Ondarea

badok

2016.04.20

badok

Gizon haundia da mundua, eta mundu ttikia gizona (J.A. Artze, 1988)

JA ARTZE  _ ELK-189

Badira ahanzturara kondenatuta bizirauteko gaitasuna duten diskoak. Beharbada ez ziren garai egokian argitaratu, edo ez ziren egokitu zitzaien lekura laketu.

Hau, horietakoa da. Ez da Josanton Artzeren lan bakarra, ez soinulan bakarra ere. Hor daude Isturitzetik Tolosan barru edo Oihana auhenka bezalako argitalpen bereziak, bakarrak, gure objektu kuttunen apaletan gordetzeko hizki eta hotseko gutiziak. Baina honek, lan horien argi urtsuen atzean urazpiko dizdira lanbrotsuetara kondenatuta bizi behar izanaren zama darama. Duintasunez hori bai, merezi adina dizdira izan ez zuen Jose Luis Zabalaren aireak lantzeko abileziarekin, eta Usurbilgoaren poesiaren lurrera iltzatzeko indarrarekin oreka perfektua osatuz.

“Dakienak badaki, nora dijoan jakiteko, behar duela nondik datorren jakin” esaldiarekin hasten den diskoa, nekez izango da tranpatia. Kredituak, igelei hostutako hitzekin hasi eta Kalezarreko haizeekin amaitzen dituenarekin, kontuz. Gizon haundia… ez da garaiz kanpo egindako diskoa, ez lekuz kanpokoa, denborarik behar ez duen diskoa baizik. Eta horrek, denbora hauts bihurtuta behatz artetik eskapatzen zaigun garaiotan, kontuan hartzeko balioa izan behar luke.

Testua: Xabier Erkizia (Elkar aldizkaria)

ETIKETAK:DiskoakElkarHemerotekaJoxean Artze