Elkarrizketa

Asier Perez Karkamo

2014.11.27

Asier Perez Karkamo

“Imajinatzen dut biziki emozionantea izanen dela kantu hauek azken aldikotz jotzea”

Elkarrizketa: Jurgi Ekiza (Willis Drummondeko abeslari eta gitarrista)

Hamar urte bete ditu Willis Drummond taldeak eta atseden luze bat hartzea erabaki du. Ostiralean ia bi urtez luzatu den A ala B biraren azken kontzertua emango dute Psilocybenean eta bertan desentxufatuko dituzte musika tresnak. Jurgi Ekiza abeslariak onartu duenez, ez dakite noiz arte izango diren geldirik, baina 2015ean “bederen behin” elkartuko dira jotzeko.

Psilocybenea aukeratu dute azken kontzerturako, taldearentzat leku maitatua delako, “mitikoa”. Bertan grabatu zuten euren zuzenekoa 2009an, eta ostiralean, emanaldi berezia emango dute, “sinbolikoki, guretako indartsua izango da”, esan du Ekizak.

Willis-Drummond-1

Willis Drummond. Erdian, Jurgi Ekiza. (Jon Iraundegi)

A ala B bira bukatuko duzue ostiralean Psilocybenean. Zer moduz joan da bira?
Bilana biziki positiboa da… azken bi urteak miresgarriak izan dira taldearentzat. Diskoak harrera oso ona izan zuen kaleratu zenean, eta ate berri ainitz ireki dizkigu, bai Euskal Herrian leku eta jende berri batzuetara hurbiltzeko, baita atzerrian jotzeko…

Nonbait irakurri dut 1.000 kontzertu baino gehiago eman dituzuela bost urtetan. Egia al da hori?
Bueno… ikusten dut leienda bat bilakatzen ari girela! Jajaja… ostia, 1.000 kontzertu! Lirateke 200 urtero, entsaio, diskoaren grabaketa, kolaborazio, lan extra-musikala eta sortze prozesuez gain!… Ez, ez, hori gezurra da… Zaila zaigu zenbaki zehatzak izatea, baina A ala B biran, hots, azken 2 urteetan, 180 bat kontzertu eman ditugula uste dut, gutti gora behera…

Zuzeneko taldea zarete, ez?
Zuzenekoa maite dugu, konpartitze momentu bat baita… eta argi dugu zuzenekoak gaituela gehiago ezagutarazi, diskak baino. Hau da beharbada musika kontsumoaren aldaketak duen alde onena azken garai hauetan… talde bakoitzak bere burua defendatu behar duela jendearen parean, ikus-entzuleak irabaziz banaka… Ondo ikusten dut.

Hala ere, diskoak ez dira guretako bigarren mailako zerbait, ez dira bakarrik aitzakia bat bira bat egiteko eta eszenatokietara itzultzeko. Musika eta hitz sortzeari garrantzi ainitz ematen diegu… hori da, ene iritziz, gauza inportanteena: sortzea… Barnean duguna kanporatzea. Pertsonalki, horrengatik musika egiten dut, ez ikusgarri baten pertsonaia izateko. Eta sortze prozesu hori satisfazioa eman dezala, ainitz lantzen ditugu grabaketak, nahasketak, masterrak… baita CD eta biniloen estetikak ere… Albumek ere garrantzi handia dute guretzat, zinez. Baina bai, kanta hauek gero zuzenean jotzeak, beste talde kideekin fusio bat lortuz, eta disfrutatzen duen publiko batekin konpartituz, ez du bezalakorik…

Leku txikitan eta ez hain txikitan jo duzue? Non gusturago?
Guk kontzertu guziei garrantzi berdina ematen diegu.. edo saiatzen gira bederen. Azken finean neurria ez da faktore nagusia. Bilatzen duguna da gure artean lortzea konexioa eta hor dagoen jendearekin bat egitea… Lor daiteke leku handi edo ttipietan. Gero, egia da fite gustua hartzen zaiola leku handi eta ederretan jotzeari… Azken hilabete honetan Frantses estatuko gela mitiko eta potente ezberdinetan jotzeko aukera izan dugu Detroit taldeak gomitaturik, eta zinez, plazer ezin deskribatua da holako kontzertuak ematea… baina hor ere, ez zen bakarrik neurri istorio bat. Esperientzia ahaztezina bihurtu da batez ere publiko ireki, kurios eta animatu baten aurrean bait ginen… eta holako kasutan, jasotzen duzuna ematen duzu, eta alderantziz…

Eta Psilocybenean, zer moduz?
Leku oso inportantea da guretako… Han grabatu genuen gure zuzenezko diska 2009an, garai hartan ere justu deskantsu bat hartu aintzin. Bertan ere egin ziren “Bidehuts gauak” 2010ean. Bertan ikusi ditugu Shellac bezalako talde batzuk… Mundu honetan, eta batez ere Euskal Herrian, izaten ahal da ttipi eta mitikoa… Psilocybenea holakoa da guretako. Badira urteak proposatzen zigutela berriz pasatzea handik, eta beraz erabaki dugunean A ala B birari puntu finala bat ematea, kontaktatu ditugu guk azken kontzertu hori proposatzeko.

Eta A ala B bira bukatuta, ‘B’ aukeratu duzue, taldea uztea?
Ez dugu deus aukeratu, horrengatik ezin dugu deus erran! [barre egin du] Arrazoi ezberdinengatik, erabaki dugu benetako pausa bat markatzea… Hori da sinpleki gertatzen dena, besterik ez. Zenbait aste edo hilabete hartuko ditugu pausatzeko, eta gero elkartuko gira ikusteko gogotsu girenetz, eta batez ere inspiratuak. Horren arabera ikusiko dugu zer egin nahi dugun, nola, ze erritmoan, ze helburu eta ze nahikeriarekin…

Ez dakit etorkizuna irakurtzen, baina ‘hurrena arte’ bat bezala ikusten dugu guk kontzertu hori… A ala B Tour-aren bukaera da, besterik ez. Erran bezala, ez dakigu oraindik ze erritmo edo perspektibarekin elkartuko giren, baina jadanik aurreratu ahal dugu bederen behin elkartuko girela 2015an…

Atzera begira eginez gero, Willis Drummond taldeak ekarpena egin dio euskal rockari, frexkotasuna ekarri dio. Zuek nola baloratzen duzuen egindako bidea?
Gure ‘ekarpena’ aipatzea pixka bat gehiegi da… Rock talde bat gira, besteen artean, Euskal Herriko panorama musikalean, eta kitto. Eta beraz, horren baloraziorik ezin dugu guk egin, eta ez da egin behar ere ene iduriko. Bizi gira gizarte batean nun dena baloratzen, neurritzen, pisatzen eta sailkatzen den… baina gauza batzuk, edo ainitz, ez dira baloratu behar… bizitu eta gozatu behar dira. Egindako bidea aipatzeko, hori da beraz bilana; orokorrean bikain pasatu dugu, eta orain arte kriston suertea izan dugu gehienik maite duguna, hots musika, gure bizitzaren mamia eta aktibitate nagusia izatea…

“Rock talde bat gira, besteen artean, Euskal Herriko panorama musikalean, eta kitto. Eta beraz, horren baloraziorik ezin dugu guk egin, eta ez da egin behar ere ene iduriko”

Jende askok nahi du zuen azken kontzertura joan. Zuentzat ere berezia izango da?
Goizago erraten nizun guretako kontzertu bakoitzak baduela garrantzia… baina egia da hau nahiko berezia izanen dela. ‘Hurrena arte’ bat baizik ez bada ere, pertsonalki beti zaila izan zait ateak hestea, batez ere ez dakidanean zertara pasatzen naizen. Gainera, Joseba maiatzean taldean sartu zenetik, are eta plazer gehiago hartzen dugu kontzertuetan… Bakoitzak izanen du bere iritzia, baina guk gure artean lortu dugu konexio bat oraindik fuerteagoa, bai musikalki, bai humanoki… Beraz, imajinatzen dut biziki emozionantea izanen dela kantu hauek azken aldikotz jotzea. Iduriz bai, jende asko etorriko da, eta ematen du talde eta publiko bat baino, adixkide multzo bilduko dela ostiralean… Hori da kontzertu horren helburua, hain beste lagundu gaituen eta eman digun jendeari eskerrak ematea…

Nolako kontzertua izango da?
Gure aldetik, saiatuko gira kontzertu nahiko luzea ematen, disko ezberdinak zeharkatuz, eta beste zenbait gauza gehituz… eta gure kontzertuaz gain, azpimarratzekoa da Mahumak taldearen presentzia gaua irekitzeko. Ziburutik heldu dira, eta benetan plazer handia da guretako hauek hor izatea… Gainera, Willis Drummonden lehen kontzertuaren 10. urtebetetzea izanen da egun hauetan, eta Mahumaken bateria da Willis Drummonden lehen bateria eta taldearen sortzailea izan zena. Beraz, sinbolikoki ere guretako indartsua izanen da. Azkenean, ziurtatzen ahal diogu etorriko den jendeari gaualdi bikaina pasatuko duela, kontzertu ondoko festa handia muntatzen ari bait gira, Psilocybetik hurbil, eta kontzertuan egonen diren guziak ongietorriak izanen dira, berriz ere denok batera ondo pasa dezagun…

(Oarsoaldeko eta Bidasoko Hitza-n, 2014ko azaroaren 26an argitaratutako elkarrizketa)

ETIKETAK:BidehutsPsilocybeneaWillis Drummond