Alain Mendizabal
2022.10.03Saihestezina izan da niretzat abesti hauek aukeratzea, saihestezina ere hamabi izatea.
Bengo – "Oandik gazte"
Zorionez, lagun hurkoa dut Bengo. Hainbat urte pasa dira gure ibilbide musikalari elkarrekin hasiera eman genionetik, eta noraino iritsi den ikusteak bihotza pozten dit. Oandik gazte gea, hau hasi besterik ez da egin!
Ziztada & Rlantz – "Utopia"
Jende xumea, haien bidea egiten zuzen eta irmoki. Aurten Oiartzungo jaietan izan genituen eta haien zuzenekoak asko harritu ninduen. Kanta hau bertan entzun nuen lehen aldiz eta itsatsita geratu zait.
Ødei – "Zer nahi genuen"
Rap erreferente nagusietako bat. Idazten duen bitartean arkatzak zorrozten dituzten horietako bat. Auto-ekoizpeneko lan eredugarria, egiten duen guztia mimoz eta zaindua dela argi dago. Zer nahi genuen ba?
Liher – "Arrastaka"
Ibilbide zabaleko taldea baina nik ezagutu berri dudana. Haien doinu itsaskorrek azken diskoari hainbat eta hainbat buelta ematera behartu naute autoan. Arrakasta arrastaka eta egoaren barruko borroka.
Olatz Salvador – "Ba hori"
Nik uste saihestezina egiten zaiola musika bitartez goxotasuna ez transmititzea. Diskotik zuzenerako jauzi kaotiko horretan finki zutik erortzen den horietako bat. Hitz gutxirekin istorio amaitezin bat konta dezake. Ba hori…
Ken Zazpi – "Zenbat min"
Kakanarru bat nintzenean entzuten nuen abestia. Zenbat min, zenbat negar eta zenbat oroitzapen etortzen zaizkidan burura kanta hau entzuten dudan bakoitzean. Erreferentziazko musika taldea.
Nizuri Tazuneri – "Begirune"
Gure nitxoko beste erreferentzia nagusiak. Bi artista handi, oso estilo bereziarekin eta haien inguruarekin begirune eta umiltasun handiz jokatzen duten horietakoak, eredugarri betiere. Abesti hau bapo geratzeko modukoa.
Merina Gris – "Ez geratu azalean"
Elektronika ez da nire musika estilo gogokoena. Beraiekin batera Oiartzunen jotzeko ohorea izateaz gain, Donostian Piratetan eman zuten ikuskizuna lehen lerrotik bizitzeko aukera ere izan genuen, edonor asetzeko modukoa. Barreneraino sartzen dira, azalean geratu gabe.
Burutik – "Zirkuluko ibilkaria"
Udan Astigarragako txosnetan eginiko aurkikuntza. Musika freskoa, alaia eta oso propioa. Estilo berezia, benetan erraz entzuten dena. Kontzertua oso zaindua ere. Burutik hasi eta gorputz guztia mugiarazten zaituen talde bat.
J Martina – "Bihar"
Hasieran kostatu zitzaidan arren, buruan bueltaka ditut talde honen hainbat kanta. Hauen kontzertu gaztetxero bat ikusi nuen eta dena aurka izanda ere, jarrera eta musikarekin eszenatokia eta publikoa bereganatu zituzten.
Glaukoma – "Semen de tinta"
Azkenaldian inaktibo dagoen taldea, baina herentzia musikal handia utzi duena. Kanta honek bukaera aldera duen aldaketa, ikaragarria. Idazle guztiok gure egin genezake Juantxok kontatzen duen narrazioa, tintaren jarioaren gatibu gara eta.
Bulego – "Ezer ez da berdina" (ft. Maren)
Transmititzen duena ederra da. Entzuteko erraza den kantuez hitz egiten da askotan, hau da horien eredu. Bi ahots fin eta melodia itsaskorra. Abestian zehar, denak berdina ematen duen arren, konposizioa konplexuago bilakatzen doa, ezer ez da berdina.