Aguxtin Alkhat
2020.03.18Kantu zerrenda bat egiteko proposamena egin didatenetik, pentsaketetan ibili naiz nire hautaketaren kriterioak definitzeko. Azken urte hauetan ezagutu ahal izan ditudan musikari batzuen zerrenda bat egitea erabaki dut. Guzti hauen lana izugarri maite dudalako eta denak ere pertsona onak iduritzen zaizkidalako.
1.- "Bilatuko zaitut" (Bide Ertzean): Ihes egin diskoa kaleratu genuelarik, asko maite dudan talde baten nunbaiteko interesa sumatu nuen. Animoak eskuratu nituen mezu trukaketa baten bidez. Zenbait urte berantago Joni Ubeda Donostiara etorri zen gure ikustera eta harekin hitz egin ahal izan genuen, ohore bat jakinik eta Deabruak Teilatuetan asko entzuten nuela gaztaroan eta geroztik kanta atsegin asko iritsi zitzaizkigula, ipar uhainetaraino, Ubeda anaiak atzean zeudela jakin gabe...
2.- "Xoria kantari" (Petti): 2013.urteko urri bukaeran lehen diskoa ateratu genuenetik hilabete guttira, kontzertu bat proposatu ziguten Heletako Itsasoa kafe kulturalean. Eszenatokia Pettirekin partekatu genuen, mahaia eta errona ere bai. Ze artista eta gizon puska dugun hori. Plazer handi bat izan zen. Zenbait urte berantago "Argia heldu da" abestu ahal izan genuen elgarrekin Gasteizko gaztetxean. Magikoa!
3.- "Nahiz eta ez jakin" (Montauk): Behin Urretxura joan behar izan ginen Sortu dira besteak ekimena antolatu baitzuten han, arrazoin onez seguraski antolatutako Sortuko dira besteak alternatibo batera. Bertan gazte asko ezagutu nituen, tartean Beñat Goitia, beste askoren kantuak maitatu nituen baina denak ezin ditut aipatu 10 kantuko zerrenda batean. Hortik gutxira bere taldearen lehen diskoa iritsi zitzaidan posta kutxara... Lan ona.
4.- "Zeuok" (Pelax): Ziburun, Pelax ezagutzeko aukera ukan genuen, ikastolako burrasoek antolatutako sustengu gaualdi batean. Hark ere, zenbait hilabete lehenago bere diskoa eskuz esku pasarazi zuen niretaraino. Azken diskoa oparitu nion nik ere, esanez zinez gozatzen nuela bere musika entzutean. Freskotasun aire bat bero itogarrietan.
5.- "Etxeorratz" (Napoka Iria): Bigarren diskoa Donostiako Elkar estudioetan grabatzen ari ginela, bisitariak ukan genituen bertan. Joseba Baleztena, Miren Narbaiza eta Jon Iraundegi izan ziren horiek. Mirenek esan zidan kamiseta dotorea nuela, Napoka Iriaren kamiseta bainuen alegia, zenbait hilabete lehenago ber pertsona horri erosia, Saran egin zuten emanaldi batean.
6.- "Erraietatik erran" (Joseba B. Lenoir): Geroztik Josebarekin jolasteko aukera izan dut ere, gurekin aritu izan baita zenbait emanalditan. Asko maite dudan pertsona da.
7.- "Hondarribia 2012" (Morau): 2013. urte bukaeran Bergarako presondegi ohian kantatzeko proposamena egin zidaten. Bakarlari gisa joan nintzen. Han Andoni Tolosarekin (Morau) oholtza partekatu nuen eta bere emanaldia ainitz gustatu zitzaidan. Hortik guttira Arrainentzako himnoak diskoa kaleratu zuen... Bim! Ze ona... Berantago esan nion niretzat "Hondarribia 2012" azken urteetan kaleratutako kantu hoberenen artean zela. Ederra bezain gordina! Kantua gogoan dut: "Puta esan dio hamar urteko neskatoak, eskopetarekin doan emakumeari..." Latza!!
8.- "Piromania" (Anari): 2015ean Usopop jaialdian parte hartzeko proposamena egin zidaten, Anarirekin zertxobait elgarrekin egitea ere gomendatu ziguten. Elkar ikusi ginen, errepika bat burutu bezperan eta aintzina. Berriki haren ikustera joan eta Epilogo bat diskoa oparitu zidan. Ederra benetan. Geroztik Laiak (nire alaba gehienak) maiz suaren kantua entzutea eskatzen dit... Gustu onak dauzka, beraz bostgarren kantua jartzen dut eta kantuz gabiltza Anarirekin batera. "Baina, zuk ere nola...".
9.- "Poz biribila" (Txuma Murugarren): Txuma Murugarrenen kantuak aspalditik ezagutzen ditut, duela urte asko anai batek haren diskoa oparitu baitzidan eta geroztik bere musika ibilbidea segitzen dut. Bitan ikusteko aukera izan dut berriki eta harekin mintzatu ahal izan nintzen ofizio edo afizio honen gorabeherez... Bere azken diskoa altxor bat da eta gutxik dakite hori. Maila goreneko euskal kantugilea da hura ere, dudarik gabe. Alabak esan zion "nire aitak entzuten zaitu à fond" (oso azkar erdaraz...) eta gezurrik ez zuen esan. Goizetan laneruntz joaitean "Poz biribila" abestiarekin ihes egiten dut nik. Azkar entzuteko eta kantatzeko abesti borobila!!
10.- "Haizea" (Unama): Unamakoak lagun zaharrak ditut, gogoratzen naiz ikastolen aldeko emanaldi batean haien aurretik kantatu ahal izan nuela. Unama, beti eder eta garbi. Altxor bat hau ere. Kamila Zubeldiak etxera eraman ninduen, Nahia Zubeldia bere etxean pausatu eta gero. Biek, gure lehen diskoan kolaboratzeko ohorea eman ziguten.
11.- "Haizea Garizumakoa" (Ruper Ordorika): Beste behin Durangoko Platerueneatik mezu bat jaso nuen Ruper Ordorikaren lehen partean jotzeko. Champagne!! Bai esan beharko. Hara joan eta benetan gozatu ahal izan genuen, gela betea zen... Harekin mintzatu ginen aldageletan betiereko gorabehera artistikoei buruz. Anekdota bat kontatu zigun Berlinen aspaldi egin zuen kontzertu bati buruz, Hertzainak taldearen lehen partea segurtatzen zuelarik. Ez zegon kasik inor publikoan salbu bi redskin handi bere pare-parean, ileak zeruan zintzilikaturik zituztela... Bukaeran hau esan zigun: "c'est triste la vie d'artiste!", umorez beterik. Haizea garizumakoa sentitu nuen bertan...
12.- "Min hau" (Katamalo): Bi hilabete berantago, 2016ko maiatza bukaeran, Laudiora joan behar izan nintzen, Gorka Urbizuren ondotik jotzeko. Publiko izugarri ederra ukan zuen harek. Bukatu zuelarik harengana joan nintzen eta iduriz ezagutu ninduen, "Aupa Aguxtin, zer moduz?", poz argi bat piztu zitzaidan, nola ez. Beste eszenatoki batera joan behar zen Anarirekin batera jotzeko, ni prestatu artean egiten zen kontzertuan. "Etorriko naiz gero zure ikustera..." esan zidan. Ordua iritsi zenean jende oso gutxiren aintzinean jo behar izan nuen. Baina Gorka bai, itzuli zen. Eskertzekoa zinez! Bukaeraraino egon zen eta pozik zirudien...
Beraz, zerrenda txiki honen amaieran, nahiz eta musikari gehienek bezala, fase ezberdinak ezagutu gure musika ibilbidean, zera pentsatu dut oroitzapen kantu zerrenda hau idaztean, jende xume asko ezagutzeko aukera izan dut azken urte hauetan eta asko ezagutzeko gelditzen zaizkit, Euskal Herriko xoko guzietan. Musikak badu berez musikari guziei emaiten duen umiltasun natural bat. Gaur argia, bihar iluna. Gaur jende asko eta bihar bakarraren aintzinean dena eman beharko. Ruperri erantzuteko gogoa eman dit, "C'est pas toujours si triste...". Bada zer deskubritu herri hunen ingurugiro musikalean. Zoazte musikari guzi hauen eta besteen ikustera, denek merezi dute eta... Gora gu ta gitarrak!