Iokin Elortza
2017.05.22Zerrenda osatzeko orduan kotxean jarri dut nire burua. Bertan egindako kilometro luzeetan sortu da nire bizitzako soinu banda, laurogeita hamargarren hamarkadan Opel Corsa zaharrean jartzen nituen kaseteetatik gaur egun Toyota-n jartzen ditudan CD-etaraino. Eta ozen esan dezaket bertan euskal musika izan dela beti nagusi.
Kostata egin dut aukeraketa, baina egindakoari errepaso bat egin eta gero abesti guztien lotura argi dago, pop-a eta rock-a. Hau da nire pop-rock bidaia.
"Joxemai Beltza" (Jotakie): Ezin nintzen beste talde batekin hasi. Gaztea nintzen, oso gaztea, batez ere punk-a entzuten nuen garaiak ziren eta disko hau nire eskuetan izatea sekulako danbatekoa izan zen niretzat. Musikaren ikuspuntua errotik aldatu eta pop-a maitatzen hasi nintzen. Joxemai Beltza diskoa, gaur egun ere, euskal pop-ak eman duen diskorik onenetakoa da, onena ez bada.
"Eskuzuri" (Dut): Ez naiz batere originala baina At diskoa euskal musikaren historiako podiumean dago. Nire kotxean inoiz gehien entzun den diskoetako bat, zalantzarik gabe. Edozein abesti aukera nezakeen baina “Eskuzuri” bonba bat da, hotzikarak sortzekoa.
"Borisena" (Txuma Murugarren): Noizbait kotxe barruan ozenki abesten ikusi banauzue “Borisena” abesten nindoan. Beti imaginatu dut abesti hau bikotearekin “agarratuan” dantza egiten. Oso Txuma zalea naiz Sasoi Ilunak-en garaietatik.
"Iparra galdu: hegora joan" (Berri Txarrak): Onartu behar dut disko honetara arte [Jaio.Musika.Hil] ez nintzela taldearen oso zalea baina azkenean niri ere olatuak harrapatu nindun. Disko honek sekulako kantuak ditu baina bat aukeratzekotan hau da.
"Lagun 2" (Rafa Rueda): Nire bizitzako artista kutunetako bat da Rafa, bera dagoen edozein proiektu gustatuko zait, badakit. Beti pentsatu izan dut goizetan esnatzeko munduko abestirik aproposena dela hau.
"Goiza hirian" (Pi L.T.): 90. hamarkadako talde kutuna, zenbat aldiz ikusi nuen zuzenean eta zein zorte handia izan dugun berriz ere taula gainean ikusi ahal izateaz. Niretzat beti izan zen metal egiten zuen pop taldea, edozein abesti aukera nezakeen baina duela gutxi Bilboko Kafe Antzokiko kontzertuan abesti hau izan zen niretzat momentu gorenetako bat.
"Batzutan" (Gari): Eguzki berritan zaude disko bikaineko abesti bikaina, beti txunditu nau abesti hau.
"Idazten" (Kometa): Euskal indie-a badago, talde onak badaude, baina zoritxarrez gutxi dira euskeraz abesten dutenak. Kometak sekulako diskoa egin du [Grabitatea] eta lortu duena baino gehiago merezi duen taldea da. Euskaraz abestea Euskal Herrian bertan aurrera egiteko traba izan daitekeela sumatzeak amorrua sortzen dit. Euskaraz abestea ez omen da cool.
"Aberri galdua" (Xabier Montoia): M-ak taldeak gazteegi hartu ninduen baina askotan ikusi nuen haren azkeneko kontzertua ETBtik grabatua. Talde arraroa egiten zitzaidan, baina asko erakartzen ninduen. Xabierrek bakarkako lehenengo diskoa kaleratu zuenean [Beti oporretan] jarraian joan nintzen erostera eta ezin ditut zenbatu diskoa entzun ditudan aldiak. Sekulakoa da. Bere ibilbide guztian jarraitu dudan beste artista handi bat da Xabier.
"Gau ilunean" (Bide Ertzean): Euskal pop-rockaren talde handia, ez dut uste inoiz abesti txarrik egin duenik. Ez da erraza bere diskografiatik bat aukeratzea baina egitekotan Non dira diskoarekin eta abesti honekin gelditzen naiz.
"Errepide hurbilenetik urrun" (Izaki Gardenak): Irratian “Sagarroia” entzun nuenetik gertutik jarraitzeko taldea zela sumatu nuen, eta ez nuen hutsik egin. Azkeneko diskoa [Aurri gara] bikaina da, abesti hau erakusle.