2018.11.20
Abenduaren 1ean hamar urte beteko dira Mikel Laboa hil zela eta haren oroitzapena gogora ekartzeko hainbat ekitaldi egingo dira data horren inguruan. Ezagutu ahala artikulu honetan biltzen joango gara.
‘LABOALDIA’ JARDUNALDIAK (Azpeitian, azaroaren 21etik abenduaren 1era)
Mikel Laboaren “unibertso poetiko oparoa” ezagutzera emateko antolatu dituzte Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Kulturaz kooperatibak Laboaldia jardunaldiak. Hortaz, ez dira kantariaren alderdi musikala gogora ekartzera mugatuko, baizik eta literatura, arte plastikoak eta beste diziplina batzuek ere lekua izango dute erakusketak, hitzaldiak, txangoak eta kontzertuak biltzen dituen egitarauan.
URRETXU-ZUMARRAGAKO MUSIKARIEN KONTZERTUA (abenduaren 1ean)
Urretxu-Zumarragako KKinZona irrati libreak antolatu du, herriko hainbat musikarirekin elkarlanean, abenduaren 1ean Zelai-Aristi aretoan egingo den kontzertua. Hainbat taldek hartuko dute parte Mikel Laboaren abestiak eskainiz omenaldi honetan: Uxue ta Triku, Isuo ta Kezman, Peru Galbete, Klak!son, Txost!, Samba Dzanga, Yonan, Zol, Veiculo Longo, Alter Ego, Hiri Galduak, Paxkal Irigoien, Narrash eta UTE & DJ Sbans.
Sarrerak 5 eurotan jarriko dira salgai eta bildutako dirua Iparraldeko ikastolen Seaska elkarteari laguntzeko izango da.
‘MUGAK. LABOARI OMENALDIA’ (Uztaritzen, abenduaren 1ean)
Egun osoko ekitaldia antolatu du Musikas elkarteak Uztaritzen (Lapurdi), Mikel Laboa omentzeko. Goizeko 10etan, Louis Dassance ikastolan, Juan Gorostidik Laboa flamenkoa hitzaldia eskainiko du. Bertan, “ohiko bideetatik kanpo” azalduko du nor zen Donostiako kantaria, “Mikel ezagutzen ez dutenentzat, eta ustez ezagutzen dutenentzat”. Arratsaldeko 15:00etatik 17:30etara, ikastolako 5. urteko hainbat ikasle eta irakaslek, If Matxikote artistaren laguntzaz, sortutako lanen erakusketa jarriko dute Kiroletan. Eta 18:00etan, Kiroletan ere, Mikel Laboaren kantuak abestuko dituzte Musikas elkarteko irakasle eta ikasleek.
‘IZARREN HAUTSA’ IKUSGARRIA
Maialen Alfarok eta Philippe Albor-ek Izarren hautsa ikusgarria eskainiko dute azaroaren 24an Uztaritzeko Mediatekan, goizeko 10:30ean; azaroaren 28an, Hiriburuko La Perle gelan, 15:00etan; eta abenduaren 22an, Irisarriko Ospitalean, 11:00etan.
MIKEL LABOAREN OMENEZ (Baionan, abenduaren 1ean)
Baionako Euskal Museoak hartuko du Mikel Laboaren omenezko ekitaldia. Alde batetik, Maialen Alfarok eta Philippe Albor-ek Izarren hautsa ikusgarria eskainiko dute, eta ondoren Josune Albisuk hitzaldia eskainiko du. EHUko Laboa Katedraren laguntzarekin, Sormenaren eragina gizartean, Mikel Laboa eredu izenburu tesia egin zuen Albisuk 2016an. Azkenik, Pantxika Erramuzpe kantari eta olerkariak musika saioa eskainiko du.