2020.09.07
“Euskal Burial” baten antzera, radar guztietatik kanpo, ia anonimatu osoan aritzen da Xabier Bastida Abaunz azkoitarra bere logelatik. Inolako promoziorik egin gabe, bere elektronika doinu misteriotsuak tarteka Soundcloud plataformara igotzen ditu, beste dimentsio bateko mezuak bailiran. Orain, non eta Brooklyngo Jollies diskoetxeari esker, Ilunpean arnas hotsa entzuten bere lehen argitalpen fisikoa argitaratu du, opari baten modura. Radarraren seinaleak ustekabean harrapatu gaitu erabat. Ez ginen prest maila honetako lan eder, sendo eta zirraragarria jasotzeko. Kuriositateak jaten gaituela, berarekin kontaktuan jarri eta hona hemen kontatu diguna.
Zure ibilbide eta izaera artistikoa nolabait kokatzearren, noiz eta nola piztu zen zugan musikarekiko grina eta, era berean, zeure musika egiten hasteko asmoa?
Hardcore, post-rock eta metal musika nituen gogoko hasiera batean. Gure inguruan Lisabö eta, bereziki, Dut-en jarraitzaile sutsua nintzen, haien kontzertu guztietara joaten ginen koadrilakoak. Gero hip-hopera pasa nintzen, El-P, Cannibal Ox, Solo los Solo eta antzekoek ahobete hortz utzi ninduten eta buru belarri murgildu nintzen mundu horretan. Handik dubstep eta grime estiloen ildoa jarraitzen eta sakontzen hasi nintzen, Night Slugs, Hyperdub, Planet Mu, Tri Angle zigiluak, post-dubstep, wonky eta UK Funky estiloen barna. Orduntxe esango nuke, musika horren guztiaren ekoizpen baliabideei arreta jartzen hasi eta ia guztiz ordenadoreetan oinarrituta zegoela konturatu nintzen. Zera pentsatu nuen: ze demontre? Neure kasa musika egiten saiatuko banintz?
Azkoitiko musika eskolak antolatutako Cubase ikastaro batera apuntatu nintzen baina irakaslearen planteamendua ez nuen batere gustukoa. Instrumentuen grabaketara bideratu zuen kurtsoa eta nik nire kasa sortu nahi nituen soinuak. Baina 2010.urte inguruan, Amsiak, elektronikako musikari azkoitiarrak, beste ikastaro bat iragarri zuen Ableton sekuentziadorearen inguruan. Kurtso honen berri izan nuen bezain pronto, birritan pentsatu gabe, beste bi lagunekin batera parte hartzeko izena eman nuen eta hor bai gozatu eta ikasi nuela. Zorte handia dugu era honetako artista handi eta jakintsu bat Azkoitian bertan izatean. Edozein makina erabiltzeko gai da eta informatika eta teknologia elektroniko guztiak menperatzen ditu. Gainera, produzitzeko etxean ditudan tresna asko berak erosi eta jarriak direla esango nuke, nik ordainduta e? kar kar kar. Asko lagundu zidan hasiera batean.
Zeintzuk eta nolakoak izan ziren zure lehen ekoizpenak?
Nire kasa etxean egin eta Soundcloudera igotako doinu batzuk, funtsean. Playground aldizkariko Topanga Kiddo kazetariak idatzi zidan abestiak gustukoak zituela esanez eta beraiek antolatzen zuten Brrrrrrp festaren DJ mix batean sartu zituela azaltzeko. Ni erabat harrituta geratu nintzen, ez bainion inoiz inori nire doinurik bidali eta ez nuen inolaz ere espero igotako haiek oihartzunik izatea. Pixka bat geroago, footwork-a oso gustukoa nuela eta Mike Paradinasek Chicagotik mundu osora atera zuenetik asko jarraitzen nuenez, Facebooken footwork-aren inguruko talderik ba al zegoen bilatzen hasi eta Footwork Juke Spain aurkitu nuen. Hilabete pare baten buruan, lagunarteko ekintza baten modura, doinu bilduma bat argitaratzeko asmoa zuten eta hura osatzeko abestien bila zebiltzaten. Nire doinuak bidaltzera ausartu nintzen. Konturatzerako Iberian juke (2015) bilduma kalean zen nire abesti bat barne. Chicagotik kanpo footwork-a lantzen zuten artista eta ekimenak oso gutxi ziren mundu mailan eta bilduma hark nahiko oihartzun polita lortu zuen. Radio 3-en sarritan jarri zituzten bertako kantuak eta parte hartu zuten hainbat DJ eta artistak Erresuma Batua eta Japoniaraino iritsi zen bira bat antolatu zuten. Gaur arte hori izan dan nire argitarapen “ofizial” bakarra, geroztik lur azpian aritu izan naiz berriz ere, kar kar…
Kasete hau zure debuta dela esan daiteke orduan.
Hala da, bai.
Hiru ardatz nagusi sumatu ditut: alde batetik, black-metal kutsua; bestalde, hip-hop ilun industriala (aipatu duzun El-P esaterako..), eta, azkenik, elektronika dantzagarri baina ilun samarra (Demdike Stare, Andy Stott, Surgeon…) Zuzen nabil? Zein elementu sartuko zenituzke (footwork-a akaso) nahasketa horretan?
Aipatu dituzun artista horiek oso gustuko ditut, batez ere Andy Stott eta El-P, footwork-a ere bai noski. Nire diskoan bizitza osoan entzun dudan musikaren aztarnak daudela esatea badago, baina zehazten hastekotan, agian nik bi alderdi nagusi bereiztuko nituzke. Alde batetik, Night Slug zigiluaren ildoari helduz 2013/2014 inguruan Soundcloud plataforman sortutako korrontea eta oraindik jarraitzen duena. Hots, WWWINGS, NON Worldwide, Bala Club, Trrueno, Oxhy, Avbvrn, Visionist, Rabit, Lotic edota Arca moduko artistek jorratzen zuten elektronika arraro eta pittin bat industrial hura. Euskal Herrian Mark Luva-ren Sweat Taste zigiluak azkenaldian atera dituen erreferentziak ere bide horretatik doaz eta oso gustukoak ditut. Merezi adina atentziorik jasotzen ez duen eta guztiz aldarrikatu beharreko ekimen bat dela iruditzen zait. Beste alde batetik, black metalaren eragina ukaezina zait. Mutiilation edo Darkthrone bezalako taldeak eraikitzeko gai diren soinu zikin hori ikaragarri gustatzen zait eta nire musikan bere tokia baduela esango nuke.
Zure lehen argitarapen fisikoa AEBetako diskoetxe batean izatea deigarria da, zalantzarik gabe. Zergatik eta nola izan da? Euskal Herrian zure musika argitaratzeko plataformarik ez duzu aurkitu, edo, agian, mundu mailako sare horizontal zabalago baten parte sentitzen zara eta fisikoki han edo hemen argitaratzeak ez du garrantzi berezirik?
Hala da, atzerriko zigilu batean plazaratu izanak ez dauka inongo sekreturik. Nik orain arte egin dudan musika guztia Soundcloud-era igo izan dut eta plataforma horren bitartez Brooklyneko Jollies zigilua nirekin kontaktuan jarri zen. Konfiantzazko jendea zela iruditu zitzaidan eta beraiekin atera dut kaseta, besterik gabe. Berez ez neukan LP oso bat egiteko asmorik, asko jota EP baterako kantuak nituen prest. Baina lanean jarri nintzen eta azkenean zortzi abesti osatu eta bidali nizkion. Hemengo zigilu batek eskaini izan balit aukera hori, harekin aterako nukeen. Ez dauka beste misteriorik.
“Atzerriko zigilu batean plazaratu izanak ez dauka inongo sekreturik. Jollies zigilua nirekin kontaktuan jarri zen eta konfiantzazko jendea zela iruditu zitzaidan. Hemengo zigilu batek eskaini izan balit aukera hori, harekin aterako nukeen”
Zure argitalpen guztiek euskarazko izenburuak dituzte . Zure nortasun kulturalaren seinale bat da. Zer nolako garrantzia du zuretzat euskararen erabilerak zure obran? Aipatutako sare zabal horren parte izanda ere, eta egiten duzun musika abstraktu samarra dela esan daitekeen arren, euskalduna eta azkoitiarra izatearekin lotuta dagoela esan daiteke? Hots, beste inon jaio izan bazina ez litzatekeela gauza bera izango. Baina zehaztekotan, zertan esango zenuke eragiten duela zure musikan azkoitiar euskalduna izateak?
Euskaraz bizi naiz eta ezinezkoa zait gauzak beste hizkuntza batean egitea. Kanpotik ikusita ematen du jendeak bere lanak euskaraz ateratzen dituela lotsatu egiten delako gaztelaniaz ateratzeaz edo ez dakit zeren ondorioz, baina gero gaztelaniaz bizitzeaz ez dira lotsatzen. Hori ez dut ondo ulertu oraindik. Azkoitiari dagokionez, inguru honetan ikaragarrizko musikariak daudela esan nahi nuke lehenik eta behin. Euskal Herri osoan, baita hiriak bertan sartuta ere, nekez aurkitu ditzaket Azkoitiko taldeen parekoak. Saskibaloiko talde bat egingo bagenu, boskote ederra osatuko genuke Akauzazte, Anari, Anakrosis, Amsia eta Soma Cult gazteekin, edozeini aurre egiteko modukoa! Kar kar!
Txantxak alde batera utzita, herri txiki batean bizitzeak jendetza zabal batengana heltzeko gauzak zailtzen dizkizula garbi dago. Baina ni, nire arloan, beti bakarrik aritu izan naiz. Ez daukat beste kiderik inguru honetan eta horrek nire lan erritmoa makaldu dezakeen arren, bost axola zait niri. Eraginari dagokionez, galdera ona da, baina oso zaila zait erantzutea. Agian Amsia eta Akauzazte moduko artista handiak ondoan izateak kontziente edo inkontzienteki izan du eragin bat nigan, izaera “zikin”, “industrial” horretan, baina ez naiz ziur.
Akauzazte aipatzean, ezinbestekoa zait Azkoitiko Mataderoarekin lotzea. Bata zein bestea biziki miresten ditut eta zure kasuan ere hala dela iruditzen zait.
Bai noski, erabat. Gauza da nik orain Mataderoan ez dudala erreleborik ikusten. Onartu behar dut milaka kontzertu eta ekitaldietara joan naizen arren bertako antolakuntzan ez dudala inoiz parte hartu. Baina Mataderoa nire bizitzako zati oso garrantzitsu bat da eta Azkoitia ezin dut irudikatu Mataderorik gabe. Badakit guztiz objektiboa ez naizela baina Euskal Herrian eta Estatu osoan Mataderoaren pareko egoitzarik nekez aurkitu daitekeela iruditzen zait.
Zer nolakoa izan da orain arte Euskal Herrian zure musikak jaso duen harrera?
Diskoa atera eta gero oihartzun pittin bat handiagoa lortu dudala esan daiteke baina horren aurretik ezer ez. Nire inguruko lagunek ezagutzen zuten nire musika eta hori ere ozta-ozta. Egia esan, Asier Balzategi Balza izan da bere irratsaioaren bitartez nire musika jarri eta aditzera eman duen bakarra, orain arte.
Posible al zaizu zure burua euskal musikaren “eszenaren” barruan nolabait kokatzea? Zure kideko artistak zeintzuk izan daitezke?
Egia esatea nahi baduzu, ni hemen, Azkoitian, elkarlanean aritzeko edo musika partekatzeko inor gabe, oso bakarrik sentitzen naiz. Bestalde, Euskal Herrian kidetasuna sentiarazten didaten artistak gutxi dira: Mark Luva eta Sweat Taste, Haus Of Beats, Crystal Mine, Eclectic Reactions, Ruccula, Elsso Rodriguez, Telmo edo Killerkumeko Joxean. DJ moduan Balza, Katza, atodamadre, eta bereziki gustatu izan zait Londresen bizi den Mikel DJak Canela en surco plataformarako atera duen euskal musikako mix zoragarria.
Zein dira zure planak, COVID-ek eragindako egoera arraro honetan bada ere, zure lana zuzenean ezagutzera emateko eta musika gehiago sortu eta argitaratzeko?
Kontzerturik ez dut inoiz eman, eta sekulan esaterik ez badago ere, ez daukat inoiz emateko asmorik, ezta pintxatu ere, ez bainaiz DJa. Momentuz etxetik lan egiten jarraituko dut. Nire kasa Soundcloud-era doinuren bat edo beste igoko dut aurten ziurrenik baina plan zehatzik gabe.
Norabide berriak probatzeko asmorik bai?
Nire lehendabiziko lan honen bidetik jarraituko dudala uste dut baina egia da orain dela urte eta erdi edo, kirola egiten lotailu bat puskatu nuela. Ebakuntza egin behar izan zidaten sendatzeko eta egun pila bat pasa behar izan nituen etxean mugitu gabe. 2019ko urria eta azaro inguruan izan zen. Jollies-era nire diskoa bidalia nuen ordurako, gauza berriak probatzen jardun nintzen egoera horretan, baina oraindik ez dakit bidezidor horrek nonbaitera eramango nauen edo ez.