Ander Pikowsky
2019.10.29Egin egunkariarekin euskaraz abestutako kanta magnetiko asko ezagutu nituen. Igandero nire aitak Egin egunkariarekin zetorren CDa erosten zuen bilduma osoa bete arte eta ni igandea heltzeko irrikan nengoen, ea zein talde berri ezagutu nezakeen. Garai horretan Negu Gorriak deskubritu nuen, nire anaiak zeukan walkman-a lehenengo aldiz hartu nionean; NGren lehenengo diskoa zeukan jarrita, guztiz adiktiboa zen. Nire anaiak esan zidan NG baino lehen Muguruza anaiek Kortatu sortu zutela eta gogoratu nuen etxean zegoela Euskadi Internazionalista izeneko binilo bat eta kanta guztien artean Kortaturen abesti bat zegoela. Jarri nuen biniloa momentu horretan eta "Bederatzi zulo" abestiko gitarraren akorde zorrotzak eta baxuaren melodia entzutean erotu egin nintzen. Egin egunkarian Niko Etxart, Guk, Hertzainak, Mikel Laboa eta hainbat musikari liluragarri deskubritu nituen. Zerrendan musika entzuten hasi nintzenean nigan eragin handia izan zuten abesti guztiak sartu ditut. Egin egunkaria, Euskadi Internazionalista izeneko biniloa eta nire anaia izan ziren nire soinu-bandaren sorreraren inspiratzaileak. Hor doa nire zerrenda legendarioa.