia diogu, badakigu bere lana ondo menperatzen duela eta arlo pertsonalean, konplizitatea daukagu eta lasaitasuna ematen digu horrek. Beste norbaitekin ere egin ahalko genuen, baina bostok batera grabatzen genuen lehen aldia zen eta ezagutzen genuen batengana jotzea ikusi genuen egokiena. Covid kasu baten ondorioz grabaketa atzeratu egin zitzaigun, baina behin guztia bere tokian jarri zenean astebete pasa genuen bertan. Diskoen prozesuak beti izaten dira pixka bat konplexuak eta neke momentuak agertzen dira, baina orokorrean oso ondo eraman genuen.
Aurreko diskoetan musikari ugarik parte hartu arren, zure izenpean argitaratu zenituen. Hirugarren honetan ordea, lehen aldia izan da zure izenarekin batera, laguntzaile dituzun Zaldi Herrenak aipatu dituzula. Zer dela eta izan da? Zer suposatzen dute zuretzat?
Nik eta Zaldi Herrenek eginiko elkarlanaren aitortza bat da. Nahiz eta ideia nagusiak nireak izan eta nik zuzendu, sekulako lana egin dute eta asko eman diote prozesuari, beraiei esker geratu da diskoa geratu den moduan. Abestien bizkarrezurrak nik idatzi nituen, baina ideiei taldean eman genien forma eta beraiek idatzi zituzten beraien instrumentuari zegozkien zatiak. Boston artean eginiko lana da eta hori islatu nahi nuen. Niretzako gozamen bat da eurekin egotea. Orokorrean bakarrik ibiltzea tristeagoa dela iruditzen zait, lan eta erabaki asko hartu behar dira bakarrik. Jendearekin eta lagunekin ibiltzean aldiz, beste giro bat sortzen da eta positiboagoa bihurtzen da prozesua orokorrean. Oso eskertuta nago esperientzia honetan lagun ditudalako eta elkarren artean dugun konfiantza ezinbestekoa da guzti honek aurrera egin dezan.
Zuri entzunda, eta grabazio teknikaria, taldekideak… zeintzuk diren ikusita, garrantzia handia ematen diozu gauzak inguruko jendearekin egiteari ezta?
Bai, hala da. Urteetan zehar nire lagunak izandakoak dira eta aintzat hartzen dudan zerbait da, asko axola zaidan jendea da. Oso une politak dira beraiekin zuzenean jotzea edota disko bat grabatzea. Hartueman bat beharrezkoa da eta saiatzen naiz gauzak zaindu eta guztiok gustura egon gaitezen, emaitzetan hori islatzen dela uste dut.
Talde osoago bat entzuten dela eta soinu trinkoago bat lortu duzula esango nuke. Horren bila joan al zara?
Grabazioan gauza asko editatu daitezke gaur egun, baina ahalik eta era naturalenean saiatu ginen errespetatzen taldeak jotzen zuena. Ados nago, aurreko diskoetan ez zegoen talde soinu bat identifikatzen dut oraingoan. Bere espazioa daukaten bost musikari entzuten ditut diskoan eta abestiak desberdinak diren arren, talde ezaugarri horrek sorturiko oinarri eta lur komun bat sumatzen dut gure musikan. Egia esan, bai, soinu trinkoagoa nabari dut eta gustatzen zait.
“Bere espazioa daukaten bost musikari entzuten ditut diskoan eta abestiak desberdinak diren arren, talde ezaugarri horrek sorturiko oinarri eta lur komun bat sumatzen dut”
Ane Arrutik eta Fredi Pelaezek ere hartu dute parte diskoan. Zer bilatzen duzu norbaiti zurekin kolaboratzeko eskatzen diozunean?
Batzuek marketing ikuspuntu batetik enfokatzen dituzte kolaborazioak eta ez dut gaizki ikusten, baina nik ez ditut horrela bizi izan. Norbaiti abesteko edo instrumenturen bat jotzeko eskatu diodan bakoitzean, abestia benetan hobetuko zuela pentsatu izan dut. Abestia eta diskoa hobetzea da helburua. Aneren kasuan, nire bikotekidea da eta oso gertukoa izan da dena. Normalean disko guztietan interesatu izan zait neska baten ahotsa sartzea, ederra dela eta nire musikari nik eman ezin diodan beste kolore bat ematen diola iruditzen zait. Frediren kolaborazioari dagokionez, pianoak, teklatuak… asko gustatzen zaizkit eta berak ederki ezagutzen du mundu hori. Aurreko diskoan ere kolaboratu zuen eta garrantzitsua da niretzat nire musikari ematen dizkion soinu eta kolore horiek diskoan presente egotea. Berarekin egon nintzen lehen momentutik oso ongi ulertu genuen elkar eta nire musikarentzat pertsona egokia zela sentitu nuen, ongi ulertzen du zer bilatzen dudan. Konplizitate handia dugu eta asko gustatzen zait egiten duen lana.
Abestietan, sentimendu eta harreman desberdinei buruz hitz egiten duzu lehen pertsonan. Iker Martinezek bizitako istorioak al dira entzuten ditugunak?
Bai, erabat. Abestiaren garapenak hala eskatzen badu ez dut inongo arazorik letrak aldatzeko, baina ia hitz guztiak momentu jakin batean sentitu eta pentsatutakoak dira. Hori da barruan dudana, mugitzen nauena, eta konplexurik gabe azaltzen saiatzen naiz. Sarri horrelako kontuak oso popularrak ez diren sentsazioa dut, baina maitasunari buruz asko idatzi dut oraingoan, diskoa konposatzen nuen bitartean niri barrena mugitzen zidaten gauzak izan ziren, hori zen nire unibertsoa. Pertsonen arteko harremanetan aniztasun handia dago eta horrela izan da nire bizitzan ere, batzuetan istorio konbentzionalagoak dira eta beste batzuetan ez horrenbeste, baina horiek dira nire bizipenetan batzen joan naizen kontuak eta horrela geratu da.
Bizi esperientzia ugari eta norberarekin segurtasun bat izatea beharrezkoa dela iruditzen zait horrela biluztu eta jendearekin konpartitzeko…
Idazten dudanean ez dut horretan pentsatzen. Benetan barrua mugitzen didan hori idaztea da asmoa eta ez dakit jendeak nola interpretatu eta ulertuko duen. Irakurtzen edo entzuten duenak, idatzitakoa norberarentzat erabili behar duela iruditzen zait, bila joan gabe irakurritakoa norbere esperientziekin lotuz. Inoiz ez dut sentitu idatzi izan dudanagatik inork epaitu nauenik, baina hala izango balitz ere ez zidan axolako. Ez dut uste ezer txarrik idazten dudanik eta ni emozionatzen banau aurrera joango naiz horrekin. Niretzat gauza politak dira idazten ditudanak, baina batzuetan gauza tristeak ere idazten ditut, bizitzaren isla dira. Zintzoa naiz esaten dudanarekin eta seguraski nire abestietan daude nire egia handienak. Horrela sentitzen dut nire sorkuntza eta asko gozatzen dut.
Aurreko diskoekin konparatuta, oraingoan letra eta musika alaiagoak idatzi dituzula esango nuke.
Nondik nentorren ikusita ez zen zaila hori egitea, kar kar kar. Egia esan, banituen kanta tristeagoak ere, baina lagunekin taldean egiteko diskoa zen eta kantuen aukeraketan nabaritu zen alaienetara jo genuela. Eta beno, alaiak direla esatea gehiegi da agian, baina positiboagoak, lasaiagoak eta min askorik gabekoak direla esango nuke.
Azalari dagokionez, AEBetako folk eta countryaren inguruko disko zaharren azalak gogorarazi dizkit erabilitako tipografiak (Neil Young, Marshall Tucker Band…), itxura klasikoa du. Noren lana izan da eta zer bilatu duzue?
Nik neuk egin nuen diseinua. Betidanik gustatu izan zait Neil Young-en Harvest eta horrelakoetan erabilitako tipografia klasikoa, eta hortik dator eragina. Irudiari dagokionez, aurreko diskoa akustikoagoa zen eta elementu naturalekin irudikatu nuen moduan, hau elektrikoagoa da eta teknologiarekin eta hegazkinen ideiarekin islatu dut. Hegazkinek aurrera egiteko duten samurtasun eta arintasunarekin ere badu zerikusia.
Aipagarria iruditzen zait musikari moduan izan duzun garapena. Gitarrarekin ezagutu zintugun eta oraindik ere berarekin jarraitzen duzun arren, azken urteetan abesten eta armonika jotzen hasi zinen eta oraingoan pianoarekin ere animatu zara. Ordu eta dedikazio askoko lana antzematen dut atzetik…
Nire lehen diskoa argitaratu nuenean aldaketa bat eman nuen bizitzan eta konplexuak galtzea eta niri gehien gustatzen zitzaidanari, musikari, ahalik eta denborarik gehiena eskaintzea erabaki nuen. Horrekin batera, musikari bezala neukan iragana izanda, nitaz espero zenaz askatu eta benetan egitea nahi nuen horretan zentratzeko pausoa eman nuen: nire kantuak egin, abesten hasi… Konplexuak kentzea gakoa izan zen eta hor eman nion hasiera nire proiektuari. Taldeetan egon naizenetan asko gozatu izan dut, baina orain beste fase batean nago, ez dut zertan taldekideen baitan horrenbeste egon eta talde laguntzailea dudan arren, askatasun handia sentitzen dut eta nire bidea egin dezaket. Jendeak nirekiko bere espektatibak izango ditu eta komentatu izan didate hau eta bestea, baina nik nire bidea aukeratu dut, honela espresatzen dut barruan dudana eta gozatzen nabil. Askotan ez da erraza, baina asko ikasi dut eta oso ongi sentitzen naiz.
Heavy metalean, rock & rollean, punkean… hainbat estilotan entzun izan zaitugu. Azken urteetan ordea, rock amerikarraren eta folk-rockaren bueltan entzun zaitugu gehienbat, Lenaorekin lehenik eta zure proiektuarekin egun. Adinaren ondoriozko eboluzio bat izan da?
Bai, ikasgai bat izan da. Heavya asko gustatzen zait, baina barruan dudana ateratzerakoan ez zaizkit soinu eta mezu horiek ateratzen gaur egun. Latzenen oso gazte hasi ginen musikaren munduan eta bai, musika gustatzen zitzaigun, baina sozializatzeko eta onartua izateko bide bat ere bazen: koadrila bat izateko, talde sozial jakin bateko kide sentitzeko, ligatzeko… Zure buruarekin ez duzu horrenbesteko segurtasunik eta seguruenik ez dakizu benetan nor zaren ere. Urteekin nire kasuan, alderdi sozial hori galtzen joan da eta alderdi musikal eta pertsonala aldiz, garrantzia hartzen. Gehiago ezagutu naiz eta konplexu gutxiago dut barruan zer dudan erakusteko. Modu naturalean onartu behar dugu garena eta sentitzen duguna, triste gaudenean negar egitea eta pozik gaudenean barre egitea positiboa da; jendeak nahi duena esango du, baina ez diot beldurrik horri, hori da naizena eta lasai bizi naiteke horrela.
Ikusten al zara inoiz soinu gogorragoetara itzultzen?
Bai, ez nago horretara itxita. Adibidez, beti pentsatu izan dut Potemkinekin zerbait puntuala eta dibertigarria egin genezakeela momentua iritsi ezkero, ados egongo nintzake horrekin.Hala ere oraintxe bertan, nire proiektu printzipal moduan behintzat ez dut uste soinu gogorragoetatik joko dudanik, ez dago jakiterik, baina ez dut ikusten. Hala ere, esan behar dut azaroan Keia taldearekin lehen diskoa grabatuko dugula. Ane Arruti eta Sharon Stoner-eko Egoitz eta Ibarrondo gara bertako kideak eta hau bai, soinu pisutsua izango duen proiektua izango da.
Komentatu dugun moduan oso gazterik sartu zinen musikaren munduan eta Latzen taldearekin arrakasta handia bizi izan zenuen gainera. Garaiak aldatu egin dira zalantzarik gabe, baina nola bizi izan zenuen hori guztia eta nola ikusten duzu gaur eguneko perspektibaz?
Oso desberdina da dena… Horrelako zerbait bizi duzunean zure posiziotik antzematen duzu eta ez duzu benetan dituen dimentsioak ezagutzen, oso gazteak ginen gainera… ez zen erraza hori guztia modu natural baten bizi eta gozatzea. Momentu on asko bizi izan genituen eta ondo egon zen, baina ordukoa orain gertatu ezkero askoz gehiago gozatuko nuke, askoz kontzienteago izango nintzake. Hala ere, esan behar dut aldatu egin dela arrakastarekiko nire ikuspegia, lehen agian amorru gehiago genuen, zentzu batzuetan handinahiagoak ginen eta baliteke alderdi pertsonalak, geure buruak, geure arteko erlazioak… horrenbeste zaindu ez izana. Alde horretatik, gaur egun egiten dudan hausnarketa, arrakasta niretzat musika egitea eta benetan elkarrekiko armonian eta gustura sentituko zaren jendearekin egitea dela da; agian besterik geratzen ez zaidalako izango da, baina benetan horrela sentitzen dut. Hori lortzea niretzako izugarrizko arrakasta da eta Latzenen ez nuen dena horrela bizi izan. Arrakasta komertzial handia izan genuen, baina gure harremanekin ez nengoen oso ados. Gaur egun askoz gusturago eta lasaiago nago alde horretatik, ez dut horrelako arrakasta komertzialik eta ez dut milaka pertsonen aurrean jotzen, baina taldekideon artean eta inguratzen gaituztenekin asko zaintzen ditugu baloraek: komunikazio onarekin, lasai, umore onez, gustura eta errespetuz egiten dugu guztia. Nire ibilbidean ez da beti horrela izan eta oso tristea zen niretzako, arrakastaz ez zuen ezer horrek. Orain dudanarekin lehen baino askoz ere arrakastatsuago sentitzen naiz.
“Latzenekin arrakasta komertzial handia izan genuen, baina gure harremanekin ez nengoen oso ados; orain baloreak asko zaintzen ditugu taldekideon artean eta inguratzen gaituztenekin”
Zertan esango zenuke aldatu dela euskal musika eszena?
Esango nuke orokorrean kontzertutara joateko ohitura gutxiago dagoela. Lehen ia ezinezkoa zen kontzertu batean hiru-lau ikusle egotea eta orain sarri gertatzen da. Askotan esaten den moduan, izan daiteke goian dauden taldeek jende gehiago mugitzea eta behean daudenek jendea galdu izana… Hala ere, esan behar da talde eta estilo gehiago daudela eta eszenako aniztasuna eta programatzen diren kontzertuak askoz ere ugariagoak direla; normala da jendea denera ez iristea eta guztia ez gustatzea. Baina orokorrean esango nuke egoera ez dela txarra, kalitatezko eskaintza handia dago eta bada zertaz gozatu. Mugimendu asko dago eta hori ona da.
Lehen diskoaren itzalen mundutik, bigarrenaren lurralde berrietara pasa zinen, eta hirugarren honetan berriz, hegaldiak planteatu dituzu. Zein da bidaia honen helmuga edo nora iristea gustatuko litzaizuke?
Lur azpitik, lur azalera, eta handik zerura pasa naiz, beraz, ez dakit nora gehiago iritsi ahal naizen, kar kar kar. Egia esan, ez dakit nola enfokatuko dudan etorkizuna. Nire egoera pertsonala asko aldatu da, ondo bizi naiz, pozik, eta horrekin gozatzea nahi dut. Momentuz ez naiz hasi abesti berririk idazten eta abentura polita izango da hori ere, ikusiko dugu. Kontzertuei dagokionez, biratxo bat lotzen ari gara eta hemendik eta martxora bitartean kontzertu batzuk jotzea da asmoa, espero dut laster dena konfirmatuta izatea. Horrez gain, urri bukaeran Goiko Bentan (Oñatin) kontzertu bat grabatuko dugu Goitb-ren laguntzaz, ea txukun geratzen den.