2021.05.24
Urteak ekarri duen sorpresa handienetako bat da Xabi Hoo bilbotarraren proiektu berria. Europan egiten den eta klubetan dantzatzen diren abangoardiako estiloen nahasketa deigarria sortu berri du 003 mixtape izeneko lanean. Seguru aski euskal eszenan zegoen hutsune bat betetzera etorri da Enkore taldeko abeslari ohia.
Zure abesti hauen kaleratzea sorpresa handia izan dela esango nuke. Enkore taldean egiten zenuen musika kontuan hartzen badugu, jauzia bereziki nabarmena da.
Musikalki oso bestelakoa da Hoo, baina ez dut uste ezagutzen nauen inork sorpresarik hartu duenik abesti berriak entzun dituenean. Enkore are fucking dead eta aspaldi barruan eraman dudana kanporatzen nabil orain.
Oker ez banago, hip-hop zalea bazinen lehen ere, ezta? Nondik etorri da estilo aldaketa hau?
Txiki-txikitatik hip hop kultura oso presente egon da nire inguruan; Bilboko 003 barrutikoa naiz eta rapa gure kaleetako soinu bandaren ezinbesteko partea izan da, auzoko paretak graffittiz beteta egon dira beti, eta DJ, MC, breaker… ugari irten dira bertotik. Hortaz, gure DNAren parte da musika hau eta bidelagun izan dut, motxilan sartuta bada ere, urte hauetan guztietan. Orain momentua ikusi dut honi ekiteko eta motxilan eraman dudan hori ateratzeko.
Hip-hop leuna lantzen duzula esango nuke, beste estilo moderno batzuen pintzelada ugarirekin: club, emo, elektronika… Euskal Herrian lehena izan al zara estilo nahasketa hau egiten?
Rap musikan beti nahastu izan dira estilo diferenteak, baita Euskal Herrian ere. Ni baino arinago soinu hauetan mugitu direnek horrela egin dute; baina egia da estilo beretxuak nahasteko joera handia egon dela geurean. Nire kasuan, influentzia ugari ditut, atzerrikoak gehien bat, eta kantu bakoitzari bere aniztasun propioa eman nahi izan diot, kantuak berak eskatu didana. “Bat” Kuala Lumpurren idazten hasi nintzen, eta bertako klub handien soinua eman gura izan diot; handik gutxira Berlinen egon nintzen eta hango klubek asko inspiratu ninduten. “Bi”, ordea, etxean egindako abestia da, kuarentena garaian, gitarra arpegio triste batzuetatik sortua; horregatik dauka emo kutsu hori, ni ere mood horretan nengoelako arpegiook jo nituenean. “Hiru” abestiak, bestalde, Latinamerikatik dauka nahiko, han idatzi bainituen berba asko; horregatik dauka reggaeton vibe hori, azken boladan hainbeste entzun dudan afrobeat estiloarekin nahastuta. Gehiegi izango zen esatea ni izan naizela lehenengoa estilo hauek nahasten, seguru nago besteren batek arinago egingo zuela, baina agian ez nik eman diedan ikuspuntuarekin; nik ez dut entzun honelakorik geurean behintzat.
“Bilboko 003 barrutikoa naiz eta rapa gure kaleetako soinu bandaren ezinbesteko partea izan da. Musika hau bidelagun izan dut, motxilan sartuta bada ere, urte hauetan guztietan”
Iaz argitaratu zenuen “Zero” kantua baino sosegatuagoak dira hiru abestiok. Hura dantzagarriagoa zen. Eboluzio bat egon al da zure konposizioetan ala oraindik goiz da balorazio horietarako?
“Zero” tramite hutsa izan zen hasiera batean, egun batetik bestera egin genuen freestyle bat, nire artista profila sortzeko plataforma digitaletan. Nire editoreak esan zidan komeni zela pieza bat argitaratzea mixtapea atera baino lehen; dena antolatzen joateko eta lana ateratzen zenerako dena prest egon zedin. Moustak produktoreari beat bat eskatu nion, letra barik igoko genuelakoan; eta “Zero” instrumentala bidali zidan. Entzun eta berbak sartzeko etorria eduki nuen, pare bat buelta eman, ohetik altxatu eta etxean daukadan estudiotxoan grabatu nuen ahotsa. Produktoreari gustatu zitzaion eta ahotsarekin igotea otu zitzaigun. Eboluzio edo inboluzio, kantu bakoitzak bere nortasuna dauka, nik oso desberdin sentitzen ditut.
Moustakek (Enkore taldeko Alvaro Olaetxea bateria jotzaileak) ekoiztu du diskoa. Instrumentazioak ere bereak dira? Zuzenekoetan zurekin arituko da? Galdera gehiago: non grabatu duzue eta zeintzuk hartu duzue parte bertan?
Ekoizpena elkarrekin egin dugula esango nuke, bion artean eman diegu forma kantuei. Baina bera arduratu da parte instrumentala borobiltzeaz, eta ni, batez ere, letrak idatzi, melodiak egin… Zuzenekoetan, momentuz, biok gabiltza, baina asmoa da kontzerturik egotekotan musikari gehiagoz inguratzea; banda batekin jotzea gustatuko litzaidake. Gauza asko nire etxeko estudioan grabatu ditut, beste hainbat Moustakek berean. Gero El Tigre estudioetara joan gara Jon Agirrezabalagarekin berriz grabatzera; produkzioan ere laguntzaile izan dugu Jon. Nahasketak TAOM estudioetan egin ditugu, Jagoba Ormaetxearekin. Eta masterra Carlos Carbonellek egin du Madrilgo CHC estudioetan.
Musika urbano modernoa lantzen duzu. Lanaren portada ere adierazgarria da. Non dago aterata argazkia? Bilboko Casilla inguruko dorreak dirudite…
Azaleko argazkia nire lagun Anderrek atera zuen, San Adriango plaza mitikoan. 2003koa den edonork erraz ezagutuko du tokia; nahiz eta egun ez den ikusten hainbeste gazte bertan, gure belaunaldikook bertan elkartu izan gara arrasti pasa. Auzoko gurasoak dauzkatenek jakingo dute aurreko mendean ere lagunekin geratzeko lekua zela.
Elektronikak, dance musikak, hip-hopak… urte dezente daramatzate gure oholtzetan. Aldiz, trapa eta reggaetona azaldu dira azken aldian. Zurekin elektro hip-hopa, club deitzen dena edota emoa etorri al dira?
Nik abangoardiako musika maite dut, aurretik egin dena miresten dut eta errespetatzen dut, baina momentuan sortzen ari denak erakartzen nau gehienbat, batez ere nazioartean sortzen ari den horrek. Eta musika hori ekartzea dut helburu, abangoardiaren buru diren herrialdeetan entzuten diren soinuak geurean eduki ditzagun, gure hizkuntzan. Askotan ematen du zilegi dela drilla, trapa edo reggaetona gazteleraz edo ingelesez entzutea, baina euskaraz musika entzuterako orduan aurreiritzi asko dauzkagu oraindik, eta abangoardiako musikari mesfidantzaz begiratzen diogu gure hizkuntzan denean.
Zure proposamenaren gaurkotasuna eta freskotasuna ikusita, publiko oso gaztea daukazulakoan nago…
Oraindik goiz da nire publikoaren erradiografia bat egiteko; sare sozialeri kasu egiten badiet, nire publikoa 18 eta 34 urte bitartekoa da %90ean.
Zuzenekorik eman al duzu? Zein errepertorio egin duzu, edo egingo zenuke?
Ez naiz jendaurrean aritu oraindik; zuzenekoak egin ditut telebistarako eta irratirako, baina gogo handia daukat oholtzara igotzeko, momentura arte dauzkadan lau kantuak bakarrik jotzeko bada ere. Kontzerturik lotzekotan, ikusiko genuke zer eta nola egin, horrek ez nau batere larritzen; kontzertu gutxi egoteak, ordea, bai.